Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Hego Amerika XIX. mendean

Mexikoko independentziako gerra (1808), Diego Riveraren margolan handia.<br><br>

XIX. mendearen hasieran, espainiar eta portugaldar kolonizazio geldoaren aztarnak agerian zeuden oraindik Hegoamerika osoan. 1825ean, Kaliforniatik Patagoniarainoko lurralde zabalak bere burua askatua zuen eta hainbat estatutan zatiturik zegoen. Nolanahi ere, azken kolonia garaietako gizarte eta ekonomia egiturak indarrean jarraitu zuen egoera politiko berrian, baina independentzia kanpainetan altxaturiko gudarosteen zama gehiturik.

Burujabetza horrek krisi egoeran ezarri zituen meatzaritza eskualde nagusiak (Mexikoko iparraldea eta Peru Goialdea, gero Bolivia bihurtu zena). Horren aldamenean, merkaturako nekazaritza eta abelzaintzara jarriak ziren Atlantikoko eskualdeek, aldiz, halako goraldi bat izan zuten. Mendearen erditik aurrera, Britainia Handia nagusi zen mundu mailako merkataritzaren goren aldian, Ozeano Bare aldeko herriak ere produktuen trafikoan sartu ziren.

Aurreiritzi arrazistek moldatu zituzten ko gizarteak. Faktore hori eta beste batzuk direla eta, oso bilakaera desberdinak gertatu ziren. Oro har, esan daiteke lurjabeek, gizarte erpinean kokaturik, etekina atera zietela lehengaiei eta kanpoko inbertsioei. Mendearen azken bi hamarraldietan, kanpoko interesen esku geratu zen hegemonia, ipar amerikarr geroz eta sartuago zirela, nahiz eta Erdiko Amerikara mugatua oraino.

 

Dena esportaziorako

Azken kolonialdian, hispanoamerikar merkataritza harremanak metropoliarekin ziren, kontrabandozkoak salbu. Zilarrez hornitzen zuten Mexiko eta Peruko meategi eskualdeak abantailatuenak ziren Espainiako Inperio osoan.

Independentziaren ondorioz, Europako gainerako estatu indartsuekiko trafikoa zabaldu zen. Meatze eskualdeak malda behera luzean sartu ziren eta errepublika berrien ekonomiaren lehentasuna bai Europa eta bai EEBBak eskatzen zuten nekazaritzara lerratu zen. Mendearen erditik aurreraMexikoko edo Sao Pauloko kafeak hartu zuen Brasilgo azukrearen eta Venezuelako kakaoaren lekua. Zenbait eskualde espezializatu egin ziren: azukrea Antilletan, guanoa Perun, kresala Txilen, abeltzaintza produktuak Argentinan.

Kontinente osoan nazio barneko etsaigoak ireki ziren barne aldeko lurjabeen (Quito, Cuzco, Tucuman) eta kostaldeko burgesiaren (Guayaquil, Lima, Buenos Aires) artean. Lur goseak indiarrek lantzen zituztenen konkista ekarri zuen. Lurjabeek ustiatu zituzten lur horiek, esklaboekin lehenbizi eta alogerako langileekin gero. Jabeek langileen gain zuten kontrola erabatekoa izan zen beti.

Munduko merkataritza zabaltzeak Hegoameriketako herrialdeak ukitu zituen erabat.

Produkzioak izugarri emendatu ziren Europako noiz behinkako kontsumo krisiak jasan behar bazituzten ere. Arian-arian produktuen merkaturatzea kanpoko kapitalen esku geratu zen, azpiegiturak eta meatzaritza birmoldatua bezalaxe. Ordukoak dira, halaber, bai monopoliorako joera eta bai estatuek kanpo zorrak egiteko joeraren hasiera.

Buenos Aires, Lima, Bogota eta beste hiriburuetan gizarte aldaketak gertatu ziren, haietan azaldu baitziren maila ertaineko klaseak eta langileen mugimendua. Produkzio ekonomia gehienak lurjabeek beren mende-mendeko zituzten nekazaritza gizarteei loturik jarraitu zuen, tartean neurri ertaineko jabegoko eskualdeak agertzen zirela (Venezuela).

 

Buruzagiak beti gerran

Kolonietako Ameriketan, zehazki hitz eginez, ez ziren gudarosteak izan XVIII.. endearen amaiera arte. 1810 inguruko lehen uholde iraultzaileak porrot egin zuen independentzia zaleak, gudarosterik ezean, erregetiarren soldaduei buru egin ezinean gertatu zirelako. Izan ere, gudaroste iraunkorren sorrera izan zen José Francisco San Martín eta Simón Bolívar, Hegoamerikako burujabetasunaren antolatzaile handi bien arrakasten oinarria.

