Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Rainer M. Rilke (1875-1926)

 

Bizitza eta obra

Rilke Pragan jaio zen 1875ean, erdi mailako klaseko familia batean. Rilkek bederatzi urte zituenean gurasoak banandu egin ziren, eta ez zuen heziketa osorik izan. Militarra izango zela erabaki zuen familiak, baina berak Literatura eta Arteko ikasketak hasi zituen Pragako unibertsitatean. Ikasketak bukatu gabe ordea, Munich-era joan zen, arte giro kosmopolita zuen hiria haitzen hura. Era horretan hasi zuen heldutasuneko bizimodua, bidaiatzeko grinak ezaugarritua . 1897an Lou Andreas-Salome ezagutu zuen, eta laster egin ziren elkarren maitale ; jatorri errusiar-alemaniarrekoa zen Lou, eta Nietzsche filosofoaren maitalea izana zen. Eragin handia izan zuen Rilkerengan ; hark eraman zuen Errusiara, eta bidaia hori erabakigarria izan zen Rilkeren bilakabidean . Banandu ondoren ere, adiskide minak izaten jarraiten zuten.

 

Errusiako bidaiak

Errusia mugarria izan zen Rilkeren bizitzan . Han aurkitu zuen bere sentimenduen, bere barne errealitatearen sinboloa. Errusiako gizonen isiltasunean eta paisajearen handitasunean ikusi omen zuen poetak bizitzaren izaera eskerga eta misteriotsua, existentziaren mirari ulertezina. Errusiak erantzun poetiko bat eragin zion, Rilkek geroago bere lan larriaren hasieratzat hartuko zuena : hiru parteko poema sail bat, Das Stunden-Bucb (1905, Orduen liburua).

Hemen "ni" poetikoa fraide gazte baten moduan aurkezten da, bere jainkoari -bizitzaren haragiztatzea den jainkoari- otoitzean ari zaiona. Lanaren hizkera eta gaiak ohikoak ziren 1890-1900 inguruko Europan : art nouveau, Ibsenen dramen giroa, eta, batez ere, Nietzscheren "bizitzaren filosofia".Errusiara bigarren bidaia bat egin eta handik gutxira, Worpswede-ko artista koloniara joan zen Rilke bizitzera, Alemaniara, Bremendik gertu. Hango artistek, elkarlanean, bizimodu berri bat nahi zuten hasi.

1901ean Clara Westhoff-ekin ezkondu zen, Auguste Rodioekin ikasia zen Bremengo eskultore gaztearekin. Koloniatik gertu hartu zuten bizilekua, eta han idatzi zuen Das Standen-Brrch-en bigarren zatia. Laster banatuko ziren, zeinek bere ibilbidea aske egiteko asmoz.

 

Pariseko urteak

1902an Parisa joan zen Rilke, Rodini buruzko lan bat idaztera. Hiri hura izan zen hurrengo hamabi urteetan Rilkeren bizigune nagusia. Bidaia asko egin zuen, lehena Viareggiora, Italian, eta han idatzi zuen Das Standen-Buch-en hirugarren zatia. Erroman, Suedian, Caprin, Espainian, Tunisian, Egipton ... ere lan egin zuen. Hala ere Paris izan zuen bere "aberri aukeratua". Paris hura ez zen ordea belle epoque-ko hiri alai eta dotorea : miseria izugarriko hiria zen Rilkerentzat, aurpegi gabeena, eskaleena, zaharrena, gaixoena. Kezka horrekin batera, beste batek hartzen zuen garai hartan Rilkeren gogoa : arteari eta sormenari heltzeko modu berri bat, Rodinen lankidetzak erakutsi ziona . Harengandik ikasi zuen artea lan etengabearen emaitza dela -ez erromantikoen bat-bateko argitasuna-, xehetasunez eta ñabardurez arduratu behar dena, formaren ikerketa sakona, kontzentrazioa eta objektibizazioa eskatzen dituena.

Pariseko urte horietan estilo berri bat landu zuen Rilkek bere poesia lirikoan , Din,g-Gedicht izenekoa (Poemagauzakia),, gauzaki fisiko baten funts plastikoa beretu nahi duena. Poema ezagunenetako batzuk arte ikusgaietako zenbait lanen hitzezko itzulpena dira. Beste poemen gaia paisajeak, erretratuak, eta Bibliako eta mitologiako gaiak dira, alegia, margolari batenak bezalakoxeak. Neue Gedichte hauetan (Poema berriak, 1907-1908) aldendu egin zen Rilke alemaniar lirikaren usadiotetatik. Lou Salomeri 1903an idatzi zion gutun batean, Rilkek formulazio honen bidez definitu zuen bere metodoa : "Beldurretik sortu gauzakiak" .

Neue Gedichte-eko poemek hitz lauzko erantzun moduko bat dute : Die Aufzeichnungen des Malte Laurids Brigge (1910, Malte Laurids Brigge-ren koadernoko oharrak), Erroman hasia. Deskribapen, oroitzapen eta hausnarketez osatutako liburu bat da, Malte, Parisen erbesteratutako danimarkar gazte bat, protagonista duena ; ohiko sailkapen kronologikoari uko eginez, gaiak "aldi bereko" gertaerak balira bezala aurkezten dira, "denbora espazial" batean kokatuak. Hementxe daude Rilkeren gai nagusi guztiak: maitasuna, heriotza, haurtzaroko beldurrak, emakumearen gurtza, eta, azkenik, baita Jainkoaren gaia ere, "bihotzaren joera" gisa huts-hutsik hartua.

