Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Merkataritzaren gerra

Salgaiak garraiatzeko edukiontziak merkataritza portu batean.<br><br>

NAZIOARTEKO MERKATARITZA DA GAUR EGUNGO AROAREN EZAUGARRI NAGUSIA. EKONOMIA JARDUERA HORI KONTROLATZEKO, ESTATUAK ETA KONPAINIA MULTINAZIONALAK EGITEN ARI DIREN AHALEGINAK GERRA BIHURTU DIRA.Bigarren Mundu gerra amaitu zenean ekonomia eta merkataritza librean oinarrituriko munduko ordena berria hasi zen. Bretton Woods-eko konferentzian sortu ziren erakundeetan (Munduko Bankua, Nazioarteko Diru Fondoa, FMI, eta GATT) zehaztu ziren Munduko Ekonomia Ordena Berriaren arauak. Sozialismoaren eta ekonomia antolatuaren aldeko ideologiek behera egin zutenean, bai merkatu ekonomia bai erakunde berriak mundu osora zabaldutako ekonomiara egokitu ziren. Munduko Ekonomiaren Ordena berriaren ezaugarri nagusia merkataritza zen. Ekonomiaren garapen gune berriak sortu zirenean, Asian batez ere, kolokan jarri zen hirukote delakoak (EBB, EE eta Japonia) merkataritzan zuen nagusitasuna. Herrialde industrializatu berrien eta hirukotea osatzen duten herrialdeen arteko gehiegizko konkurrentziaren ondorioz, beharrezkoa gertatu zen munduko merkataritza arautzea. Munduko merkatuan konkurrentzia berdintzea zen araubide berriaren helburua. Asmo horrekin berarekin 1994an (GATT-en azken bilera) Munduko Merkataritza Erakundea (OMC) sortu zen Marrakechen.

Antzinako itsaso nagusia Mediterraneoa izan zen, 1990. urtearen hamarraldikoa Atlantikoa, eta etorkizunekoa, berriz, ozeano Barea, itsaso horren inguruan egingo baitira etorkizunean merkataritza harreman gehienak. Hortaz, merkataritza bide nagusietatik urrun dauden herrialdeak, bazterturik geldituko dira XXI. mendean.

 

Munduko Ekonomia Ordena Berria

BIGARREN MUNDU GERRA ARTEAN AMAITU GABE ZELA (1944), KONFERENTZIA BAT OSPATU ZEN NEW HAMPSHIRE HIRIAN: BRETTON WOODS. BILTZARHARTAN SORTU ZIREN MUNDUKO BANKUA, FMI, ETA ONDOREN, GATT.

Erakunde horien helburu nagusiak eta sorreraren arrazoiak bi izan ziren: batetik, merkataritza librerako inguru bat osatzea, eta bestetik, gerra ondoko gizartea berreraikitzea.

Hortaz, egitura kapitalistako herrialdeen harremanetarako eremu berri baten euskarriak jarri ziren, elkarlanean eta elkarren mendetasunean oinarrituak eta Estatu Batuen kontrolpean. Bretton Wood-eko berezko erakundeak FMI eta Munduko Bankua izan ziren, izan ere, GATT-ari buruzko hitzarmenak handik urte batzuetara izenpetu baitziren, Genevako protokoloan (1947). Beraz, lehenengo bi erakunde horiek Ekonomia eta Gizarte Batzordearen eta Nazio Batuen babespean daude, GATT-a berriz, eremu horretatik kanpo gelditzen da. Nazioarteko Diru Fondoa (FMI) osatu zen lehenengo; munduko merkataritzan erabiltzen ziren diru trukearen tipoak arautzea eta merkataritza zabaltzea zituen eginbehar nagusiak. Zabalkundea gerta zedin, ezinbestekoa zen oreka aldatzea eta merkataritza eta ordainketa sistemetan uste osoa edukitzea. Munduko Bankuaren Taldea gerra ondoko Europa berreraikitzekoosatu zen; era horretan, Berreraikitze eta Garapenerako Nazioarteko Banku ohiak mundu osora zabalduko zuen bere jarduera.

Erakunde horren barruan zenbait organo daude, eta kredituak ematea –FMI-k aldez aurretik oinartu behar ditu– eta garapen eta sustatze egitarauak egitea da organo horien zeregina. Horrez gainera, erakunde horren barruan edozein motako inbertsioak babesteko organismoak daude. Bi erakunde horien lanetik, ordea, ez da onura handirik atera. Behin baino gehiagotan zalantzan jarri da erakunde horien lana, ez baitute txirotasuna gutxitzea lortu. Erakunde horiek garatu gabeko herrialdeetan izan duten politikaren azken helburua ekonomia mundu osora zabaltzea izan da, horretarako kide guztien arteko hartu-emana eta elkarren mendetasuna oinarri harturik.

