Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Mediterraneoaren hegoaldeko itsasbazterra

Merkatua Marrakechen.<br>

Djezirat al-Maghrib edo «sartaldeko uhartea», «eguzkia sartzen den lurraldea» da arabiarren ustez hura. Eskualde horretan berberiarrak bizi izan ziren antzina, kartagotarrek ere hura izan zuten bizilekua, eta erromatarren eta bizantziotarren eragina eta mendetasuna ere izan zuen. Arabiarrentzat leku urruna zen hura, ezezaguna (Magreb gharaba arabierazko aditzetik dator). VI. eta VIII. mendeetan hasi zen islamdartzen, eta IX. mendetik aurrera, arabiarrak han betiko kokatu zirenean, zeharo arabiartu zen. Otomanoen sultanerria izan zen gero, eta XIX. gizaldian frantsesen mende egon zen batez ere, eta espainiarren eta italiarren mende ere bai. Gaur egun bi Magreb bereizten dira, «Magreb Txikia» –erdialdeko herriak: Maroko, Aljeria eta Tunisia- eta «Magreb Handia»– muturretako lurraldeak: Libia, Mauritania eta Mendebaleko Sahara, Espainiaren kolonia ohia-. Magreb osoak 5,5 milioi kilometro koadroko eremua du, eta 70 milioi biztanle.

 

Berberiarren mundua

HISTORIAURREAZ GEROZTIK BERBERIARRAK IZAN DIRAMAGREBEKO JATORRIZKO BIZTANLEAK; OKUPAZIO GUZTIEI AURRE EGIN DIETE, BEREN HIZKUNTZA ETA OHITURAK GALDU GABE.Arabiarrak eta berberiarrak dira Magrebeko biztanle nagusiak (15 bat milioi pertsona), baina badira gutxiengo etniko txiki batzuk ere: beltzak (Mauritania) eta juduak (Maroko eta Tunisia). Berberiar hitza latinetik dator (barbarus), baina berberiarrek «imazhigen» esaten diote beren buruei, gizon libreak, alegia. Arabiarrek Magreb beretu zutenean berberiarrak islamdartu egin ziren; kolonizazio garaian, berriz, frantsesek berberiarrak beren probetxurako baliatu zituzten arabiar nazionalismoari aurre egiteko.
Berberiarrak Magreb osoan barrena daude barreiatuak, baina berberiar gizatalde handienak Marokoren barnealdean, Mendebaleko Saharan, Mauritanian eta Aljerian, eta Rifeko (Maroko) kostaldean, Aljeriako Kabilian eta Libiako Gabal Nafusa zerrendan bizi dira. Magrebeko ohitura asko, erlijio moduak, zuzenbidea, arteak, arabiarrak Iberiako Penintsulara iritsi izana eta almorabide (XI-XII) eta almohade (XII-XIII, Magreb batua egon zen aldi bakarra) dinastiak ezin dira berberiarren eragina gabe ulertu. Gaur egun, erabateko autonomia politikoa eskatzen ez badute ere, berberiarrek gutxienez beren kultura eta hizkuntza aintzat hartuak izatea nahi dute, arabiartasun besteren ukatzaileak nahitaez arabiartu nahi baititu, bai orobat islamismo bateratzaile itsu-itsuak ere, eta tirabira horrek protestak eta istiluak sorrarazi izan ditu, batez ere Aljeriako Kabilia eskualdean.

 

