Departamento de Cultura y Política Lingüística

Geografia unibertsala»Geografia

Kondentsazioa: lainoa eta hodeiak

Estratukumuluak Oinarrizko hamar hodei generoei dagozkien forma eta garaiera.<br><br>

Kondentsazioa lurruntzearen alderantzizko gertaera da, kondentsazioaren ondorioz eguratseko ur lurruna ur isurkari bihurtzen da, eta horrela eratzen dira, hain zuzen ere, ihintza, hodeiak, eta prezipitazio era guztiak.

Uraren egoera airearen bolumenaren, presioaren, hezetasunaren eta tenperaturaren arteko orekaren arabera aldatzen da, eta kondentsazioan ere eragile horietako batek baino gehiagok dute zerikusia ?eguratsaren hezetasun mailak, airearen tenperatura eta bolumen aldaketak, etab.?, baina garrantzi gehien duen parametro fisikoa tenperaturak behera egitea da, zalantzarik gabe, kondentsazioa gerta dadin ezinbestekoa baita tenperatura hoztea, airearen tenperatura ihintz puntutik behera jaisten denean (hau da, eguratseko ur lurrunaren tenperatura lurruna kondentsatzeraino jaisten denean) airea hezetasunez asetzen da, eta asetze horrek bihurtzen du, hain zuzen ere, ur lurruna ur isurkari.

 

Eguratseko kondentsazioa

Eguratsean kondentsazioa, eta beraz asetasuna, gertatuko bada, ezinbestekoa da eguratseko airea hoztea. Izan ere, eguratsa zenbat eta beroago egon, orduan eta ur lurrun gehiago hartzen du, eta, hortaz, zenbat eta hotzagoa izan airea, orduan eta errazago aseko da hezetasunez, ur lurrun gutxiago beharko baitu asetzeko, eta orduan eta errazago gertatuko da kondentsazioa. Eguratsa hiru eratara hozten da: tenperatura desberdineko bi aire masa nahastean, erradiazioen ondorioz (energia igortzearen ondorioz) edo aireak gainalde hotz bat ukitzean, eta hozte adiabatikoa gertatzen denean.

Tenperatura desberdineko bi aire masa heze asegabek elkar ukitzen dutenean beste aire geruza bat eratzen da batzuetan, aurreko biak baino hotzagoa, eta geruza hori asetzean lainoa edo hodeiak sortzen dira kondentsazioz. Bestalde, aire hezeak gainalde hotz bat ukitzen duenean, lurrak inguruko airea hozten du, erradiazioz beroa galtzen baitu, eta aire heze hoztua asetuz gero lurruna ihintz, antzigar edo laino moduan kondentsatzen da.

Bi prozesu horien bidez eguratseko ur lurrunaren kondentsazioa gertatzen da, esan bezala, eta kondentsazioaren ondoriozkozenbait gertaera sortzen dira; baina asetasuna, eta beraz, kondentsazioa eragiten duen hozte prozesu eraginkorrena hedatze adiabatiko bidezkoa da. Hozte adiabatikoa aire masa handietan gertatzen da, eta horren ondorioz eratzen dira kondentsazio handienak eta prezipitazio gogorrenak.

Dena dela, eguratseko airea hozteaz gainera, beste baldintza bat ere behar izaten da kondentsazioa gerta dadin: kondentsazio guneak behar dira ur tantak eratuko badira. Izan ere, kondentsazio gunerik ezean neurriz gaindi asetzen da ura ?%100etik gorako hezetasun erlatiboa (bolumen banako batean dagoen ur lurruna, banako horretan egon litekeen gehienezko ur lurrunaren kopuruaren proportzioan) iristen du eguratsak?, baina lurruna ez da isurkari bihurtzen.

Horrenbestez, aire erabat «garbian», hau da suspentsioan batere zatikirik ez duen airean, ur lurruna baizik ez duen aire masa batean, lurruna ez da kondentsatzen, airea oso asea egon arren. Beraz, aireaz gainerako beste gainalde bat behar da kondentsazioa gertatuko bada. Gainalde hori lurra edo landareak izan daitezke, ihintzaren eta antzigarraren kasuan gertatzen den bezala, edo airean dauden zatikiak bestela, hau da, hezetasuna xurgatzeko ahalmena duten gune txikiak edo gune higroskopikoak: itsasoko gatz edo lurreko harea aleak, sumendierupzioek eta industriek eguratsera jaurtitako zatikiak? Gune horietan hasten da, hain zuzen ere, kondentsazioa eta horien gainean eratzen dira tantatxoak; kondentsazio prozesuaren amaieran gune higroskopikoak ur tantek osaturiko masan disolbatuta gelditzen dira.

