Departamento de Cultura y Política Lingüística

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Errejistro fosila Euskal Herrian

1. Irudia: Euskal Herriko mapa geologikoa. Lurzoru mesozoikoen nagusitasuna agerikoa da eremuaren zati handi batean, zoru paleozoikoak Nafarroako iparraldean eta Ipar Euskal Herriko hegoaldean baizik ez daudela.<br>

Euskal Herrian Mesozoiko aroan jalkitako materialak dira nagusi, Kretaziko aldikoak batez ere, Bizkaia eta Gipuzkoaren eremu gehiena hartzen dutenak, bai eta Zenozoikokoak ere, Eozeno eta Oligozenokoak bereziki. Bakanagoak dira Paleozoiko aroko materialak, Nafarroako iparraldean eta Ipar Euskal Herriko hegoaldean baizik ez baitira aurkitzen. Material horiek ez dira jalkin harriak, beraz ez dago aldi zehatzetako errejistro fosilik.Paleozoikoa oso gutxi agertzen da Euskal Herrian azalarazten diren harrietan, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa lurraldeen mugak hartzen dituen orbanean salbu. Kasurik gehienetan, hein batean edo bestean, metamorfismoak aldarazitako harriak dira, hau da, jatorriz harri sedimentarioak zirenak baina gero, presioaren eta tenperaturaren eraginez, eraldatze gutxi-asko sakonak jasan dituztenak. Orobat, bada harri magmatiko plutonikoen azalaratze bat; harri horien jatorria magmaren (harri urtuen eta gasen nahastea) gotortze geldia da, sakonera handian gertatzen dena.Harri horiek ia inoiz ez dute fosilik izaten, arbelak edo eskistozko materialek salbu, presioagatiko aldakuntza arina izan baitute horiek; eskuarki, jalkin mehez eraturiko harriak (limoak) dira, aintzira, delta eta estuarioei dagozkienak.
Euskal Herriko harririk zaharrenak Ordobiziko arokoak dira; itsas sedimentaziokoakdira; Aldude aldean daude. Lapurdiko mendialdean aurkitu den itsas hondar hareatsuko faunak lekukotasun urria ematen du; fosil gutxi du, Orthis jeneroko (Orthis plicata taldekoa) brakiopodoak gehienbat, trilobiteen hondarrak (Calymene) eta zenbait maskor (Cuculella). Seguruenik Euskal Herrian aurkitu diren fosiletan zaharrenak dira, 435 milioi urte inguru.
Silurikoa ere agertzen da, fosilak dituzten geruzen bidez; horietan graptolite batzuk aurkitu dira, Monographus priodon (3. Irudia) eta Monograptus vomerinus. izenekoak adibidez. Paleozoikoko itsasoetako planktonean, kolonietan, bizi ziren animaliak dira horiek; itsaso haien izaera ondo ezagutzen ez zenez, harrigarriak gertatu dira luzaro fosilhoriek; egungo animalien artean ez da horien antzekorik ezer gure Planetako itsasoetan.
Devon aldian jalkitako hainbat material Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian azalarazten dira; geruza horietan aldi hartako fauna eta floraren testigantzak aurkitzen dira, Euskal Herriko errejistro fosilean aldi hori baita, Paleozoikokoen artean, lekuko gehien duena. Aldi horretako aztarnategi ugari dago; aztarnategi horietan, konodontoek –antzinako Kordadunen gorputzaren zati ziren hortz txikien itxurako mikrofosilak– eratzen duten fauna mikroskopikoaz gainera, beste era askotakoak ere aurkitu dira: brakiopodo mota batzuk, trilobiteak, hala nola itsua zen Dianops izenekoa eta Homalonotidae eta Dalmanitidae familietako ordezkariak, koralak, briozooak, ekikariak,nodermoak (krinoideoak), nautiloideoak (egungo Nautilus-aren antzeko zefalopodoak), etab. Horiek guztiak garai hartan Nafarroako iparralde gehiena hartzen zuen sakonera gutxiko eta ur beroko itsasoan bizi ziren.
