Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Ikerketa gizarte zientzietan

Gizarte alorreko ikerketak Grezia klasikoaren garaietatik ezagunak badira ere –hor daude Herodoto eta Aristotele-ren lanak–, egun ezagutzen ditugun ikerketateknikak ez ziren XVIII eta XIX. mendeetara arte erabili. Bi tradizio hasi ziren garai haietan bereizten: ikerketa orokorrak, metodologia planteamendu teoriko batzuk ere aintzat hartzen zituztenak, alde batetik, eta gizarte arazoei buruzko ikasketa enpiriko zehatzak, industria iraultzarekin batera hasi zirenak eta gizarte errealitatea aztertzeko tresneria berezia sortuko zutenak, bestetik.

A. Comte-k (1798-1857), Soziologiaren aitzindaritzat hartu direnetako batek, zehaztu zituen gizartearen gaineko zientzia naturalista baterako oinarriak, bere ideiak kontrastatzeko halako ikerketa enpirikorik sekula bideratu ez zuen arren; Comte-ren arabera, gizarte izaerako gertakariak fenomeno naturalen antzera har daitezke eta, horrenbestez, haiek bezala behatu eta aurreikusi (Comte, 1957; 1964; 1965). Bell-ek (1984) azpimarratuko zuen bezala: «Hiru burubide hartu zituen aintzat Comteren ikuspegi sinoptikoak: fenomeno guztiak daude lege natural aldaezinen mendean; lege horiek zientziaren metodoen bitartez, indukzioz eta dedukzioz, bereizi eta zehazta daitezke; eta giza pentsamenduak maila teologikotik maila metafisikora eta postibora eginiko bideak argiro erakusten zuen ezagutzaren hedapena, eta errealitatearen atalarri berri bat ageri zen orduan bilakaera haren eskutik».

Comte-k proposaturiko metodo zehatzak ditugu behaketa (eta neutroa ezin dela izan dio, teoria batek gidatu eta haren arabera interpretatuko baita beti), esperimentazioa (zuzeneko esperimentazioa) eta alderaketa (gizarte bilakaeraren estadioak alderatzeko aukera eskaintzen duena). Metodo historikoa ere gehitu zien aurreko hiru metodoei bere Filosofia Positiboaren Ikastaroko 48. Ikasgaian, gizarte bilakaera ezagutu ahal izateko.

Spencer (1820-1903) ere saiatu zen, bere Soziologiaren hastapenak liburuan,gizarte gertakariak lege aldaezinen ondorio direla frogatzen, haren obran erreferentzia metodologiko zehatzik ia ez dagoen arren.

John Stuart Mill-ek (1806-1873), bestalde, zuzeneko ikerketa soziologiko enpirikorik bideratu ez bazuen ere, Comte-ren planteamenduen aurka jo zuen, bere Logika sistema obran (1843) inferentzia induktiboari begira zehaztu zituen arau batzuen bitartez. Gizartearen ikerketarako datuak sortzeko eta lortzeko estrategia nagusiak sistematizatu zituen Mill-ek bere obran.

Halaz ere, soziologiaren teoriaren aurrekoa da gizarte inkestak, behaketa lanak eta helburu praktikoei begira, teoria mailako arazoetatik aparte, datuak jaso ondoan eginiko azterlanak oinarritzat hartzen dituen gizarte ikerketa enpirikoa, eta soziologia akademikoa eta, areago, bilakaeraren eta gizartearen gaineko teorizazioa baino lehenago hasi zen historia luze, garrantzitsu eta interesgarri bat du.

Halatan, John Howard-ek (1726-1790) bideratu zituen lehen gizarte ikerketa «modernoak», bere Ingalaterra eta Galesko presondegien egoera ikerlanaren bidez.

Kartzeletako egoeraren gaineko estatistika deskribatzaile honetan presoen sailkatze moduei, kartzela zainen kopuruari eta beste hainbat xehetasuni buruzko datuak eman zituen. Kopuru-datu hauekin batera, presondegietan eginiko elkarrizketak ere argitaratu zituen. Ikerlan hura bukatu eta beste bati ekin zion 1789an Europako lazareto nagusien mapa osatzearren; helburu hari begira, lazareto haietako batean bizi izan zen, Veneziakoan hain zuzen ere, eta egonaldi bat ere egin zuen ontzi kutsatu batean. Egun etnografikotzat hartuko genukeen metodologia batez baliatu zen hainbestean.

