Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Aro berria

Ingalaterra modernoaren sorrera

Ana Bolenaren erretratua. Henrike VIII.aren bigarren emaztea eta Ingalaterrako Elisabet I.aren ama izan zen Ana Bolena.<br><br>

Bi Arrosen gerra dinastien arteko borroka izan zen; errege familiaren bi adar izan zituen aurkari Ingalaterrako koroa beretu nahiak sortu zuen liskar hark: Lancastertarrak (arrosa gorria) eta Yorktarrak (arrosa zuria).

Henrike VII.a Lancasterrekoak 1485ean Rikardo III.a Yorkekoa garaitzeak bakebidea ekarri zuen; izan ere, hurrengo urtean, Henrike VII.a Isabel Yorkekoarekin ezkondu zen. Era horretara adiskidetu ziren Ingalaterra beren aurkakotasunaren gerra eremu bihurtu izan zuten bi familia handi haiek.

Henrike VIII.aren erreinaldia bitartean, 1509tik 1547ra, absolutismo monarkikoa indarra hartzen hasi zen, eta aldi berean Frantziaren eta Espainiaren artean Europan zeuden liskarretan bitartekotza egiten saiatu zen Ingalaterra. Garai hartan bertan Ingalaterrak aita santuarekiko lotura guztiak haustea erabaki zuen, eta erabaki horrek Europako erlijio zatiketa areagotu zuen.

 

Gobernu erakundeak: Legebiltzarra

HENRIKE VIII.A ERREGE EGON ZENEAN LEGEBILTZARRAK ESKUMEN HANDIAGOA IZAN ZUEN.Henrike VIII.a errege izendatu zutenean erreinu hura bakean zegoen; erregea erresuma hura aginpide oso eta irmoaz gobernatzeari lotu zitzaion, aholkulari talde baten laguntzaz. Kantzelari batek, diruzainak, zuzenbide ministroak, eta erregeak deitzen zuen guztiak osatzen zuten aholkulari talde hura.

Ingalaterrako aginte erakundeek bilkura bat zuten osagarri, legebiltzarra, bi ganbaratan zatitua: Lorden ganbara eta Beheko ganbara. Lorden ganbara elizako lordek eta lord laikoek osatzen zuten, eta erregeak hautatzen zituen haiek erreinuko familia buruen artean. Beheko ganbara konderri bakoitzeko bi diputatuk osatzen zuten, eta haiez gainera pribilejioa zuten hirietako diputatuek.

Legebiltzarrak garrantzi handia izan zuen Ingalaterrako politikan: haren onespena behar izaten zen zergak jasotzeko eta zergen diru kopurua erabakitzeko; haren baimena behar izaten zen orobat erregearen edozein erabaki indarrean jartzeko; legebiltzarrak baizik ez zuen, gainera, lege orokorra zabaltzeko eta aldatzeko eskua, eta traizio eta azpikeria delituak inori egoztekoa orobat.

Henrike VIII.ak premia handia izan zuenean baizik ez zuen bildu legebiltzarra, eta dirua lortzeko edo bere politika sendotzeko biltzen zuen beti, legebiltzarrak bai baitzuen aski ahalmen eta indar erregeari nagusitzeko eta haren asmoak eta eginak mugatzeko. Baina 1529ko krisia zela eta,erregearen dibortzioak sortua hain zuzen, erregeak legebiltzarra bildu zuen, eta harrezkeroztik legebiltzarrak esku handiagoa izan zuen erreinuaren gobernuan, ez baitzen ordu arte bezala erregeari diru laguntzak ematera mugatu, baizik eta legeak erregearekin batera egiten baitzituen.

Thomas Cromwellek bultzatua zen erregearen eta erresumako legebiltzarraren arteko lotura hark onura handia ekarri zion Ingalaterrari, erreforma asko onartu ahal izan baitziren inongo zailtasunik eta eragozpenik gabe; Ingalaterrako eliza erregearen esanetara makurtu izana, monasterioak desegin izana, eta erregearen nagusitasuna ezinezkoak ziratekeen erregeak eta legebiltzarrak bat egin izan ez balute.

Gobernuaren funtzionamendua kontrolatzeko, erregeak aholkulari talde bat bildu zuen bere inguruan, zeinek bere ideiak aldezten zituela: Thomas Howard, erregearenadiskidea, Thomas Moro (Erromarekiko hausturaren kontrakoa), Thomas Cranmer eta Thomas Cromwell (erregea Ingalaterrako elizako buru izatearen aldekoak) eta Wolsey kardenala, estatu idazkaria.

Erregearen ezkontzak Erregeak oinordeko ar bat izan nahi zuen, baina ezin; ezintasun hark eta kezka hark baldintzatu zuten Ingalaterrako politika.

1509an, Henrike VIII.a bere koinata Katalina Aragoikoarekin ezkondu zen, Henrikeren anaia Arturo 1502an hil zenaren alargunarekin hain zuzen. Luzaroan erregearen laguntzaile bikaina izan zen arren, umeak egitea zen erreginaren zeregin garrantzitsuena, eta Katalinak ezin izan zuen haurrik izan.

Jaio haurretik galdu, eta jaio eta berehala hildako printze-printzesa guztien artean, bakarrak iraun zuen bizirik, Maria Tudorrek (1516).