Estuasun ekonomikoak eta eguneroko bizitzaren laztasuna 1990eko hamarraldian

80KO HAMARRALDIAN KRISIA LARRIAGOTU EGIN ZEN, NAZIO BAKOITZEKO POLITIKA EKONOMIKOAREN PORROTAREN ETA NAZIOARTEKO EGOERAREN ONDORIOZ.Nekazaritza garrantzi handiko arloa da Marokon (Magrebeko gainerako herrialdekoena baino %20tik %40ra handiagoa). Bizirik irauteko nekazaritza da hangoa, baina esportazioak gero eta garrantzi gehiago du (olioa eta zitrikoak); Aljeriako nekazaritza ere egoera berean dago. Tunisiako nekazaritza orekatuagoa da. Mauritanian, basamortu bihurtzeko arriskuak eta izurriteek mehatxatzen dituzte nekazaritzarako egokiak diren lur gutxiak, bai orobat tribuen arteko borrokek Senegaleko mugan, ura badagoenez gero lurrak aise landu daitezkeen lekuan hain zuzen. Libian, nekazaritza ez da Magreb osoko nekazaritzaren %5 baizik, eta ezin dute barne kontsumoaren %20 besterik ase; alabaina, hidrokarburoen esportazioak eman dituen irabaziei esker, nekazaritzarako azpiegitura bultzatu dute, ibai artifizial bat barne, %90 basamortu duen eta lurraren %1,2 baizik ezin landu daitekeen herrialde hartan. Libiako biztanleek dute gainera Magrebeko per capita errenta maila handiena eta hobekien banatua (8.000 dolar; Aljeriak eta Tunisiakoa 5.000 dolarrekoa baizik ez da, eta Aljeriakoak beherantzako joera du gerra zibilaren eraginez; Marokokoa 3.300 dolarrekoa da, eta Mauritaniakoa 1.500ekoa).Industriak fosfatoak (Maroko, Mendebaleko Sahara, Tunisia), burdina (Mauritania) eta hidrokarburoak (Libia eta Aljeria) ateratzea du oinarri, baina sektore horrek ematen dituen irabaziak gutxitu egin dira, prezioak jaitsi egin baitira oro har nazioarteko merkatuan, eta Libian, horrez gainera, NBEko Segurtasun Batzordeak erabakitako blokeoaren eraginez.
Demografiak eta ekonomiak lotura handia dute Magreben. Biztanleria hazten ari da (%3 batez beste), baina errenta oso desberdin dago banatua eta bizimodua oso latza da. Lan merkatuan enplegurik ez dago lanerako adinean (15 urtetik 64 urtera) dauden pertsona guztientzat: 25 milioi pertsona 90eko hamarraldiaren bukaeran. 25 urtetik beherakoa da Magrebeko biztanleriaren %60. Horietako asko arautu gabeko lanpostu badaezpadakoetan daude lan egitera behartuak (%20 Aljerian, ia %60 Marokon eta %37 Tunisian), beste asko langabezian daude, eta gero eta jende gehiago emigratu beharrean da, baina Schengen-eko hitzarmenaren arabera Magrebeko herritarrek zailtasun handiak dituzte legearen aldetik Europan libre ibili ahal izateko, eta arrisku handiak izaten dituzte patera esaten zaien ontzietan Europara itsasoz iristeko, pertsonen kontrabandoa irabazpide duten mafiei 100.000 pezeta ordainduagatik.
Hauek dira Magrebek dituen arazo ekonomiko nagusiak: sektore publikoaren gehiegizko gastua eta produktibitate apala; oinarrizko kontsumo gaiei eta gizarte zerbitzuei ematen zitzaizkien diru laguntzak gero eta gehiago gutxitzea; nekazaritza uztea eta industria produkzioa hondatzea, Europako kapitalismoaren gune nagusiek kontrolpean baitaukate; beste herrialdeetako muga protekzionistak haien lehengaiak esportatzekooztopo izatea, eta industriarako produktuak eta elikagaiak Europako Batasunetik ekarri behar izatea (gai beharrenen %50 inguru); garai batean industria eta azpiegiturak abiarazteko eginiko kanpo zorra handitzea (%72 12 urtetan, 70.000 milioi bat dolar gaur egun, nahiz BPG 115.000 milioi dolarrekoa izan), eta, beraz, finantzaren aldetik itobeharrean egotea.
Hazkundea eta aurrerabidea hirietan izan da gehienbat. Baina pobrezia ez da landa aldekoa bakarrik (etxeen %60). Hiria jarduera guztien gune nagusi bihurtu da (han bizi dan biztanleen %50), baina hango bizimodua urrun dago askotan egokia izatetik.
Magrebeko hiriak lau alderdi izaten ditu oro har: hiri zaharra (medina), gero eta hondatuagoa; europar estiloko erdialde berria, administraziorako eta merkataritzarako eraikinak daudena, eta erdiko klasea, kopuruz urria, bizi ohi dena; egoitza auzoak, goi mailako klasearen bizilekuak; eta aldiriak edo bidonvilles, oso leku pobreak, biztanleriaren %12 bizi dena. Hiritartze prozesu azeleratuak etxebizitzen eta gizarte zerbitzuen urrialdi handia eragin du, familia tradizionala eta haren barneko elkartasun loturak desagertarazi ditu, eta deserrotzea eta akulturazioa ekarri du, bai bizitzeko eta kontsumitzeko modu berriak ere, biztanle gehienek ezin beretu dituztenak, eta, beraz, liskar handiak eta sistemaren aurkako protesta higikundeak sortu dira bazterretan, islamdar higikundeen goraldiak zerikusirik baduela horrekin.

 

