Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Islamismoa

Irango iraultza islamikoaren hasiera: Teherango unibertsitateko ikasleak gudarostearen tanke blindatuei aurre egiten.<br><br>

Zilegitze mekanismoak erlijio sineste historikoez baliatzen dira beren mesederako, eta hori dela eta, ez du inor harritu behar munduan hainbeste tirabira politikoerlijioso izateak.

Panislamismoa mendeetan kristauena bezain ahaltsua edo ahaltsuagoa izan den zibilizazio baten defentsazko erreakzioa da, berreraikitze politiko-erlijiosoaren ahalegin bat. Halaber sozialismo errealaren porrotaren ondoren mendebaldeko ideologia liberalari arrakastaz aurre egin dion ideologia «gogor» bakarra da munduan. Ideologia horren lehen pentsalaria, Al Afghani, 1880an agertu zen, Europako inperialismoa goren-gorenean zegoenean. Afghani-k mendebaldeko ideiei egin zien kritika –industriaren aurrerapenak eta modernotasunak basakeria eta gizakiaren zati bat erauztea ekarriko zutela zioena– mende erdi bat geroago Frankfurteko Eskolak egingo zuenaren antzekoa da. Afghani-k eta bere jarraitzaileek herri islamiarren erlijio fede gisa eta kontzientzia historiko-kultural gisa defendatzen dute islama; mendebaldearen aurrean bat egin behar dutela diote. 1928an Senide Musulmanak agertu ziren Egipton, eta gero Sortalde Hurbilean zehar hedatu ziren. Gizarte islamiarrek tradiziora itzuli behar dutela diote.

Nazionalismo arabiarra edo panarabismoa Gerra Handiaren ondoren inperio otomandarra zatikatzearen ondorio da, eta funtsean Koraneko «umma» edo sinesdunen erkidegoaren ideia da, laikotua edo arabiartua; «ummak» hizkuntzaz eta kulturaz arabiar diren herrien erkidego bihurtu behar du.

Horiek dira 50eko hamarraldian eredutzat hartu zen nazionalismo arabiarraren –nasserismoaren– helburuak. Urte batzuk lehenago, 1945ean, Liga Arabiarra sortu zen, panarabismoaren zehaztapen instituzionala.

Baina Egiptoko buruzagi Nasser-en porrotaren ondoren 1967ko Zazpi Eguneko gerran –horrekin batera, Omeiarren inperio islamiar klasikoaren lurraldean estatu-inperio arabiarra sortzeko ideia mitikoak ere porrot egin zuen–, islamismo berri bat sortu zen, ez soilik arabiarra, eta Irango iraultzakbultzatua 1979tik aurrera. Hirugarren Munduan kolonialismoaren ondoren sortu ziren estatu nazionalizatzaileek aurre egin behar izan zieten mugimendu fundamentalistei, beren nortasunaren defendatzaile sutsuak.

Mugimendu fundamentalista horientzat erlijioaren «oinarrietara» itzultzea da beste haien laikotasuna eta mendebaldezaletasuna, zinezkoa edo ustezkoa, borrokatzeko tresna.

Mugimendu horietan islamismoa da garrantzitsuena, islamismo xiia, xiismoaren iraultza eta heterodoxia balioez blaitua. Islamaren joera horren arabera Mahoma-ren ondorengo kalifek ez dute zilegitasunik, islamaren araztasuna lohitu baitzuten. Laugarren kalifa –Ali, Mahoma-ren suhia– araztasun hori gordetzen ahalegindu zen baina omeiarrek indarrez haren lekua hartu eta hil egin zuten. Xii-ak Ali-ren jarraitzaileak dira; sunni-ak, berriz, Omeiarrenak. Ali-ren jarraitzaileak imanak izan ziren; agintari xii-en arabera, hamabigarren imana, Jainkoak gizakien begietatik ezkutatua, lurrera itzuliko da une egokian, Jainkoaren erresuma berriro ezartzera.

Hortaz, sunni-ak ordena ezarriaren defendatzaile izan dira historian zehar, ordena hura Alaren borondatetik datorrela sinesten baitute; xii-ek, aldiz, aginte oro berez gaiztoa dela uste dute, eta beste biderik ez dagoenean bakarrik egin behar zaiola men.

Bestalde, benetako kalifak martirioa pairatu zuelako eta egunen batean imana itzuliko delako teman gogortuta daudenez (gai horrek, bide batez esanda, kristautasuna gogorarazten du), xiismoa behartsuen erlijioa bilakatu da, beren burua botere zanpatzaile batetik aske ikusi nahi dutenena; gizarte aldaketa errotikako batean galtzeko ezer ez eta irabazteko asko daukatenen amets mesianikoa.

Xiismoak sunni-en kontrako gudu guztiak galdu ditu, Iranen izan ezik. XVI. mendean Sefevidatarren dinastiak, turkiar jatorrikoa, jakintsu xii batzuk ekarri zituen berekin Iranera, ulema-k (edo ayatollah-k), eta haiek lege islamiarraz zituzten iritziak –ez dituzte bereizten erlijioa, politika eta gizartea– denen begirunea lortu zuten. 1892tik aurrera ulema irandarrak izan dira Irangoerresumak atzerriko herrialdeekin egin zituen itunen kontrako mugimendu guztietan buru, eta oso gogor oldartu zitzaizkion Pahlevitarren dinastiari, dinastia horretako azken shah-k monarkia tradizionala diktadura mendebaldezale moderno bihurtu zuenean.