 

GATT eta merkataritzaren goreneko maila

GAUR EGUN, NAZIOARTEKO MERKATARITZA DA EKONOMIA JARDUERA NAGUSIA. MERKATU BERRIAK BILATZEAK MERKATU HORIEK ARAUTZEKO BEHARRA EKARRI ZUEN, HERRIALDE GUZTIEK AUKERA BERDINAK IZAN ZITZATEN MERKATU HORIETAN SARTZEKO.Munduko merkatua esaten zaion horretan “saltzeko produzitzen da”. Merkataritza munduko ekonomia jarduera nagusi bihurtuzenez gero, ezinbestekoa zen jarduera hori arautzea, ajente guztiek baldintza berdinak izango bazituzten. Helburu hori lortzeko, eta New Hampshireko akordioetatik kanpo, GATT (General Agreement on Triffs and Trade) sortu zen Geneban (1947). Merkataritzari eta zergei buruzko Hitzarmen Orokorra izan zen hura, eta 23 herrialdek izenpetu zuten. Nazioarteko ondasunak eta zerbitzuak libre saltzeko eta erosteko oztopo guztiak gainditzea zen erakunde horren helburu nagusia. Gaur egun, nazioarteko merkataritzak hainbat zailtasun gainditu behar ditu: zergak (inportazioen gaineko zergak), kuotak (inportazio librearen muga kuantitatiboak), babeserako klausulak (alor jakin bateko inportazioak denbora batez etetea), diru laguntzak (esportazioan batez ere), eta beste muga zerga batzuk (administrazioaren alorrekoak gehienbat). Dena dela, oztopo horiek gaindituz joan dira hainbat bileraren ondoren. Negoziazio bilera horiek GATT sortu zenetik bertatik egin dira, eta merkataritza liberalizatzea dute helburu nagusia. GATT-ak berrogeita hamar urteetan egin duen lanaren balantza oso ona da. Hasieran 23 herrialdek izenpetu zuten, gaur egun 117 kide ditu; horrez gainera, merkataritza hartu-eman gehienak, %80 baino gehiago, GATT-aren bitartez egiten dira. Bestalde, aipatzekoa da GATT-ek UNC- TAD sortzeko egin zuen lana. UNCTAD Nazio Batuen mendeko erakundea da; herrialde garatuen eta azpigaratuen arteko merkataritza harremana bidezkoa izan zedin sortu zen. Horixe da, zalantzarik gabe, ekonomia nazioartera hedatzeko prozesuan konpondu beharreko arazo nagusia, alegia Hirugarren Mundua merkataritza bideetatik baztertu izana, edo bide horietan desberdintasunean oinarritutako baldintzetan sartu izana.

 

GATT-etik OMC-ra

GATT-AREN AZKEN NEGOZIAZIO ALDIA URUGUAIN HASI ETA MARRAKECHEN AMAITU ZEN. ALDI HARTAN NAZIOARTEKO ERAKUNDE BERRI BAT SORTU ZEN MUNDUKO MERKATARITZA ARAUTZEKO: MERKATARITZAREN MUNDUKO ORGANIZAZIOA (OMC).1986ko irailean hasi zen Uruguain GATT-aren zortzigarren eta azken negoziazio aldia (Punta del Esteko adierazpena).

Aldi hori 1994an amaitu zen Marrakechen, behin OMC erakundearen sorrera testua onartu zenean. Erakunde berri hori 1995eko urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean; nazioarteko merkataritzaren liberalizazioa bultzatzea zuen helburu nagusia. Hortaz, azken negoziazio aldiaren helburuak nazioarteko erakunde berri horrek hartu zituen bere gain: merkataritza hartu-emanen hobekuntza nekazaritza alorreko zergak %36 jaitsiz, zerbitzuen liberalizazioa, eta estatuak parte hartu edo ez hartu arautzea. Negoziazio horietan nabarmen gelditu zen Estatu Batuen eta Europako Batasunaren arteko merkataritza gerra. Estatu Batuek zioten Europako Batasunak nekazaritza soberakinak diruz laguntzen zituela, eta, era horretan, prezioak mantentzen zituela; Europako Batasunak erantzun zien errenta bidez laguntzen ziela nekazariei. Estatu Batuak eta Txina, berriz, ondasun intelektualaren eskubideak zirela-eta ari ziren merkataritza gerran.

