Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Historiaurrea

Ehiztari eta biltzaile espezializatuak

Madalen aldiko hezurrezko lanabesak.<br><br>

Azken izotzaldi handiaren erdialdera (duela 40.000 urte, gutxi gorabehera), gaur egungo gizaki tipoa (lehen Cro-Magnon izenaz ezagutzen zena) Europan zabaltzearekin batera, aldaketa nabariak gertatu ziren gizakiaren portaeran. Oso zaila gertatzen den arren garai hartako aurrerapen kulturala gizaki tipo berriari egoztea, zenbait historialariren iritziz gauza segurua da bi gertakarien arteko lotura. Historiaurre klasikoaren arabera, Neanderthal gizakia da Erdi Paleolitoseko kulturaren erantzulea eta, hura desagertu ondoren, egungo gizaki motak garatu zituen Goi Paleolitoseko teknika aurrerapenak. Eskema hori, hala ere, zaharkiturik eta lekuz kanpo geratu da gaur egun. Izan ere –eta horren froga ukaezinak aurkitu dira, bai Europan eta bai Ekialde Hurbilean–, milaka urtetan bizitu baitziren denbora berean bi gizaki motak.

Aldi honen ikerkuntzan europar ikertzaileek eta aztarnategiek tradizioz izan duten garrantzia kontuan hartuta, ia ezinbestekoa gertatzen da Mortillet, Breuil, Peyrony, eta abarren lanetan oinarritutako erreferentzia eredutik abiatu behar izatea. Tamalez, aurre baldintza horrek ez du uzten beste zenbait eskualderen garrantzia behar bezala balioesten. Eskualde horien artean, aipatzekoak dira Ekialde Hurbila, Afrika iparraldea, Ekialdeko Europa eta Asia erdialdeko estepak. Eskualde hauetan berriki egin diren ikerkuntzak nahitaezkoak gertatzen dira mendebaleko Europan eta munduko beste zenbait tokitan deskribatu izan diren gertakariak ulertzeko. Goi Paleolitosaren sorrera aztertzeko nahitaezkoa da Siria, Libano edo Palestinako jalkin gordailuen bilakaera aztertzea, toki horietan duela 100.000 urte baino lehenagoko gizakien hezurrak –gaur egungo gizakien motakoak– aurkitu baitira. Ez dago ahaztuta uzterik, bestalde, Muster aldiaren azken aldera (beharbada horixe izan zen planetako eskualde gehienetan oso antzera gauzatu zen historiaurreko azken kultura) Europa erdialdean loratu ziren kulturen garrantzia, berorietan aurkitu baitira, handik milaka urtetara, Dordoinako haranean, Senan eta Kantauri aldean, La Gravettte edo Solutré kultura gisa mamituko zirenen zantzuak.ra egokituagoak (desberdinagoak, alegia) egin zituzten. Hezur industria deitua ere (lehengai organikoez egina: orein adarrez, hezurrez, boliz, soinbera maskorrez, etab.) izugarri anitza izan zen garai hartan.

Talde hauek zuten tresneria guztiaren erakuskari txiki bat baizik gorde ez bada ere, era askotako lanabesak eta tresnak aurkitu dira. Harrizkoen artean, puntak, karraskagailuak, marruskagailuak, xafla landuak, zulagailuak eta tresna bizkardunak dira aipagarrienak.

Hezurrezkoen artean berriz, azagaiak, eztenak, zintzilikariak, jostorratzak, ziriak eta arpoiak. Esandako hauek dira mundu guztiko Historiaurre beranduko ehiztari-biltzaile taldeen egonlekuetan aurkitu diren tresna arruntenak. Industria mota horrek gizaki aurreratu baten berri ematen digu. Izadiarekin etengabeko harremanetan zegoen izaki hura, eta oso ongi ezagutzen zuen bere ingurunea. Aurkitutako aztarnei esker zehaztu ahal izan da munduko eskualdeetan –irizpide tipologikoei kasu emanez– kulturen jarraipen kronologiko bat.