Kondentsazio guneen neurria ez da beti berdina izaten: badira 0,2 mikrometrokoak ?Aitkenen guneak?, erreketa prozesuetan eratu ohi direnak batez ere, eta badira, aldiz, mikrometro batetik gorakoak ere, azido sulfurikozko zatikiz osatuak gehienak.

Gune higroskopikoen kontzentrazioa ere ez da aire masa guztietan berdina izaten. Hiriguneetako eta industria eremuetako eguratsak, esaterako, askoz ere kondentsazio gune gehiago izaten ditu landa ingurune edo ozeano ingurukoak baino, eta oro har, kontzentrazioa apalagoa izaten da zenbat eta handiagoak izan kondentsazio guneak; baina askotan zatikien kontzentrazioa eguratsaren baldintzen arabera ere aldatzen da, zurrunbiloek eta haize bolada indartsuek sakabanatu egiten baitituzte zatikiak, eta eguraldi egonkorrak, aldiz, zatikien kontzentrazioa handiagotzen baitu.Hezetasun erlatiboa Airearen maila higrometriko ere esaten zaio; tenperatura jakin batean aireak duen ur lurrunaren kopuruaren eta airea asea balego tenperatura horretan izango lukeenaren arteko erlazioa adierazten du. Ehunekotan ematen da. Ur lurrunezko kopuru jakin bati buruz hezetasun erlatiboa igo egiten da tenperatura jaitsi ahala, eta alderantziz.

Adiabatikoa Aire masa baten tenperaturaren aldaketa prozesua, aire masa zabaltzean (hoztea) eta hertsatzean (berotzea) gertatu ohi dena. Prozesu adiabatikoetan tenperatura aire masaren barneko gertaera fisikoen ondorioz (termodinamikoak) aldatzen da soilik, molekulen arteko marruskaduraren arabera hain zuzen ere, eta tenperatura nola aldatzen den, hartara bero gehiago ala gutxiago sortzen da.

Hortaz, inguruneko beroak ez du eraginik prozesu adiabatikoan, eta aire masa bero bat zenbat eta gorago igo orduan eta gehiago zabaltzen delako gertatzen da hozte adiabatikoa.

Azpikoz goratze termikoa Troposferako (lurretik hurbileneko egurats geruza, eguraldia eta klima eragiten duten fenomeno guztien gertalekua) aire geruza batean zenbat eta gorago egin, orduan eta tenperatura beroagoa izatea, eta ez alderantziz, gradiente adiabatikoaren arabera beharko lukeen bezala. Azpikoz goratzeak egonkortasuna dakar, eta aireari gora egitea eragozten dio; horrela, aire geruza «ez ohikoak» sabai moduko bat eratzen du eta goitik beherako barreiadura eragozten du (barreiadura kutsatzaileak adibidez). Azpikoz goratze termikoa gauez gertatu ohi da, zerua oskarbi eta neguko antizikloia den egoeretan, edo aire epela aire masa hotz baten gainean jartzean bestela.

Koaleszentzia Neurri desberdineko baina isurkari bereko tantatxo sistema batean, tanta handiek tanta txikiak bereganatzea.

 

Kondentsazio mota nagusiak: lainoa eta hodeiak

 

Lainoa

Lurra ukitzen ari den hodei gisadefinitu ohi da askotan lainoa; izan ere, itxura eta egitura bera dute lainoak eta hodeiek. Horrenbestez, askotan ezin izaten da bereizi lainoa eta hodeia, nahiz eta ez diren era eta leku berean sortzen bata eta bestea. Lainoa intentsitate handiko gertaera izaten da batzuetan, baina egun gutxi batzuk baizik ez du irauten, desagertu egiten baita eguzkiaren beroarekin lurruntzea areagotzen denean edo haizearen lastertasuna handitzen denean.

Zein prozesu fisikoren ondorioz sortzen den, hiru laino mota hauek bereizten dira: erradiaziozkoak, adbekziozkoak, eta industriaren ondorioz sortuak.

