Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Literatura

Literatur obra

Koranaren orrialde bat Kufako karakteretan idatzia.<br><br>XI. mendearen bukaera.<br><br>

Literaturaren definizioa bera gatazkatsua da noski, bere zabaltasunarengatik eta denboran eta kulturetan zehar modu desberdinez ulertu delako, besteak heste. Mendebaldeko kulturan eta ez hain aspaldi arte, jakintza/arteen bilduma izendatzeko erabili izan da "literatura" hitza. Garbi dago hain esparru lauso-zabala hartuz gero jakintza/ arteen barnean hitzaren beraren bitartez gauzatzen den ekintza estetiko hori izendatzeko hitz zehatza falta zaigula. Kontuak kontu, halaxe iritsi zaigu hitza, zentzu zabal horrez gainera beste zehatzago hori emateko ere erabili baita, nahasian.

Etimologiak ere, kasu honetan, ez du askorik laguntzen kontzeptua egoki mugatzen, "litera" hori letra baita, hots, hitz idatzia, eta bai baitakigu literatur ekintza asko (kultura batzuetan guztiak) ahozko hutsak direla, idatzi gabeak. Jakina, beti dago irtenbide bat, mende honetako pentsabide batek gustura bere egingo lukeena : literaturatzat hartzen dena da literatura (kontzeptu historiko bezain heterogeneotzat hartuko genuke hala "literatura", eta ez platonikoki sailka eta defini daitekeen kategoriatzat) . Ihesbidea galbide, ordea, "literaturatzat hartzen dena" inpertsonal horretan ezkutatzen den subjektua zehaztu beharko genuke, eta atzera lehenean aurkituko ginateke, bi aldagairekin oraingoan : "zer hartu du nork literaturatzat?".

Galderoi nolabaiteko erantzuna emateko orduan, herriz, mamiari ala azalari egotzi zaion garrantziak markatzen du beste desberdintasun bat teorien artean, bai literaturaren definizio orokorrean eta bai literaturaren barneko bereizkuntzetan ere.

Azalaren forma xeheak aztertzetik apaingarri hutsak lehen mailara ekartzeraino ere iritsi izan da teoria.

Auzi historikoak alde batera utzita, lanak ditu oraingo teoriak ere literaturaren mugak garbi bereizteko, hots, literatur obrazer den definitu edo, terminologia modernoagoz esateko, bestelako testuetatik literatur testua bereizteko, erabat ez bada, ezaugarri batzuen graduazioz bederen. "Testu" hitza, seinala dezagun hasieratik, ez dagokio teoria berrion sisteman eta terminologian, idatziari soilik. Jakina, "testu" hitzaren definizioak ere baditu bere gorabeherak, baina, aldeak alde, kontzeptu zehatzago eta finkoagoa da. Definizio-modu labur bat emateagatik, hitzezko ekintzaren ("diskurtsu"-aren) aktualizazio bat da, haren "pieza" nola-halako bat.

Horretatik abiaturik, eta gauzak sinpletuz noski, diskurtsu "pieza" horietako batzuk literatur "obra" zergatik eta zertan diren azaltzea geratuko litzateke. Izan ere, literatur testuetan testu ororenak diren ezaugarri orokorrak aurkitzen dira noski -"pieza" egiten dituenak, alegia-; besteak beste, eta funtsezkoenik, "koherentzia" eta "kohesioa" deritzenak: testuak (literaturazkoak barne) koherentea izan behar du, eta hori zenbait seinale formaletan islatzen da (seinaleon multzoak gauzatzen du kohesioa, elementu batzuen errepikapen eta jarraibidetik hasirik).

Obra baten "literaturtasuna", hots, literatur testuen berezitasuna mugatzeko orduan, badirudi berriro aurkitzen garela mami/azal dikotomia zaharraren aurrean (nahiz, mamiaren koherentziatik azaleko kohesiora doan zubia markatzerakoan bezala, biak kontuan hartu azterketak). Teoria aurreratuenok, hala ere, testuaren osotasunetik abiatzen baitira, mamiari dagozkionak dakartzate lehen mailara (egilearen asmoak eta hartzailearen igurikapenak barne), eta testuaren alderdi global horietatik abiaturik egiten dute -testuaren "funtzionamendu"tik, alegia- azaleko kontu xeheagoetarako bidea. Adibide sinple batez akaso sinpleegi argitzeko kontua, eta gai klasiko bati gagozkiola, hitz batean ageriden metafora soltea solte aztertu baino areago, testua hera osorik den metafora aztertzea nahiago luke orain teoriak, eta, aukeran, literatur "figura" edo "baliabide" banakakook baino lehenago, heste alderdi formal oinarrizkoagoetan islatzen dena (denbora narratiboa, subjektu poetikoa...) aztertuko luke, eta bereziki ea nola burutzen eta gauzatzen den komunikazio ekintza testu jakin horretan.

Itzulian itzuli, horra azkenean literaturaren teorian auzigai den beste kontzeptu bat: "komunikazioa". Zabal onartzen da literatur testuek (ez dira horretan bakarrak noski) ez dutela "informazio" soila helburu, baina hainbatek -poesiarako bereziki- "komunikazio" izaera ere ukatzen dio literatur obrari (artetzat harturik, eta arteari ukaturik, oro har, komunikazio-izaera hori) : obra "hor dagoen" zerbait dateke, "produktu" bat -"kreazio" bat-, dagoeneko bere egiletik bereizi dena eta hartara hurbiltzen denak bere gisa atzeman beharrekoa. Beste ikuspegi batetik, ordea, arte/literatur obrarik hermetikoenak ere zerbait komunikatzen du, bere hermetikotasun hori besterik ez balitz ere (eta hitzezko artea nekez hel liteke esanahietatik eta zentzutik aske izatera ; musikarekin edo plastikarekin alderaturik, bederen).

