Departamento de Cultura y Política Lingüística

erromantizismo

iz. XVIII-XIX. mendedeetako literatura eta erti higikundea, klasizismoaren arauak arbuiatzen eta artistaren askatasuna bultzatzen zuena. ◊ Erromantikoa denaren nolakotasuna.  v  Alor ugarietan izan zuen eragina joera horrek, hala nola literaturan, margolaritzan, musikan, arkitekturan, kritikaren alorrean… Alemanian sortu zen XVIII. mendearen bukaeran eta Europako beste lurraldeetara zabaldu zen XIX. mendearen hasieran, klasizismoaren eta neoklasizismoaren beherakadaren ondoren; izan ere, joera horietako ideien kontra jaio zen. Era berean erromantizismoak Ilustrazioa eta XVIII. mendeko errazionaltasuna baztertu zituen, eta Erdi Aroan bilatu zituen iturriak. Erromantikoek ordu arte proposatu eta bultzatutako ordena, lasaitasuna, oreka, harmonia eta errazionaltasuna baztertu, eta beste balio batzuk hobetsi zituzten: subjetibotasuna, gizabanakoaren garrantzia, irrazionaltasuna, bat-batekotasuna, irudimena, betikotasuna…. Erromantizismoak beste ezaugarri hauek ere baditu: izadiaren edertasuna goraipatzen du, emozioak arrazoiari nagusitzen zaizkio, gizakien barne egoera aztertzen da; heroiak eta gizaki bikainak, eta beren grinak eta borrokak gai garrantzitsuak dira; artista beste ororen gainetik sortzailea da eta irudimena erabiltzen du sormen lanetan; arauak eta prozedura teknikoak bigarren mailakoak dira. Arreta berezia ematen zaie garai horretan herrietako folkloreari eta ohiturei, nazioek eta etniek indarra hartzen dute, eta baita gai exotiko, bitxi, misteriozko eta ezkutukoek ere.  v  Literatura. Erromantizismoaren lehen agerpenak XVIII. mende erdikoak dira. Erdi Aroko erromantzea aintzat hartu zen, eta handik hartu zuen izena joera berriak. Erromantzeen banako heroiak eta gai bitxiak goraipatzen zituzten erromantikoek, eta haren ondoan klasizismoaren dotorezia eta artifizialtasuna bazterrera uzten. Naturaltasunaren zaletasun hori ezaugarri nagusietako bat izan zen gerora erromantizismoan. Ingeles literaturan 1790ean du hasiera, W. Wordsworth, W. Blake eta S. Coleridgeren lanekin. Lyrical Ballads obraren hitzaurrean honela definitzen zuen poesia Wordsworthek: “sentimendu indartsuak berez gainezka egitea”; esapide hura ingeles olerkigintza berriaren manifestu bihurtu zen. Alemanian bai estiloan eta bai gaietan gauzatu zen joera ia berria; alemaniar idazle erromantiko handiak dira: F. Hölderlin, hasierako J. W. Goethe, Jean Paul, Novalis, F. Schlegel, F. Schielling, besteren artean. Frantzian Iraultzaren garaian, Chateaubriand eta Mme. de Stäel izan ziren erromantizismoaren aitzindari beren idazki teoriko eta historikoen bitartez.  v  Erromantizismoaren bigarren aroan (1805-1830 gutxi gorabehera) kultura nazionalismoa eta herrien jatorriari buruzko interesa izan ziren ezaugarri nagusiak, folklorea berreskuratzeko ahaleginetan nabari dena. Joera horretatik, Sir Walter Scottek eleberri historikoa asmatu zuen. Garai hartan heldu zen ingeles olerkigintza gailurrera, J. Keats, Lord Byron eta Shelleyren lanekin. Alemanian aipatzekoak dira A. von Arnim, C. Brentano, J. J. von Görres eta J. von Eichendorff. 1820rako Europa osora hedatua zen erromantizismoa; idazle nagusiak hauek dira: Th. de Quincey, W. Hazlitt eta Brönte ahizpak Ingalaterran; Frantzian Victor Hugo, Alfred de Vigny, Alfred de Musset, Lamartine, Stendhal, Prosper Mérimée, Alexandre Dumas (aita), eta Th. Gautier; A. Manzoni eta G. Leopardi Italian; Pushkin eta Lermontov Errusian; José de Espronceda, Angel de Saavedra, G. A. Bécquer eta Rosalía de Castro Espainian; Adam Mickiewicz Polonian; eta Estatu Batuetan, berriz, Gerra Zibilaren aurreko ia idazle guztiak.  