Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

India eta Pakistan: bi estatu berri

Gandhi Indiako azken gobernadore Lord Mountbatten eta haren emaztearen artean.<br><br>

1947KO ABUZTUAREN 15EAN AMAITU ZEN BRITAINIA HANDIAK INDIAN ZUEN NAGUSITASUNA, LORD MOUNBATTENEK GORPUZTUA; BI ESTATU BERRI SORTU ZIREN ORDUAN: INDIA ETA PAKISTAN.Bi estatuak sortu orduko hasi ziren haien arteko liskarrak, lurralde auziak zirela eta, baina oinarri-oinarrian politika eta batez ere erlijioa izan ziren auzi haien muina. Indiako Batasuneko biztanle gehienak hinduak ziren; gutxiengoa musulmanek osatzen zuten. Pakistan, aitzitik, gerraondoko lehenengo estatu musulmana izan zen. Punjab eta Kaxmir izan ziren musulmanen eta hinduen arteko tirabiren gertaleku nagusiak. Pakistango estatua sortzea lurraldearen batasuna haustea ?hau da, Gandhiren helburu lehia handiz desiratua zapuztea? izan zen Indiarentzat. Egoera haren aurrean Gandhik bere jarraitzaile Nerhuri utzi zion buruzagitza politikoa. Bien bitartean, Pakistan bere bidea egiten hasi zen, India auzo herri handi eta indartsuarekiko liskarrez betea. Harreman tirabiratsu eta maiz gerrara eman hura izan zen Indostango eremua esan zitzaion lurralde haren ezaugarri nagusia. Gerra hotzaren garaian areagotu egin zen egoera latz hura, Pakistanek mendebaleko herrialdeen aldeko bidea hartu baitzuen beti, eta Nerhu gidari zuen India, berriz, neutraltasun aktiboaren gidari izan baitzen, gerora Herrialde Lerrokatugabeen Higikundea sortu ere zuela.

 

Indiaren independentzia

INDIAREN BURUJABETZA PROZESUA HAMAR URTE LEHENAGO HASIA ZEN MAMITZEN, GANDHIREN JARDUERA POLITIKOAREN ETA GERORA HAREN LEHEN MINISTRO IZANGO ZEN NERHUREN BULTZADAZ.Hogeita hamarreko hamarraldia erabakigarria izan zen Indiaren burujabetza prozesuan.

1935eko Legearen bidez (Acts) Londresko gobernuak Britainia Handiaren Mendeko Herri federalista parlamentarioa izendatu zuen Indiako lurraldea. Erabaki horrek abiarazi zuen India konstituzioaren bidetik, mendetasun egoera horretara sekula gehiago ez itzultzeko. Goiz edo berandu Indiaren independentzia onartu beharko zuela jakinik, ingeles gobernu kontserbadoreak errepublika izendatu zuen Indiako lurraldea, eskualdeen arteko bereizkuntzak onartu zituen eta beren arteko loturak beregain erabakitzeko aukera eman zitzaion eskualde bakoitzari. Ingeles koloniaren ikuspegi horrek garrantzi handiko eskualde bat ezagutu zuen, behintzat, Pakistango lurraldea, zeinean musulmanek osatzen baitute gehiengoa.

Oso bestelako iritzia zuen Gandhiren Kongresuaren Alderdiak; herrialde bateratua nahi zuen, batasuna ezin utzizko helburu zuen. Musulmanen Ligak ordea oniritzia eman zion asmo hari. Bigarren Mundu gerra bukatu ondoren laboristek hartu zutenean aginpidea Erresuma Batuan bizkortu egin zen Indiaren eta Pakistanenindependentzia prozesua. Lord Mounbatten Indiara erabateko aginpidearekin etorri izana independentziaren prestalan gisa hartua izan zen. Indiako leku askotan -Kaxmir, New Delhi, Punjab- liskar handiak izan ondoren, eta Indiaren batasuna ezin adosturik, 1947ko abuztuaren 15ean sortu ziren India eta Pakistango estatu berriak. 1948ko urtarrilaren 30ean Gandhi hil zuten. Heriotza hark aldi berri bat ekarri zuen Indiara, Lehen ministro Pandit Nerhuren gidaritzapean.

