Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Antzin Aroa

Hispania erromatartua

Italikako hiri erromatarraren bi ikuspegi. Goian, anfiteatroa (II. mendea). Behean, etxe bateko mosaikoa (II. mendea).<br><br>

Erromatarren konkistak bi mende iraun zuen (K.a. 218-19); bi mende horietan zehar hainbat ekinaldi militar egin zituen Erromak Iberiako penintsulan, eta hango lurraldeak Erromaren barruan sartu ziren pixkana-pixkana.

Mediterraneo mendebalaren eta erdialdearen hegemonia zela-eta hainbat istilu sortu ziren Erromaren –Eszipion familia zuen gerrarako buruzagi– eta Iberiako penintsulako agintari kartagotarren artean; Erromak gatazka horrekin hasi zuen hain zuzen Hispania konkistatzeko prozesua. Hispaniako lurralde berrien administrazioari eta gobernadore erromatarrek –M. Porcio Caton edo Senpronio Graco– Hispanian eta Hispaniaren muga lurretan egindako lanari esker, Erromak hainbat lurralde anexionatu zituen Iberiako goi ordokian (Zeltiberia), mendebalean (Lusitania), eta uharteetan (Baleareak).

Ekinaldi militarren bidez galaikoak, asturak eta kantabriarrak menderatu zituzten, eta gizartea erromatartuz joan zen aldi berean; erromatartze horren eragina nabarmen ikusi zen Pompeiok Sertorioren eta Zesarren kontra Hispanian izandako gatazka zibilen ondoren.

Hispaniarrek erromatarren bizimodua beretzen jarraitu zuten inperio garaian, eta erromatartze prozesu horretan estua izan zen elkarbizitza hispaniar herritarren ezaugarri kulturalen eta historikoen eta erromatar moldeen artean.

Marco Aurelioren agintaldian, Afrikako iparraldeko mairuek zenbait eraso egin zituzten Hispanian; hegoaldean nabaritzen hasita zegoen erromatarren konkistaren ondoko itxurazko bake giroa nahasten ari zela, eta agertzen hasiak ziren Antoninoen dinastiaren amaieratik Dioklezianoren agintaldira bitartean Inperioko bizitza politikoan gertatu zen nahasmenduaren eta muga lurraldeen arteko gatazkaren lehen arrastoak.

Zaila da Hispanian krisi ekonomikoa ote zegoen esatea, baina zalantzarik gabe esan daiteke garai hartan aldaketak izan zirela meagintzan eta ardo eta olio ekoizpenean, besteak beste. Dioklezianoren eta Konstantinoren erreformek egonkortasuna ekarri zuten Hispaniara, baina IV. mende amaieran Teodosio printzearen garaia hasi zenez gero –Hispaniako bigarren dinastia inperiala, Traxanoren eta Adrianoren ondoren–, gorabehera handiak izan ziren, eta inperioa erabat hondatu zen gorabehera haien ondoren.

 

Integrazio politikoa

Hispaniarrak, Italiaz kanpoko gainerako lurraldeak bezala, behartuta zeuden Erromak konkistaturiko lurraldeen jabegoa zelaeta ezarritako zergak ordaintzera. Erromaren altxorrari behar bezala ordaintzen ote zioten eta Iberiako lurraldeetako gerrak kontrolatu beharra zutela eta, bi provinciae (Citerior eta Ulterior) eratu zituzten K.a.

197an erromatarrek, eta senadoreak (pretoreak eta, batzuetan, kontsulak) bidali zituzten lurralde haiek administratzera. Konkista prozesua amaitu zelarik, Augustok lurraldeen antolaketa berria bideratu zuen eta hiru probintzia eratu zituen (Betica, Lusitania eta Citerior edo Tarraconense); egituraketa horrek ia aldatu gabe iraun zuen, harik eta Dioklezianoren eraberritze probintzialean Afrikako iparraldeko barrutiak eratu ziren arte (Mauritania Tingitana). Garai hartan desagertu ziren probintzia barneko barrutiak edo conuentus delakoak, haiek izan baitziren Goi Inperioaren garaian probintzia hiriburuen eta ciuitatesen –probintzia eta conuentusen sistemaren barne egonarren autonomia zuten gune politikoak– arteko lotura.

