Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Antzin Aroa

Feniziarrak, antzinateko merkatariak

Kartagoko hondakinak. Kartago, hasieran feniziarren merkataritza kolonia bat izan zena, itsasoko potentzia nagusi bihurtu zen K.a. IV. eta III. mendeetan.<br><br>

Feniziarrak dira, inondik ere, antzinateko herri erakargarri eta misteriotsuenetako bat.

Itsasgizon trebe eta iaioak baitziren, beren garaikoek «itsasoko jaunak» esaten zieten.

Feniziarrei buruzko lekukotasunak zeharbidezko iturritatik iritsi zaizkigu gehienbat.

Greziarrek feniziar deitu zieten –phoínikes– gaur egun Libano deitzen den itsasbazterreko zerrendan zeuden kanaandar hirietako biztanleei. Hitz hori phoinix hitzetik dator, eta purpura esan nahi du; feniziarrak, beraz, «purpurazko gizonak» ziren. Izan ere, feniziarrek ohi zituzten merkataritza eta eskulangintza lanen artean aipagarria zen artilezko eta lihozko ehungintza –Egiptotik inportatua–; ehun horiek purpuraz tindatzen zituzten, eta tindu hori, bere aldetik, murex izena duen itsas barakuilu batetik ateratzen zuten.

Mesopotamiako testuek eta Bibliak berdin aipatzen dituzte «kanaandarrak», eta hitz hori «feniziarraren» sinonimotzat har daiteke, nahiz, hedaduraz, feniziar kostaldea –«Fenizia ekialdea» esaten zitzaiona– baino lurralde zabalago bateko kultura izendatzeko erabiltzen den; kanaandarrak beraz gaur egungo Libanori eta Siria mendebalari dagozkion lurretako biztanleak ziren. Azkenik, erromatarrek «puniko» hitza bereziki kartagotarrak izendatzeko erabiltzen zuten eta, hedaduraz, baita Mediterraneoko mendebal erdian barreiaturik zeuden feniziar koloniak izendatzeko ere, bazter haiei «Fenizia mendebala» esaten zitzaiolarik era berean.

Nolanahi ere, beste herriek jarritako izenak dira horiek guztiak, zeren eta feniziarrakez ziren ziur asko izen horiekin identifikatuko, eta nahiagoko zuten zeinek bere herriko izena: tirintoar, sidoniar, giblita, etab.

Hiri horietako bakoitza erresuma txiki burujabe bateko hiriburua zen, batzuetan hiri horiek hitzarmen bidez elkar hartzen zuten, baina ez ziren sekula izan «inperio» bat, edo izen bereko nazio bat.

Iturri horien arabera, feniziarrak marinel trebeak omen ziren, Afrika itsasoz inguratu zuten eta itsasbideak urratu zituzten; merkatariak ziren, era askotako salgaiekin aritzen ziren salerosketan (zilarra, burdina, eztainua, beruna, brontzezko gauzak, bolizko letaginak, ebanoa, garia, lurrinak, eztia, jantziak, esklaboak…), eskulangile bikainak ziren, eta haien hirietatik kolonia asko sortu ziren (Zipren, Kretan, Sizilian, Maltan, Afrikako iparraldean, Espainian).

 

Feniziarren lurraldea

«Kanaango herria» itsasbazterreko zerrenda estu, ez oso handi, eta itsasoak eta Siriako eta Arabiako basamortuek ondo mugatu batean zegoen kokatua. Libanoko mendilerroak bereizten zuen Fenizia Siriako eta Palestinako gainerako lurraldeetatik, eta sortaldean Orontes eta Jordan ibaietan izan behar zuen muga. Beraz, lurralde txikia eta aldapatsua zen hura. Lurraldearen nolakotasunak mugatzen zuen zer baliabide ustiatu eta nola, eta ez zuen nekazaritza zabala egiteko biderik ematen. Mendikate handi baina ez oso garai bati esker, baso zabalak zeuden, eta hori oso gauza bakana zen bazter haietan, auzo herrialdeetan ez baitzen egurrik batere. Horrenbestez, egurgintzak izan behar zuen hasiera-hasieratik lurralde hartako aberastasun nagusia, zedroak batez ere, antzinatetik izan baitziren feniziarren salgairik garrantzitsuenetako bat. Lurralde aldapatsu hark era berean bakartu zituen Feniziako hiriak, zaildu zituen barne komunikabideak eta asko lagundu zuen feniziarrak independenteak izan zitezen.