Howard-en ekarriak garrantzi handikoak izan ziren, helburu baten mendean ezarri baitzuen bideratu beharreko ikerketa oro. Metodologia eta datu-bilketarako teknika zehatzak erabili zituen: barne-behaketa, elkarrizketa eta ondoko datuen azterketa(hala estatistika datuenak nola dokumentuenak), eta helburu teoriko-praktikoak dituzte gainera hark aurkezturiko datuek: egoera bat deskribatzen da halako ezaugarriak dituen jende-multzo baten bizi baldintzak hobetzearren.

Howard-en ondotik, funtsezko ekarria egin zuen Adolphe Quételet-ek (1796- 1874) aurkeztu zuen gizarte ikerketa enpirikoaren eta, horrenbestez, dagoeneko zientziatzat hartuko zen Soziologiaren garapenerako, gizarte mundutik kanpo zegoen arlo batetik (astronomiaren mundutik, hain zuzen ere) abiatu bazen ere. Probabilitate-matematikaren eta gizarte errealitatearen gaineko ikerketa enpirikoaren arteko bateratzerako oinarriak finkatu zituen autore honek eta gizartearen eta demografiaren alorreko ikerketa kuantitatibo garrantzitsuak bideratu zituen era berean. 1835ean Gizakiaz eta giza ahalmenen garapenaz: gizarte fisikaren gaineko saiakera izenaz argitaratu zuen obran, ezaugarri batzuk kopuruen arabera sailkatu ez ezik, saiatu zen gizarte portaeran halako erregulartasunak zehazteko behar ziren aldagaien arteko harremanak agerian uzten eta matematika ereduak soziologian aplikatu zituen lehena izan zen horrenbestez. Aldagaien azterketan eta alderaketan oinarrituriko gizarte lege hauek erregulartasun enpirikoen bitartez egiazta zitezkeen eta horregatik izango ziren Gizarte Zientzia berriaren oinarria.

Quételet-en obra argitara eman ondoren, haren eta Comte-ren arteko eztabaida izan zen, «Gizarte Fisika» terminoa zela-eta, eta «Soziologia» izena eman zion Comte-k bere zientzia berriari, «oro har, gizartea industriaren garapenaren araberako arrazionaltasun instrumental edo teknifikatzailearen mendean ezarritako natura esparruen pare jarriko duen saiotzat har dadin» (Rodriguez Zuñiga, 1992).

Quételet ekarri kuantitatiboez arduratua zebilen garai hartan, ikuspegi kualitatibotik hasi zen Frederic Le Play (1806- 1882) ingeniari frantsesa industriaren zabaltzeak Europako langile familietan zuen eragina aztertzen, eta estatistika ofizialen erabilera arbuiatu zuen soziologiaren praktikan eraginkorrak ez zirelakoan. Helburu horri begira, ikerketa egin ahal izateko, hainbat herritako hogeita hamasei familia lanbide desberdinekoen artean bizi izan zen eta, ikerlan haren fruitu gisa, 1855ean argitaratu zuen bere Langile europarrak liburu ospetsua, gizarte ikerketarako tekniken garapenean eragin handia eduki zuena. Izan ere, barne-behaketaren araberako baliabide metodologikoak erabili zituen, kasuak banan-banan aztertuz, eta teknika kuantitatibo batzuk erabili zituen era berean, hala nola galdetegiak edo familia aurrekontuen azterketa estatistikoa.

Berritasun garrantzitsu bat ekarri zuen Charles Booth-ek (1840-1914) gizarte ikerketaren alorrera, lehen aldiz bultzatu baitzuen talde-lana Londresko biztanleen lana eta bizimodua izeneko ikerketan (1889- 1891). Londresko auzoetan (ausaz aukeratu ziren bizilekuak) bizi ziren langileekin eta beste pertsona batzuekin, sendagile eta eskola-irakasleekin bereziki, eginiko elkarrizketak izan ziren lan haren oinarri nagusia.