Aipatu irizpide tipologikoetan oinarriturik, nahiko zehatz ezaugarritu daiteke kultura jakin bat, kultura horren tresneriaren ezaugarri tekniko eta morfologikoen arabera, eta, era berean, aztarnategi batzuetako eta besteetako mailen arteko hurbiltasun kronologikoaren seinale izaten da ezaugarri tipologikoak berdintsuak izatea. Horrela, eskualde bakoitzean, kultura jarraipen kronologikoak ezartzen dira, aztarnategietako mailen arabera. Mendebaleko Europatik irten gabe, hauek dira Frantzia eta Iberiako Goi Paleolitosa egituratzen duten aldi edo kultura nagusiak: Chatelperron, Aurignac lehena, Aurignac, La Gravette, Solutré, eta La Madeleine.

Gaur ditugun datuei kasu egitera, eta artean klima sobera gogorra jasan behar bazen ere, Goi Paleolitos aroan, izotz masetatik libre geratzen ziren planetako eskualde gehienetara iritsi zen gizakia. Zenbait kilometro lodiko izotz geruzapean zeuden ipar hemisferioko eskualde handi batzuk eta zenbait uharte salbuetsita, aldi honen azkenalderako, ia planeta guztira hedatua zen gizakia, Amerikak eta Australia barne zirela.

Garai hartako gizakiaren bilakaera sobera azkarra izan zen, eta ehiztari-biltzaile taldeak geroz eta espezializatuago bihurtu ziren. Beren oharmen zorrotzari esker, oso ongi ezagutzen zuten beren ingurunea, eta izadiaren dinamikari aurre hartzeko ere gai ziren. Horrela baizik ez da ulertzen bizirik irautea. Urteko klima zikloen berri jakin beharra zuten, harrapakinei migrazioetan jarraituko bazieten. Xehetasun handiz ezagutzen zuten egutegia, eta bazekiten noiz bildu zitezkeen fruitu, sustrai eta landareak, bai elikadura osatzeko –ehiza eskas zenean,animalia proteinen ordez ere bai–, eta bai beste zenbait erabilpenetarako (tresnatarako edo sendagaitarako, azken hau uste hutsa den arren). Apodunak ziren ehizaki kutiziatuenak (oreinak, ahuntzak, basazezenak).

Badakigu arrantza egiten zutela ere, hala ibaietan nola marea arteko itsas zerrendan (zeregin horietarako tresnak, arrantzatutako animalien irudiak, eta jan hondarrak ere aurkitu dira, nahiz eta arrainen hezur/kartilagoak hainbeste urtetan zehar kontserbatzea ia ezinezkoa den). Biltze prozesua, izan ere, fruitu biltzea baino ondotxoz jarduera zabalagoa zen: itsas ertzeko eta lehorreko soinberak, mota guztietako landarekiak eta animaliak, eta ez jateko baliagarri zirenak soilik (maskorrak biltzen zituzten apaingarritarako, orein adarrak tresnak egiteko edo surtarako, eta beste elementu asko).

