Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Literatura

Literaturagilea : ezkututik agerira

«Olerkaria estudioan». XVIII. mendeko grabatua.<br><br>

Esanahi bat baino gehiago dituen hitza da autorea, eta beronen edukia ere aldatu egin da bai historian zehar bai literatura kritikaren alorrean. Urrezko Mendean, adibidez, bai antzerki-lanen antzezpenaz bai antzerki-taldearen egoera ekonomikoaz arduratzen zen antzerki-konpainiaren zuzendariari esan ohi zitzaion autore, eta literaturatik kanpoko beste arte-lan batzuen sortzaileak (musikagileak, zinegileak, arte plastikoetako egileak, etab.) izendatzeko ere erabili ohi zen. Jatorrizko egile eta bere lanaren bermatzaile gisa, autore kontzeptua literatura tradizio jasoari dagokio, izan ere ahozko literatura tradizioan (herri-kantak, gesta-kantak, etab.) anonimotasuna baitzen ohikoena.

Autorea edo idazlea, bestalde, ez da nahitaezkoa literaturan. Berez, obra eta publikoa nahikoa dira oinarrizko literatura gertaera sortzeko. Egilea irakurlearentzat ezaguna edo ezezaguna izateak, zalantzarik gabe eraginik izan dezake gertaera horren garapenean, baina ez da ezinbesteko baldintza gertaera hori gauzatzeko. Izan ere, egile ezezagunen obrak ugari baitira literatura hitzak izendatzen duen corpusean, munduko kultura guztietan. Bereziki herriipuinak dira -Perraulten, Grimm anaien eta antzeko berridazketa-maisuen esku eta lumen azpian gainbehera egin zuten arte behinik behin- egilerik gabeko obrak.

Oraindik ere ezinezkoa da Indonesiako ipotx itxurako orein zuhurrari («Kancil»i) buruzko ipuinen genealogia finkatzea, eta horien kidekoak Europan, Renart-en zikloari dagozkionak hain zuzen, kegilea bat baino gehiago dute, guztiak ere gutxi eta gaizki ezagutzen direnak. Indiako kultura tradizioaren eta sanskritoaren jatorrizko monumentuak diren lehen epopeia erraldoiak ere (Mahabharata eta Ramayana) ez dute uautore» edo egilerik, Vyasa-renak omen ; hots, »biltzaile» edo, zehatzago esanda, testu hedatzaile»-arenak .Adibide honek garbi erakusten du, autore bakarra behar-beharrezkoa ez izan arren, zibilizazio batek testuak egiteaz arduratuko den «erakunde egile baten beharra senti dezakeela. Erakunde hori, orduan, urrunetik (jainkoetatik, mitoetatik, tradizioetatik, ...) datorren diskurtsu baten gordetzaile eta hedatzaile gisa sortzen da. Kantari eta jakintsuak aldi berean, literaturagile hauek (normalean beste jakintza eta ahalmen mota batzuekin loturiko gaitasuna da) ezberdinak izan dira kultura eremu bakoitzean, baina denetan ageri dira : aedoak antzinako Grezian, koplariak Mendebaldeko Europan, mandarinak Txinan, panditak Indian, griotak Afrikan... Hauetako batzuk zaharkituak gelditu badira ere, beste batzuek (azkeneko biak esate baterako) bizirik diraute gaur egun.

Geroztik, hitz ordenatu eta erritualizatua gorde eta transmititzea, eta hizkuntza testuan jartzearekin batera jakintza ere hitzetan jartzea, jatorrizko zeregina bilakatzen da -beraien adierazpideetan izan daitezkeen ezberdintasunak gorabehera-, gizarte-antolakuntza guztietan. Zeregin hori pentsamendu eta irudikapen eskemetan txertatzen da, hain zuzen ere bere baitan gizabanako maila bat hartu, edo soil-soilik gizabanako batzuen esku dagoen ezaugarri bat adierazten duen irudi sozial batean. Era honetan, subjektu-maila kolektiboa» delakoaz horniturik agertzen da literatura.

Lan-banaketak maila handi samarra hartu duen gizarteetan espezializazioak hastean, funtsezko aldaketa bat gertatzen da, taldeko kide batzuk ez baitira jadanik testugordetzaile eta hedatzaile bakanik, lan horien sortzaile baizik. Testugile hau ez du jadanik subjektu-maila kolektiboak» bereganatzen eta ezeztatzen ; aitzitik, izen berezi ospetsua izan dezakeen pertsonaia bilakatzen da. Honen bizitza eta iraupena bera ez daude automatikoki berari dagokion mailaren baitan (griotaren, panditaren edo mandarinaren kasuetan bezala), baizik eta lorpen-joko bat bilakatzen dira, literatura denbora-pasa bikaintzat izan eta errentatik bizitzeko adinako dirutza dutenen kasuan salbu. Beraz, autore-estatusaren auzia azaltzen da, beraiei loturiko irudi sozialaren gaiarekin batera.

