zeramika
iz. Buztinez edo portzelanaz ontziak-eta egiteko antzea. ◊ Zeramikan erabiltzen den gaia. ◊ Zeramika lanen multzoa. v Zeramika egiteko prozesuan, lehenik buztina edo beste ekaiak txikitu edo ehotzen dira eta urarekin nahasten dira orea egiteko; orea estutu eta moldatu egiten da nahi den tankera emateko, gero lehortzen uzten da eta labean egosten da oso tenperatura handian. Zeramika gaia apaindu ahal izateko, lehenengo kanpoaldetik berniza eman behar zaio. Zeramika gaiek ezaugarri hauek dituzte: erregaitzak dira, ez dute beroa eta elektrizitatea eroateko gaitasun handirik eta erresistentzia handikoak izaten dira. Silizea (SiO2) da zeramikaren oinarrizko gaia. Gaur egun, silikatoez gainera beste ekai asko erabiltzen dira. v Zeramika antzina-antzinako artea da, historiaurreko gizakiek dagoeneko erabiltzen zutena. Aztarna zaharrenak (K.a. 6000. urtekoak) Irango Hotu eta Belt haitzuloetan eta Jerikon aurkitu dira. Garai hartan eltzeak eskuz egiten zituzten, labe irekietan egosi, eta eguzkitan lehortzen zituzten. Zeramikaren garapenak buztina moldatzeko tornua eta buztina egosteko labe itxia ekarri zituen. Gai beiratuak ere erabiltzen hasi ziren gero zeramika gaia apaindu ahal izateko. Tornua egiptoarrek sortu zuten K.a. 3000. urte inguruan, eta handik Mesopotamiara, Kretara, Greziara eta gero Europa osora hedatu zen. Garai hartan Greziako zeramika margotuak goi maila iritsi zuen Txinakoarekin batera; txinatarrek beiratzearen teknika hobetu zuten eta portzelana asmatu zuten. Arabiarrek txinatarren aurkikuntzak zabaldu zituzten mendebaldean Espainiatik barrena eta zeramika polikromatua landu zuten. K.o. XIII eta XIV. mendeetan Andaluzian azulejoak landu ziren gehienbat, eta Valentzian (Manises), toska. Errenazimentuaren garaian Italian hormak mosaikoz apaintzeko zeramikak ospe handia izan zuen; aipagarriak dira Faenza, Forli, Siena, Gubbio, eta Pesaroko lantegiak. XVII. mendean hasi ziren Europara iristen Txinako portzelanak, Europan bertan teknika berriak eragin zituztenak. Garai hartan sortu ziren Frantzian Mennecy, Chantilly eta Vincennesko eskolak, Sèvres-ko portzelana egiten zutenak. Alemanian portzelana gogorra asmatu zuten eta XVIII. mendean berehala zabaldu zen Europa osoan. XX. mendean, artista ezagun batzuek, Picasso, Gaudí, Miró eta Llorens Artigas-ek besteak beste, zeramikazko arte lanak egin izanak berrikuntza handia ekarri dio zeramikari. v Zeramika gai eta erabilera berriak. Gaur egun, konposatu organikoak eta metalak ez diren material sintetikoak jotzen dira zeramika gaitzat. Gehienbat metal orokorren (silizioa, aluminioa, magnesioa) oxidoak, nitratoak edo karburoak izaten dira, eta gehienek ez dute buztinik. Gogortasuna eta erregaiztasuna, erresistentzia handia eta bakartzaileak eta erdi eroleak izatea da beren ezaugarri nagusia. Alor askotan erabiltzen dira: zentral nuklearretan, industria elektriko eta elektronikoetan, aire, itsaso eta espazio industrietan, metalurgia berezian, energia bihurgailuetan, automobilaren eta motorren industrian, kirurgian gorputz-atal artifizialak ezartzeko, kimikan, armagintzan, bitxigintzan, informatikan…