Talde armatu iraunkorren premiak gizarte mailatik igotzeko aukera eskaini zien hirietako jende xeheari eta gutxietsitako kastei, mestizo eta mulatoei batez ere. Eta hori gertatu zen bai erregetiarren gudarostean (Peru) eta bai abertzaleen gudarostean (Venezuela) ere. Gerra amaiturik, errepublika berriek ez zituzten gudarosteak murriztu eta aurrerantzean estatu baliabideen erdia eman zieten.

Buruzagi eliteak gudarosteaz baliatu ziren bai herriaren kontentamendurik ezari eusteko eta bai indiarren lurretan edo auzo estatuetan zehar zabaltzearren. Merkataritzarako nekazaritzak (azukrea, kafea) gero eta lur gehiago eskatzen zuen. 1830etik buruzagi militarrak zenbait herrialderen aginpidea beretu eta gizartearen ikusmolde militaristatik gobernatu zuten. Hori da Rafael Carreraren kasua Guatemalan, Santa Anna-rena Mexikon edo Andrés Santa Cruzena Peru eta Bolivian.

XIX. mendearen erdiko bi laurdenetan, gerra zibilez eta muga gatazkez betea da Hego Ameriketako historia. Hona adibide zenbait: Argentinako probintzien integrazio iskanbilatsua Buenos Airesen inguruan, Uruguairen independentzia, Paraguaiko gerra mugakide guztien aurka, Bolívarrek asmaturiko Gran Bolivia haren suntsitzea, Peruko muga gatazkak.

 

Mexiko, bilakabide neketsua

Mexikoren burujabetasun prozesuak kreoleak eta erregetiar espainiarrak bildu zituen, Hidalgo eta Morelos buru izan zuten herri matxinaden arriskuaren aurrean.

1821eko aldarrikapenak Erdiko Amerika osoa eraman zuen berekin gerrarik gabe.

Erdiko Amerikako Probintzia Batuen konfederazioa, 1823an Mexikotik bereizita, 1837an deuseztu zen Guatemalako indiarren matxinadaren ondoren.

Izugarri hazten ari zen biztanleria pobretu baten jabe zela Mexiko, espainiarren aurkako erresumina alderdi liberal eta kontserbadorearen arteko borrokaren pizgarriaizan zen. Gudarosteak, Santa Anna jenerala buru, barne arbitro gisa jokatu zuen, baina ezin egin zion aurre iparamerikarren erasoari 1845-1848ko gerran. Ondorioz, Mexikok bere iparraldearen erdia galdu zuen.

Kontserbadoreen hegemonia autoritarioaren ondoren, 1854ko iraultza liberalak eragindako liskarrak etorri ziren. Benito Juárez-en eginkizun erreformistari frantsesen esku hartzea kontrajarri zioten kontserbadoreek: Maximilianoren inperioa (1864).

Juárezen jarraitzaileen garaipenak buruzagi militarren eragina areagotu zuen. Horietariko bat, Porfirio Díaz, 1875ean matxinatu zen eta Errepublikako lehendakaria izan zen 1910 arte.

Díazen tirania ondratua Hego Ameriketako diktadura progresistaren eredu izan zen. Burdinbide sarea ezarri, zilar meatzaritza eraberritu eta esportaziorako nekazaritza tropikala sustatu zuen Díazen erregimenak.

Alor militarrari dagokionez, indiarren lurraldeak mendean hartu zituen. Gizarte alorrari dagokionez, etxalde handiak bihurtu zituen lurralde haiek. Europar herrialde baten irudia eman nahiak bertako indiarren biztanlegoa diskriminazioa ekarri zuen.

 

Brasilgo ispilua

Portugaldar kolonizazioa ezin daiteke espainiarrenarekin alderatu. Ia administrazio kolonialik gabe, brasildar autonomia hispanoamerikarra baino askoz zabalagoa izan zen. Lurraldearen izariek kontrasteak agertarazi zituzten: iparraldean azukrea egiten zen, erdialdean meatzaritza zen nagusi eta hegoaldea ganaduzalea zen. Gainera, aro kolonialaren azken aldian, lurraren eta aberastasunaren jabegoak elkartuak izatea Brasilgo berezitasuna zen.