Idazketa arloko banako egilearen arazo hau Europa Mendebaldeko gertakari bereizgarri gisa agertzen da historikoki.

Lehen aztarnak Periklesen Atenasen eta Augustoren Erroman ageri dira. Literatura sorkuntzaren espezializazioa azaltzen da han, ohitura eta generoen banaketari esker autoreak profesionalizatzen hasteko modua dutelako : handikien babesak eta antzerkilehiaketak Grezian, estatuaren lehen babesa Erroman eta letra-gizonen gremioak, filosofo eta hizlarien eskola eta guzti. Hala ere, lehen banakako sortzaileak izatera iritsi ziren ospetsu batzuk (Eskilorengandik Virgiliorengana, Sokratesengandik Senekarengana, Zenonengandik Zizeronengana), erakunde politiko eta erlijiosoen mende jarraitu zuten hala beraien ogibidean nola bizitzeko eskubidean ere. Eta »artista»-tzat baino gehiago, beraien gaitasuna hiriaren zerbitzura jarri behar zuten hizkuntzaren artisautzat hartzen zituzten.

Hala ere, sortzaile erdi-profesional hauen kasua nahiko bakana zen ez bakarrik mundu mailan, baita Europako mendebaldean ere, jakintsu»ak edo koplariak jaun eta jabe ziren bitartean. Egoera honek funtsean bere horretan jarraitu zuen Erdi Aroan, apaizek eta juglareek pisu handia baitzuten idazketa kolektiboan. Eta zenbait lanetan (La Chanson de Roland-en amaieran esate baterako) autore baten izena aipatzen den arren, aipamen hauek ez dira nahikoa sortze-lanen banakako egilea eraturik dagoela esateko. Banakako egileena baino gehiago, handikiek egindako poesia da, edobidaiarien lehen kontakizunak. Izan ere, erlijioa eta latinaren erabilera oraindik ere nagusi dira kulturan, herri-hizkuntzan sortutako literatura, egoera historiko horren ezaugarri baino gehiago, han-hemenka azaleratu eta ernetutako birtualtasuna baita.

Europan ere, literaturak luzaro gorde zuen «ezagupenen multzoa» zenaren definizioa, eta sormenaren alde estetikoa mugaturik zegoen oraindik bertan. Inprentaren agerpenak eta Antzin aroaren berraurkintzak areagotu egin zuten testu-sorkuntzaren bi aukera hauen arteko tirabira. Gehienek, ordea, testu erlijioso eta ofizialen sailean jarraitu zuten hasieran (laburpenak eta sermoiak, otoitz-orduak eta kartularioak). Kezka poetikoei dagokienez ere, nagusi zen literatura «ezagupenen zirkulua zenaren ideia. Adierazgarria da 1554an, Petrarkaren lan guztien argitalpen berriaren hitzaurrean, haren poeta-ezaugarriak ez ezik filosofo-ezaugarriak ere aipatzen dituela Giovanni Herold-ek.

Hala ere, lana aleka egiten zuen kopistarengandik multzo handietan lan egiten zuten inprentako tailerretara igarotzeak ekarritako iraultza teknologiko eta ekonomikoak, europarrek autoreaz zuten iritziak ere aldarazi zituen hurrengo mendeetan.

Beharrezkoa zen, beraz, liburuak eta antzerki ikuskizunak kontsumituko zituzten handiki eta burgesez osaturiko kultura ertaineko publiko ugari samarra sortzea, eta, aldi berean, idazleak irudikatu ez ezik kulturaz ere hornitu beharko zuen gizarteratze onaren ideala, «gizon prestua«rena, zehaztea.

XVII. mendean sortu eta XVIII.ean finkatzen da idazle termino berri hori, aldi berean literatur kontzeptuaren zentzua eta hedapena ere aldatu egiten direlarik. Aurrerantzean sortzaile» adieran sustraituko den «autore» ideiarekin loturik, zeregin mekaniko batetik (scribanus- eskriba, herri-eskribaua) sorkuntza estetikoa aintzathartzera igarotzen dela ere adierazten du idazle hitzak. Banakako idazleak ugaldu egiten dira, eta lehertarazi egiten dute Europako apaiz latinizatuen letra-munduaren esparrua. Horrela hasten da sendotzen literaturaren autonomia.

Hemendik aurrera idazlearen irudiak konplexuak izango dira benetan : hiru irizpide-multzo erabiltzen dira irudi horiek definitzeko, ezberdinak hirurak, baina bata bestearekin loturik daudenak. Lehen irizpidea, itxura hartzen duen literatura eremuaren egitura orokorrarekin loturik dago.

