Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Britainiar Uharteak Behe Erdi Aroan (XIV-XV. mendeak)

Londresko dorrea XV. mendearen azken aldera.<br><br>

 

Ingalaterra

Henrike III.aren ondorengoa, Eduardo I.a (1272-1307), errege indartsu eta administratzaile bikain gisa definitu izan da, bere pribilejioak gogoz zaindu zalea orobat. Gizarte harremanak berriztatu zituen zenbait estatuturen bidez, eta 1295ean Ereduzko Legebiltzarra bildu zuen, Komunen Ganbararen sortzeko aurrerapausoa, nahiz eta oraindik denbora asko falta bi ganbarako sistema finkatzeko. Kanpoko politikan, ingelesen nagusitasuna eremu zeltetara zabaltzen saiatu zen, hau da, Irlanda, Gales eta Eskozia aldera, eta aurre egin behar izan zion Frantziako Filipe IV.a erregeak Guyenne konfiskatu izanari; erabakiorra izan zen hori Ehun Urteko gerra pizteko. Eduardo II.aren erreinaldiaren ezaugarri nagusia berriz erregearen eraginkortasunik eza izan zen, eta oso izen txarra izan zuen bai legebiltzarrean, bai baroien artean. Haren semeak, Eduardo III.ak (1327-1377), Guyenneri buruzko ingelesen lur eskubideak aldarrikatuzituen, eta orobat Frantziako errege izateko zuen eskubidea ere, Filipe IV.aren iloba zenez (1314an hila); era horretan hasi zen Ehun Urteko gerra. Gatazka luze hau ?su eten luzeak ere izan ziren arren?, elikagai falta eta izurriteekin batera, XIV. mendearen erdialdean Europan izan zen beherakada demografikoaren eragileetako bat izan zen.

Eduardo III.a Normandian lehorreratu zen, 1346an Filipe VI.a garaitu zuen, 1347an Calais beretu zuen, eta ontzidi gaztelar bat ere suntsitu zuen, Frantziaren aliatua, 1350ean; hasierako arrakasta horiek guztiak ordea etenda geratu ziren ekonomia arazoak eta Izurri Beltza zirela-eta. Egin diren kalkuluen arabera, eritasun horrek, 1348 eta 1352 artean Europako Sartalde osora zabaldu zelarik, biztanleen %20 bat hil zituen, gutxienez, Ingalaterran. Herri barneko arazoak nekez gainditurik, Frantzia eta Ingalaterra artean jarraitu zuen gerrak, Europako politikaren beste arazoak ere nahastu zirelarik, hala Gaztelako dinastia borroka Pedro I.a eta Trastamarako Henrike II.aren artean. 1396an, ahiturik baitziren arerio biak Ehun Urteko gerran, su eten orokorrak izenpetu ziren Ingalaterrako Rikardo II.aren (1377-1399) eta Frantziako Karlos VI.aren artean. Rikardo II.ak, Ingalaterran bertan, egoera deseroso bati aurre egin behar izan zion, gerrak ekarritako beheraldi ekonomikoa eta zerga gehitzea zela-eta. Gizartearen egoera koloka horren adierazgarri garbiena John Ball buru izan zuen herri matxinada handia da: elizako agintarien kontrako egitarau bat aurkeztu zioten erregeari, besteren artean, jaunen errenten gutxiagotzea, soldatako lanaren askatasuna eta joputasunaren desagertaraztea arautzen zituenak.

Altxamendua Essex eta Kenten hasi zen, baina, Londresa iritsi zenean, geldiarazi egin zuten, gogor zapalduz. Ballen ideologia John Wyclif elizgizonaren dotrinarekin lotu izan da. Dotrina hori 1370 eta 1384 artean garatu zuen, gerraren eta frantsesen mendeko Avignongo aita santuaren egonaldiaren eraginpean; Erromako elizak heresiatzat jo zuen, elizako hierarkiaren eta aita santuaren kontrakoa zelakoan.

Rikardo II.a nobleen altxamendu batek eraitsi zuen erregetzatik, Lancasterko Henrike V.aren gidaritzapean (1413an hila).Haren ondorengoa, Lancasterko Henrike V.a, Frantziako politikaren gainbehera baliatuz, Eduardo III.aren proiektu politikoak berregiten saiatu zen, hau da, Frantziako eta Ingalaterrako monarkiak bateratzen.