Irango 1978ko abenduko iraultzaren garaipenak, Khomeini ayatollah-ren gidaritzapekoak (bera izan zen Quom-eko Teologia Institutuko arima, erbestera joan behar izan zuen arte), ulemen garaipena ekarri zuen. Khomeini-k Chariati izeneko teologo irandar baten pentsaera hartu zuen oinarritzat. 1977an hil zuten Chariati, Londresen erbesteraturik zela. Frantzian Aljeriako FLNrekin harremanetan jarri eta Frantz Fanon-en kultur alienazioaren kontzeptua bereganatu ondoren, xii-en Iman ezkutua noizbait etorriko delako ustearen aldaera politikoa landu zuen: haren zain egoteak ez du esan nahi jarrera pasiboa izan behar denik, alderantziz, iraultza egin behar da gizarte justu eta Jainkoarenganako beldurrak bizitako bat lortzeko. Chariati-k, orobat, xii-en eta sunni-en arteko gorabeherak leundu zituen, ez baitzuen nahi xiismoa indarrez ezar zedin.

Nahasketa lehergarri horrek –ideologia kriptosozialista, batetik, eta xiismo iraultzaile, garbitzaile eta garailea, bestetik– musulman txiroen erreferentzia nagusi bihurtu zuen Irango iraultza 1970-1980 bitarteko hamarraldian. Eta hala, iraultza islamiarraren ideiak arazorik gabe hartu zuen arabiar nazio batuaren ideiaren lekua haien gogoan, azken batean arabiar nazioaren ideia laikoa baitzen eta krisian sartua zegoen azkeneko hamar urteetan. Xiismoaren jarraitzaileek mendebaldeari eta sionismoari ez ezik estatu arabiar berrietan eratu diren elite politiko eta ekonomikoei ere egiten diete aurre.

Izan ere, hainbeste aldenduak ziren eliteok herri xehetik, ezen xiismoak predikatzen zuen harako agintarien zilegitasunik ez hura begien bistako gauza baitzen jadanik herritarrentzat.

Hasieran xii-en gune zaharretan nabaritu zen batez ere xiismoaren eragina –Libanoko hegoaldeko nekazari behartsuen artean, adibidez–, baina laster zabaldu zen eragin hura sunni-en mendeko lurraldeetara ere, Aljeriara eta Marokora, esate baterako.

Islamiar fundamentalismoa du ardaztzat, adibidez, Libanoko Hezbollah erakundeak, Israelen aurka egiteko sortua (1984); edo Erresistentzia Islamiarraren Mugimendu Palestinarrak, Hamas, 1988. urtean sortua, intifada hasi eta OLPk Israelgo estatua ezagutu zuen urtean, hain zuzen; edo Aljeriako Salbamenerako Fronte Islamiarrak (FIS, 1989). Talde horien ustez, lehengo erakunde iraultzaileak boterea eskuratu duten eta beren mesederako erabiltzen duten eliteadira orain (Aljeriako FLN, adibidez), edo horretan ari dira (Palestinako OLP), eta behinola borrokatu zituzten frantziar kolonoak edo judu sionistak bezain mendebaldetartzat dauzkate.

Bestalde, azken urteetan arabiar estatuek izan dituzten porrotak –Sadam Hussein-en erregimen baas-zalearena Irakeko 1991ko gerran, aldez aurretik Estatu Batuek Libian egin zituzten bonbardatze selektiboak barne–, Mendebaldearen gaiztotasun berezkoaren frogatzat hartu dituzte mugimendu horiek, eta, hartara, areagotu egin dute Mendebaldearen kontrako jarrera, haien ezaugarri nagusia.

 

Islamismoen zergatikoak

Islamismoen igoerari lagundu dioten zenbait arrazoi honako hauek dira: Islam ofizialaren eta ezarritako aginteen arteko erlazioa, eta ideologia nazionalisten, liberalen eta sozialisten porrota eta horiek estatu arabiar musulmanetan izan duten eragin ekonomikoa eta politikoa.

XIX. mendean, kultura islamikoko herrialdeetan islama izan zen kolonialismoaren aurkako eragile nagusia. Neokolonialismoaren eraginak eta independentzien ondoren sortutako elite nazionalen handinahiak ekarri zituzten garapen ereduek, nahiz kapitalistek nahiz sozialistek, ez dituzte konpondu gosea, etxebizitzak, autonomia ekonomikoa, baliabide naturaletatik ateratako errenten banaketa bidezkoa, hezkuntza… eta herrialde horietako beste arazo handi asko. Desberdintasunak geroz eta handiagoak dira eta landatik hirirako emigrazio nahasi eta jendetsuak ohiko sare soziala erabat suntsitu du, nahiz eta islama oraindik ere gizarte zibilaren barne-barnean egon.

Hiritarrei parte hartze politiko librea ukatzen dieten eta sindikatuak eta herri erakundeak manipulatzen dituzten errejimen autoritario eta ustelak demokratizatzea izango litzateke konpontzeko dagoen beste kontu bat. Beste batzuk: Estatu Batuek Ekialde Hurbilean duten nagusitasuna, Mendebaldeko herrialdeek hidrokarburoak eta azpiegiturak kontrolatzeko egiten dituzten ahaleginak, etengabeko gerrak eta lurralde zatiketa –askotan kanpotik piztuak-, palestinarren arazoari konponbide zuzenik ez aurkitzea… Auzi hauek ekarritako ondoezak eta atsekabeak zailtasunak baino ez dituzte sortu.