Elkarrizketa haietatik abiatuta, pobreziaren, marjinazioaren, giza ustelkeriaren eta dirusarreren arteko erlazioa zehaztu nahi izan zuen kopurutan. Bigarren industria iraultzaren ondoan, ikerlan hura berretu zuen H. Lewllyn Smith-ek, eta horrenbestez zehaztu ahal izan zituen bigarren iraultza haren ondorioak. Halaxe bideratu zen ezagutzen dugun lehen alderatze-ikerketetako bat.

Ikerketa hauek Britainia Handian bideratu ziren aldi berean, Gizarte Zientzietan berealdiko garrantzia izango zuten ikerketa enpiriko batzuk ari zen egiten E. Durkheim (1857-1917) Frantzian, gizarte teoriaren eta ikerketaren arteko elkargunearen bila ari baitzen. Durkheim-en lanak ez ziren ikerketa zehatzetara mugatu, Gizarte Lanaren banakuntza (1893) edo Suizidioa (1897) lanek iradokitzen diguten bezala, eta oraingo honetan bereziki interesatzen zaigu soziologiaren metodologiaz idatzi zuen liburua, gai horri bereziki heldu zion lehena: Metodo soziologikoaren arauak, 1895ean argitaratua.

Ikerketari ekiterakoan aurreiritziak saihestu beharra, aztertuko diren fenomenoak aurrez zehaztu eta mugatu beharra, azpimarratu zuen Durkheim-ek obra hartan, baina, batez ere, agerian utzi zuen gizarte gertakariek guztizko autonomia dutela subjektuen aurrean eta gauzatzat hartu behar direla horrenbestez. Berebiziko eraginaizan zuen ideia honek metodologia soziologiko enpirikoaren garapenean eta, zehazkiago, gizarte ikerketarako tekniketan, ideia horren pean jardun baitu neurri handi batean ikerketa soziologikoak mende honetan guztian zehar. Garrantzi handia izan du honetan L’Année sociologique, Durkheim-ek sortu eta, lehen garaietan, gidatu zuen aldizkariak.

Alemanian, esparru akademikoetan landu zen soziologia zientzia gisa: zehazkiago, 1844an argitaratu zuen F. Engels-ek (1820-1895) bere Klase langileen egoera Ingalaterran obra eta F. Tönnies-ek (1855- 1935), Quételet-en tradizioari jarraituz, soziografia hitza sortu zuen datuen bilketa estatistikoa zientzia mailara jasotzeko asmoz.

K. Marx-ek (1818-1883), bestalde, ongi ezagutzen zituen Quételet-en obra eta gizarte inkesten tradizioa. Bottomore-k (1976) adieraziko zuen bezala, Marx-ek bereziki azpimarratu zuen errealitatearen behaketa enpirikoaren beharra gizarte ikerketaren ezinbesteko jardunbide gisa.

Bestalde, M. Weber-ek (1864-1920) langileen lan-egoerari buruzko ikerketa enpiriko batzuk egin zituen, eta galdetegiez eta zuzeneko behaketaz baliatu zen horretarako; interesa ere agertu zuen teknika kuantitatiboen aurrean, berriemaileen hautapena eta galdetegien diseinuaren hobekuntza aintzat hartu zituztenak batez ere. Weberenean, zientziaren araberako objektibotasun mugatzaile bat aintzat hartu ezina zen azterketa soziologikoaren arazo nagusia: atzemaniko datuak eta erlazioak ez dira objektiboak ulergarriak ez badira. Weber-en «objektibotasuna» zientzia azalpenen balioneutralaren antzekoa da horrenbestez. Durkheim-en obra paradigma estruktural-funtzionalistaren (arrazionalista nahiago zuen berak) oinarritzat hartu den bezala, Weberen ekarriak interpretazio ulergarrian oinarrituriko teoriaren zutabetzat hartuak dira.

Eragin handia izan du aurkakotasun honek gizarte ikerketaren garapenean.

XX. mende hasiera arte, bilakaeraren araberako terminoen bidez formulatu zen soziologia, eta filosofia deterministarantz lerratu zen hein batean. Halaz ere, biziki saiatu ziren lehen belaunaldiko soziologoak (Tönnies, Durkheim eta Weber) determinismo historiko horretatik aldentzen: «Soziologiaren arloan, Tönnies, Weber eta Durkheimen obrek erakusten diguten bezala, bilakaera saihestea (kontzeptuak eskema eboluzionista batean txertatzen baziren ere) eta soziologoari edozein gizarte multzo eta gizarte gertakari multzo alderatzeko aukera eskaintzen zioten oinarrizko gizarte egiturak zehaztea zen asmoa» (Bell, 1984).