Koralen artean, Baztan aldean, Pleurodictyum (4. Irudia) eta Favosite aurkitu dira, Tabulatuak izeneko koral ordenaren ordezduela miloika urte desagertuak. Jalkin horiek azalarazten diren eskualdeak plataforma kontinentalean zeuden, hots, aldian-aldian detritoak hartzen zituzten itsaso aldeetan.
Aldi honetako brakiopodoen artean, Orthis, Leptaena, Shellwienella, Spirifer edo Paraspirifer jeneroetako motak aurkitu dira, kolonia handitan, hainbesteraino non Nafarroako iparraldeko zenbait lekutan, ia osorik haien maskor fosilizatuen hondarrez eraturiko harriak aurkitzen baitira.
Mundu mailan, gai karbonosoz osaturiko geruza handiak dira Ikatz aldiaren ezaugarria.
Garai hartako toki zingiratsuetako zuhaitz itxurako iratze erraldoiz osatu landaredi apartaren pilaketa da geruza horien sorburua; pilaketa horiez ikatz hobi handiak eratu dira. Nolanahi den, aldi horretako Euskal Herriko eremua itsasoak estalia zegoen; aldi horren amaieran hasita itsas hondoa goratu zuten mugimendu orogenikoen ondorioz (duela 280 milioi urte inguruko orogenia hertziniarra izenekoa), erliebearen lehen aldaketak agertu ziren, uharte edo eremu kontinentalen moduan (Aldude eta Bortzirietako mendialdeak).Uretatik atera ziren eremu horietan landare ugariko eskualdeak zeuden; halakoetan, zenbait geruza karbonoso jalki ziren, egungo Etxalar aldean azaleratzen direnak, adibidez; haietan, Bera ondoan, landare hondarrak aurkitu dira, Pecopteris erako antzinako iratzeak eta Cordaites bezalako lehengo angiosperma zuhaitz itxurakoak. Guztiarekin ere, landare metaketa horiek ez dira handiak. Beste ikatz hobiren bat Eugi ondoan (Nafarroan) aurkitu da, Calamites (2. Irudia) eta Lepidodendron iratzeen hondarrak dauzkana; eskualde berean, itsas ingurunean jalkitako geruzetan goniatites izenekoak (kanpotik ammoniteen antza duten zefalopodoak), kusku biko soinberak, brakiopodoak eta ekinodermoak aurkitu dira.
21Permikoan zehar, orogenia Hertziniarraren ondorioz azaleratutako mendikateak higatu egin ziren, eta horrela moldaturiko sedimenduak itsas hondoan jalki ziren.
Garai horretako material fosildun garrantzizkorik ez da Euskal Herrian. Lurraren historian izan diren desagertzeetarik handiena gertatu zen aldi horren amaieran, eta garai horretako izaki bizi asko iraungi ziren betirako, trilobiteak adibidez.
Litologiaren ikuspegitik, oro har, Euskal Herrian diren material azaleratze garrantzitsuenak Mesozoikokoak dira. Aldi Triasikoaren hasierako azaleratzeek Permikoan zehar nagusi izan ziren baldintza berak dituzte; ordukoak dira errekarriz osaturiko harriak —konglomeratuak—. Horren arabera, garai hartako paisajea uharte txikiek osatzen bide zuten. Uharte haietako ibaiek errekarriak arrastaka eraman eta kostaldeko eskualdeetan pilatzen zituzten; uharte horien barne aldeetako higadura handiaren ondorioz, ibaiek jalkin ugari zeramaten eta kostaldeko eskualdeetan hondarrak pilatzenzituzten. Uharte horiek higatuz zihoazen bitartean, jalkin motak gero eta meheagoak ziren, eratzen ziren harri geruzak kolore gorriztakoak ziren eta hareharrizko izaera zuten. Horrek adierazten duenez, aski lehorra zen garai hartako klima, euriak uholdezkoak ziren, eta lehorteak luzeak; higadura, horregatik, handia zen, eta hori eragotz zezakeen landarediak, urria zenez, faboratu egiten zuen, traba egin beharrean.