Azincourteko garaipenaren ondoren (1415), Troyesko itunarekin (1420) amaituko zen eraso militar luze bati ekin zion; itunaren arabera, Karlos VI.a hil arte izango zen Frantziako errege, eta Henrike V.aren eskuetara igaroko zen gero frantses koroa. Alabaina, itun hori Frantziako iparraldeko erdian baino ez zuten onartu, alegia, Ingalaterrak kontrolatzen zuen partean, eta erdialdean eta hegoaldean berriz, Guyennen izan ezik, ezezkoa eman zioten itunari; hala, frantses erresistentzia nazionalistako gune bat sortu zen, Karlos delfinak gidatua, gerora Karlos VII.a izango zenak alegia. Henrike V.a eta Karlos VI.a 1422an hil ziren. Ingalaterrak, Lancasterko Henrike VI.a zuela orain buru (1422-1461), izugarri galdu zuen ondoko urteetako gerran, eta, plaza garrantzitsuak galdu ondoren, hala Orléans, Paris edota Normandiakoak, ez zuen lortu posizioak berreskuratzetik. 1453an alde egin zuten ingelesek Akitaniatik, eta Calaisko hiria baino ez zen geratu haien esku, 1558. urtea arte.

XIV. mendean Ingalaterran izan ziren herri altxamenduak, nekazarienak batez ere, berpiztu egin ziren gerrako galerekin ?Henrike VI.aren politika inperialistak zerbait atzeratu zituen arren?, eta, batez ere, 1450ean, Jack Cade zela buru, Surrey, Sussex eta Kenten; 1381ko matxinadaren antzera amaitu ziren. Erregearen azken urteetan gerra zibila piztu zen, Bi Arrosen Gerra deritzana: arrosa gorria Lancastertarren ikurra zen, zuria berriz, Yorkeko etxearena.

Henrike VI.a 1461. urtean erregetzatik eraitsi zutelarik, Yorkeko Eduardo IV.ak hil arte (1483) gobernatu zuen; Yorkeko beste errege bat izan zuen ondorengo, Gloucesterko Rikardo, Rikardo III.a. Hala ere, talde handi bat hasi zen biltzen Lancastertarren adar baten inguruan, Henrike Tudorren inguruan hain zuzen, hark Rikardo III.a Boswortheko bokorraldian garaitu zuenean, 1485ean.

Henrike VII.a Yorkeko Isabelekin ezkondu zen, eta hala amaitu zen gerra zibila.

 

Eskozia

XIII. mendearen azken urteetan hautsi zelarik Eskoziaren erresistentzia Ingalaterraren kontra, errege-odol gaelikoa zuen noble batek hartu zuen berriz borroka horren buruzagitza, Roberto Brucek. Bruce behin baino gehiagotan garaitu zuen Eduardo I.ak, baina egoera aldatu egin zen errege ingelesa hil zenean, 1307an. EduardoII.a errege berriaren ahultasunaz baliaturik, Brucek behin baino gehiagotan lortu zuen garaipena, eta, azken garaipenarekin (1314, Bannockburn), Eskoziaren independentzia lortu zuen, 1328an Northamptongo Itunak berretsiko zuena. Gerrak 30 urte baino gehiago iraun baitzuen, guztiz ahuldurik zegoen herria bere egitura ekonomiko, sozial eta gobernukoetan, eta gizarte egiturak berrantolatu beharrean aurkitu zen eskoziar erregea, derrigorrezko gauza bere aginpidea finkatu nahi bazuen. Helburu horrekin, bere aldekoei lurrak opari eman zizkien. 1329an hil zen; Bruceren erreinaldiko azken urteak bakezkoak izan ziren, Eskozia bateratu eta ondo antolatu batean.

Roberto Bruce hil zenez geroztik, Eskozia ahultzen hasi zen, Europa osoan aitoren semeen autoritatea kontrajarri baitzitzaion erregearenari. David II.a adin txikikoa zelarik, haren erregeordetzaren garaian, Sconen, eta Ingalaterraren laguntzarekin, beste noble bat izendatu zuten errege, John Balliol-en semeetako bat, eta, hortaz, bi errege gertatu ziren batera, zein baino zein ahulagoa ordea. Usurpatzailea erregetzatik eraitsi, eta legezko erregea hil ondoren (1371), Roberto II.a izan zen hurrengo erregea (Estuardo etxeko lehen eskoziar erregea izan zen), eta Roberto III.a hurrengokoa; hura hil zenean, 1406an, nobleek hartu zuten aginpidea, eta areagotu egin ziren anarkia, jaunen arteko liskarrak eta nekazarien gaineko bortxa.