Ikerketaren arloan, datuen zuzeneko bilketari eta, inkesten eta barne-behaketaren bidez, kasu zehatzen azterketari ekin zioten, espekulazio mailako terminoak alde batera utzirik. Obra garrantzitsuak izan ziren Thomas eta Znaniecki-renak (Laborari poloniarra), baita F. Boas-ek eta bere jarraitzaileek antropologiaren esparruan egin zituzten landa-lanak ere.

Termino analitiko zabalagoetan, ikusgarria izan zen aldagaien arteko erlazioa zehazten duten teknika estatistikoen garapena, eta aupada handia egin zuten era berean izaera kuantitatiboagoko azterketekere. Kopuruen ikuspegi honetatik, Quételet-en jarraitzaile nagusietako batek, K.

Pearson (1857-1937), Londresko University College-eko matematika irakasleak hain zuzen ere, garrantzi handia eman zien berriro ere aldagaien arteko erlazioei, jarduera-arau batzuk zehazteko. García Ferrando-k (1979) adieraziko zuen bezala, Pearson-enean, egiaren egiaztapena ezagutzaren alderdi guztietan lortzea da zientziaren helburua. Helburu hori zientzia metodoaren bidez baizik ezin da lortu, hau da, ezinbestekoa da horretarako gertaeren sailkapen txukuna eta guztiz zehatza, korrelazioen eta sekuentzien behaketa, eta zientzia legeak irudimen sortzaile baten bidez agerraraztea.

Durkheim-en obran gizarte ikerketa teoriarekin uztartzen den arren, mende honen erdialdean berriro ere bereizi egin ziren biak, ikusiko dugun bezala, Estatu Batuetan teoria kuantitatiboek bizi izan zuten bultzada eta hedatze handiaren eraginez.

Egun, halarik ere, teoria eta ikerketa enpirikoa uztartzeko joera ageri da berriro ere, informatikaren garapenak datuen azterketa kuantitatiboa izugarri bultzatzen duen arren.

Espainian XIX. mendearen erdialdean hasi zen gizartearen zientzia ikerketa, Le Play-ren obra, Narciso Gay-k eta Luis Pidal y Mon-ek eginiko argitalpen eta iruzkinen bitartez, ezagutu ondoan.

Hauen aurretik, Jaime Balmes (1810- 1848) har liteke Espainiako ikerketa enpiriko positiboaren aitzindaritzat. Bere irizpidea («El Criterio») obran adieraziko zuen bezala, Balmes-en aburuz «gertakarien behaketa adikor zorrotza» da gizarte zientzietarako metodo egokiena. Mende honen erdialdera arte, hertsiki loturik egon zen Espainiako gizarte ikerketa korronte filosofiko eta ideologikoekin, hala katoliko tradizionalen artean nola gizartea eraberritu nahi zutenen artean. Gerra Zibilaren parentesiaren ondoan, 1950. ondoko urteetan «birsortu» zen Soziologia (Giner y Moreno, 1990), Estatu Batuetan bideraturiko eskolen eraginpean, eta horrenbestez, dagoeneko Soziologiaren instituzionalizazio garaian hasi ziren korronte teorikoak eta ikerketa bereizten.

Izaera akademikoko zientzia zehatz eta instituzionalizatu gisa harturik, garrantzi handia izan zuen soziologiak Estatu Batuetan.

Hiru sorburu nagusi bereiz daitezke hango gizarte ikerketan: Sinclair-ek eta Riis-ek miseria eta marjinazioari (muckraking) buruz eginiko ikerketak, alde batetik, hainbat hiritan gizarte arazo zehatzak konpontzearren egin ziren gizarte inkestak edo monografiak (social survey), beste alde batetik (aipagarriak dira horien artean Kellog-ek 1909-1914 bitartean Pittsburgh hirianeginiko lana eta Harrison-ek 1920an Spriengfielden burura emaniko azterketa), eta inkesta espezializatu handiak (Social Research), azkenik. Inkesta haien bidez, teoria aplikatu nahi zen gertaeretan, gertaerak azaltzarren.

