Departamento de Cultura y Política Lingüística

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Darwin aurreko teoriak

1. Irudia: Erasmus Darwin

Animalia eta landare moten bilakaeraren edo eraldatzearen arazoa garai guztietako kulturetan agertu izan da. Mende luzeetan jakintza oinarri sendorik gabeko ideiak nagusitu ziren, eraldatzearen aurkakoak gehienak, baina aldian behin bilakaeraren aldeko joerarik ere izan zen (Enpedokles, San Agustin, etab.).

Jakintzan oinarrituko ideiak XVIII. mendeaz geroztik hasi ziren bide egiten. Linneo, Cuvier eta gisako itzal handiko pentsalariak animalia eta landare moten finkotasunaren aldekoak ziren, nahiz aurkikuntza askok teoria hori gezurtatzen bide zuten. Gaur egun galduak diren hainbat fosilen existentzia argitzeko, Cuvierrek teoria ausart bat sortu zuen, hondamenaren teoria.

Bestalde, Buffon-ek eta beste zientzilari batzuek bidea urratu zieten izaki bizien bilakaeraren aldeko ideiei. Lamarck izan zen bilakaeraren teoria oso bat egin zuen lehena, animalia eta landare moten eraldakuntzak bi mekanismo zituela esplikatuz: inguruneak bizitzan zehar sortzen dituen aldaketak, eta aldaketa horien herentzia. Haren ideien arrakasta gutxia eta ideia horietako batzuen hutsegitea gorabehera, bilakaeraren aldeko pentsamenduaren aitzindaritzat jo behar da Lamarck.Herri bakoitzak eta aldi bakoitzak zeinek bere erara esplikatu izan du izaki bizien jatorria. Argi dago, beraz, gizadia beti kezkatu izan duela bilakaera biologikoak, eta polemika asko sorrarazi dituela gai horrek bai zientzilarien bai zientzilari ez direnen artean.

Darwin arte izan diren bilakaerari buruzko ideiak eta teoriak aipatzerakoan, hiru atal bereiziko dira: jakintza aurreko ideiak -ia XVIII. mendea arte iraun zutenak-, animalia eta landare moten finkotasunaren aldeko teoriak, eta bilakaeraren aldekoak.

 

Bilakaerari buruzko ideiak XVIII. mende aurretik

Aipagarriak dira antzinako Greziako filosofoek animalia eta landare moten jatorriaren auziari egin zizkioten ekarriak. Enpedoklesen ustean (K.a. V. mendea), gaur egungo fauna aldez aurretikako beste fauna batetik sortua da ordezkatze bidez. Aristotelesek (K.a. IV. mendea) garrantzi handiko lanak egin zituen izaki biziak sailkatzen, eta izakietan behereneko mailatik hasita gorengoraino mailakatze jarraitu bat dagoela onartuagatik ere, izaki eta landare moten gelditasuna aldeztu zuen.

Gure aroko 1500 urteetan baino gehiagotan Bibliaren interpretazio itsua izan zen izaki bizien historiari buruzko pentsamendu nagusia. Jakintsu gutxi ausartu zen kristautasunaren liburu sakratuak proposatzen duen sorrera bakarreko ideiari aurre egiten.

Besteak beste, San Agustin bera aipa daiteke,hark esana baita animalia eta landare mota guztiak ez zirela hasiera-hasieran sortuak, eta orobat bazirela mota batzuk lehenengo sortu ziren haietatik geroztik sortuak.

Alberto Handia santuak (XII-XIII) uste zuen landare mota batzuk eralda zitezkeela eta bestelako landare mota bilakatu; ideia oker horiek, harritzekoa bada ere, gure XX.. ende aurreratu honetaraino iraun dute.

Aldi honen bukaeran (XVII. mendea) bilakaerari buruzko ideiek askorik aurreratu ez bazuten ere, fosilen azterketak nolabaiteko aurerrapena izan zuen, eta fosilak dira, hain zuzen, bilakaeraren froga oinarrizkoetako bat. Nolanahi ere, Leonardo da Vincik (XVI) izan ezik, jakintsu gehienek aldeztu zuten fosilak Bibliako uholdean sortuak zirela, eta horrexegatik agertu zirela itsas fosilak mendietako harkaitzetan.

 

XVIII. eta XIX. mendeak

 

Finkotasunaren aldeko ideiak

Argien mendea esan zaion horretan aurrerapen handiak egin ziren izaki biziei buruzko jakintza alor guztietan: paleontologian, konparaziozko anatomian, etab. Hala ere, animalia eta landare batzuk beste animalia eta landare mota bihurtzen zirela ukatzen zuten ideiek, finkotasunaren aldekoek, alegia, nagusi jarraitu zuten.

Linneorengan (1707-1778) ezin hobeto ageri dira bere garaiaren ezaugarriak.