Klima horrek aldi osoa iraun zuen, halako moldez non gatz-haitzez eraturiko geruzak ere azaltzen diren; bakarturik geratu ziren itsas-adarrak lehortu izana da halakoen zergatia.
Izan ere, uretan urturik dagoen gatzak, ura lurrindu ondoren, geruzak moldatzen ditu. Gertaera bolkanikoen segida ere garai honetako garrantzi handiko gertakari geologikoa da; horren ondorioz ofita eratzen da, hainbat gunetan (Lizarra ondoan, Billabonan, Murgian, Gernikako itsasadarrean, etab.) azaleratzen den harri berdexka.
Triasikoko geruzak Nafarroako iparraldeko erdialdeko zerrendan agertzen dira, eta Ipar Euskal Herri aldera ere zabaltzen dira.
Beste azaleratze txiki bat Gipuzkoako ekialdeko ertzean agertzen da.Triasikoari dagokionez, errejistro fosila guztiz urria da Euskal Herrian: zelula bakarreko animalietatik (foraminiferoak) datozen fosil nimiño batzuk eta ekinodermoen hondar batzuk, batzuk zein besteak Baztanen eta Allozen aurkituak. Baztanen, bestalde, landaredi fosila duen aztarnategi batean Albertinako adarrak eta fruituak, Yucites, Neocalamites eta beste zenbait landare jeneroren hostoak agertu dira.Ondoko aldia Jurasikoa da, 50 milioi urteko jalkin aldi barea geologiaren ikuspegitik; aldi honen hasieran itsasoa barrenerago sartu zen, eta horrenbestez itsasoaren sakontasuna ere handiagoa zen. Klima epelagoa izan zen garai honetan Triasikokoa baino.
Euskal Herrian garai horretako oso geruza gutxi azaleratzen da; kolore iluneko kararriz eta tuparriz eratuak dira gehienbat, itsas jatorriko geruza ongi bereiziz moldatuak. Aralar 22mendian eta Tolosa inguruan eta Bortzirietako mendialdean daude batez ere.
Guztiz ugariak dira aldi horretako organismoen fosilak eta Jurasikoak bere-bereak dituen fosil asko aurkitu dira aztarnategietan: brakiopodoak, oro har “terebratula” izenez ezagutzen direnak (Waldheimia) eta “rhynchonella” direlakoak (Rhynchonella).
(7. Irudia); ammoniteak (Arietites, Dumortieria, Garantiana, Ludwigia, Oxynothiceras, Hildoceras, Stephanoceras, Loeloceras jeneroak) (8. Irudia); pektinidoak (kusku biko soinberak, ohiko erromes maskorraren antzekoak, Pseudopecten) (9. Irudia) eta belemniteak (egungo txibien antzeko zefalopodoen eskeleto hondarrak) (10. Irudia).
Astigarraga ondoko Santiagomendiko ermitako aztarnategia klasikoa da, jeneroetako batzuk aztarnategi horretan aurkitzen baitira.
Aztarnategi horietako batzuk Aralar mendian daude; bertako geruzak sakonera gutxiko itsasoan jalki ziren. Eskualde horretan berean, geruza batzuk arrezifeetako organismoek eragindako kararrizkoak dira, eta fosil ugari dute; horien artean koralak (Calamophylliopsis, Stylosmilia), itsas trikuen arantzak, brakiopodoak, briozooak, etab.
aipa daitezke.
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako eremu gehienetako material azalekoenak osatzen dituzten harriak Kretazikokoak dira; eta gauza bera esan daiteke Nafarroako iparraldeko eremuez eta Ipar Euskal Herrikoez ere.
Aldi horretan nagusi ziren harriak flysch-ak, kararriak, tuparriak, tuparrizko kararriak, hareharriak eta hareharrizko kararriak dira, hainbat ingurunetan izandako sedimentazioaren emaitza.
Kretazikoan Euskal Herri gehiena estaltzen zuen itsasoak eta itsas golko bat sartzen zen egungo kostaldetik hegoaldera.