Azken hauen artean, aipagarriak dira Thomas eta Znanniecki-ren lan dagoeneko aipatua, dokumentuen (gutunen) eta elkarrizketen azterketatik abiaturik emigrazioari buruz eginiko azterketa, Laborari poloniarra Europan eta Ameriketan (1920- 1921) izeneko lanean argitara eman zena, eta Elton Mayo-k Hawtorne lantegietan 1928-1930 bitartean eginiko ikerketak. Mayok elkarrizketa, esperimentua eta behaketa erabili zituen lanaren antolakuntza-arauen eragina zehazteko, eta Soziologiaren adar garrantzitsu bati ateak zabaldu zizkion horrenbestez, Industria Soziologiari hain zuzen ere.

Izan ere, Wright Mills-ek (1961) adieraziko zuen bezala, XIX. mendearen bigarren erdialdean, Estatu Batuetako gizarte zientziak zuzenean lotu ziren higikunde erreformazaleekin eta gizartearen hobekuntzarako jarduerekin. «Gizarte zientziaren higikundea» deitu ohi dena –1865ean sortu zen «Gizarte Zientziarako Elkarte Iparramerikarra» izenaz–, XIX. mendearen bukaeran gizarte arazoetan «zientzia» taktika politiko inplizitoetara jo gabe bideratzeko saio bat izan zen.

Garai hartan berean utzi zen alde batera teoria erreformazalea, baina soziologiak sustraiak eginak zituen ordurako praktika gisa eta beste esparru batzuetara hedatu zen.

John Dewey arrazionalista metodologikoak (1859-1952) eragina izan zuen Estatu Batuetako soziologian 1920 ondoko urteetatik aurrera, garrantzi handia eman baitzien sinboloei eta hizkuntzari, kontuan harturik gizarte produktua den aldetik bidea eskaintzen duela hizkuntzak zientzia ezagutzetara heltzeko, «nahiz ez diren egia absolutuak lortzen, baizik eta konponbide lorgarriak, esperimentazioan egiaztatu beharreko ereduak eta hipotesiak» (García Ferrando, 1979a, 78). Psikologiaren alorretik bideraturiko ikerketa esperimentalek ere eragin handia izan zuten; alde honetatik, kontuan hartzekoak dira J.B. Watson-ek, L.L. Thurstone-k, G.A. Lundberg-ek eta S.C. Dodd-ek eginiko lanak, jarrerak eragiketen bidez, indize eta eskalen bidez, neurtzen saiatu baitziren.

1920 ondoko urteetan ere, omen handia irabazi zuen Chicagoko Eskola Ekologikoak eta, zehazkiago, R. Park-ek, R.

MacKenzie-k. E. Burgess-ek eta L. Wirthek eginiko azterketek. Lan hauek hiriko bizimoduari heldu zioten batez ere, behaketa, kasuen azterketa eta azterlan estatitikoen bitartez, eta Giza Ekologiaren aitzindaritzat hartuak dira horrexegatik.Ekarri garrantzitsuak egin zituzten beste ikerlan batzuk ditugu gizarte klaseei buruzko tratatuak. Autore horien artean, aipagarriak dira Thorstein Veblen (1857- 1929) (Klase laxoaren teoria, 1899) eta Lynd senar-emazteak (Middletown, 1929.

Langile klasearen –working class– eta negozio klasearen –bussiness class– arteko bereizkuntza egin zen obra honetan).

Era berean, 1920 ondoko urteen hasieran sortu zen Europan neopositibismo izeneko eskola, Vienako Zirkulua-ren arrimuan sortua. Korronte enpirista (Quételet, Galton eta Pearson estatistikazaleen araberako kuantitatibismoa bereziki) epistemologia positiboaren araberako logikarekin uztartu nahi izan zuten. Autore hauenean bi enuntziatu-molde baizik ez dago: logika eta matematikaren araberako enuntziatu formalak, tautologikoak, eta enpirikoki egiazta daitezkeen enuntziatu faktikoak.