Artearen aiputik, hala ere, zerbait atera genezake literaturaren ezaugarritzat : konnotazioaren garrantzia. Izan ere, hitzezko ekintza arrunt askotan, alderdi informatiboak du, denotatiboak, garrantzirik handiena. Konnotazioak, berriz, "albo-zentzu" arrazoibidezko, kontzienteez gainera, beste hainbat alderdi emotibo eta apika are arrazional biltzen ditu bere baitan, eta horregatik eragiten du noski heste modu batera psikean.

Jakina, horrek ere ez du erabat mugatzen ez literaturaren esparrua eta ez artearena ere, oro har, zeren eguneroko hainbat hitz jardun arruntetan erabiltzen baita orobatkonnotazioaren indarra, guztiz modu sofistikatuan askotan. Hala ere, testu molde batzuetatik bereizten lagun dezake irizpide horrek.

Etsi-etsian, literatur obraren definizio negatibo bat emateko tentazioan eror gaitezke, haren eginkizunari (eginkizun ezari?) begiraturik : herez inolako helburu praktiko, utilitario zuzenik ez duen testua litzateke, ikuspegi horretatik, literatur testua . Ongi ezkontzen da debaldekotasun hori, luxu hori, ekintza estetikoaren izaerarekin, baina ez dirudi bere horretan aski denik ekintza estetiko bat funtsatzeko : mozkor baten eldarnioa, adibidez, debaldekoa izan liteke, baina ez da berez estetikoa, ez da literatura, agian oso literaturagai aukerako gerta baliteke ere.

(" Debaldekotasun" eta "luxu" hori beti da erlatiboa noski, entretenimendu hutsetik jainkoen gurtzara, dena baita gizakiarentzat, aldez edo moldez, eta subjektiboki bederen, utilitario.) Badirudi, bada, besteak beste, testugilearen asmoa eta hartzailearen jarrera (asmo horren onarpena) funtsezkoak direla literaturtasuna gauzatzeko orduan ("Nahi duzu ipuin bat konta diezazudan?"). Apika, asmo horren seinale/sintoma/arrasto modukotzat hartu beharko lirateke ezaugarri formalak (beste testu motetatik bereizgarri direnak), osotasunaren konposaketatik hasi eta apaingarririk xeheeneraino. Izan ere, kontrako bidetik, oso ere zaila da bereizten, formalki, zer den hizkuntz baliabide eta zer literatur baliabide (gehienez ere, baliabideon "dentsitate" eta "berritasun" beti ere erlatiboak seinala litezke). Areago, teorialari batzuek (Vico, kasurako) zera diote : hasierako giza hizkuntza poetiko hutsa zela, eta aurrerago sortu zela prosa (literaturen bilakabidean, hederen, halaxe da garapena, lege orokorrez : olerkitik hitz-laura).

Orain arteko azterbidea ezinbestean zen orokor-orokorra, zeren, "literatur obra"tzat zer jotzen den mugatu nahi bazuen ere, ez baitzitzaion hemen paper berezirik eman nahi idatzi ala ahozkoari, eta ez haitzen hartu nahi kultura nahiz tradizio (denboran eta espazioan) jakin bateko eredu jakin bat (are gutxiago, genero bat) azalpenaren erreferentzia nagusi eta bakartzat. Bestelako irizpideak sarritan aurki daitezke noski, dela Grezia-Erromako klasikoen poesia harturik, antonomasiaz, literaturaren esentziatzat, dela XIX. mendetik honako (mendebaldeko) narratiba idatzia jorik literaturaren azken buru eta fruitu gailenentzat : alegia, beste guztia harekiko funtzioan ikusirik. Forma bat(zu)en inperialismo hori prestigioan nahiz merkatuan oinarritua dateke, baina ez dirudi horrenbestez bazter batera uztekoak direnik beste tradizio, genero eta molde guztiak, toki eta aldi jakin batean duketen pisua gora-behera : munduak askodira mundu honetan, eta literatura ere anitza da munduan eta mundu bakoitzaren barnean.

Azken puntu horrekin loturik, badirudi beste tentsio batek ebakitzen duela literatura bere unibertsaltasun asmoaren (gizakia baitu gai, partikulartasunen gainetik) eta bere gauzatze kulturalki zatikatuaren artean, tradizio askok ez baitute izan elkarren berri ere, eta, izatekotan ere, hutsaren hurrengoak gertatu baitira elkarren eragin zuzenak. Harrigarria da, ordea, literatur tradizioen aniztasun ukaezinaren barnean nolako paralelismoak aurki daitezkeen, alde xeheen gainetik, bai bilakabide historikoan eta bai literatur ekintzen funtsezkoeginkizunean, oro har : bat baita gizakia, kulturen bide berezituen gain-azpitik. Erlijio nagusien oinarri diren liburuen kasuan bistakoa den moduan, literatura orok, zeinahi ere delarik haren eskala, gainditu (transzenditu) egin nahi lituzke (saihestu gabe, eta haietan oinarriturik gehienetan) bera sortzen den txoko eta sasoi horretako baldintzak eta mugak, eta espazioan eta denboran hedatu. Erlijioaren zentzuan (metafisikoki) transzendentetzat jotzen den testuaren eta naufragoaren botila barneko mezu larriaren artean (eta horien pareko ahozko performance artean), bada hortxe erdiko esparru zabal horretan kokatzen da literatur obra.