Aldi hori kontinentetik zetozen materialak itsasoan jalkitzean hasi zen, halakoak, Asturias-Gaztela antzinako kontinentearen higaduraren ondorioz, arrastaka baitzeramatzaten ibaiek; modu horretara, hedapen lasterreko delta handi bat moldatu zen, itsas arroa bete eta itsasertzaren itxura hartuz zihoana. Sakoneraren murrizte hori eta nagusi zen giro beroa zirela eta, orain dela 120 milioi urte inguru, koralezko arrezifeak hasi ziren garatzen bertan, bakarka hasieran eta zerrenda etengabe baten moduan gero, gaur egungo Australiako Barrera Handiaren antzekoa izan bide zena. Itsas hondoa, jalkinen ekarpenaren ondorioz, kolore beltzaxkako lohi hareatsuz estalia zen. Hondo horren gainean arrezifeak hazten ziren, joritasun handiko bizitza formak eratuz, ia bizirik gabeko inguruko hondoaren guztiz bestela.
Antzinako arrezife horiek euskal lurraldeko kararrizko mendialde nagusiak eman ditu: Durangaldea, Aizkorri, Anboto,Gorbea, Izarraitz, etab. Urgoniarrak izeneko kararriak Bizkaia eta Gipuzkoa gehienean eta Nafarroako iparraldean zabaldu ziren, ia estratifikazio planorik gabeko izaera guztiz masibo batez; organismo eraikitzaileen eskeletoak (koralak, rudistoak) moldatu zituzten mineralek erreakzio jakin batzuk (berkristalizazioak) jasan dituzte harri bihurtzerakoan eta gehienbat horiek hondatu dituzte fosilak. Hori gora behera, garai hartako organismo primitiboen hondar asko antzeman daitezke harri urgoniarretan gaur egun, hala nola koralak, kopa itxura zuten rudisto (Toucasia) izeneko soinbera handiak, ostreidoak eta abar. Kararri urgoniarren ustiakuntza industriala dela medio, harri horietako asko apaindura gisa erabiltzen dira (marmola), Deba, Markina edo Ereñokoak adibidez, fosil horiek plazetako zoruan eta etxeetako fatxadetan antzeman daitezke.
Behe Kretazikoari dagozkion beste zenbait fosil: ammoniteak berriro ere —Jurasikoan hain maiz agertzen zirenak—, terebratulak —haietako batzuk Aizkorriko aztarnategi jori batean aurkituak (Sellithyris, Moutonithyris, Tropeothyris, Cyrtothyris, Psilothyris)—, eta “rhynchonellak” (Cyclothyris, Sulcirhynchia, Burrirhynchia), orbitolinak —animalia zelulabakarren eskeletoa direnak, kono zapalen itxura eta dilistaren tamaina dutenak eta milioika agertzen direnak zenbait estratutan—, belakiak, soinbera kusku bikoak eta koralak (Aralar mendian guztiz ugariak), batzuetan bakarka bizi ziren motak (Montlivaltia) eta tamaina handiko kolonietan bizi zirenak bestetan (Astrocoenia, Cryptocoenia, Aplophyllia, Isastraea, Synastraea, etab.).
Garai hartako Aralar mendia, zalantzarik gabe, egungo itsaso tropikalen oso antzekoa zen, hots, Karibe edo Indiar-Bareetako koral arrezifeei buruzko dokumentaletan ikus daitekeenaren gisakoa, ur bero eta gardenezkoa eta milaka animalia mota biltzen zituena.
Goi Kretazikoan, itsas arroak beheraldi bat izan zuen eta koralen zein rudistoen arrezifeak eraikitzeko iharduera desagertu zen. Gai meheagoen, buztintsuagoen jalkitzea da garai horri dagokiona eta egungo Arabako eremu gehiena, Arabako Lautada bereziki, Nafarroako ipar aldea, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa moldatu zuena. Gaur egun ikus daitezkeen garai hartako hainbat harri motak orduko ingurune aniztasuna erakusten dute.