Mezkitak, erlijio gunea izateaz gainera, beste leku batzuetan galerazita dagoen eztabaida politikorako ere balio du. Herrialde hauetan nortasunaren babesgunetzat hartzen dute islama, eta euskarri bakanetako bat dela esan liteke.

 

Islamismoak Giza eskubideen aitorpen islamiar unibertsala (1981)

Islamismoek islamaren irakurketa politiko bat egiten dute gizartea aldatzeko eta islamiar estatu bat eraikitzeko.

Mundu osoan milioika pertsonek Islama erlijioa edo bizimodua ez ezik euren ekintza politikoaren gunea dela pentsatzen dute. Gaur egungo gizartearen arazoak eta erronkak gainditzeko islamaren oinarrizko hastapenetara, testu sortzaileetara, itzuli behar dela uste dute askok.

Baina islam fundamentalistari buruz hitz egitea nahastea sortzen duen anbiguotasuna da: adierazpen inmobilistegietarako aukera eman dezakete, aginte politikoaren zilegitasunaren defendatzaileak (Saudi Arabia) direnak alegia, edo tradizio musulmanaren berrikuste kritikoa eta erreferentziatzat Muhammad profetaren garaiko Medinako erkidegoa izanik, orden sozial eta politiko berri bat eraiki nahi duten adierazpenetarako.

Gaur egungo islamiar mugimenduentzat ez da nahikoa fededuna izatea, ezta islama islamiar arauen legezko erabilpen hutsera murriztea ere.

Bizitzaren osotasuna biltzen duen eta musulman guztiei ekintza pertsonal eta kolektibora deitzen dien ideologia politikoa da. Islamaren historian eta bilakaeran dituzte sustraiak, baina gaur egun ulertzeko moduko erantzunak ematen saiatzen dira. Hassan al-Bannak –Anaia Musulmanen antolatzailea– eta Abu Ala a- Mawdudik –pakistandar Jama-at-islami-aren (1941) sortzailea–jartzen dituzte islamismo hertsiaren oinarriak, islamismo politikoarenak, azken buruan. Abu Ala a-Mawdudik legearen doktoreen (ulemak) boterearen printzipioen arabera definitzen ditu islamiar Estatua eta politika, hau da, herriaren mendekotasunaren eta sistema moral zurrun baten arabera. Nolanahi ere, herrialde bakoitzean berezitasun eta deitura ezberdinak hartu ditu, eta askotan nahastu dira edo elkarren artean artean borrokatu dira.

Ekintza politikoaren eta sozialaren praktikak desberdintzen ditu islamismo kontserbadoreenak beste islamiar korronte erradikal batzuetatik;azken hauek Sayyid Qotb pentsalariaren oinordekoak, islamaren “sunni” bertsioan, edo xiien heterodoxiaren oinordekoak. Lehenengoentzat islama eguneroko bizimoduan txertatzea da garrantzitsuena (otoitzak, baraua, emakumeen estalkia eta emakumeak gune publikoetatik baztertzea), eta topaguneak, klubak, eskolak, kooperatibak, kontsultatze gelak eta karitatezko elkarteak sortuz gizartean eragina izatea. Halaber, eragina izaten dute gobernuetan, haiek erabiltzen dituzten modura erabil ditzaten islamaren printzipioak. Islamismo iraultzaileak mobilizazio politiko zuzena aldarrikatzen du –are bortitza ere, hala behar izanez gero– estatuaren aurka, egitura musulman ofizialen aurka, eta militantzia politikoa eta erlijiozkoa utzi duen gizarteko zati ezjakinaren aurka ere.

Islamismoek pertsona behartsu asko hartzen dituzte euren lerroetan, baina batez ere burgesak, intelektualak, ikasleak eta teknikariak.

Hau da, gizarte sektore urbanizatuak, haien herrialdeetako ekokonomiak kapitalismo pribatuan edo estatu kapitalismoan sartzeak ekarritako krisiagatik pobretu diren sektoreak. Sektore horiei ukate egin zaie, noski, lortu nahi zuten aginte politikoa. Islamismoak modernizazioaren aurkako erreakzio hutsa baino gehiago dira, modernizazio zuzengabe, indibidualista, dekadente, materialista eta xahutzailearen ondorioa dira. Elite abantailuentzat baizik ez den eta gehiengoak lortu ezin duen mendebaldetar kontsumo gizarte jaso bat izango litzateke hori biztanleriarentzat.

Hala ere, 1960-1970 bitarteko hamarraldiaz geroztik ia mugimendu guztiak neoislamismo fundamentalistarantz mugitu dira: proiektu ideologiko, sozial eta politiko eraldatzaile batzuen ordez, egitarau puritano, formalista eta zurrunak hartu dituzte. Saudi Arabiatik, Pakistanetik eta Golkoko Emirrerrietatik datorren finantzatzeak islamismoen norabide berria zehaztu du eta gaur egun gizarte musulmanen islamerako itzulketa agintzen du.Europarako Islamiar Kontseiluak idatzi zuen eta 1981eko irailak 19an aurkeztu zen Parisen, UNESCOren egoitzan, S. Azzam, Islamiar Kontseiluko idazkari nagusiaren eskutik.

Islamak orain dela hamalau mende eman zion gizadiaren gizakiaren eskubideen kode ideala. Eskubide horien helburua da ohorea eta duintasuna ematea gizadiari eta esplotazioa, zapalkuntza eta injustizia desagerraraztea.