Jakintza nomenklatura eta izaki bizien sailkapen sistema bat egin zuen, gaurdaino ia aldaketarik gabe iraun duena. Bere sailkapen eta nomenklatura horretan Linneok elkarren antzeko motak elkarrekin kidetu zituen, jenero berean jarriz eta bakoitzari jenero izen bera (Felix catus, Felix leo) emanez, eta, beraz, uste izan daiteke animalia eta landare mota horiek aitzindari komun bat izan zutela. Hala ere, Linneo ez zen bilakaeraren aldekoa izan; leial jarraitu zion, aitzitik, izakiak Jainkoak sortu zituelako usteari, baina onartu beharra izan zuen jenero bereko motetan bazela halako bilakaera maila bat. Beraz, Linneoren obran argi ikusten da haren ideiak eta bilakaeraren lagungarri egin zituen ekarriak ez datozela bat.

Cuvier (1769-1832) zientzilari handia ere, konparaziozko anatomiaren sortzailea eta fosil asko eta askoren aurkitzailea, animalia eta landare moten finkotasunaren aldezle izan zen. Nola esplikatu ahal izan zuen fosilak gaur egun desagertuak diren animalia eta landare moten aztarnak direla, eta animalia desberdinetan antzeko organoak badirela? Bibliak munduaren sorkuntzaz dioenaren ausardia handiko egokitzapen bateginez esplikatu zituen gauzak. Bere teorian fosil horien eta gaur egungo animalia eta landare moten artean inolako harremanik ez zela esaten zuen, eta, horren ordez, Lurraren historian hainbat ?hondamen? izan zela esatea nahiago zuen, aldian aldiro izaki bizi guztiak suntsitu zituztenak. Hondamen bakoitzaren ondoren beste ?sorrera? bat izaten omen zen, eta horietan animalia eta landare mota berriak sortu ziren. Ikusten denez, Biblian agertzen diren sorrera eta uholdea erabili zituen animalia fosilen existentzia esplikatzeko.

Cuvierrek ukatu egin zuen Lamarckek aldeztutako eraldatzea, eta, Egiptoko obeliskoetan aurkitu zuen animalia multzo gaur egungo moten ia antzekoa aipatu zuen berak haren kontrako froga gisa; baina orobat zioen bi mila edo hiru mila urteko epea ez zela nahikoa behin betiko ondorioak ateratzeko.

Arrazoibide hauek ere eman zituen: ez zela giza fosilik aurkitu, eta ezin zitekeela ?inolaz ere frogatu nik aurkitu ditudan fosilak gaur egungo animalia batzuen aitzindariak izan daitezkeenik?

 

Bilakaeraren aldeko ideiak

 

Aitzindariak

Mende horietako finkotasunaren aldeko zientzilariez gainera, garai hoietan berorietan nagusi ziren ohiko sinesteak zalantzan jarriz zihoazen ideia batzuk ere agertzen hasi ziren pixkanaka-pixkanaka.

Buffon (1707-1788) har daiteke transformismoaren aitzindaritzat. Zientzilari honek animalia eta landare mota asko deskribatu zituen, eta zalantza handitan jarri zituen fosilen sorburua Bibliako uholdearen bidez argitzen zuten ideiak. Bestelako teoria bat proposatu zuen animalia eta landare moten sorburuari buruz. Teoria horren arabera, prozesu naturaletan dute sorburua mota horiek, klimak eragiten dituenetan batez ere, organismoak berez azaldu baitziren lurraren gainean, molekula organikoak elkartu izanaren ondorioz.

Ideia horiek, bilakaerari buruzko benetako teoria izatetik urrun badaude ere, bilakaeraren aitzindari izan ziren.

Maupertuis (1698-1759) eta Erasmus Darwin (Charles Darwinen aitona) (1713- 1802) darwinismoaren aitzindaritzat jo daitezke.

Maupertuisek mutazioaren ideia landu zuen, organismoen aldaeren kausa, eta bereizkuntzarena ere, hori zela esanez, aldaera egokienek baizik ez dutela irauten iradoki baitzuen. Jakina denez, adigai horiek oinarri-oinarrizkoak ditu Darwinen teoriak.

Bestalde, Erasmus Darwinen ustean, izaki bizi guztiek jatorri komun bat zuten, eta bereizkuntza naturala banakoen kopurua handitzeak sortu zuen borrokaren ondoriotzat jo zuen.

 

Lamarck

Aurreko zientzilariek transformismoaren aldeko ideiak proposatu zituzten, baina ez zuten egin mota batzuetatik besteetarako eraldatzea nolakoa izan zen eta eraldatze horren kausak zeintzuk izan ziren argituko zuen teoria osorik. Jean-Baptiste de Monet, Lamarckeko Zalduna (1744-1829) izan zen bilakaeraren aldeko benetako teoria bat lehenengo landu zuen zientzilaria.

