Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Acuña López, José María

Galiziar eskultorea (Pontevedra, 1903 - Vigo, 1991). 1920-1922 bitartean F. Asorey-ren lantegian lan egin zuen, eta gero Pontevedrako Diputazioaren diru-laguntzarekin Madrilgo Academia de Bellas Artes de San Fernando ikastetxean ikasi zuen. Madrilen, Santiagon, Pontevedran eta Vigon erakutsi zituen bere lanak. Lan ugari egin zituen gaur desagerturik dagoen Pontecesuresko Cerámica Celta etxearentzat, beste galiziar artista handiekin batera: Castelao, Manuel Torres, Carlos Masside, Santiago Bonome. Akademizismoaren eta eredu galiziar herrikoien arteko nahasketak bereizten du Acuñaren estiloa. Lehen aipaturiko zeramikazko eskulturez gainera, aipagarriak dira brontzez egindako lanak ere: Hoxe comeredes (Gaur jango duzue), itsasoari lotutako arazoak agertzen dituena, De la fiesta (Festari buruz) kostunbrista, eta La carta del hijo (Semearen gutuna), emigrazioaren arazoa erakusten duena. Gerra Zibilaren ostean erretiratuta egon zen, harik eta 1972an berriro erakusketak egiten hasi zen arte. 1976an Eskulturako Sari Nazionala eskuratu zuen.