Gizakiaren eskubideei buruzko Islamaren oinarrizko ideiak dio Jainkoa, eta soilik Jainkoa dela gizakiaren eskubide guztien Iturria eta Legearen Egilea. Jainkoak emanak direnez, inongo buruzagi edo gobernu, inongo batzar edo agintarik ezin ditu murriztu, indar gabe utzi edo urratu Jainkoak gizakiari emandako eskubideak.

Eta era berean, inork ezin du amor eman eskubide horietan.

Gizakiaren eskubideak, Islamean, ordena islamiarraren multzoaren parte dira eta gobernueta erakunde musulman guztiak daude hitzez eta izpirituz eskubide horiek aplikatzera, ordena horren baitan.

Zoritxarrez, gizakiaren eskubideak munduko herrialde askotan urratzen dira, baita herrialde musulmanetan ere. Eskubide urratze horiek kezkagarriak dira eta mundu osoan gero eta gizabanako gehiago ari da eskubideak errespetatzearen garrantziaz jabetzen.

Giza Eskubideen Aitorpen hau herri musulmanen pizgarri izan dadin nahi nuke, tinko iraun dezaten eta kementsu jardun dezaten Jainkoak eman dizkien eskubideen alde lanean.

Giza Eskubideen Aitorpen Islamiar Unibertsala Koranean eta Sunnan dago oinarritua eta jakintsu eta legegile musulman adituek eta pentsamolde islamiarraren mugimendu eta joera desberdinetako ordezkariek idatzia da.

Jainkoak esker diezaiela ahalegin hori eta eraman ditzala bide zuzenetik.Bruno Etienne, «Islamismo erradikala», Siglo XXI de Espańa Editores, 1996.

 

Xiismoa

Xiismoa islamarekin ados ez dagoen mugimendu nagusia da; gutxienena, mistikoa eta militantea.

Islamaren gehiengoaren korrontea den sunnismoarekiko ezberdintasunik nabariena, profetaren heriotzaren ondoren, erkidego musulmanaren buruzagitzaren inguruan dabil. 657.. rtean, Muawiyak, Siriako gobernadoreak, Mekako aristrokrazia zaharraren laguntzaz, Ali, laugarren kalifa, Mahomaren lehengusu eta suhia, agintetik kendu zuen. Lau urte geroago hil zuten. Aliren fakzioak (xii-a) haren oinordekoen eskubideak defendatuko ditu: gidari espiritual handienak (iman) eta musulmanen alde baterako buruak Aliren ondorengo zuzena izan beharko du, Mahomarena, beraz.

Jainkoaren burujabetasuna herriaren burujabetzan islatzen da, eta honen zuzendaritza imanarengan datza, Jainkoak inspiraturiko pertsona zuzena eta jakintsua. Sunnien eta xiien arteko matxinadak etengabeak dira. Xiiak kalifa ofizialen politikaren aurka daude eta geroz eta zapalduago. 680. urtean, Hussein, hirugarren imana eta Aliren semea zena hil zuten lepoa moztuta. Aitaren eta semearen martirioak garrantzi handiko lekua dute xiismoaren mitologian.

Mugimendu honetan pasioa, sufrimendua eta pekamena gai nagusiak dira.

Doktrina xiiak ohiz kanpoko eta hutsezinezko boterea ematen die imanei. Profetaren ondorengoak dira eta beren baitan titulartasun politikoa eta erlijiosoa biltzen dituzte. Islamaren korronte honetan aurkatasun bat dago itxurakoaren eta ezkutuaren ezagueraren artean; zapalkuntzaren ondorio izango da seguraski, etabaita ideologian eta praktikan kanpoko ideien aurkako erresistentzia gogorraren ondorio ere.

Xiismoak, beraz, garrantzi handia ematen dio arrazoian eta gogoetan oinarritutako interpretatzeko ahaleginari.

Imanen ondoretasuna eten egin zen azken imanarekin. Xiismoaren barruko talde ugarien desadostasunak honekin dute zerikusia. Zaidiak daude, ismaildarrak, azken hauek zazpigarren imanaren jarraitzaileak, Mohamed hamabigarren imanen aldekoak eta beste zenbait mugimenudu (drusoak, alauitarrak,…). Gehiengoak hamabigarren imanaren jarraitzaileak dira, Iran, Libano eta Iraken batez ere. Imana bizirik dago, baina desagerturik. Mahdi edo “Jainkoak ondo gidatutako”-aren irudian irudikatzen da berezitasun mesianiko hau. Mahdiren itzultze askatzaileak bakearen, justiziaren eta egiaren garaipena izango da. Hemen ez dagoen bitartean, xiiak aurrez aurre borrokatu dira agintearen aurka, eta beste batzuek, berriz, bizirik irauteko, agintearekin elkarlanean aritzea nahiago izan dute. XVI. mendean, safauiar dinastiak hamabigarren imanaren aldeko xiismoa Irango erlijio ofizialtzat hartu eta erabili zuen, Estatua errazago menderatzeko, erlijioso xiiek independentzia eta ahalmen kritikoa gorde bazituzten ere. 1979ko iraultza islamiar estatua sortzearekin amaitu zen. Politikaren erabiltzearen eta kontrolaren aldeko mollah xiien sektoreak zuzenduta zegoen.

Xiiak biztanleria musulmanaren %10 dira: Iranen, Libanon, Iraken, Afganistanen, Pakistanen, Yemenen iparraldean, Arabiar-Pertsiar golkoan eta Turkian bizi diren 100 milioi sinestun inguru.