Hala, maiz agertzen den flysch delakoa, Zarautzen edo Zumaian hain ohikoa dena, geruza egitura garbikoa da eta kararri urgoniar masiboen oso bestelakoa, horretan tuparrizko geruzak beste zenbait kararrirekin aldizkatzen baitira; flysch honek, sakonera gutxi zuen antzinako itsas jalkitze eremuetan izan zuela sorrera pentsa daiteke,gaurko kontinente plataforma bezalako batean alegia. Halako eskualde batean, itsas mailaren goraldiak (transgresioak) eta beheraldiak (erregresioak) gertatzen ziren, gune bakoitzaren sakontasuna aldika aldatuz.
Itsas animaliak, iraganean bezala egun ere, sakontasun gutxiko guneetan barreiaturik egon ohi dira gehienbat; hortaz, halako eskualdeetan eratzen diren jalkinetan era horretako organismo ugari izaten da (maskorrak, eta eskeletoaren beste zenbait parte), eta kararriak moldatzen dituzte.
Sakonera handiagoa denean, organismogutxiago bizi izaten da horrelako uretan; bestalde, eskualde horietara iristen diren jalkinak meheagoak dira (lodienak, pisu handiagokoak direnez, kostaldetik hurbilago jalkitzen baitira); horrek gainerako kararrizko hondarrak baino gehiago buztinak izatea dakar, eta tuparriak eratzen ditu.
Tuparrizko kararriek, aldiz, kararriak sortzen dituzten egoeren eta tuparraiak sortzen dituztenen arteko ingurunea seinalatzen dute, eta gehienbat Arabako Lautadan agertzen dira.Hareharriek giro kontinentalagoaren seinale dira; egun, hareak kostaldeko gune babestuenetan jalkitzen dira (gogoratu hondartzak). Berdin gertatu behar izan zuen garai hartan eta, hortaz, harea horiek kostaldetik oso hurbileko eskualdeetan edo kostaldeko lerroan berean agertzea, jalkitako sedimentutzat interpretatu behar da.
23Kararri hareatsuei dagokienez, kararrien eta hareharrien arteko ingurunean eratu zirela pentsatu behar da, hau da, kostaldetik oso hurbileko eskualdeetan, organismo bizi asko zegoen gunean, baina ibaiek garraiaturiko jalkin lodienak (hareak) iristen ziren eremuaren barne.Garai hartako jalkin askotan gai organiko asko zen; horrek ura iragaztera edo jalkin xeheak irestera egokituriko animalien ugaritasuna faboratu zuen, egungo muskuiluen antzeko kusku biko soinberena, adibidez —Inozeramidoak— eta Micraster eta Echinocorys jeneroetako itsas trikuena (11. Irudia); horrelakoak Arabako eta Nafarroako zenbait aztarnategitan milaka agertzen dira (Entzia mendia, Erro eta Urederra ibaietako ibarrak, etab.). Itsaso haietan ammonite mota berriak bizi ziren, tamaina handikoak batzuk, Zumaian edo Arabako zein Nafarroako aztarnategietan aurki daitezkeenak; koralak, harri urgoniarretan hain ugari izanak, askoz ere bakanagoak ziren orduan, eta eskuarki ez ziren eraikitzaileak (ez zuten arreziferik osatzen).
Garai hartako fosilak dituzten aztarnategi batzuk Bovedan, Vitoria Mendatea, Bikuña Mendatea, Andoinen eta Olazagutian aurkitu dira; jenerotako askotako kusku bikoak eman dituzte (Neithea, Spondylus, Plagiostoma, Rastellum, Amphidonte, Pycnodonte eta Agerostrea). Aztarnategi horietako batzuetan, orobat, Mosasaurus jeneroarekin analogiak dituzten itsas narrastien hondarrak aurkitu dira, marrazoen hortzak (Cretaa)lamna, Squalicorax), krustazeoak, ammoniteak (Hoplitoplacenticeras, Baculites), koralak, belakiak, gasteropodoak, itsas trikuak, brakiopodoak, etab.).