Ciuitates gehienak Hispaniako hiriguneak egondako tokietan eta haien antolaketa moldeei jarraituz eratu ziren, eta Italiako herrigune eta kolonietako antolaketa mekanismoak hartzera bultzatu zituzten gero herri haietako eliteak. Hegoaldean eta ekialdean berehala hasi ziren herriguneak sortzen, Italia, Carteia, Corduba, Valentia edo Palma, esaterako –kolonia gisa agertzen dira beren sorrera agirietan, eta italikoak, hiritar erromatarrak eta Hispaniako herritarrak elkarrekin bizi izan ziren haietan–, baina Zesarren eta Ponpeioren arteko gatazkak amaitu arte (K.a. 45) ez zen udal eta kolonia politika antolaturik egin.

Augustoren eta, batez ere, enperadore flaviotarren garaian (K.o. 70-96) latindar zuzenbidea eman zitzaien ciuitates erromes hispaniar guztiei, eta, horrela hartu zuen indarra Plinio naturalista latindarraren arabera, integrazio politiko eta juridikoaren prozesuak. Zuzenbide latindarra hartu ondoren, bertako eliteek urteko erromatar magistraturak eskuratu zituzten; horrekonura ekarri zien erromatar herritarrei, eta udalerriak sortzen hasi ziren Betican, nahiz eta Hispaniako gainerako lurraldeetara geroago zabaldu zen udalerrien sorrera prozesu hura. Flaviotarretatik Caracalaren garaira bitartean –hark amaitu zuen prozesua erromatar hiritartasuna emanez inperioko gizon libreei– ez dago adibide esanguratsurik; salbuespen bakarra Italica izan zen, Adrianoren aberria, Adriano enperadoreak Erromaren kolonia bihurtua, Aulo Gelio lexikografo latindarraren arabera.

 

Aberastasun iturriak eta lurraldearen eraldaketa

Antzinako egileek diotenez (Estrabon, Plinio, Apiano edo Kolumela, besteak beste), Hispania zen Erroma Mendebaleko eskualde aberatsenetakoa, nekazaritzako gaietan batez ere. Arkeologia aztarnetan ere ikusten da Hispaniako zenbait gairen garrantzia –Beticako garia eta olioa, Tarraconenseko ipar-ekialdeko ardoa–, eta aztarnei esker jakin ahal izan da I. eta II.. endeetan Mediterraneo inguruko hispaniar lurraldeek ekonomia bilakaera bizkorra izan zutela saltzeko zituzten soberakinei esker.

Konkista aurretik nekazaritza aski aurreratua zen; kolonien sorrerak eta villaeen sistema zabaltzeak Iberiako paisajea aldarazi zuten, garbi ikus daitekeenez Emerita(Merida) eta Ilici (Alcudia de Elche) kolonia augustotarretan –gaur egun ere nabarmenak dira zenturiakako antolaketaren aztarnak– eta Kataluniako eta Ebro haraneko gune batzuetan –K.a. II. menderako sortuak ziren zenbait villae–. Andaluzian geroxeago hasi ziren aldaketak: lehenengo villaeak Errepublika amaieran osatu ziren, baina K.o.

I. mendea arte ez zuen antolaketa molde horrek zabalkunde handirik izan. III. mendearen bigarren erdirako, Kataluniako kostaldeko eta Levanteko nekazari inguruneak gainbehera etorri zirela-eta, hainbat berrikuntza egin behar izan ziren, 260. urteko germaniarren erasoen eraginez, besteak beste. Baina krisi hori ez zen konpondu Goi inperioan Mediterraneo aldeko Hispanian villae asko sortu zen arren; IV. mendean gelditzen ziren landa inguruetako bizitokiak handiagoak ziren eta aberatsagoak zituzten egoitza etxeak.

Meagintza zen Iberiako penintsularen beste aberastasun iturri bat. Adriano printzearen agintaldiko Vipasca (Aljustrel) meagintza barrutiko brontzezko oholetan inperioaren procurator metallorum delakoaren aipamenak agertzen dira, eta baita Agustoren garaitik III. mendearen bigarren erdira erromatarrek ustiatzen zituzten zilar eta kobre meategietako baldintzenak eta erregimenarenak ere.