 

India Nerhuren gidaritzapean (1947-1964)

INDIA MODERNOAK NERHUREN GIDARITZAPEAN JARRI ZITUEN OINARRIAK. HURA HIL ONDOREN, HAREN ALABA INDIRA GANDHIK HARTU ZUEN AGINPIDEA KONGRESUAREN ALDERDI AHALGUZTIDUNAREN BURUZAGI GISA.Pandit Nerhuren agintaldiak hiru aldi desberdin izan zituen. Lehenengo aldian (1947-1950) Nerhuk bere aginpidea sendotu zuen gobernuan eta Kongresuaren Alderdian.

Bigarren aldia (1950-1956) izan zuen garrantzitsuena, orduan sortu baitzen Indiako Batasuna. 1950eko urtarrilean jarri zen indarrean India Commomwealthen baitako Errepublika bihurtzen zuen konstituzioa, zentralismoan oinarritua. Aldi hartangauzatu zuen Nerhuk bost urteko lehenengo plana (1951-1956), zeinak uste ez bezalako emaitzak izan zituen nekazaritzan: produkzioa %25 hazi zen. Horrez gainera, landako gizarte egitura aldatzen saiatu zen, lurjabeak baitziren han jaun eta jabe, eta emakumea gizartean mailaz jasotzen orobat, baina ez zuen aurrerabide handirik egin.

Kode Zibil Hindua aldatzea helburu nagusia zuten gizarte erreforma haietan funtsezkoa izan zen hezkuntzaren zeregina.

Lurraldea izan zuen beti bezala Indiak arazo nagusia, Punjaben eta Kaxmirren batez ere, eta hori zela eta, bi aldiz egin behar izan zuen borroka Pakistanekin. Baina batez ere kanpoko politikak eta Herrialde Lerrokatugabeen Higikundearen gidari izateak eman zion ospea Nerhuri. Hirugarren aldiaren (1957-1964) ezaugarri nagusia bere gobernuaren, ez beraren, ustelkeriak sortu zizkion arazoak izan ziren, bai eta, Tibeteko auzia zela eta, Txinarekin izan zituen istiluak (1962), agerian jarri baitzuen Indiako gudarostearen prestakuntza desegokia. 1964ko maiatzaren 27an hil zen.

 

Pakistan, musulman erlijio aitortuko lehen estatua

BRITAINIA HANDIAREN KOLONIA OHIAREN IPAR- MENDEBALEAN DAGOEN HERRIALDE HONI MUSULMANEN INDIA ESAN DAKIOKE; INDEPENDENTZIAZ GEROZTIK HAREN BILAKAERAK INDIAREKIKO HARREMAN KORAPILATSUAK IZAN DITU EZAUGARRI NAGUSIA.Lehen Mundu gerrak harridura sortu zuen Indiako musulmanen artean, Turkiaeta Alemania borroka-kideak izan baitziren alderdi berean. Sevreseko Hitzarmenaz geroztik (1920), Indiako koloniako musulmanek Turkiarekiko harremanak hautsi zituzten.