D. Bell-ek dioen bezala (1984), Vienako Zirkulua II. Mundu Gerraren ondoan desegin zen eta ondoko urteetan irabazi zuten gizarte zientziek omena eta eragina, teknika konplexu berrien aurrerapen bizkorrak bultzaturik, lehen konputagailuak agertu ondoren bereziki. Ordutik aurrera, teoriak ez ziren ideia edo erretorika hutsa izango, era enpiriko egiaztagarrian enuntziaturiko proposamaenak baizik.

Argot moduan adieraz dezagun: «gogorrak» ziren ordurako gizarte zientziak, natur zientziak bezala. Horrez gainera, beste faktore batzuk hartu behar dira kontuan garapen bizkor horren arrazoiak zehazterakoan: zientzia berri batzuk sortu ziren II. Mundu Gerraren ondoren, bizkor garatu ziren oro har unibertsitateak eta ikerketa, eta azken honen zuzeneko finantzazioan hasi ziren esku hartzen gobernuak eta fundazioak.

Vienako Zirkulua-ren positibismo logikoaren araberako ideien ildotik, eta funtzionalismoa bere gorenean zegoela (1940. eta 1950 ondoko urteak), garrantzitsuak izan ziren Columbiako Unibertsitatean eginiko lanak, metodologia kuantitatiboak egin zituen aurrerapenen gune nagusi bihurtu baitzen. Aipagarriak dira Lazarsfeldek eta Berelson-ek (The People´s Choice, 1944), S. Stouffer-ek (The american Soldier, 1949), eta beste metodologo batzuek (hor ditugu, besteak beste, H. Zeisel, M.

Jahoda, R. Lickert, L. Guttman, M. Rosenberg eta H. Hyman) eginiko lanak.

Metodologia alorreko ekarriak garrantzitsuak izan baziren ere, ikuspegi kuantitatiboaren aldetik batez ere, ongi gogoan hartzekoak dira, era berean, egin zituzten ekarri teorikoak. Teoriaren arlo honetan aipagarriak dira R.K. Merton-en obra eta autore honek teoriaren eta ikerketaren arteko erlazioei buruz plazaratu zituen ideiak.Garai hartatik aurrera, hiru higikunde guztiz garrantzitsu bereiz daitezke Gizarte Zientzien munduan. Lehenik, eta antropologiaren alorean oinarriturik, garatu zen Kultura eta nortasuna izeneko azterketa-alor berria, bere baitan hainbat diziplina jasotzen zituena. 1930 ondoko urteen hamarraldian R. Benedict-ek egin eta argitaratu zituen lanetan oinarritu zen higikunde hau.

Kultura bakoitzaren definizioa erraztuko zuen kultura-eredu nagusia zehazten ahalegindu ziren, kultura horren partaide ziren gizabanakoen nortasunaren ezaugarrien azterketaren bidez.

Bigarrenik, funtzionalismo estruktural bat sortu zen Soziologiaren alorrean, Durkheim-en ideien garapen gisa eta Malinowski-ren funtzionalismoaren eragina ere ageri zuela. T. Parsons (1902-1979) izan zen soziologia molde honen ordezkari nagusia.

Parsons-en aburuz, bere «Balio Sistemaren» bitartez egituratzen da gizarte bat, eta balio horiek, gizabanakoen jokamoldea gidatu eta rolak aurrez zehazten dituzten aldetik, gizartearen jokabidearen oinarrizko ereduak bermatzen dituzte. Parsons «Gizarte jardunaren teoria orokor» bat itxuratu nahi izan zuen, gizarte eta kultura integraziorako mekanismoak zehaztuta, eta gizarte jarduera mota guztiak zehaztuko zituzten terminoak definitzen eta azaltzen saiatu zen helburu ahri begira. Durkheim eta Weber-en logika batu eta garatu nahirik, teoria eta enpirika batera ekartzen saiatuzen, zientzian oinarrituriko teoria bideratu nahi bada ahalik eta estuen lotu behar baita teoria ikerketa enpirikorako teknikekin, kontuan izanik horiexek adieraziko digutela gure ideia teorikoak «egiazko teoria» ala espekulazio hutsa diren (Parsons, 1968).