 

Ruhollah Khomeini (1902-1989)

Ruhollah Khomeini ayatollah-k (“Jainkoaren ikur miragarria”) Qom-en egin zituen teologia ikasketak, xiismoaren gune espiritualetako batean. 1962. urtean sharen erreforma ekonomikoen aurka zegoen aktibista nabarmena zen eta klero xiiaren interesen aurka jotzen zuen. Erbesteratu behar izan zuen Irakera eta Frantziara. Han milioika iraniarren ikur bihurtu zen eta 1979ko iraultza islamikoa sustatu zuen. Urte horretan bertan, otsailean, garaile itzuli zen Teheranera eta gobernu berriaren buruan jarri zen. Khomeinik Estatuari buruzko teoria berri bat proposatu zuen: tradizio xiiari jarraituz ezkutaturik dagoen hamabigarren gidariaren (iman) berragertzea itxaroten den bitartean, fededunen erkidegoaren zuzendaritza, legelariaren (erlijio idatzien interpretari jakintsua) eta teologoen (mollah) gobernuari edo tutoretzari egokitzen zaio. Tesi politiko hau (wilayat-i faqih) berrikuntza kontserbadorea da eta xiismoaren hastapen demokratiko eta sozialak indargabetzen ditu, Khomeinik baztertutako beste islamiar gidari batzuen interpretazioaren arabera; azken buruan iraultza geldiarazten du eta diktadura pertsonal eta erlijioso bihurtzen du. 1987an mollah aberastu eta ustel batzuen boterea gehiegizkoa dela ohartzen da eta doktrinaren biraketa bat saiatzen da, baina ez da garaiz iristen. 1989an hiltzen da, errejimenaren joera ezberdinen arteko borroka gogor baten erdian.

 

Irango iraultza

Zenbait mobilizaziok, gazteen eta emakumeenek batez ere, islam politiko xiia berritzea eskatzen dute.1979ko otsailean Iran Islamiar Errepublika bihurtu zen, zenbait urte lehenago sortutako uhin iraultzaileak Reza Sha Pahlevi eta haren gobernua erorarazi ondoren. 1960-1980 bitarteko urteetan berretsi egin zen errejimenaren izaera diktatoriala, zeinak ikaragarrizko errepresio politikoa bideratu zuen oposizioaren aurka. Orobat berretsi zen Estatu Batuekiko adostasuna, haiek Golkoko jendarme diren neurrian, eta Iranek –Sharen gortearen kidekoa den burgesia handiaren gidaritzapean– petroliogintzan, azpiegituretan eta merkataritzan interes handiak dituzten atzerritar konpainiei emandako kapitalismorantz duen joera ere. Modernizazio kapitalista hori dela eta, lurra desegituratzen da, batere kontrolik gabe urbanizatzen da eta behartasuna hazten da, industria langile klasean, nekazarien artean eta bazarretako denda txikietan batez ere.Ikasleak eta langileak, hauetako asko Tudeh alderdi komunistaren edo islamiar erakunde sozializatzaileen aldekoak, burgesiaren sektore liberalak, bazarretako merkatari gehienak eta “mollah-ak” (behe hierarkiako erlijiosoak) izan ziren pizte iraultzailearen protagonistak. Shak zapaldu ezin izan duen gizarte zibilaren indar bakarra da islama, beraz iraultzaren oinarri ideologiko nagusi eta motor antolatzaile bihurtzen da.

Ali Shariati, erlijioso baten semea, iraniar protestarenbultzatzaile nagusietako bat da, Khomeini bera baino areago. Islama eta bereziki xiismoa, mendebaldeko inperialismoaren aurka, izaera nazionalista eta hirugarren munduko indar iraultzailea bezala aurkeztean datza Shariatiren mezuaren eraginkortasuna; zenbait kode marxista biltzen dituen analisi sozialarekin; ekintza politikora eta Muhammad profetaren eta erkidego musulmanaren lehen garaietako garbitasunean oinarritutako berritze erlijiosora zuzendutako islama. Hala ere, behin islamiar Errepublika ezarriz gero, mugimendu islamistaren alderik kontserbadoreenak irabazi zuen.

Berehala baztertu zituzten politikaz kanpo kokatu nahi zuten tradizionalista erlijiosoak eta erlijioari begira irekiagoa zen eta eraldatze sozialak lortu nahi zituen ezkerra, bai laikoa bai islamikoa.Ondorengo urteetan, Khomeini desagertu zenetik gaur egun arte, korronte guztien arteko itun eta liskar joko korapilatsua da nagusi Iranen.

Iraultzaren gidari berria den Ali Jamenei inmobilistaren eta estatu burokrazia menderatzen duen presidente hautetsia den Hachemi Rafsanyaniren hitzarmenak errejimenaren liberalizazioa eskatzen duten lehenengoetariko bat eta orain zainpeko egoitzan dagoen Montazeri ayatollah-a buru duten islamista kritikoak gobernura igotzea oztopatzen du. Estatu burokrazian funtzionari eta teknokrata bihurtutako klero xiiaren kargu pila batek botere handia duela jakin beharra dago. Lehenengo biek liberalismo ekonomikoa bultzatzen dute, baina honek arazoak pilatzen ditu: kanpoko zorra 30.000 milioi dolarrekoa da; oinarrizko produktuenprezioak igotzen dira; industria sektorea, petrolio esportazioen mende dagoena, zaharkitua geratu da eta merkataritza Estatu Batuen enbargoaren azpian dago. Ez da ekonomia erreformarik burutzen, eta aberatsen eta behartsuen arteko ezberdintasunak handitzen dira, errenta gehienak islamiar fundazioetara eta klase politikoaren zati handi batera doazen bitartean. Gizartea ez dago pozik. Matxinada asko egiten dira, bai eta gogor zapaldu ere.Hala ere, azken bi urteetan, gizarteak hezkuntzarako sarbide handiagoa izatearekin eta egitura sozialen modernizazioaren zenbait onurarekin batera, hasi da zerbait aldatzen Iranen.