Azken negoziazio aldi horretan borroka handia izan zen, batez ere informatika edo zinema industriaren inguruan. Estatu Batuek, erasoan oinarritutako estrategiaren bidez, beren helburua lortu zuten: herrialde garatuen eta garatzeko bidean ziren herrialdeen arteko merkataritzan zeuden desberdintasunaz ez hitzegitea. Aldi hartan izan zen lorpen nagusietako batGATS-a (General Agreement of Trade of Services) berritzea izan zen. Erakunde horrek nazioarteko zenbait zerbitzu arautzen ditu: turismoa, finantza zerbitzuak, aireko garraioa eta telekomunikazioak, besteak beste. Bestalde, marken eta patenteen gaineko hitzarmena lortu zen. Txinak, ordea, ez zuen hitzarmen hura izenpetu eta OMCtik kanpora gelditu zen.

 

Ozeano Barea: etorkizuneko itsasoa

MEDITERRANEOA IZAN ZEN ITSASO NAGUSIA IRAGANEAN, GAUR EGUN ATLANTIKOA DA, ETA OZEANO BAREA IZANGO DA XXI. MENDEAN.Azken hogeita hamar urteetan ekonomiaren erraldoiak sortu dira Ozeano Barean; horren ondorioz, inguru hori herrialde garatuen interes ekonomiko bihurtu da, batez ere Estatu Batuentzat. Japoniak, Txinak eta Australiak Ozeano Bareko eremuari eman diote merkataritzan eta ekonomian nagusitasuna; bestalde, itsaso horren beste aldean Estatu Batuak, Mexiko eta Txile daude.

Aurreikusi da 2000. urtean lurralde hartan 1.000 milioi erosleko merkatua izango dela, munduko merkaturik handiena, alegia: errenta maila handikoa eta telebista, moto, irrati, hozkailu… eroslez betea. Kopuru horri gehitu behar zaizkio telefono mugikorrak, kotxeak eta osasun zerbitzuak erosiko dituzten 500 milioi lagun. Dena dela, inguru horietan alde handiak daude gizarte maila batetik bestera, izan ere, kopuru horien ondo-ondoan miserian bizi den biztanle asko eta asko dago. 1989an Canberran APEC sortu zen (Asia-Ozeano Barea Kooperazio Ekonomikorako Erakundea), eta herrialde hauek ditu kide: EEBB, Kanada, Zeelanda Berria, Japonia, Brunei, Indonesia, Filipinak, Malaysia, Singapur, Thailandia, Hego Korea, Txina, Mexiko, Papua Ginea Berria eta Txile. Erakunde horrek 1994an egin zuen bileran 2004. urterako merkataritza libreko ingurua sortzea erabaki zen. Inguru hori,zalantzarik gabe, ekonomia multzo indartsuenetako bat izango da etorkizunean, Europako Batasunarekin lehian arituko dena gainera. Dena dela, multzo horrek hainbat hutsune ditu: herrialdeen heterogeneotasuna, miseria, gorabehera politikoak, eta beraien arteko lehia. Hala eta guztiz ere, horrek ez du esan nahi herrialde horiek etorkizunean munduko merkataritzaren gune nagusi izango ez direnik.

 

Herrialdeen arteko loturak

Zenbait eskualdek herrialdeen arteko loturan eta lankidetzan oinarritutako bidea hartu dute mundu ekonomiari aurre egiteko.

Lau herrialde eremu daudela esaten da.

Lehenengo eremua Europako Batasuna da: Alemania du batasun horrek ardatz nagusia, eta Europako gainerako herrialdeak eta Afrika biltzen ditu batasun horren inguruan.

Asiako potentzia nagusia Japonia da, eta ASEAN (Asiako hego-ekialdea) biltzen du bere inguruan. Ameriketan bi eremu handi daude: batetik, MERCOSUR (1991), Hego Ameriketako merkataritza libreko gunea (Brasil, Argentina, Paraguai eta Uruguai, eta sartzekoak dira Txile eta Bolivia); bestetik, Amerika iparraldean, TLC edo NAFTA da nagusi. NAFTA-n Estatu Batuak dira gidari eta horiekin batera daude Kanada eta Mexiko. Hain aurreratuak ez dauden herrialdeetan ere saiatu dira antzeko prozesuak egiten: Arabiar-Magrebiar Batasuna (Aljeria, Maroko, Libia, Mauritania eta Tunisia); SAARC, Mendebaleko Asian, India buru duela. Badirudi horixe dela munduko merkataritzari eta ekonomia mundu osora hedatuari aurre egiteko modu bakarra. Baina estatuek, batez ere aurreratuenek, zeregin handia izango dute eremu horietan eragile gisa. Prozesu horiek bilakaera gune izango dira, eta ez aberastasunaren uharte, batez ere EB-n, Japonian eta Estatu Batuetan (NAF- TA).