Gizartearen giro nahasi horrek antzinako leinu egitura zeltikoak berpiztarazi zituenXIV. eta XV. mendeetan; familia indartu egin zen banakoaren elementu txertatzaile eta babesle gisa, eta Highlands edo Goi Lurretan gizarte eredu hori arriskuan jarria zeukan sistema feudala baztertu zuen. Era berean, mendiko ekonomia itxia nagusitu, eta berriz ere iraupenezko ekonomia bihurtu zen, larrez larreko artzaintzan, ehizan eta arrantzan oinarritua ia huts-hutsik. XV. mendean zehar, Estuardo familiako errege Jakobo I.a, Jakobo II.a, Jakobo III.a eta Jakobo IV.ari (1406-1513), Ingalaterraren ahultasunak lagundu zien, Ehun Urteko gerran, eta barne liskarretan (Bi Arrosen Gerra) baitzegoen hura murgildurik; nolanahi ere, bi monarkien arteko harreman gaizto horiek Eskoziak eta Enrike VII.a Tudorrek izenpetu zuten bakearekin bukatu ziren. Aldi egonkorrago horren eragileak, alde batetik, burguak izan ziren, Holanda eta Espainiarekiko merkataritzari esker ari baitziren garatzen, eta, bestetik, Eliza, kulturaren zabalkundea bultzatu baitzuen 1414an Saint Andrewseko unibertsitatea fundatuz.

 

Irlanda

KULTURAN NAHIZ POLITIKAN GUZTIZ BANANDUA DAGOEN HERRIA, BERE NAGUSITASUNA ERDI AROAREN AMAIERA ALDEAN FINKATUKO DUEN INGALATERRA BATEK PARTEZ MENDERATUA.Eduardo I.ak ez zuen Irlanda hartu lurralde ingelesa balitz bezala, aitzitik, Frantzia edo Eskoziarekiko gerrak ordaintzeko giza eta material baliabideak ateratzeko balio zuen lur konkistatu baten gisara hartu zuen.

Horrek azal dezake zergatik, Roberto Brucek ?eskoziar gaelikoa baitzen? 1314an Ingalaterraren gaineko garaipena lortu ondoren, buruzagi irlandar gehienek haren anaia Eduardo deitu eta errege koroatu zuten (1316). Alabaina, Eduardo Bruce eskumikatu egingo zuen Joan XXII. aita santuak, Ingalaterrako erregearen aldeko baitzen, eta, azkenean, ingeles erregeak berak garaitu eta hil zuen Eduardo. Bruce desagertu ondoren, urte lasai samarrak izan ziren Irlandan, Ingalaterrako monarkiak herrian ingeles eragina sartzeko erabili zuen garaia. Era horretan, Irlandan Karta Nagusitik sorturiko ingeles sistema politikoa aplikatzea erabaki zuen 1320an Eduardo II.ak, Dublin eta Droghedako hiri inguruetako ingeles nobleek ondo kontrolatzen zuten Paleko eskualdean bakarrik aplikatu zuen arren. Uhartearen gainerako lurretan, hainbat familia zebilen borrokan agintea lortu nahian, hala Butlertarrak, Ormondeko duke eta Ingalaterraren erregearen aldeko zirenak, Bourg familia, Connacht-en nagusi, edota Desmondeko Fitzgeraldtarrak, 1341ean Kilkennyko hirian irlandar legebiltzar bat bildu zutenak.Eduardo III.ak ingeles biztanleen alde egin zuen, eta 1361ean administrazioko karguak hartzea debekatu zien jatorri irlandarra zutenei. Bereizkeriazko politika hori 1361ean berretsi zuten Kilkennyko Estatutuek: besteak beste, ezin zen noble ingeles eta irlandarren artean ezkontza mistorik egin, ez ondasunen jabetza eskuz aldatu, derrigorrezkoa zen ingeles hizkuntza, etab.

Zatiketa hori, kultura nahiz politikazkoa, Art Og Mac Murrough-ek erabili zuen 1390ean bere burua Leinsterko errege koroatzeko, ingelesen mendeko Kildare, Wexford eta Carlowko lurrak erraustu ondoren. 1394an, Frantziarekiko gerrako su eten labur batez baliatuz, Rikardo II.a Irlandan lehorreratu, eta noble gehienen gaineko nagusitasuna lortu zuen, baita Mac Murroughena ere; handik gutxira hasiko ziren ordea borrokak berriz, eta XV. mendearen lehen erdian ere iraun zuten.

1477an Rikardo, Yorkeko dukea, Irlandako ordezkari militar izendatu zuen Lancasterko Henrike VI.ak, eta bere aldekoak biltzeko erabili zuen postu hori Rikardok.

Era horretan Irlanda ere Bi Arrosen gerran sartua gertatu zen, eta horrek zenbait familia irlandarren beregaintasuna eta indarra erraztu zituen. Egoera aldatu egin zen ingeles erregetzara Tudortarrak iritsi zirenean.

Irlanda ofizialki bi partetan zatitu ondoren (lurralde ingelesa alde batetik eta lurralde etsaia bestetik), herrian gehiago sartzen saiatu zen Enrike VII.a. Hartara, oso politika bortxazkoa bideratu zuen, Kilkennyko Estatutuak berretsiz eta ingelesa ez zen beste legebiltzar oro ezabatuz.