 

Hispaniako lurrak eta lur horien jabetza

Erromak konkistaturiko lurraldeen jabe gorena Erromako herria zen arren, jabetza edo dominium horrek ez zuen ukatzen hispaniar lurraldeko komunitateek lur horien gozamenerako zuten eskubidea edo possesio delakoa. Jabe gehienak Hispaniatik kanpora bizi ziren; baziren hainbat hiritar erromatar Iberiako penintsulan sortu eta Erroman karrera politiko bikaina egin zutenak zaldun edo senadore gisa, Zesarren garaiko Cornelius Baldus edo Neronen agintaldiko Seneca edo Traxano eta Adriano, adibidez, Beticakoak guztiak. Beste jabe handi batzuk Erromaren probintzietan bizi ziren; K.a. 2-1 urteetan Asiako prokontsul egin zen Cornelius Lentulusek esaterako mahastiak zituen ipar-ekialdean –ardo ontzietan aurkituriko markak erakusten duenez– eta Tutili Pontiani kontsul familia erromatarrak, berriz, olibondoak zituen Betican.

Jabe gehienak absentistak ziren eta libertoen esku jarri ohi zuten bere jabetzen kontrola.

Senadore eta zaldun familia aberats horiez gainera, Hispaniako lurren jabegoan garrantzi handia zuten tokiko eliteek ere, batzukaberatsagoak, besteak ez hain aberatsak.

Flaviotar enperadoreen garaian Beticako erromatar komunitateak arautzen zituzten legeen bidez, adibidez Urso kolonian edo Malaca eta Irni udalerrietan, badakigu nola zeuden eratuta eta zer eskumen zituzten dekurioi edo erromatar antolaketa moldeak zituzten ciuitatesetako buruzagi taldeak.

Mauruen eraso suntsitzaileen edo lekuan lekuko hondamen, gaur egun ondo zehazterik ez dauden batzuen ondorioz behera egin zuten Beticako Baelo eta Hunigua udalerriek, eta haien ondoren beste udalerri batzuek ere bai. Aldi berean, komunitate horien lurraldeetako villaeek aurrera egin zuten, edertu egin ziren, eta haietan jarri ziren bizitzen tokiko eliteak; joera horren irudi da, besteak beste, Sao Cucufate (Portugal), landa herri izana I. mende erdialdean, eta egoitza villa bihurtu zena IV.. endean, ekoizpenerako eremu murritz bat besterik ez zuela.

 

Inperioko gurtzaren bilakaera

Hildako enperadoreen eta enperadore jainkotuen gurtza errejimen inperial berriaren sortzaile Augustoren garaian ezarri zen.

Hispanian enperadoreak gurtzeko lehenengo tenpluen aipamenak Citerior eta Lusitaniako hiriburuetan (Tarraco eta Emerita) Tiberioren garaian egindako txanponen ifrentzuan agertzen dira, baina gurtza horrek ez zuen berehala indar hartu Hispanian, probintzia bakoitzeko bilakaera politiko etaadministratiboaren arabera baizik. Erromako erlijio jarduera beretzeko prozesu horretan berebiziko garrantzia izan zuen flaviotarren garaiak, orduan hasi baitzen probintziako batzarretan gurtza antolatzen, erromatar moldeen arabera antolaturiko hiritar eta udalerrien kopuruak gora egin zuen ahala. Batzar edo concilia haietara probintzia bakoitzeko ciuitatesen ordezkariak joaten ziren; ordezkariek zenbait eskumen erlijioso izaten zuten bai lekuan lekukoak eta baita komentuaren baitakoak ere, eta haien guztien artean aukeratzen zen probintziako ordezkari edo flamen delakoa. Enperadoreen gurtzak probintzialek inperioarekin eta enperadorearekin zuten lotura sendotzen zuen. Severoen ondoko aztarna epigrafikoek kulturaren adierazpen horiei buruz ematen dituzten berrien arabera, Hispaniako eremuan ia erabat desagertu ziren jarduera horiek, baina ez erabat; izan ere, Beticako Iliberri komunitatean IV.. ende hasieran egin zen kontzilioko aktek baieztatzen dutenez, enperadoreei eskaintzak egiten zitzaizkien.

Enperadorearen gurtza sortu zenean, eta garai hura baino lehentxeago, K.a. II. mendeaz gero, zenbait santutegi eraiki ziren Levanten eta Andaluzia ekialdean; santuario horietan hainbat berrikuntza urbanistiko egin ziren erromatartze prozesuak aurrera egin ahala. Gune sakratu horiek erakusten dutenez –Antzin aroa aurrera arte iraun zuten askok–, hiri berean hainbat gurtza bizi ziren elkarrekin: Erromako panteoiaren gurtza –Jupiter Statorarena adibidez-, ekialdeko gurtza, gurtza semita eta bertako gurtza; horrek erakusten du Hispaniako erlijioa zenbateraino zen bizia eta askotarikoa.