XVII. mendean, autorearen irudi bakoitza beste irudi posibleekin alderatuz, eta literaturatik kanpo utzitako irudiekin aurrez aurre jarriz egiaztatzen da ; honela, «filosofoa« eta «gizon jakintsua hurbilekoak baina aldi berean ezberdinak bailiran ikusten dira, eta era berean garai bateko «pedantea»ren aurkakoak. Bigarren irizpidea, berriz, erabilitako moldeen eta estatus ekonomikoaren arteko erlazio anbiguoan datza ; honela, nobelari eta, batez ere, antzerkiari esker beste genero batzuekin baino profesionalizazio handiagoa lortu ahal izaten da, baina bizi ahal izateko poligrafia da ohikoena, eta idazleak «nobelagile» edo «antzerkigile»-tzat baino gehiago (genero hauek hedapen bete-betean egon arren) «poeta» edo «letragizon»-tzat hartzen dituzte. Azkenik, benetako estatusaren eta aldarrikatutako egoeraren arteko anbibalentzia dago ; «gizon prestuaren eredurako ez da oso egokia idazle profesionala izatea, eta hauetako askok lumatik bizi arren «amateur» agurgarritzat hartzen dute beren burua. Bikoiztasun hauek, gehienek onartutako literaturaren eginkizun sozialaren barruan zeuden : poeta, moralista, nobelagile edo filosofo, idazleak lehengo eginkizun berberak zituen, -atsegin eman eta irakastea, eta populazioaren maila pribilejiatuetatik bildutako publikoa gizarteratzen laguntzen zuen, bai erretorika etahizkuntza ereduen gaietan bai etikari dagozkionetan ere.

Iraultza aroan, literaturaren eremua hedatu ahala apurtu egiten da adostasun hori : gizarte-maila berriak iristen dira literatur kultura idatzira, eta idazle kopururik handiena eskaintzen duen burgesia garaileak ez du kantariak ordaintzeko moduko ideal heroiko edo sentimentalik eskaintzen. Are gehiago, Europaren nagusitasun ekonomiko, politiko eta kulturalaren eraginez, eta kolonizazioaren ondorioengatik, mundu guztia ereduz hornitzeko joera azaltzen dute Europako literatura jokabideek. Aldi berean, eremu zientifiko eta moralizatzaileak geroz eta gehiago bereiziz, eta helburu estetikoetan geroz eta arreta handiagoa jarriz, estetikareneta etikaren arteko banaketa onartu beharko du literaturak.

Ugaldu egiten dira orduan idazleen joerak eta joera hauen adierazpideak, adierazpide hauen arteko gatazkak ere areagotu egiten direlarik : «artea artearen bidez» adieraztearen aldekoek «intelektualak» bustitzearen aldekoen aurka ; formalismo esoterikoa eta estuasunez beteriko barneko niaren bilaketa batetik, eta herri eleberrien idazleak bestetik ; akademizismoen eta abangoardismoen arteko istiluak, etab. Literatur eremuaren barruan nagusigoa lortzeko bonoka dela eta, eskola hauek oinarrizko jarrera hauen zehaztapena burutu ahal izango dute.

Hauxe da, zalantzarik gabe, arlo honetako aldaketa historikorik garrantzitsuena azken bi mende hauetan : abangoardientzat eta artea artearen bidez adieraztearen aldekoentzat, literaturak ez ditu gehiago bere eremutik kanpo aurkitu beharko bere izateko arrazoiak eta bere funtsezko balioak.

Idazle eta intelektual konprometituek, noski, alderantzizko jarrera hartzen dute. Alabaina, idazketaren subjektu-maila kolektiboak literaturaz gaindiko erakunde politiko eta erlijiosoek landutako iritziak bazituen, eta banakako egileak, literatura eremuaren hasieran, bere idazlanei egotzitako gizarteratze eginkizunaren erreferentzia baldin bazuen, literatura bera gizabanakoaren arazo guztiak adierazteko oinarrizko leku bilakatzen da «mago» erromantikoaren irudia agertu zenez geroztik. Orduan, sortu duen gizabanakoaren izaera adierazten du idazlanak, eta proposamen bilakatzen da. Idazlea, bere lanaren bidez, berak onartu edo idazketaren bitartez bilatu duen jarrera proposatzen eta ezartzen ahalegintzen da, jarrera hori ideien bidez baino gehiago hizkuntza erabiltzeko moduaz adierazten delarik.

Aurrerantzean, irakurlearen eta idazlanaren arteko elkarrizketa, irakurketa, egile baten eta beste gizabanako baten arteko elkarrizketa bihurtzen da : hasieran esandakoaren kontra, idazlea beharrezkotzat ez ezik ezinbestekotzat ere jotzen da literaturan.