1996ko martxo-apirilean, Majlis-erako (parlamenturako) hauteskundeetan, oposizioa birsortzen da eta 1997ko maiatzeko hauteskundeetan Mohamad Jatamik, hautagairik moderatuenak, lortu zuen lehendakaritza: 20 milioi boto baino gehiago eskuratu zituen; kontserbadoreek, berriz, 9 milioi baizik ez. Jatamik errejimena kanpora irekiko duela adierazi du. Hala eta guztiz ere, estatuaren eta Iraultzaren Defentsa eta Zaintze Kontseiluek (itzalean dagoen supergobernu moduko bat eta Auzitegi Konstituzionala), beste erakunde harritu batzuekin batera, eta Jamenei gidari gorenak aurre egiten diote laisatze horri. Agintea lortzeko borroka gogor eta korapilatsua sortzen da. Baina edozein askatasun zirrikitu baliaturik, sektore batzuk –ikasleak, intelektualak eta zenbait emakume elkarte, besteak beste– pluralismo politikoa, adierazpen askatasuna eta erlijioak bete behar duen paperari buruzko eztabaida handia egin dadin eskatzen hasiak dira.

 

Irak-Iran

1980-1988: bi etsai historikoren arteko gerra antzua Bere baitan Iraken hidrokarburoen %30 eta Iranenen %90 gordetzen dituen lur eremu batengatik borrokatzen dira Irak eta Iran (mendebalderako petrolioaren %25 ere handik igarotzen da). Ondorioa latza eta garestia da: milioi bat hil, haietako asko zibilak, eta 500.000 milioi dolarreko galera ekonomikoak. Gerra honen sustraiak aspaldikoak dira, Mesopotamia eta batez ere Shatt al-Arab kontrolatzeagatik otomandarren eta pertsiar-safawien inperioen arteko liskarren garaikoak hain zuzen ere. Tigris eta Eufrates ibaiek lurralde hau zeharkatzen dute arabiar-pertsiar Golkoan isuri baino lehen. Ondoren Sobietar Batasunetik gertu zegoen Irak baaszalearen eta Estatu Batuen aldekoa zen Reza Pahlavi sha-ren Iranen arteko liskarra izan zen. 1975eko bake itunak bitan banatu zuen Shatt al-Arab, eta Golkoko zirkulazio librea ziurtatu zuen. 1979. urtean Iranen islamiar iraultza garaile ateratzeak arazoa areagotu zuen. Teherango agintariak, biztanleriaren gehiengoa diren Irakeko xiien laguntzaz Bagdadeko errejimena erorarazten saiatzen dira.1980ko irailean Sadam Hussein-en errejimena Iran-en sartzen da indarrez. Iranek erasoari aurre egin ez ezik Irakera zabaldu zuen gerra 1982.. rtetik aurrera.

Iraken helburuak honako hauek dira: Shat al-Arab eta Khuzistan irakiarra berreskuratzea; islamiar iraultza geldiaraztea, arriskuan jartzen baititu Saudi Arabia eta Golkoko Emirrerriak, bere aliatuak; eta buruzagitza berreskuratzea arabiar munduan. Eta barne politikako arazoak konpondu nahi ditu bide batez: arerio historiko baten aurkako gerrara deitzerakoan goranzko oposizio komunista baliogabetu nahi du –kurduen gerrilla iparraldean eta xiiak hegoaldean–, iraniar anaien garaipenaz gero harroturik baitabil.

Teheranen ere antzeko arrazoiak. Erresistentzia nazionalak, iraultzaren gelditasunak desliluraturiko biztanleria mugiarazteko bidea ematen du, armada berri bat bermatzen du eta apaizteriarik kontserbadoreenak erreformak baliogabetzea eta errejimenaren joerarik liberaleenak ezabatzea justifikatzen du: Bani Sadr presidenteak erbesteratu behar izan du eta muyahidin-ak eta Tudeh-ko komunistak buru dituen ezkerra zapaltzen da.

Mugaz alde batera eta bestera eraso asko egin ondoren, borrokalarien nekea dela eta, berdinketaegoera sortzen da. 1988an Khomeiniren gobernuak su etena onartzen du, NBEk hainbat aldiz hala proposatu ondoren. Lehenik eta behin fronte guztietan izandako galera izugarriengatik –hegoaldean batez ere, 1982an irakiarrek Fao uhartea berreskuratu baitzuten–; helmen handiko misilek eta arma kimikoek hirietan egindako kalteek biztanlerian sortutako etsipenagatik; eta azkenik, iraniar politikaren aldaketagatik (Hashemi Rafsanjani errepublikako lehendakari hautatua izana Mendebaldearen aldeko aldaketaren hasiera izan zen iraultza islamiarrarentzat).

Irakek ere gerra amaitu beharra du, galera ekonomikoa izugarria baita: 80.000 milioiko kanpo-zorra, eta beste hainbesteko inbertsioa suntsitutakoa berregiteko. Saudi Arabia eta Kuwait dira hartzekodunak, eta Golkoko gerraren (1990-1991) berri ematen dute. Sadam Husseinek iraniar presoak askatzea onartzen du, okupatu zituen lurraldeetatik ateratzen da eta 1975eko Argeleko ituna lortzen da. Horra ezertarako balio izan ez duen gerra bat.Gerraren balantze laburra: milioi bat hildako, bi milioi iheslari, bi auzo herrialdeen etorkizun ekonomikoarentzako hipoteka neurgaitzak.