Feniziarren bizitzak eta historiak itsasoa izan zuen hortaz elementu nagusia. Feniziako hiri nagusiak (Arados -Arwad-, Biblos, Beritos -Beirut-, Sidon, Tiro, Ugarit) lurmuturretan edo kostaldetik hurbileko uhartetan eraikita zeuden, portu onak zituzten, eta bai Ekialde Hurbila zeharkatzen zuten karabanen bidetik, eta, bai Mediterraneotik,era askotako produktuak iristen ziren portu haietara. Izan ere, «Fenizia ekialdea» kulturen bidegurutzea izan zen bere historia osoan. Mesopotamia, Asia Txikia, Zipre, Egeo eta Egiptotik zetozen eraginak feniziar guztien artean hedatu ziren pixkanakapixkanaka.

 

Feniziarrak historian

Feniziarren historiak, eta kulturaren eta etniaren aldetik berezi izateak, K.a. 1.200 urtearen inguruan du hasiera. Nolanahi ere, garai hartako feniziar hiri-estatuak aurretiko tradizio luze baten ondorengoak ziren. Iraupena du hain zuzen feniziar zibilizazioak ezaugarri adierazgarrienetako bat. 3.000 urtearen inguruan sortu zen (Lehen Bron– tze Aroa), zeharo eratua eta tankeratua zegoen 2.000 urterako (Erdiko Brontze Aroa eta Azken Brontze Aroa), eta indarrean iraun zuen, harik eta Erromako Inperioak konkistatu eta bere baitan hartu zuen arte, gaurdaino gorde diren epigrafiazko dokumentuetan adierazten denez.

Feniziako hirien historia hasiera-hasieratik dago bata bestearen ondoren hiri haiek beren eskuetara ekartzen saiatu ziren inperio handiei estu bai estu lotua. Ekonomia zen batez ere feniziar erreinu txiki horiek menderatu nahi izateko arrazoi nagusia.

Feniziarren merkataritza jarduera ezinbestekoa zen barnealdeko inperio handientzat eta Egiptorentzat, ez baitzuten inperio horiek feniziarren merkataritzak oinarri zituen lehengai eta produktu landu asko. Salerosketa horri esker lortu zuen hain zuzen Feniziak bere independentziari eustea, inperio handientzat onuratsuagoa baitzen erresuma jori horiei zergak jartzea haiek menderatu eta suntsitzea baino. Biblos, Ugarit, Sidon eta Tiro izan ziren hurrenez hurren hiri nagusiak, eta, askotan, aurre egin behar izan zieten, bai indarrez ere batzuetan, inperio handien kanpotikako erasoei.