v  Pintura. Neoklasizismoak ezarri zituen neurri estuen kontra agertu ziren erromantizismoko margolariak; koloreari indar berria eman zioten, gaiak hautatzeko askatasuna proposatzen zuten, eta artistaren sentipenak zuzenean azaldu behar ziren irudietan. Frantzian, Delacroix ezaguna da arrasto bizkor askeak, kolore ugariak eta biziak, irudikatze indartsuak, gai exotikoak eta askotarikoak erabili zituelako; Alemanian, Friedrich-ek ikuspegi ilunak eta misteriotsuak irudikatu zituen, erlijio kutsua zutenak; Ingalaterran, Constable, Turner eta Blake aipatu behar dira; Espainian, Madrazo eta Esquivel dira garai horretako margolari ezagunetakoak.  v  Erromantizismoa musikan. Garai hartan, garrantzi handia eman zitzaion musikari. Giza banakoaren berezitasuna eta orijinaltasuna azpimarratu ziren, emozioen adierazpena, eta formaren askatasuna. Beethoven eta Schubert izan ziren zubi klasizismoaren eta erromantizismoaren artean; forma klasikoak erabili bazituzten ere, haien musikaren indar bereziak eta manifestu gisako elementuen erabilpenak eredua eman zien XIX. mendeko musikari erromantikoei. Adierazpen dramatikorako aukerak zabaldu egin ziren bai tresnen errepertorioaren aberastearekin, bai musika forma berriak (lied, intermezzo, preludio, mazurka) sortzearekin. Musika sarritan oinarritzen zen poesian, elezaharretan, herri ipuinetan, eta hitzaren eta musikaren arteko lotura arreta handiz zaindu zen.  v  Erromatizismoaren lehen aroko musikari nagusiak H. Berlioz, F. Chopin, F. Mendelssohn, eta F. Liszt dira; haien lanaz orkestrak oso adierazkortasun handia lortu zuen, eskala kromatikoa osoa erabili zuten, eta musikaren eta giza ahotsaren arteko harremanak ikertu zituzten. Geroxeago nabarmentzekoak dira A. Dvorak, E. Grieg eta P.I. Txaikovski. Erromantikoek beren aberrien musika gauzatzeko egin zituzten ahaleginak Bohemiako Dvorak eta Smetanaren obretan ageri dira batez ere, eta baita Errusiako, Frantziako eta Eskadinaviako zenbait musikarirengan ere. Opera erromantikoak emaitza ezin hobeak eman zituen Italian, Donizzeti, Bellini era Rossiniren lanekin; Verdiren operetan jo zuen gorena. Alemanian K. M. von Weberrekin hasi zen opera erromantikoa lantzen, eta R. Wagnerrek eraman zuen gailurrera, erromatizismoaren ezaugarriak eta abertzaletasun sutsua elkartuz. Musika erromantikoaren azken aroan XIX. mendearen bukaerako eta XX.aren hasierako musikagileak aipatu behar dira: Mahler, R. Strauss, Sir Edward Elgar eta Jean Sibelius.  v  Erromantizismoa Euskal Herrian. Euskal Herrian erromantizismoak izan zituen jarraitzaileak, erderaz edo euskaraz idatzi zutenak. Erdaraz hitz lauzko idazleak izan ziren, eta elezaharra landu zuten batik bat. Joseph-Augustin Chahok euskaldunen alegiazko jatorri mitologikoa asmatu zuen eta eragin agerikoa izan zuen Navarro Villosladarengan, eta bere Amaya o los vascos en el siglo VIII liburuan. Elezahar egile izan ziren, besteak beste: Juan Venancio Araquistain, José MŞ Goizueta, Vicente Arana, Antonio de Trueba eta Arturo Campión. XIX. mendean herriarengana hurbiltzeko joera izan zen, horregatik kantu herrikoiak eta esaera zaharrak bildu ziren. Kantu biltzaileen artean aipagarrienak Manterola eta Salaberry izan ziren. Garai hartan, idazleen babesle eta idazlanen bultzatzaile ziren gizonak sortu ziren: Bonaparte printzea eta Antoine D’Abbadie nabarmendu ziren halako lanetan. Azken horren eraginpean antolatu ziren Lore Jokoak; beste olerkari askorean artean Elissamburuk eta Etchahunek hartu zuten parte berorietan. Hainbat ikerle atzerritarrek interes berezia erakutsi zuten Euskal Herria eta euskararenganako: Van Eys, Vinson etab. Poesian, bertsolarien metrika eta teknikak erabiltzen ziren poemak ontzeko. Bada koblakari belaunaldi oparo bat Pirinio mendien bi aldeetara, era horretan poemak ontzen dituena. Arestian aipatutako bi horiez gainera, Bilintx, Iztueta eta Iparragirre aipa daitezke, horiek ere ezaugarri erromantikoak baitituzte beren bizimoduan. XIX. mendearen bukaeran sortutako joera erromantikoa XX. mendea arte iritsi zen, eta abertzaletasun sortu berriarekin bat egin zuen orduan.