Altsasu ondoko Orobe mendiko aztarnategiak nabarmentzekoak dira bertako dekapodoen fauna aberatsagatik; izan ere, lehen ezezagunak ziren dekapodo mota batzuk (Galathea, Distphania, Iberihomola) han aurkitu baitira, eta orobat koralak, brakiopodoak, ekinodermoen hondarrak, etab.
Bai Jurasikoan eta bai Kretazikoan ere bizi izan ziren ammoniteak eta belemniteak desagertu ziren Kretazikoaren amaieran.
Harrigarria da zein itxura bitxiak hartu zituzten aldi horren amaieran ammoniteek, plano bateko espiral itxurako maskorragatik guztiz ezagunak diren horiek, kiribilak zabaldu edo makurtzen zitzaizkiela.
Euskal Herrian, Zenozoikoa osatzen duten aldietatik, hiru agertzen dira batezere: Eozenoa, Miozenoa eta Oligozenoa.
Aldi horretako jalkinak Miarritze inguruan, Nafarroako hegoaldean, Araban eta Gipuzkoako kostaldeko lerroan eta Bizkaia SE- NW norabidean zeharkatzen duen zerrendan agertzen dira.Gipuzkoa eta Bizkaiko materialak, bai eta Araba eta Nafarroako azaleratze-gune iparraldekoenetakoak, Paleozeno-Eozenokoak dira. Egitura horiek, funtsean, flysch motakoak dira eta Kretazikorako eman den azalpen bera aplikatu behar zaie; geruza horietan oso bereziak dira fosilak, funtsean zorua zeharkatzen zuten animalien hatzak (“aztarnak”), forma guztiz aldakor eta bitxikoak, gehienbat Gipuzkoako kostaldean aurkituak eta izen aski berezikoak: Helminthopsis, Helminthoida, Paleomeandron, Subphyllochorda, Palaeodictyon eta Palaeomeandron.Halaber, badira itsas ertzeko inguruneetan jalkitako hareharrizko egiturak, Gipuz- 24koako iparraldean. Eozenoan, Euskal Herriko historia geologikoan itsas jatorria zuten azken materialen jalkitzea gertatu zen. Eozenoko baldintzak Kretazikoaren amaierako deskribatu direnen antzekoak ziren, baina aldiaren erdialdean abiatu ziren mugimenduek kontinentearen gaineratzea eta itsasoen atzeraegitea ekarri zituzten. Orduan gertatu ziren mugimendu orogenikoek Pirinioak sortarazi zituzten (Pirnioetako orogenia).
Eozenoan tamaina txikiko organismoak ugaldu egin ziren: nummuliteak (13. Irudia).
Horien eskeletoak, Kretazikoko orbitolinoekin gertatzen zen bezala, milioika azaldu ziren Urbasa Mendiko zenbait harritan. Aldi horren hasierako estratuetan fosil ugari ageri dira, fauna mota askotarikoak aurkitu direla beraietan. Garai batean Iruñerria estaltzen zuen itsasoetan marrazoak —zenbait lekunetan ez dira gutxi halakoen hortzak—, belakiak, briozooak, soinberak, ekinodermoak, koralak, etab.
bizi ziren.
Pirinioetako orogeniaren eta mendialdeak altxatzearen ondorioz, garai horretan moldatu zen Euskal Herria bi isurialdetan, Atlantiko aldekoa eta Mediterraneokoa, bereizten duen banalerroa. Lehenbizikoak Kantauri itsasora bideratzen ditu urak (Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroako zati bat), eta bigarrenak Mediterraneo aldera (Araba gehiena, Nafarroa ia osoa), nahiz eta garai hartan ura Mediterraneora iristeko oztopoak baziren; horren ondorioz, bi aintzira handi sortu ziren, egungo Nafarroako Erribera eta Arabako Errioxa hartzen zituztenak.