Brontze Aroko azken garaietako gertaera jakin batzuek errotik aldatu zituzten feniziar-kanaandar hiriak. «Itsasoko Herriek» egin zuten hondamenak (1.200 K.a.) zeharo nahasi zuen ordu arteko egoera. Inperio handiak ahuldu egin ziren. Mizenasek ordu arte bi mendez itsasoan izana zuen nagusitasuna galdu zuen; biztanleak saldoka lekualdatu ziren. Aldaketa handi horrek eragina izan zuen baita ere feniziar erresumetan. Ordu arte bizi eta indartsu iraun zuten merkataritza hiri eta portu handiak -Biblos eta Ugarit batik bat- gainbehera erori ziren, eta hiri berriak nagusitu ziren haien ordez –Tiro eta Sidon, besteak beste–. Aldi berean, filistear, hebrear eta aramear taldeek bizileku finkoa hartu zuten Kanaango hegoaldean eta barrualdean, eta horrenbestez kanaandarren lurraldea txikitu egin zen.Asiriarrek lehenik, eta babiloniarrek eta pertsiarrek gero, feniziar-kanaandar hiriak izan zituzten jomuga. Aldika feniziar hiriei egiten zizkieten erasoen eraginez, herri horiek aise kobratu ahal izan zizkieten aldi batez zergak feniziarrei. Baina feniziarren erresistentzia areagotu zenean, lurraldea eta politika zuzenean kontrolatzea erabaki zuten.

Asiriarrak aspaldi ari ziren Tiro, Sidon eta Arados-i zergak kobratzen, baina K.a.

VIII. mendean kanaandarren herria menderatzen saiatu ziren. Iparraldea beretu zuten, eta Tiro eta Sidongo hiriek burujabe iraun bazuten ere, hango jarduerak asiriarren kontrolpean zeuden. K.a. VII. mendean hiri horiek erabateko burujabetza iristeko saioak egin zituzten, baina gero eta gogorrago zapaldu zituzten (K.a. 678an Sidon suntsitu zuten). Tiro izan zen halako autonomia bati eutsi zion feniziar hiri bakarra.

Feniziarren-kanaandarren lurraldean asiriarren ordez babiloniarrak nagusitu izanak halako baretasun bat ekarri zuen bazter haietara. Egiptok nolabaiteko nagusitasuna berreskuratu zuen, baina ez zuen nagusitasun horretan irauterik izan, eta Tirok bazuen oraindik buru egiteko indarra.

Nabukodonosorrek eman zion bukaera feniziar hiri horren nagusitasunari: 13 urtez eduki zuen setioan, eta K.a. 573 urtean suntsitu zuen.

Pertsiar inperioa sortu eta Babilonia desegin zenean Feniziak halako berpizkunde bat izan zuen. Feniziako hiriak satrapa herri baten baitan zeuden, bazuten halako autonomia maila, beraien erregeek baitzeukaten hiriaren administrazioaren ardura, pertsiar gobernariaren zaintzapean ordea.

Ordu arte Tirok izan zuen nagusitasuna Sidonek hartu zuen, eta indar handia izan zuen salerosketak hiri hartan. Mediako gerretan, Sidon pertsiarrekin elkartu zen hasieran, eta greziarrekin azkenik. Feniziar hiri gehienek Alexandro onartu zuten. Tirok ez ordea, eta Mazedoniako erregeari kontraegin izanak ekarri zion azkenik hondamena K.a. 332 urtean. Helenismoaren garaian Feniziako lurraldea liskarbide izan zuten seleukotarren erreinuak eta ptolomeotarrenak.

Tiro eta Sidon berreraikita zeuden, bazuten halako autonomia bat, baina galdua zuten aurreko garaietan merkataritzan izana zuten nagusitasuna. K.a. 64 urtean feniziarrak Erromako inperioaren barnean sartu zituzten azkenik, Siriako probintziaren baitan.

 