Harrezkero Musulmanen Liga eta haren buruzagi Mohamed Ali Jinnah (1878- 1945) izan ziren Indiako musulman higikundearen gidariak. Hasieran Indiako herriaren batasunean sinesten zuten, baina iritzi horri ezin eutsi izan zioten luzaroan musulman gidariek, haien fedekideak gero eta bakartuago sentitzen baitziren. Eta azkenik, Bigarren Mundu gerra bitartean, bi izate nazional berezi (1935. uteaz gero Britainiar Legeak onartuak) azaldu ziren. Hinduek, Gandhi eta Kongresuaren Alderdia gidari zituztela, neutral iraun zuten Bigarren Mundu gerran, baina Pakistango musulmanek britainiar kolonizatzaileen alde egin zuten, eta, horrela, aurrerapauso handia egin zuten burujabetza bidean. 1945ean Britainia Handiaren mendeko lurralde haietan egin ziren hauteskundeetako emaitzak oso argigarriak izan ziren: Kongresuaren Alderdiak irabazi zuen hinduen artean, eta Musulmanen Ligak, berriz, musulmanen artean. Independentzia negoziatzerakoan bi estatu desberdin sortu ziren, hindua bata (India), eta musulmana bestea (Pakistan). Pakistanek burujabe egin zituen lehenengo urteetan liskar handiak izan zituen Indiarekin.

1956ko martxoan Pakistanek konstituzioa onartu zuen eta Pakistango Islam Errepublika bihurtu zen, musulman erlijio aitortuko lehenengo estatua, alegia. Hori zela eta, areago bereizi zen haren auzo herri Indiatik.

 

Kaxmirko arazoa

LURRALDE HAU DELA ETA, LISKAR GOGORRAK IZATEN DIRA ALDIAN BEHIN PAKISTANEN ETA INDIAREN ARTEAN. AGERIKO HIRU GERREN ONDOREN, KAXMIRKO AUZIA LEHERTZEAR DAGO ORAINDIK ERE.Lurralde honek liskarbidea ekarri ez ezik, areagotu egin zuen inondik ere Indiaren eta Pakistanen arteko etsaitasuna zeinek bere independentzia lortu ondoren.

Kaxmirko lurraldea Indiako ipar-mendebalean dago, Pakistanen eta Indiaren arteko muga da, eta orobat egiten du Txinarekin muga; garrantzi handiko gunea da, beraz.

Giza talde elkarrengandik oso desberdinek eratzen dute lurraldea, zeinek bere eremu jakina duela. Ekialdean hinduak dira nagusi; ibarretan, berriz, musulmanak; mendialdean budistak-tibetarrak. Lurralde horretako agintaria maharajah hindu bat zen, eta inperioaren alde egon zen harik eta 1947ko urriaren 24an Pakistanen eta Indiaren arteko lehenengo liskarra sortu zen arte. Egun horretan Pakistanen arma etadiru laguntza zuen gerrillari talde bat Kaxmirko hiriburu Sriangarreraino sartu zen indarrez, bazterrak txikituz eta biztanleak hilez. Hala piztu zen 1948an Pakistanen eta Indiaren arteko lehenengo gerra. Horren ondorioz hitzarmen bat sinatu zuen maharajahak Kaxmir lurraldea Indiarena zela onartuz. Kaxmir 1958an sartu zen erabat Indiaren baitan, Nerhuren gobernuak Indiak Kaxmir osoa beretzea erabaki zuenean.

Nerhu hil eta hurrengo urtean, 1965ean, izan zen Indiaren eta Pakistanen arteko bigarren liskarra Kaxmirren, Pakistango soldaduek maniobra militarrak eginzituztelarik lurralde horretan. 1966an SESBren bitartekotzaz lortu zen su etenaren bidez Kaxmir ordu arteko egoera berean gelditu zen. Bi estatu horien arteko auziak 1971n izan zuen azken liskarra, ofiziala oraingoan, Indiako gudarosteak Kaxmirko ekialdeko eremua ?biztanle gehienak hinduak? bereiztea bultzatu zuenean; aurreko egoerara itzuliz bukatu zen liskar hura. Kaxmirren, beraz, hiru alderdi zeuden: Indiaren baitan egon nahi zutenena (hinduak), beren burua pakistandartzat zeukatenena (musulmanak gehienak) eta Kaxmirren independentziaren aldekoak.