Independentziaren orduan (1822), pixkanakakoa eta ez auzo herrialdeetakoa bezain odoltsua, aginpide zentral ahul hura indar zentrifugoekin ohituta zegoen. Ekonomia euskarriek, oso desberdinak, koiunturen arabera tokiz aldarazi dute herrialdearen gune neuralgikoa, baina batasuna mantendu du beti.

Koroaren kontrola eta gudarosteak izan zuen eginkizuna gorabehera, parlamentarismoak hartu zuen militarismoaren lekua.

Mendearen erditik edo, erdialdea kafearen ekoizpena zela eta herrialdearen gune bihurtu zen, iparraldearen (Bahía) aurrean, honek Antilletako azkukrearen lehia jasaten zuelako. Río de Janeiro Hegoameriketako merkataritza eta finantza gune bilakatu zen.

Esklabotzaren abolizioak (1888) bide eman zion errepublikari, gudarostearen laguntzarekin.

Ia erabat kafearen mende zegoen ekonomia haren ondorioz –kontinentearen gainerako lurraldeek baino esportazio aukera handiagoa eskaintzen bazuenere–, kafe landaketaren oinarri zen Sao Paulo probintzia berria hasi zen lehendakariak ezartzen. Brasil, modu horreratara, Hegoamerika osoa ukitu zuen hazkunde aldian sartu zen, aldi horrek krisi zorrotzak jasan bazituen ere.

 

Arrazismoa eta mestizaiak

Jendeztatze kolonialak lurralde zabalak utzi zituen kontrol zuzenetik at. Bereizketa bat egin daiteke: alde batetik, metropoliko aginpidetik landa ziren barne eskualdeak (Erdiko Amerika, Txile, Paraguai eta batez ere Brasil) eta, bestetik, indiar gehienen kontrola hispaniarren aurreko eliteen esku utzitako lurraldeak (Peruko erregeordetza).

Hiru mendeko kolonizazioaren ondorioz, biztanleria mestizoaren portzentaia handiko gizarteak moldatu ziren espainiarren mendeko eskualdeetan, kasta sistema zurrunean antolatuak. Independentzia gerrak Hegoameriketako gizarteak berrantolatu zituen eta nor bere iraultzaren ondoren ez zuten hain zorrotz jokatu odol nahasiko jendearekin. Aurrez aurre gertatu ziren alderdiek jende oldeak beretu behar izan zituzten beren gudarosteetarako eta, armagizonen artean, aurreratzeko aukera izan zuten indiarrek zein mestizoek, hala nola Santa Cruz buruzagiak. Gauza bera gertatu zen Bolívarrek Venezuelan bildutako mulato eta beltzekin.

Atlantikoko itsasertzeko plantazio tropikalek esklabo beltzen lana erabili zuten.Hain zuzen ere, afrikar esklabo gehienak XIX. mendearen lehen erdian iritsi ziren, Britainia Handia buru zen abolizioaren aldeko kanpainarekin bateratsu. Britainiarren presioak esklaboen tratua errepublika berrietan galaraztea lortu zuen (Brasilgo Inperioa azkena izan zen hori izenpetzen, 1852an).

Nolanahi ere, oraindik ere iritsi ziren esklaboak Hego Ameriketara –gero eta gutxiago–, trafiko klandestinoaren bidez. Garai horretakoak dira Brasilgo indiarren ehizaldiak, iparraldeko plantazioetara eskulana eramateko.

Mende erditsuan, Estatu berriak sendotu eta mundu merkatua helburua zuten landaketak hedatzearekin, indiarren lurraldeari eraso zioten. Guda sailean, herri borrokazaleenen aurka jo zuten (Argentinako iparraldea).

Gizarte sailean, jabego higiezin komunitarioa debekatu zuten erreforma liberalek, Eliza eta indiarrak berdin joak gertatzen zirelarik. Oro har, indiar jendea bere herrialdeetako prozesu modernizatzaile eta gatazka politikoetatik aparte bizi zen Mexikon, Erdiko Amerikan edo Andeetan.

Kostalderako emigrazioa izan zen indiarren gizarteratze mota bakarra, eta hori miseriak edo desjabetzeak bortxaturik.

Esklaboen prezioa garestitzea eta Europaren eta Ipar Amerikaren presioak erabakiorrak gertatu ziren esklabotza kentzeko.

Abolizioa aldarrikatu zuten azkeneko herrialdeak Espainia –1873 Puerto Ricorako eta 1886 Kubarako– eta Brasil (1888) izan ziren.

Lurgabeturiko indiarrek eta esklabo askatuek hirietako masak eta merkataritzarako nekazaritza langileria osatu zituzten.