Feniziar kolonien hedatzea

K.a 1.200 urtetik aurrera izan ziren aldaketa guztien eraginez feniziarrak Mediterraneoko erdialde eta mendebal arroan barrena hedatu ziren. Mizenasek konkurrentziarik ez baitzien egiten eta Egipto ahulduta baitzegoen, feniziarrak izan ziren Mediterraneoko merkatari nagusiak. Oso egoera onean zeuden horretarako; barrualdean (Ekialde Hurbila) merkatu handiak zituzten (Egipto, Mesopotamia, Anatolia eta Siria); Mediterraneo mendebalean, berriz, mea eta nekazaritza baliabide asko; eta haietxek ustiatu zituzten feniziarren lantegi eta merkatari kolonia ugariek. Haien lurraldea txikitu eta hondatu izanak -basoak galtzea, lurra ahitzea, etab.- batetik, eta gizarte, ekonomia eta politika arrazoi batzuek bestetik –erregearen ekonomia ahultzea, hirietan merkataritzaran ziharduen oligarkia nagusitu izana–, bultzatu zituzten feniziarrak Mediterraneoan barrena hedatzera, eta haien merkataritza antolamendua ia mundu osoan zabaltzera. Horretarako, izarrez zuten jakinduria baliatu zuten, gaueko itsasketaren mesedetan, eta hobekuntzak egin zituzten itsasontzien eraikuntzan.

Feniziar kolonien hedatzeak bi aldi izan zituen. Lehenengoan –kolonia aurreko aldian– merkataritza harremanak hasi ziren.Greziar tradizioaren arabera, feniziarren lehenengo koloniak (Gades eta Utika) aspaldi-aspaldiko garaietan sortu baziren ere (K.a.

XI. mendean), hasierako bizileku finko haiek ez ziren kolonia izatera iritsi. Bigarren aldian –kolonien aldia (K.a. IX-VIII)– feniziarrek koloniak nonahi sortu zituzten.

Gaurdaino gorde diren tresna ugarien lekukotasunaren arabera, «Fenizia ekialdetik» zetozen giza taldeek bizileku finkoa hartu zuten Mediterraneo mendebaleko kolonietan.

Kolonizazio prozesu hark garbi adierazten zuen feniziar hirietako ekonomiaren bilakaera: hasieran metalen eskaria zegoen batez ere, eta beraz feniziarrek gehiago jo zuten mea ugariko lurraldeetara: Sardinia (Nora, Tharros), Espainiako hegoaldea (Gades) eta Zipre (Kition); gero nekazaritzak eta abeltzaintzak indarra hartu zuten, eta feniziarrek garrantzi gehiago eman zioten lur eta lanerako beso eskaintzari, eta hortaz tarteko lurralde batzuk izan ziren kolonizazio gune nagusiak: Tunisia (Kartago, Utika) eta Sizilia (Motya, Panormo).

 

Feniziar kultura

Pragmatismoa eta eklektizismoa dira feniziar kulturaren ezaugarri nagusiak. Feniziar hirien eta hango eliteen kosmopolitismoak filosofia, historia eta artea bultzatu zituen. Kulturazko adierazpide guztiek ekialdeko, Mesopotamiako eta Egiptoko eraginak zituzten, eta Greziako eta Erromako ereduen oso bestelakoak ziren beraz. Artea eta eguneroko bizitza elkarri estu-estu lotuak zeuden, artea bestelako asmorik gabe ez baitzuten feniziarrek aintzat hartzen. Feniziar kulturan ez zen ia estatua handirik egin, askoz ugariagoak ziren estatua txikiak eta behe-erliebeak, eta askotan erlijio adierazpideak izaten ziren.

Feniziar hirietan argi geratu zen eraikitzaile bikain haiek hirigintzan iritsi zuten maila handia, hainbesteraino non hebrear eta pertsiar erregeek feniziar arkitektoak deitu baitzituzten haien tenplu eta jauregi handiak egiteko.

Idazkera silabikoa da inondik ere feniziarrek zabaldu zuten ekialdeko kutsuko kulturaren ezaugarri nagusia; greziarrek laster beretu zuten. Idazkera mota horren hastapenak Erdiko Brontze Arokoak dira. Alfabeto sistemaren arabera, zeinu batek hots bat adierazten du, eta, hortaz, askoz zeinu gutxiago behar ziren idazteko. Idazkeraren errazte horrek kulturaren demokratizazioa ekarri zuen azken batean, hizkuntza idatzia askoz irits-errazagoa baitzen era horretara.