Goi Paleolitoseko taldeak aurrekoetatik bereizten dituen ezaugarri nagusia, talde hauen portaera guztietan adierazten den kultura aurrerapena da. Segur aski, Behe Paleolitosean eta Erdikoan baino talde handixeagoak ziren. Nola klima oso gogorra zen, ugariagoak dira leize edo harpeetako aztarnategiak, beste garai batzuetako landa zabaleko egonlekuak baino. Nolanahi ere, komenigarria da estereotipoetatik ihes egitea, hogeita hamar mila urte hartzen dituen aldi batean, zalantzarik gabe, gorabehera termiko asko izango baitziren. Ez da ahaztu behar, bestalde, munduko ia alde guztietara zabaldu zela aldi hartan gizakia, eta hogeita hamar mila urte horietan, urtaroak ere izango zirenez, bizitza baldintzak arrunt aldatuko zirela udatik negura. Horrela ulertzen da munduan ezagutzen diren Goi Paleolitosekoia mila aztarnategiak hain era desberdinetakoak izatea. Aztarnategi klasikoetako batzuk, hala nola Solutré, Pincevent, Dolni Vestonice eta Folstom (bi lehenak Frantzian, hirugarrena Txekian eta laugarrena EEBBetan) ehiztari-biltzaile taldeen landa zabaleko egonlekuak dira. Mota horretako egonlekuak, batez ere, harperik ez zen eskualdeetan, ehizerako leku ona zelako egonlekua ezartzea interesatzen zenetan, edo, klima baldintzak zirela-eta, toki itxi batera jo beharrik ez zenean ezartzen ziren. Nolanahi ere, landa zabaleko egoitzak antolatzeak etxola moduko batzuk eraikitzea eskatzen zuen, eta eskura zituzten materialak erabiltzen zituzten horretarako (zuhaitzak, abarrak, hezurrak, animalien adarrak, animalia handien larruak, etab.).

Aztarnategietan aurkitutakoetatik ondoriozta daiteke bazutela nolabaiteko lotura lurraldearekin, baina ahaztu gabe beti ere talde nomadak zirela. Gaiak eskatzen duen tentu guztiarekin, egungo ehiztari-biltzaile taldeei buruzko lekukotza etnografikoen arabera, badirudi talde haien mugikortasuna eskualde zabal batera mugatzen zela, eta mota guztietako baliabideak ateratzen zituztela lurralde horretatik (jakia, tresnetarako lehengaiak, su egurra, etab.). Eskualde batera mugatzeak urtaro jakinetako nomadismoa zekarren lotuta. Apodunen migrazioak, arrain edo soinberen erritmo biologikoak, eta landarekiak biltzeko eta gordetzeko aro egokiak aprobetxatu beharra zegoen (kontuan izan behar da urtearen parterik handienean elikadura osatzeko erabiltzen zituztela landarekiak, eta ehiza eta arrantza urritzen zirenean berriz, jaki nagusitzat).Lurralde berean kolektibo desberdinak bizi izana berriz, denboraren luzera handiak esplikatuko luke. Gainera, nomadismo mugatu horren argitan ulertzen dira (ehundaka kilometrotako distantziara aurkitu baitira batzuetan) zenbait apaingarri eta tresnaren trukeak. Badirudi baliozkoak jotzen zituzten materialak trukerako erabiltzen zituztela.

Garai hartako giza aztarnek erakusten dutenez, aurreko aldietakoek baino dieta aberatsagoa eta askotarikoagoa zuten, segur aski, ingurunera hobeto egokituak zeudelako.

Baina beste berezitasun funtsezko batzuk ere badira. Nabariena, beharbada, gaur arte iraun duten errealismo handiko arte adierazpenak dira, teknika harrigarriz gauzatuak eta gaurko egunetik argitzen oso zaila gertatzen den filosofia, erlijio edo erritu mailako kontzeptu unibertso oso baten adierazgarri direnak. Nolanahi ere, adierazpen horiei eskainiak daude argitalpen honetako bi atal arte. Aldi honi egozten zaio, baita ere, hildakoak hobiratzeko ohitura zabaltzea (Muster aldian, noizbehinkakoak ziren), beharbada heriotzaz ondorengo bizitzan sinesten zutelako; nolanahi ere, berrikuntza kulturala zen. Ezagutzen diren kasu gehienetan, banakako edo binakako hobietan sartzen ziren gorpuak, nahiz eta aurkitu diren (Txekiako Predmostin, esate baterako) hogei gorpu zituzten hilobiak ere.

Bestalde, ez da harritzekoa hilobiko elementuren bat edo beste (gorpuaren norabidea, jarrera, erantsi diren egiturak, apaingarriak edo tresneria, okrea zabaltzea, etab.) Epipaleolitos edo Neolitosean arruntak izango ziren hileta errituen antzekoak izatea.