Dibortzioak bi arrazoi nagusi izan zituen: batetik Henrike VIII.a Ana Bolenaz maitemindu zen, eta, bestetik, erregeak uste zuen bere koinatarekiko ezkontza madarikatua zegoela, eta uste osoa zuen orobat aita santuaren salbuespenari esker egindako ezkontza berdin desegin zitekeela beste salbuespen batez. Baina aita santua, Katalinaren osaba Karlos V.aren eraginez, ez zegoen erregearen asmoak errazteko prest. Bere lehen emaztearengandik dibortzioa lortzeko lehiak bultzatu zuen azkenean Henrike VIII.a Erromarekin haustera eta Ingalaterrako elizaren buru nagusi bere burua izendatzera.

Baina dibortzio irrikatu hark nekez konpondu zuen erregearen buruhauste handiena: erregetzaren ondorengo bat izatea.

Bere lehen ezkontza baliogabetu ondoren (1533), Henrike VIII.ak lortu zuen azkenean zilegitzat onar ziezaioten Ana Bolenarekin ezkutuan egina zuen ezkontza; urte hartan bertan erditu zelarik Ana Bolena neska batez (Isabel I.a izango zena). Hurrengo erditzean semea hila jaio izanak ekarri zion kondena erregina berri hari. Traidoretzat salatu zuten, eta hil egin zuten.

Biharamunean, erregea Jane Seymourrekin ezkondu zen; gorteko familia itzal handiko bateko andre hura izan zuen hirugarren emaztea. Hura izan zen seme bat (Eduardo VI.a) eman zion emazte bakarra, baina erditu eta berehala hil zen. Beste hiru emazteek ez zioten erregeari beste oinordekorik eman.

 

Ingalaterrako zisma

ELIZAREN ETA ERREGEAREN ARTEKO LISKARRAK POLITIKARI ZEGOZKION ETA EZ ERLIJIOARI.Henrike VIII.a Katalina Aragoikoarekin dibortziatu nahiak zisma bat sortu zuen, aita santuak tinko ukatu baitzion dibortzioa.Erregearen aholku batzordean tirabirak izan ziren erregearen dibortzioa zela eta; erregeak auzi hura legebiltzarrera eramateko mehatxua egin zuen, baina azkenean aholkulariek asmo hori kendu zioten.

Erregea etsita baitzegoen ez zeukala legearen aldetik inongo eragozpenik Ingalaterrako elizari nagusitzeko, eta Cromwellek aholkatu baitzion legelariak oker zeudela, legebiltzarrak ez zeukala alegia auzi kanonikoetan esku hartzeko gaitasunik, legebiltzarrean aurkeztu zuen beraz Katalina Aragoikoaren aurkako dibortzioaren auzia. Ingalaterrako erresuma eta Erromako eliza haustura bidean zeuden beraz.

Nagusitasun Agiriak Henrike VIII.a izendatzen zuen Ingalaterrako buru goren, bere esku zuen beraz heretikoei esestea eta inor eskumikatzea. Beste bi agirien bidez behartu zituzten, batetik, adinez nagusiak leialtasun zina erregeari eta ez beste inori egitera, eta traidoretzat hartu zituzten, bestetik, erregeari zismatiko, heretiko edo tirano esaten ziotenak.

Legebiltzarrean eman ziren legeek ez zuten ezer aldatu erlijioaren aldetik. Erritu eta sineste batzuk kendu zituzten, purgatorioaren doktrina batez ere, eta 1536an elizgizonek nahitaez bete beharreko arau multzo bat atera zuten, Hamar Artikuluak zeritzana, sakramentu guztiak kentzen zituena, bataioa, jaunartzea eta penitentzia izan ezik.

Parroko guztiei Biblia ingelesez irakur zezaten agindu zitzaien. Doktrinaren aldetik nortasunik ez izatea zen eliza anglikano berriaren ezaugarri nagusia, Henrike VIII.ak berak uste luteranoei zien erdeinu handiak mugatzen baitzituen haren alderdi erreformazaleak.

Beraz, Henrike VIII.aren erreinaldiaren azken urteetan, anglikanismoa aita santurik gabeko katolizismoaren muga estuen baitan egon zen.

 

Iskanbilak eta matxinadak

ERLIJIO ERREFORMAK ETA BASERRI GIROKO GIZARTE ALDAKETEK MATXINADAK SORTU ZITUZTEN.Matxinatuek Erreforma bultzatu zuten apezpiku eta agintariak zigortu nahi zituzten, heretikotzat salaturik; orobat eskatzen zuten monasterioak berriz indarrean jartzea eta tokian tokiko noblezia zaharraren pribilejioak lehengo egoerara ekartzea. Azken batean haien eskakizunek bete-betean erasotzen zioten Erreformari, baina Mariak Ingalaterrako tronuan egoteko zituen eskubideen alde ari ziren aldi berean.

Harrezkeroztik, eta Henrike VIII.aren erreinaldiaren bukaera arte, Ingalaterra ustez lasai egon zen; baina lasaitasun hura gehiago zen itxurazkoa benetakoa baino, zeren eta 1548an, Henrike VIII.a hil zenean, matxinadak izan baitziren berriz ere Somerseteko dukeak ekonomian eta erlijioan ezarri zuen politikaren kontra, hura egon baitzen errege Eduardo VI.a adin txikikoa izan zen bitartean.