Oligozenoan iraun egin zuten lehengo baldintzek. Lehorrean moldatu aintzira handi bi horietan kontinente eremu bati zegozkion jalkinak jalkiz joan ziren, inguruko mendialdeetatik erauzitako hareak zein harkoskoak eta aintziretan bizi ziren animalien hondarrak hondora jalkitakoan eraturiko kararriak nahasten zirela. Lurrintzeak igeltsu eta gatzarrizko geruzak ekarri zituen, halakoak aldi lehorrenetan aintzirak lurrintzerakoan eta bertako urek zituzten gatzak hauspeatzerakoan moldatu zirela.
Ipar aldean (egungo Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko itsasertza), itsas higadurak kostaldeak atzerarazi zituen.
Miozenoan, higadurazko prozesuen jarraipenaren ondorioz, aurreko aldian eratu ziren aintzira haietako ura Mediterraneo aldera bideratzen zuen pasabide bat ireki zen; horrenbestez, lehortzen hasi ziren. Hala bada, duela 15 milioi urte inguru, aintzirak desagertu ziren. Itsas ertzeko lerroa, garai hartan, egungoa baino urrunago zegoen.
Garaiko azaleratzeak Arabako alderik hegoaldekoenean, Miarritzeko ingurunean eta Nafarroan aurkitzen dira.Haietan azalduriko fosilak ugaztunenak dira, oso ugariak eta bete betean Hirugarren aroko eremuei dagozkienak, klima tropikalekoak hain zuzen. Eboluzioaren egungo hainbat animaliaren aurrekoak aurkitu dira —elefanteak, errinozeroak, dortokak, jirafak, krokodiloak, hipopotamoak, etab.—Bardeak, Tutera, Lodosa eta inguru horietako hainbat aztarnategitan.Euskal Herrian, Laugarren aroko jalkinak sendotu gabe daude, hau da, oraino ez dituzte harri bihurtzeko behar diren prozesuak jasan. Gehienbat, Hego Euskal Herriko ipar aldeko ibai nagusietako erdi eta beheibilguetan ageri dira, bai eta lurralde bereko ibai handietako ibarretan.
Ipar Euskal herrian jalkinen pilatze handi bat dago Aturri ibaiaren ibarrean eta bokalean.
Guneka, jalkinak zenbait sakonune txikitan edo harpe barnetan izan daitezke.
Izotzaldiak laugarren aroko fenomeno funtsezkoak dira, haietan klima hotzagoa gertatu zen eta horrek zenbait animalia motaren nagusitasuna ekarri zuen, hala nola errinozero iletsua, mamuta edo haitzuloetako hartza, beronen hondarrak harpeetan aurkitu direlarik. Hotzaren ondorioz, izotz masak emendatu ziren Europa osoan eta Zenozoikotik gero eta gorago agertzen zen itsas maila apaldu zen. Izotzaldien ondoren, itsasoak aurrera egin zuen berriro eta egoera horretan aurkitzen gara gaur egun.Aldi horretako fosilak arkeologia indusketetan aurkitu dira eta jenero askotako ugaztunen hondarrez osaturik daude, hala nola Abauntzen aurkituriko Saiga antilopea eta beste hainbat jenero (Sus, Capreolus, Cervus, Capra, Equus, etab.), bai eta beste zenbait haitzulotatik datozenak, hala nola Aretxabaletako Iruaxpekoak, mikrougaztunen hondarrak dauzkanak (Talpa, Sorex, Glis, Apodemus, Clethrionomys, Arvicola, Microtus, Pitymys), saguzarrak barne (Rhinolophus).Haragijaleen artean, ondoko hauek aipa daitezke: Canis otsoa, azeria (Vulpes), hartzak (Ursus), hienak (Crocuta), zenbait felido (Felis, Lynx, Panthera) eta mustelidoak, hala nola erbinudea (Mustela), pitotxa (Martes), azkonarra (Meles), etab.Halaber, hegazti anitzen hondarrak aurkitu dira, gaur egun oraino gure ingurunean bizi direnak haietarik asko, hala nola belatzak (Falco), kaioak (Larus), eperrak (Perdix), beleak (Corvus), zozoak (Turdus), etab., hainbat haitzulotan aurkituak (Izturitze, Arrosa, Ermittia, Olha, etab.).