Poemen atzealdean zegoena, estiloaren perfekzioak ezkutatzen zuena, lehen mailara igarotzen da hitz lauzko lanean : Pariseko hotel bateko gela batean dagoen pertsona bakartiaren arazo pertsonalak, objektiboak, "gauzakiak" sorrarazten dituen "beldurra".

Sinbolisten "poesia huts" hura baiesten badute poemek, idatzi existentzialisten adibide goiztiar distiratsua dirudite Aufzeichnungen hauek.

Lan horren idazkera hain nekeza izan bide zen, non, depresio gogor baten ondoren, literatura uztekotan ere egon haitzen Rilke. Poesia sail labur bat izan ezik (Das Marienleben, 1913), hamahini urtez ez zuen ezer argitaratu. Garai horretan ordea Maria von Thurn und Taxis printzesa ezagutu zuen, Rilkeren bizitzako hurrengo emakumea, ondorengo urteetan babestu, zaindu eta lagunduko zuena. Bere Neue Gedichteeko poemak berak gaindituko zituen lehen lana 1912an idatzi zituen : bi poema luze ziren, elegien estiloan idatziak. Ez zituen berehala argitaratu, nolanahi ere, sail berri baten abiapuntu gisa ikusten zituelako. Bi poema horiek Duinoko gazteluan zegoela idatzi zituen, Triestetik gertu.

Lehen Mundu gerraren hasieran Munichen zen Rilke, eta hantxe geratzea erabaki zuen. Gerra urteetako giroa guztiz kaltegarria gertatu zitzaion, eta, bukatu zenean, ia erabat ezinduta geratu zen. Gerrak iraun zuen artean aldi emankor bakarra izan zuen, 1915eko udazkena, eta orduantxe idatzi zuen "Duinoko laugarren elegia".

 

Azken urteak, Suitzan

Hurrengo zazpi urteak Suitzan eman zituen Rilkek, eta huraxe izan zen herak aukeratutako azken aberria. Rhoneko ibarreko gaztelu batean, Chateau de Muzot-en, bizi izan zen, Maria printzesaren gonbidatu gisa. Indarra berreskuraturik, emankortasun izugarrizko egun gutxi batzuetan,1922ko otsailean Duinoko saila amaitu zuen (aspalditik hasia zuena) eta, ustekabean ia, eta oso erraz, 55 poemako beste sail bikain bat ere idatzi zuen, giroari eta gaiei dagokienez Elegiak-ekin estu lotuak : Sonette an Orpheus (Orfeori Sonetoak).

Duineser Elegien (Duinoko Elegiak) dira Rilkeren poemagintzaren gailurra. Poemotako irudi nagusia aingerua da. Aingeru hori ordea ez da gizona babesten duen izakia, Jaungoikoaren eta gizakien arteko bitartekaria ; aitzitik, aingeru horrek gizakia suntsitzeko mehatxua egiten du. Izan ere, Duinoko Elegiak bide bat dira: gizakiaren mailan hasi -hor aingerua izaki izugarri bat da, gizona suntsitzeko gai dena-, eta aingeruen munduaren bebarruan amaitzen da, aingerua gizakia babesteko keinuren bat egiten hasia dela ematen duenean. Bukaera hori Antzinako Egiptoko Hilen Bailaran dago kokatua, pozaren iturriaren ondoan : heriotza pozaren pareko egiten da ; aingeruaren munduaren inguruan ikusezin bihurtu da dena, "bihotzaren ikuskizun" baita orain. Bete du poesiak bere eginkizun salbatzailea.

Lehen elegiatik azkena arte (hamar dira guztira), ikur eta irudi ugariak eta oparoak erabiltzen ditu poetak : haurra, hilzorian dagoena, maitalea, heroia, ispilua, iturria, gaua, haizea, lorea ; zentzu guztiz zehatza dute denek, poema sail honetan sartzeko ezagutu beharrekoa, eta horrek nolabait ere sistema filosofiko-poetiko bat bihurtzen ditu Elegiak.

Sinbolo horietako asko ageri dira Orftori Sonetoak obran. 55 soneto dira, bi liburutan banatuak ; estiloz oso liburu desberdinak diren arren, Elegiak-en gai eta ikur mundu berekoak dira. Irudi nagusia Orfeo da hemen, bizien eta hilen munduan bizi ahal izan zen jainko abeslaria ; soneto hauen gai nagusia, behin eta berriz errepikatzen dena, jainko honen kantuaren eraginez eta poesiari esker gertatzen den aldakuntza da.

Muzot-eko gaztelua zen Suitzan Rilkeren etxea, baina bidaiatzen jarraitu zuen, Suitzan bertan gehienbat, adiskideak bisitatuz eta gutunak idatziz. 1925aren hasieran Parisa joan zen, harreman estua baitzuen hango idazleekin. Harrera ikusgarria egin zioten, heste miresle askoren artean, Paul Valeryk eta Andre Gidek. Aurreneko -eta azkeneko- aldiz, Europako metropoli bateko literatura sasoiko ardatza izan zen.

Bisitaldi hartako nekea ordea gehiegizkoa gertatu zitzaion Rilkeri, ordurako nahiko gaizki baitzebilen osasunez. Abuztuan, ezkutuan ia, alde egin zuen Parisetik.

1923az gero zegoen ondoezik, haina heriotzaren eragilea, leuzemia mota arraro bat, hil baino aste batzuk arte ez zioten aurkitu . Valmonten hil zen, Genebako Aintziran, 1926ko abenduan.