Erradiazio bidez sorturiko lainoak oso laino mota ugaria da, aire geruza batek beste aire geruza hotzago bat ukitu eta eguratsa hoztean sortzen dira, erradiazioz (energia igortzea) beraz. Gau oskarbietan eratzen dira era honetako lainoak, eguraldia egonkorra denean, eta lur arrasean azpikoz goratze termikoa gertatzen delarik: lurraren tenperatura asko jaistean ihintza edo antzigarra eratzen da, eta laino geruzak sortzen dira eguratseko geruza apalak hoztu ahala. Erradiazio bidezko lainoa sortzeko eguratsean egonkortasuna behar den arren, haize leuna ere behar izaten da orobat, orduko hiru/ hamar kilometroko haizea hain zuzen, airea astindu dezan, eta zurrunbiloen bidez behe geruzetako airea goiko geruzetakoekin nahas dadin. Oro har, egunez eguzki irraden bidez gainaldea berotu egiten da eta lainoa lurrundu eta desagertu egiten da; lainoa «barreiatu» edo «altxa» egiten dela esan ohi da, nahiz eta lurra asko hozten denean eta azpi - koz goratzea oso geruza lodian gertatzen denean lainoak zenbait egunetan irauten duen.Adbekziozko lainoak gainaldeko aire geruzak horizontalean mugituz hozten direnean sortzen dira. Aire geruza nola mugitzen den, bi eratakoak izaten dira hartara: aire epel hezea gainalde hotz baten gainean mugitzean sortuak, batetik, edo gainalde epel batean zehar aire geruza hotza mugitzean sortuak, bestetik. Lehenengo kasua itsasoan gertatu ohi da batez ere, aire epela Ternuan Labradorko itsaslaster hotzaren gainean mugitzen denean, adibidez, edo Britainiako ekialdeko kostaldean ekialdeko haizeak Iparreko itsaso hotzera iristen direnean.

Kasu horretan laino trinkoa eratzen da, lurretik edo itsasotik hurbileko egurats geruzetan, eta indarra airearen eta uraren arteko kontrastearen araberakoa izaten du.

Oro har, 6-24 kilometro orduko haizeak behar izaten dira: haizea ahulagoa izanez gero, hodei geruza txiki bat bakarrik eratzen da, eta haize indartsuagoak direnean, berriz, laino geruzak gora egiten du eta behe hodeiez estaltzen da zerua. Bigarrenmotako lainoari, masa hotz batek gainalde epel batean sorrazten duenari alegia, lurruntze laino ere esaten zaio; laino geruza mehea izaten da, lurrun edo ke itxurakoa.

Era honetako lainoak ur epeleko aintziren gainean aire hotza igarotzean sortzen dira batez ere, eta baita itsaslaster epeletan ere, Pertsiako golkokoan edo Kuroshivo mendebalekoan, Japonia iparraldean, besteak beste.

Industriak sorturiko lainoak, azkenik, haran hondoetan eta sakongune topografikoetan eratzen dira, hiriguneetan edo industria guneetan. Aireak zatiki higroskopiko asko izaten ditu ingurune horretan, hiriko eta lantegietako jardueraren bidez eguratsera igorriak, eta horrek lainoak sorrarazten ditu, laino trinkoak gainera, %100 baino hezetasun erlatibo apalagoa denean ere. Kutsadura handiko guneetan, beraz, laino trinkoa eratu ohi da, kea eta beste gai kutsagarri batzuk lainoarekin nahasten direnean, eta smog esaten zaio laino trinko horri.

 

Hodeiak Hodei mota bakoitzaren berezitasunak

Hodeiak dira kondentsazioz sorturiko gertaera garrantzizkoenak eta horiek dira orobat lurraren eta airearen artean beroa eta hezetasuna trukatzearen erakusgarri aipagarrienak; horrez gainera eguratseko baldintzen berri ere ematen dute hodeiek.

Hodei gehienak gorantz doan aire masa baten hozte adiabatikoaren ondorioz tenperatura eta hezetasuna aldatu izanak sortuak dira. Ur tanta oso-oso txikiz edo airean dauden izotz kristal txikiz osaturiko masa trinkoak dira. Hodeietako tantak edo kristal zatikiak bost eta hogeita bost mikrometro artekoak izaten dira, eta zatiki kopurua oso aldakorra izaten da zentimetro kubo bakoitzeko: badira hamar bat zatiki dituzten hodeiak, eta badira ehunka zatiki dituztenak ere.

Gorantz doan aire masaren barnean asetze puntua iritsi orduko, molekula batzuk, sobran dauden molekulak hain zuzen, isurkari bihurtzen dira, eta ur tanta oso txikiak eratzen dituzte koaleszentzia bidez. Horrela hasten da hodeia eratzen.