Lamarcken teoria 1809an eman zen argitara, Zoologiaren filosofia obran. Haren iritzian, izadiak hurrenez hurren sortzen ditu animalia mota guztiak, soilenetatik hasi eta konplexuetaraino. Eraldatze horiek oso geldiak dira eta kanpoko egoeraren eragina dute (klima, habitatak, etab.). Bilakaera prozesu horren mekanismoak bi lege edo hatsapen gisa adierazi zituen, haren hitzetan honela adieraziak:

 

Lehenengo legea.

Erabat garatu ez den animalia batean, edozein organo maiz eta era jarraituan erabiltzeak pixkanaka-pixkanaka sendotu egiten du organo hori, eta organo horren erabileraren iraupenaren proportzioan indartzen du; era berean, organo hori luzaroan ez erabiltzeak ahuldu egiten du organo hori bera, gutxitu, eta, azkenik, suntsiarazi.

 

Bigarren legea

Arrazak aspaldi-aspalditik bizi izan duen egoeraren eraginez, eta, beraz, organo bat asko edo batere ez erabiltzearen eraginez, izadiak izaki bakoitzari galarazi edo irabazi arazi dion guztia belaunaldiz belaunaldi gordetzen da, eta izaki horretatik sorturiko izaki berrietara igarotzen da, baldin eta hartutako aldaketak bi sexuek edo, gutxienez, izaki berri horiek sortu dituztenek komun badituzte.? ? Beraz, Lamarcken teoriaren bi hatsapen nagusiak hauek dira: ? Organoak erabiltzeak edo ez erabiltzeak, ingurunearen eraginak, alegia, organo horien eraldatzea dakar; hau da, eginkizunak dakar organoa.

Aldaketa horiek ondorengoetara igarotzen dira; hori da, alegia, geroztik hartutako ezaugarrien herentzia esan zitzaiona.

Bere teoriaren hatsapen horiek Lamarckek kasu jakin batzuetan oinarritu zituen: satorraren begien atrofia, hegazti palmipedoen hanketako mintza; sugeen luzetasuna;jirafen lepo luzea. Azken hau da ospetsuena.

Ikus dezagun Lamarckek nola esplikatzen duen.

?Jirafak, leku lehor eta belarrik gabekoetan bizi denez, zuhaitzetako adarrak jan behar izaten ditu, eta, beraz, lepoa etengabe gorantz luzatu behar izan zuen. Arraza horretako banako bakoitzak ohitura horri luzaroan eutsi behar izan zionez, jirafaren aurreko hankak atzekoak baino gehiago luzatu ziren, eta lepoa ere luzatu egin zitzaion, burua 6 metro inguruko garaierara jaso ahal izateko moduan.? Lamarcken ideiek ez zuten bere garaian ia arrakastarik izan, garai hartako jakintza giroetan Cuvierrek proposatzen zuen hondamenaren teoriaren aldekoak zirelako nagusi batez ere. Bi zientzilari horiek eraso gogorrak egin zizkioten elkarri, nork bere aurkariaren ideiak barregari uztera ere iristeraino.

Bakar batzuk besterik ez ez ziren,Geoffroy Saint-Hilaire (1772-1844) besteren artean, Lamarcken tesien alde azaldu.

Teoria hori gaur egungo jakitateen argitan aztertuz gero oso agerian geratu da lehenengo hatsapenak, inguruneak fenotipoan duen eraginari buruzkoak (organoak erabiltzea/ez erabiltzea), balio osoa duela gaur egun ere. Gauza jakina da atletari, jardunaren jardunez, giharrak aldatzen zaizkiola.

Bigarren hatsapena, berriz, fenotipoaren aldaketa horren herentziari dagokiona, gaur egun ezin da onartu, ez baitator bat genetikako jakiteekin, horien arabera fenotipoa ezin baita izaki batetik bestera iragan, genotipoan eraginik ez duen bitartean.

Hala eta guztiz ere, eta akatsak akats, Lamarcken teoriak historian garrantzi handia izan duela dudarik ez da, bide-urratzaile izan baitzen eta haren bultzada handiari esker joan baitzen indartuz iragan mendekozientzilarien artean animalia eta landare motak ?eraldatu? zitezkeelako ideia.

 

Neolamarckismoa

XIX. mendearen bukaeran, darwinismoaren eta geroago mendelismoaren arbuioz agian, Lamarck boladan egon zen berriz, Frantzian batez ere, XX. mendearen erdialdea arte.

Nolanahi ere, neolamarckismoak Sobiet Batasunean izan zuen aldezle arrakasta handiko bat, Lysenko. Gizon horrek, Stalinen laguntzaz, ?genetika berri? bat landu zuen 1940an, ezaugarriak heredatzen direlako printzipioan oinarritua. Laboreak aldatu nahi izan zituen, laboreak lantzeko ingurune egoerak aldaturik. Saio hori ustel atera zen bai jakintzaren alorrean bai nekazaritzarenean, baina hala ere Lysenkoren ideiak izan ziren nagusi Sobiet Batasunean, Stalin hil zen artean.