 

Pertsiar golkoa sutan

1990eko abuztuaren 2tik 1991ko martxoaren 3ra Sadam Hussein irakiarraren hutsegite batek sendotu egiten du Estatu Batuek Ekialde Hurbilean duten nagusitasuna.

1990eko abuztuaren 2an, irakiar soldaduak Kuwaiten sartu ziren, hiriburuaz berehala jabetu ziren eta txotxongilo-gobernu bat izendatu zuten. Saad Al-Sabah jekeak eta bere familiak ihes egin zuten.

Irakiarrek Kuwait hartu dute, horri erantzuteko Estatu Batuek egitasmo diplomatiko bat antolatzen dute berehala zenbait frontetan.

NBEk bi erabakien alde bozkatzen du: lehenik, irakiar indar guztiak emirrerritik berehala eta baldintzarik gabe irtetea eskatzen dute eta bigarrenik –aho batez, Kubaren eta Yemenen aurkako botoak eta Txinaren abstenzioa izan ezik– indarra erabiltzeko baimena ematen dute. Horrekin batera, nazioarteko itun politiko-militarra egiten da, arabiar herrialde lagunak barne, eta bide batez Mosku eta Pekinekiko adierazi gabeko hitzarmena egiten da edo gutxienez haien neutraltasuna lortzen da, barneko arazoak direla eta zeharo ahulduta baitaude, eta gatazkari konponbide baketsua aurkitzeko bitartekotzaekimen batzuk oztopatzen dira. Aldi berean, gerrarako makineria prest dago: Estatu Batuek 26 herrialdetako 700.000 soldaduko gudaroste bat zuzentzen dute (hauetatik 515.000 Estatu Batuetakoak dira). Gudaroste hori mendebaldetar eta arabiar aliatuek finantzatu dute 40.000 milioi dolarrekin, eta prest dago Saudi Arabiatik eta alboko itsasbazterretatik “Basamortuko Ekaitza” martxan jartzeko.

NBEren ultimatuma onartzeko epea amaitu eta hogeita lau ordu geroago, hau da, 1991ko urtarrilaren 16an, hasi ziren erasoak. Hilabete baino gehiagoko epean airetiko 100.000 erasoaldik, irakiar indar militarra eta Kuwaiten zeuden irakiar soldaduak suntsitu zituzten, eta baita Irakeko instalazio ekonomiko, tekniko eta zibil ugari ere. Sadam Husseinen gudarosteak Scud misilak jaurtitzen ditu Israelen aurka, nahiz eta Israel gerraz kanpo egon, Saudi Arabiaren eta Bahreinen aurka, kalte handirik egin gabe, eta su ematen die kuwaitiar petrolio putzuei. Otsailaren 24ean nazioarteko koalizioaren soldaduak Kuwaiten eta Iraken sartu ziren eta hiru egunetan armada okupatzailea kanpora bidali eta Basoraraino iritsi ziren. Azken borrokak otsailaren 28an amaitu ziren. Martxoaren 2an NBEren Segurtasun Kontseiluak su etenerako baldintzak ezartzen ditu eta hilaren bukaeran Bagdadek onartzen ditu: Kuwaiten mugak 1963koak direla aitortzea, gerrak sortutako kalteen ordainak ematea, arma kimikoak eta biologikoak suntsitzea, enbargoaren jarraipena, eta abar… Gerraren amaierako nahasmenduan, Iraken iparraldeko biztanleria kurduaren zati handi bat eta hegoaldeko xiiak errejimenaren aurka altxatuziren, baina zapalduak izan ziren. Nazioarteko koalizioak protesta hori hasieran indartu bazuen ere, ez zuen ezer egin zapalketa horren aurka.

Ekintza militarra ere ez zuen burutu, ez baitzuten Sadam Hussein erorarazi. Estatu Batuek ez dute Irak osoa okupatu nahi, alde batetik ez dutelako beren mende jarriko den alternatiba politiko garbirik, eta bestetik ez dutelako nahi arabiar aliatuak beren aurka jartzea. Ez dute Irak zatitzea nahi. Hegoaldean Iranekin elkar litekeen xiien enklabea egon liteke, eta iparraldean beste bat, kurduena. Azken hau Estatu Batuen aldeko joera duen Turkiako kurduentzat eredu izan bailiteke. Irakiar burujabetza mugatzea erabakitzen da 36. paralelotik iparraldera eta 33. paralelotik hegoaldera babes guneak sortuz, bai airetikoak bai militarrak ere, eta estatubatuar militarren presentzia jarraitua justifikatzen duten zaintze eta zigor sistema bat ere sortuz.

Gerraren biktima nagusia ez da oraindik agintean jarraitzen duen Bagdadeko errejimena, irakiar biztanleria baizik. Ia 150.000 hildako izan dira eta aliatuen lerroetan, berriz, 466. Hildako horiez gainera oinarrizko azpiegituren suntsitzea hartu behar da kontuan, eta, zazpi urte geroago, blokeo ekonomiko gogorrak jarraitzen du. Horrek guztiak herrialde honen behartasun, mendekotasun eta ahultasun iraunkorra ekarri du eta, halaber, milaka pertsonen heriotza, hauetako asko umeak, nazioarteko erakunde batzuen datuen arabera.