Islam tradizionaletik islam politikora

ERLIJIOAK KULTURA ETA BIZIMODU JAKIN BAT DAKAR, BAINA AUKERA POLITIKO ERE BADA.Magrebeko islama sunnia da, arabiarrak eta berberiarrak zaizkio atxikiak, eta Maliken zuzenbide eskola du ardatza; baditu berezitasun batzuk, berberiarren eraginez batez ere: jakintsuen adostasuna (ijma’) eta haien iritzia; herriarentzat baliagarriak diren gauzei lehentasuna ematea (mashala), horrek denen onuraren adigaia sortu zuelarik; eta, azkenik, tokian tokiko ohituren garrantzia (‘urf). Magrebeko islamean garrantzi handia dute orobat morabutismoak eta anaiarteek, Magreb modernoaren gizarte eta kultura antolamenduaren oinarri historikoa baitira. Morabutismoa leinu eta arbaso komunen sistema bat da; erlijioan, zuzenbidean, osasun tekniketan eta teknika hidraulikoetan aditutzat dauzka arbaso horiek, eta pribilejioak eta aginpide handia ematen die gizartean. Batzuetan anaiartea estatuarekin identifikatzen da: sanusiyyarrak Libian eta alauiar dinastia Marokon. Islama izan du Magrebek oinarri tradizionala, etafuntsezkoa izan da gizarte bizitzan eta harremanetan.
Islama orobat izan da kolonizazioaren aurkako erresistentzia. XIX. mendearen bukaeran arabiar-musulman berpizkunde bat izan zen Egipton (Nahda), salafi islama proposatzen zuena eta Magreb osora hedatu zena: erlijioaren oinarriak abiapuntutzat harturik, erlijioa eta politika berritzea eskaintzen zuen, eta kolonialismoari aurre egingo zion nortasun propio baten alde egiten zuen.
Independentziaren alde borrokatzen ziren Magrebeko higikunde nazionalistek salafien ikuspuntua bereganatu zuten. Ulemek, morabitoek eta anaiarteek gorpuzten zuten islam hura, oinarri-oinarrizkoa izan zuten Magreben burujabetzaren alde egin ziren matxinadek: Abd el-Kader emirraren matxinadak Aljerian frantsesen aurka XIX. mendean, Abd el-Krimen matxinadak Marokon Espainiaren eta Frantziaren aurka 1920ko hamarraldian, Omar Muktarrek Mussoliniren aurka Libian egin zuen matxinadak, eta 1960 inguruko Aljeriako iraultzak.
Islam herrikoi eta tradizionalaz gainera, badira Magreben islamaren bi ikuspegi desberdin eta elkarren kontrako direnak: • Erakundeen islama; haren ulema-funtzionarioek monopolioa dute komunikabide batzuetan, legeetan, ia irakaskuntza osoan eta meskita handietan. Islam mota hori hierarkia bidez dago bultzatua, estatuak gizartea kontrolatzeko eta gobernuaren egintzak babesteko erabiltzen du, eta ezkerreko oposizioaren edo talde islamiar erradikalen kritikei aurre egiteko. Marokoko errege Hassan II.ak herria mendean hartzeko eta geldiarazteko erabiltzen du islama, eta Profetaren ondorengo eta, beraz, Sinestunen Komendadoretzat dauka bere burua.
• Islam militante eta ekintzaileak indar handia du kalean eta auzo behartsuenetako meskitetan; joera asko ditu Magreben, batzuek moderatuagoak eta besteak erradikalagoak.
Islam politiko horrek politikaren, gizartearen eta ekonomiaren pentsaerak eta antolamenduak aldatu nahi ditu, agintari politiko eta erlijiosoen ustelkeria gaitzesten du, eta haustura egin nahi du tokian tokiko ohiturekin nahasia dagoen islamarekin, batasunaizanik helburua. Islamaren ikuspegi horrek ustez modernizazioa zenak ekarri duen gutxi batzuen aurrerabideari, autoritarismo politikoari eta eliteak mendebalaren imitaziora makurtu izanari erantzuten dio. Ikasketak egin ondoren nork bere lanbidean aritzeko ezintasunak eta beste lanik aurkitzeko aukera urriak zapuztu egin ditu hirietako erdiko klaseak, pobretu egin baitira gainera, eta ezin baitute dagokien aginpide maila iritsi. Horiez gainera, baztertuak eta ekonomia egokitzeko neurrien ondorioz gutxietsiak, eta gizarte aldaketa, baserri girotik hiriratzea eta kolonizazioaren ondoren sorturiko estatuen porrota jasan behar izan duten gazteak ere bereganatu ditu islam mota horrek. Higikunde islamiarrek laguntza, elkartasun eta kultura sare zabalak sortu dituzte estatua iristen ez den lekuetan, erlijio eta politika atxikimenduaren truke.
Aljerian islamiarrek ia-ia aginpidea iritsi zuten Salbamenerako Islamiar Frontearen bidez (FIS); gaur egun eragin handia du alderdi horrek, baina legez kanpo dago.
1992ko estatu kolpe militarraren eta geroztikako errepresioaren ondoren, talde batzuek indarkeria basati eta etsira emanak daude (GIA), eta beste batzuk aginpideak bereganatu ditu, Bakearen aldeko Gizarte Higikundea-Hamas, adibidez. Marokon islamiar higikundeak ezaugarri bereziak ditu, erregearen aginpide neurrigabeak islamaren zati handi bat beretu du, eta gainerako higikundeek ezkutuan dihardute: Jama’at at-tabligh wa ad-dâwa (Islama Zabaltzeko eta Predikatzeko Elkartea); eta oposizio politikoko taldeak, Justizia eta Karitatea eta Islamiar Gazteen Elkartea, besteak beste.
Tunisian islamiar taldeek gobernuarekiko negoziazioaren eta errepresioaren artean ibili behar izan dute; MTI/Ennahda-koak moderatuak dira; erradikalak dira Islamiarren Askapenerako Alderdia, gobernuak legez kanpo utzia, eta Jihâd indakeriazalea eta hainbat atentaturen eragilea. Libian islamiarrak Anaia Musulmanak erakundetik sortuak dira, eta Gaddafi Libiako agintariaren ikuspegi berezi eta erreformazalearen aurka daude.