Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Europa ekialdea Berlingo Hesia bota ondoren

Goian, Errumaniako azoka bat. Ceaucescuren erregimenaren ondoren, Errumaniako ekonomia zuzpertzen hasia da, pixkanaka-pixkanaka. Behean, UNPRFOR-en ibilgailuak Bosniako gerra zibilean.<br><br>

Europa ekialdea eta erdialdea nahasmen handiko eremua izan da 1989-1991n beren burua «komunistatzat» zeuzkaten errejimenak desegin zirenez geroztik. Prozesu horrek garrantzi handiko bi urrats izan zituen; SESBek II. Mundu gerra bukatutakoan eratu zuen blokea desegitea, eta, bestalde, hiru estatu desegitea: Sobiet Batasuna bera, Txekoslovakia eta Jugoslavia. Sobiet Batasunaren eta Jugoslaviaren desegiteak gerrak eta liskarrak izan zituzten tarteko.

Zalantza du oro har ezaugarri nagusia Europa ekialde eta erdialdeko gaur egungo egoerak. Nolanahi ere, oreka askoz galduago eta krisian askoz sartuago daude garai batean Sobiet Batasuna eta Jugoslavia zerizten lurraldeak Europa erdialdeko herrialde txikiak baino, istilu handirik gabeko bilakaera izan baitute oro har horiek orain arte.

Arestian aipatu den zalantzak arrazoi eta eragin asko ditu: herrialde horiek munduko ekonomiaren baitan sartzeko dituzten zailtasunak, ia herrialde horiek guztiek duten krisi ekonomikoa, errejimen komunistako burokratak egoera berrira moldatu beharraren ondorioak, gizarte zibilaren ahultasuna, nazionalismo oldarkorrak sortzeko edo sendotzeko eragileen indarra. Ez da erraza, beraz, Europa ekialdeko herrialdeen etorkizuna zein izango den asmatzea.

 

SESB eta bere nazio blokearen desegitea

1945 ETA 1990 BITARTEAN EUROPA EKIALDEANINDARREAN EGON ZIREN NAZIOAZ GAINDIKO EGITURA GUZTIAK DESAGERTU EGIN DIRA, ETA HANDITU EGIN DA EKIALDETIK MENDEBALERA MIGRATZEN DUEN JENDE SALDOAREN KOPURUA.SESBeko perestroika prozesuak ez zituen Gorbatxovek uste bezalako ondorioak izan: 1989-1990ean Sobiet blokea desegin zen -eta harekin batera COMECON eta Varsoviako hitzarmena-, eta 1991n Sobiet Batasuna bera, zeinetik hamabost estatu independente sortu ziren, Errusiako Federazioaren itzalpean.

Prozesu horren ondorioetako bat herrialde haien egoera gero eta konplexuagoa argitzeko zailtasuna da. Eta ez bakarrik herrialde bakoitzak zeinek bere egoera berezia duelako, baita gertaera berriak izan direlako ere: kapitalismoaren aldaera oso bereziak, aginpide betearazlearen eta legegilearen arteko harreman korapilatsuak, etniak oinarri dituzten nazionalismoen goraldi ustekabekoa, eta bizkor aldatzen diren nazioarteko hitzarmenak.

Aipatu berri den egoera horren ezaugarri nagusia antolamendu politiko hark zituen nazioarteko erakundeen ordez abian jarri ziren erakundeen badaezpadakotasuna da. Sobiet Batasunaren eremuan Estatu Burujabeen Batasuna (EBB) sortu zen, baina ez zuen indarrik izan. Europa erdialdeanordea ez zen lehengo erakundeen ordezko erakunderik sortu, batik bat eremu horretako herrialdeetako gobernuek Europako Batasunera eta Ipar Atlantikoko Hitzarmenaren Erakundera (NATO) dauzkatelako bideratuta beren asmoak. Aldaketa horien guztien zurrunbiloan Errusiak oso egoera zaila du, nahiz potentzia handi batek ohi dituen jokabideei eusten dion.

 

Errusia Eltsinen agintaldian

1991AZ GEROZTIK TIRABIRA ETA LISKAR HANDIAK IZAN DIRA ERRUSIAN, EZEGONKORTASUN POLITIKOA, ARAZO EKONOMIKOAK ETA TXETXENIAKO GERRA DIRELA ETA.Errusia 1991ko bukaeran bihurtu zen estatu independente. Lehendakari bakarra izan duen arren, Eltsin, ezegonkortasun politikoa izan du herrialde honen nondik norakoak orduz geroztik ezaugarri nagusia: 1992an eta 1993an aginpide betearazleak eta aginpide legegileak izan zituzten liskarrak, legebiltzarra indarrez desegin izanak, hauteskunde orokorrak egin izana, 1993an alderdi ultranazionalistek irabazi zituztenak, eta 1995ean, berriz, komunistek, eta 1996an, ustekabean, Eltsinek berak.

Arestian aipaturiko guztiaren atzean aise ikusten da ezkutuko presio talde ekonomikoen eragina, estatu mafioso bat ari baita sendotzen egoera berrira moldatutako estatu komunistako burokrata askoren gidaritzapean.Errusiako nazio errenta erdira jaitsi da sei edo zazpi urtetan, eta horrek, ezinbestean, gizarte krisi handia ekarri du.

Estatu horretako lurraldea antolatzeko arazoek ere ez dute konponbiderik izan.

Zentralizazioa indartzeko joerek indarra galdu badute ere, erdigune federalaren eta errepubliken arteko harremanak arautzen dituen arautegia oso anbiguoa da oraindik, eta izan da tartean liskar gogorrik, 1994az geroztik Txetxeniaren eta Errusiaren artean izan dena, adibidez.