Pertsiar golkoko gerrak Estatu Batuei bakarrik egin die mesede. Eskualdearen lurpeko aberastasunen gaineko nagusitasunari eusteaz gainera eta arabiar estatuetan zuten eragin politikoa nabarmentzeaz gainera, eremu horretako merkatu militarretatik eta zibiletatik mendebaldeko lehiakideak kanporatu dituzte neurri handi batean, arma pila bat saldu eta Kuwait berreraikitzeko sekulako kontratuak egin baitituzte. Jokaldi berean Washingtonek palestinatarren eta israeldarren artean bake prozesu bat ezartzeari ekin dio. Bake prozesu hori ondoko hiru puntu hauen mende dago: 1967an Israelek harturik dituen palestinatar lurraldeen zati handi baten behinbetiko anexioa, palestinatar estatu burujabe bat sortzea erabat ukatzea, eta azkenik, palestinatar ekonomia gatibu ezartzea, israeldarren aurka inoiz lehia ez dadin. Hau guztia arabiar herrialde moderatuekiko harremanak bilateralak izanda; banan-banan beti, herrialde haien ekonomia ahula izan dadin ziurtatzeko, batetik, eta Estatu Batuen eta honen aliatu handiena den Israelen hegemonia ekonomiko, militar eta politikoaren mende egon dadin ziurtatzeko, bestetik.

Hala ere, arabiarrentzako baldintza gogor horien bitartez eskualde honen oreka eta bakea lortu ezin direnez, gatazka eta mehatxu berriak sortu dira Ekialde Hurbilean.

Kuwaiten inbasioa, 1990eko abuztuaren 2an, Irakek Pertsiar golkoko zenbait emirrerriren aurka egin zituen salaketen azkena izan zen.

1980. urteaz geroztik Kuwaitek irakiar lurraldetikpetrolioa ponpatu duela dio Bagdadeko errejimenak, eta 2.400 milioiko kalte-ordaina eskatzen dio. Bestalde, Iraken zuzpertze ekonomikoa eragozteko asmoz (Irak zeharo porrot eginda dago Iranen aurkako gerragatik), Saudi Arabiaren eta Kuwaiten eragina dela eta, LPEEk petrolioaren ekoizpena eta upelaren prezioa murriztu dituela esaten du. Sadam Husseinek zenbait helburu bete nahi ditu bere indar ekintzaren bitartez: Kuwaiten finantza boterea kudeatzea, bere petrolio baliabideak gehitzea (Irakek munduko gordekinen %19 kontrolatuko luke), Arabiar-Pertsiar Golkorako sarbidea zabaltzea, Bagdadek aspaldi eskatutako Warba eta Bubian uharteez jabetuz, eta azken batez, zatitutako arabiar mundu baten buruzagitza lortzea. Handinahiak itsuturik, irakiar diktadorea ez da ohartzen nazioarteko harremanak aldatu direla: Sobietar Batasunak lagunduko diola pentsatzen du, eta Iranen aurkako gerran Estatu Batuek lagundu diotenez, ez adituarena egingo dutela uste du. Ez du ulertzen Washingtonek jarritako tranpan erori dela, aspaldi baitzuen gogoa Washingtonek eskualde osoan arlo estrategiko berri bat izateko.

Estatu Batuek emaitza bikainak lortzeko aitzakiarik onena gatazka armatu bat piztea da: inguru honen petrolio baliabideen kontrola ziurtatzea, munduko gordekinen %65, alegia; Israelen lehiakide izan litekeen Iraken zuzpertzea eragoztea, eta baita haren gaitasun teknologikoa eta ekonomikoa deuseztea ere. Aldi berean, Estatu Batuek zatiketa arabiarra sakondu nahi dute. Intifada altxamenduagatik Israel ahulduta zegoenez, nazioarteko erkidegoak arazo hau zuzentasunez konpon zezan, arabiarrak guztien arteko fronte bat sortzen hasiak baitziren. Halaber, Washingtonek merkatu arabiarren erabilgarritasuna ziurtatu nahi du eta baita haien petrodolarrak ere, eskualde osoan nahi duen bezala inbertitu ahal izateko. Azkenik, nazioarteko buruzagitza izan lezakeen herrialde bakarra bera dela frogatu nahi dio mundu guztiari, bere indar militar ikaragarria erabiliz, beharrezkoa baldin bada, Nazio Batuak ere bere zerbitzuan jartzen dituelarik.Golkoko gerran Irakeko gudarostea (munduko bosgarren gudaroste handiena, ia milioi bat soldadu, 5.500 tanke astun, 10.000 ibilgailu blindatu eta artilleriako 4.000 pieza) ez zen ongi moldatu ondoko arrazoi hauek zirela-eta: 1. Indar aliatuen osteak baino kalitate apalagoa, bikain prestatutako eta arma modernoez hornituriko bolondresez osatuak baitziren haiek.

2. Arma blindatuekin egiten den gerra modernoak aireko eta lurreko indarren erabateko koordinazioa eskatzen du. Indar aliatuek nagusitasuna lortu zuten airean, eta irakiarrek ez zuten aireko indarren laguntzarik jaso.

3. Scud misilak ez ziren eraginkorrak gertatu, huts egin zuten askotan eta balen kontrako Patriot misilek indargabetuta gelditu ziren beste asko.

4. Irak estrategikoki bakarturik zegoen, eta ez zeukan benetako aliatu indartsurik. Arabiar potentzia nagusi gehienak etsaiek osaturiko koalizio indartsuko kide ziren.