Hirugarrenik, eta funtsean 1960 ondoko urteetatik aurrera, gizarte arazoak «berraurkitu» ziren eta gizarte zientzian eginiko aurrerapenak gizarte politikan ere erabili nahi zian ziren, baina ahalegin enpiriko hutsa, ezein soziologia teoriarekin inolako loturarik ez zuena, izan zen hura ia beti (gainera, askotan ez ziren datu guztiz fidagarriak erabili eta horrenbestez etorri zen molde horretako saio frankoren porrota).

Eta hain zuzen ere, ahaleginak egin ziren gizarte baten definizioa eskainiko luketen gizarte-adierazleak zehazteko (aldagai makroekonomikoak deskribatzeko erabiltzen diren adierazleen antzera), gizarte alorreko pronostikoak egiteko eta, azkenik, gizarte programen ebaluazioa eta gizarte politikaren araberako inbertsioen jarraipena ziurtatuko lituzketen ikerketak bideratzeko.

1960 ondoko hamarraldiaren ondoren etorri zen funtzionalismoaren krisia eta sarrera bizkorra egin zuen Teoria Kritikoa, indarberriturik azaldu ziren elkarreragite sinbolikoaren eta fenomenologiaren eskutik.

Ahuldu egin ziren horrenbestez metodologia kuantitatiboaren araberako proposamenak eta sendo hedatu teoria interpretaziozaleak.

Halatan, 1970. urtetik aurrera hasizen aldatzen soziologia eta bide banatan abiatu ziren bi korronte nagusi: alde batetik, ikerketaren arloko arazo enpirikoak berriro aztertu ziren izaera orokorreko lege erabilgarriak zehazteko asmotan, eta aurrerapen handiak egin ziren soziologia kuantitatiboagoaren alorrean; beste aldetik, biziki zabaldu zen soziologia interpretaziozalearen aldeko joera, aurreko garaian gizartearen jokabidea ulertzen saiatu zen positibismoaren aurka. Teoriaren eta ikerketaren arteko bereizkuntza berriak areagotuko zuen banakuntza hura. Faktore hauen eraginpean sortu ziren triangulazio deitu prozesuaren aldeko proposamen batzuk. Gerokoan ikusiko dugun bezala, metodo kualitatiboen eta kuantitatiboen arteko adostea bilatu zen prozesu horren bitartez (Webb et alt. 1966).

Gaurko egunean jardunean ditugu funtsezko hiru ikuspegi soziologiko: estruktural-funtzionalismoa (haren jatorria positibismo frantsesean eta organizismo alemaniarrean, alde batetik, eta antropologia ingelesaren lan praktikoetan, bestetik, bilatu behar da), teoria kritikoak (marxismoan oinarrituak direlarik, ikuspegi kritikoa berdin dute baina ez dira bat), eta teoria interpretaziozaleak (gizarte jardunaren teoria, elkarreragite sinbolikoa eta fenomenologia).

Zera dute azken hauek berdin, errealitatearenikuspegia, elkarreraginean oinarrituriko prozesu gisa, eta giza jarduera kontzientearen aurreko kezka, inposizio estrukturalaren aurka (Guerrero, 1996).

Espainiari dagokionez eta kontuan izanik zientziaren munduan mugek gero eta zentzu gutxiago dutela, garbi dago soziologia zientzia gisa instituzionalizatu dela, baina ezin ahantzi dugu gizarte alorreko ikerketarekin zuzenean loturiko faktore batzuek izan duten eragina: lehen FOESSA txostenak (1966), Instituto de Opinión Pública erakundearen sorrera (1964, Centro de Investigaciones Sociológicas bihurtuko zen 1976an), Soziologia Institutuen eta soziologoen jarduera pribatuaren zabaltzea (De Miguel, 1991, 1994), soziologia elkarteak agertzea (Moreno, 1990), eta –eragin berezia izan du datu honek– Soziologia ikasketak Unibertsitatean sartu izana.

Gizartearen ezagutza teorikoaren aldeko interesa gero eta handiagoa da inolaz ere, baina nabarmen txikiagoa da gaurko egunean ikerketarekin loturiko gaien aldeko joera: emendatu egin dira, alde batetik, metodologia soziologikoaren gaineko agerkariak eta, bestetik, datuen bilketarako eta sondeoak eta gizarte inkestak –hala izaera orokorrekoak (CIRES, FOESSA) nola ezagutzaren eremu berezietan bideraturikoak– egiteko baliabideak.