Errusiaren kanpo politikak inperioaren berpizkundearen halako kutsu bat du, eta era horretara jokatzen du Errusiak bai EBBren baitan bere arauak indarrez ezarriz –Ukrainan, adibidez– eta bai ekintza militarrak zuzenean edo zeharka bultzatuz: Moldavian, Georgian, Nagorno-Karabakheko armeniarren eta azerbaijandarren arteko gerran eta Tadjikistanen. Hala eta guztiz ere, Errusiak indarra galdu du nazioartean, eta hala adierazten du NATOk Europa erdialdera zabaltzeko asmoari kontra egiteko zailtasunak.

 

Europa erdialdeko aldaketak

POLONIA, TXEKIAR ERREPUBLIKA ETA HUNGARIA, SESBETIK JAIOTAKO ERREPUBLIKAK BAINO ASKOZ EGOERA HOBEAN DAUDENEZ, BEREHALA IREKI DIRA EUROPA MENDEBALERANTZ.Sobiet Batasun ohiak Europa erdialdean eta Balkanetan zituen aliatuetan izan diren aldaketek ezaugarri jakin batzuk izan dituzte: perestroikaren eragina izan dute kanpotik, baina gizarte zibil ahul batean gorpuztuziren eta indarrean zeuden gobernuek ez zuten izan prozesu horri aurre egiteko indarrik; bestalde, aldaketa politiko, ekonomiko eta nazionalak aldi berean egiteak zekartzan arazoak konpondu behar izan dituzte. Horien guztien artean bakarra izan da arazo larriak izan dituen herrialdea: Errumania.

Gertaera berezirik ere izan da, Alemaniaren bateratzea, adibidez.

Horiez gainera, gainontzeko herrialdeak bi multzotan bana daitezke. Batetik, iparraldeko herrialdeetan -Polonia, Txekiar Errepublika, Hungaria- errejimena aldatu zenean ordena zaharrarekin hautsi nahi zuten indar politikoek arrakasta handia izan zuten; hegoaldeko herrialdeetan berriz –Errumanian, Bulgarian, eta, beste era batera, Albanian– errejimen zaharretik sorturiko alderdiak nagusitu ziren. Ez da ahaztu behar, ordea, alderdi komunista ohiek irabazi zituztela 1993ko hauteskunde orokorrak Polonian, eta 1994koak Hungarian. Horrez gainera, aipatu beharra dago agintari autoritarioek Polonian (Walesa), Eslovakian (Meziar) edo Errumanian (Iliescu) izan duten eragina. Txekoslovakia izan zen, azkenik, nazio arazoek indar handia izan zuten herrialde bakarra, 1993ren hasieran bi estaturen sorrera ekarri zuena.

Ekonomiaren egoera herrialde horietan SESB ohian baino askoz hobea baldin bada ere, indarrean jarri izan diren erreforma gogorrek gizarte arazo handiak sortu dituzte.

Europako Batasunean sartzeko negozioazioek itxaropen handia sortu dute herrialdeotan, Errusiak zuen eragina gutxitu baitute –errusiar gudarosteak erretiratu egin dira–, eta hala Europa mendebalera jo dute argi eta garbi.

 

Jugoslaviaren desegitea

JUGOSLAVIA OHIAN PIZTU ZEN BIGARREN MUNDU GERRAZ GEROZTIK EUROPAN IZAN DEN GERRARIK ODOLTSUENA.Tito 1980an hil zenean Jugoslaviako eredu federala gainbeheran hasi zen. Hango errepubliketako gidarien arteko liskarrak gero eta gogorragoak ziren, eta Serbian indarkeriarako joera zuen nazionalismo bat hasi zen indartzen. Serbiako agintariek, Milosevic buru zutela, estatu federal haren arau asko hautsi zituzten: Kosovori autonomia kentzea -biztanle gehienak albaniarrak dituen eskualdea da hura-, eta Kroazian eta Bosnian alde bakarreko erabakiz eskualde autonomoak sortzea, besteak beste.

1991n Serbiaren politikak Esloveniaren eta Kroaziaren independentzia ekarri zuen.

Tirabirak areagotu egin ziren eta azkenean bi gerra sortu ziren. Lehenengoa 1991ko bigarren erdialdean hasi zen eta Serbia eta Kroazia izan zituen aurkari, hango gobernuetako gidarien nazionalismo indarkeriazaleareneraginez. Serbiak Kroazioako lurraldearen laurden bat beretu zuen, eta ez zuen 1995-1997 arte berreskuratu.

Bosniako gerra 1992an hasi zen, hiru urtez iraun zuen, eta 200.000 bat mila hildako eragin zitun. Alde batetik musulman komunitateak bultzaturiko etnia asko bilduko zituen egitasmo politikoa zegoen, bestetik nazionalismo oldarkorrak, serbiar komunitateko alderdi batean Karadzic gidari zuena, adibidez. Nazioartearen eraginez Daytoneko hitzarmena sinatu zuten1995ean, indarrez beretutako lurraldeen egoera eta serbiarrek eta kroaziarrek eginiko «garbiketa etnikoa» berresten zuena.

Jugoslaviaren desegitetik bost estatu independente sortu ziren –Eslovenia, Kroazia, Bosnia, Mazedonia, eta Serbiak eta Montenegrok eratzen duten Jugoslaviako Federazioa–, barne antolamenduetan eta elkarren arteko harremanetan arazo handiak dituztenak.

Arazo horietako asko eskualde hartako bi potentziak –Serbia eta Kroazia– demokratikoak ez izatetik datoz.