Departamento de Cultura y Política Lingüística

Margarita Nafarroakoa

edo Angoulèmekoa. Nafarroako erregekidea (Angoulème, 1492 - Odos, Bigorra, 1549). Karlos VIII.a Frantziako erregearen alaba, Frantzisko I.a Frantziako erregearen arreba eta Joana Albretekoaren ama eta hezitzailea izan zen. Luisa Savoiakoa, bere ama, izan zuen irakasle, eta latina, grekoa, hebreera, gaztelera eta italiera ikasi zituen gaztetan. Karlos III.a Alençongoa Frantziako kondestablearekin ezkondu zen 1509an eta alargun geratu zen 1525ean. Henrike II.a Nafarroako erregearekin ezkondu zen bigarrenez eta Nafarroako erresumako lurretan bizi izan zen ordudanik. Kultura handiko pertsona zen eta kristau erreformaren aitzindariak erakarri zituen Nafarroako gortera, Kalbino bera tarteko. Politikan, ahaleginak egin zituen Nafarroako erresuma berriro batzeko, baina aurka izan zituen Karlos V.a enperadorea, Nafarroari kendutakoa ez itzultzearren protestantismoaren aurkako borroka aitzakia gisa etengabe erabili zuena, eta erreformaren alderako harrera zabal hura inoiz onetsi ez zuten Nafarroako gizarte sektore batzuk. Obra ugari idatzi zuen, frantsesez betiere; Heptamerone izeneko ipuin eta istorio bilduma, Bocaccioren Decamerone-ren gisara baina gordinkeria nabarmenik gabea eta giro platoniko batean taxutua, da ezagunena (1558-1559 urteetan argitara emana). Beste obra batzuk: Le Dialogue (1525, Elkar-hizketa), Le miroir d’une âme pécheresse (1531, Arima bekatari baten miraila) eta Contes et Nouvelles (1698an argitaratua, Ipuinak eta Noelak). 1641-1642 urteetan argitaratu ziren bere gutunak (Lettres de Marguerite d’Angoulème) eta 1896an argitaratu ziren kanta eta poema ezezagun asko (Les dernières poésies de Margarite de Navarre).  v  Toribio Etxeberriak Nafarroako Margaritaren Heptamerone-ko hainbat kontakizun itzuli zuen Eibarko euskarara.