Lehenengo tantak eratzen direnean hodeiak duen garaierari hodeiaren behereneko muga esaten zaio; garaiera horretatik gora airea gero eta gehiago hozten da, eta gero eta tanta gehiago eratzen direnez, hodeia trinkotu egiten da. Prozesuak horrela jarraituko du goratzearen goi mugara edo hodeia bere goreneko mugara iritsi artean. Haize-lasterrak gero eta aire heze gehiago ekarriko du, eta hodeia osatzen lagunduko du. Baldin eta airearen tenperatura aire masaren eremu guztian edo gune batean behar bezain apala bada, ur lurrunaren kopuru bat, handia batzuetan txikiagoa besteetan, izotz kristal txiki bihurtuko da.

Asetze puntua zein garaieratan iristen duen, eta asetze puntuaren garaierak hodeiaren goreneko mugarekin duen aldea zenbatekoa den, hartara izango da beraz hodeia garaiago eta trinkoago ala ez.Cumulonimbus hodeia.<br><br>Laburpen gisa, egin daiteke kondentsazio moten (batzuetan hidrometeoro esaten zaie kondentsazio motei) sailkapena, eguratsaren egonkortasun mailaren eta egoera horretan gertatzeko probabilitate handiena duen kondentsazio motaren arteko lotura oinarri harturik. Horretarako, tenperatura gradiente nagusiek klimatologian garrantzi handia dutela azpimarratu beharra dago. Kondentsazioaren kasuan, aire masa batean asetasuna lortzeko biderik eraginkorrena hozte adiabatikoa delako du halako garrantzia tenperatura gradienteak.1. Estratu moduko hidrometeoroak Tenperatura gradienteak egonkorrak direnean eratzen dira, eta, beraz, konbekzio edo behetik gorako mugimendurik gabe. Estratu hodeiak geruza uniformeak dira, etenik gabeko geruzak. Ez dute beti zerua erabat estaltzen, baina hodei geruza jarraituak dira, ez dute hodei txikiagoetan banatzeko joerarik izaten.

A. Lainoa a) Lur arrasean erradiazioz eraturiko lainoa (smog) b) Adbekziozko lainoa B. Hodeia Hodeiaren azpiaren garaiera -Beheestratuak (St) 1.000 metrotik behera -Ninboestratuak (Ns) 1.000 eta 3.000 m. artean -Altoestratuak (As) 3.000 eta 6.000 m. artean -Zirroestratuak (Cs) 6.000 metrotik gora C. Prezipitazioak -Euri lanbroa -Elur gutxi, elur hautsa (elur maluta txikiak)2. Konbekziozko hidrometeoro mugatuak Lodiera mugatua eta goian aire oso egonkorreko geruza bat duen geruza baten tenperatura gradienteak ezegonkorrak direnean agertzen dira kondentsazio mota hauek.

A. Ez dute lainorik eratzen ia inoiz B. Hodeiak Hodeiaren azpiaren garaiera -Estratukumuluak (Sc) 500 eta 3.000 m. artean -Altokumuluak (Ac) 3.000 eta 6.000 m. artean -Zirrokumuluak (Cc) 6.000 metrotik gora C. Prezipitazioak -Euri zaparrada txikiak -Elur erauntsi txikiak3. Mugarik gabeko konbekziozko hidrometeoroak Behetik gorako konbekzioa garaiera handietara iristeko bezain egurats ezegonkorra dagoenean gertatzen da kondentsazio mota hau.

A. Ez du lainorik eratzen ia inoiz B. Hodeiak Hodeiaren azpiaren garaiera -Kumuluak (Cu) 1.000 eta 3.000 m. artean -Kumuluninboak (Cb) 3.000 eta 6.000 m. artean -Zirroak (Ci) 6.000 eta 12.000 m. artean C. Prezipitazioak -Euri moderatuak edo gogorrak, fronteen edo gorabehera orografikoen ondoriozkoak -Euri moderatuak edo gogorrak eta elur boladak.

 

Hodeien sailkapena

Hodei mota asko dagoenez, era askotako irizpideen arabera sailkatzen dira. Garaierari dagokionez, lau kategoria bereizten dira, lurburuetatik ekuatore aldera garaiera muga gero eta handiagoa dutenak, tenperatura eta ur edukia aldatu ahala: goi hodeiak, goiko geruzetakoak, batez beste 6-13 kilometro garai direnak; bitarteko hodeiak, bitarteko eremuan, 2-7 kilometrotaneratzen direnak; behe hodeiak, azpiko geruzetakoak, garaieraz 2 kilometrotatik beherakoak, eta behetik gorako hodeiak, airea lastertasun handiz goratzean lurretik oso gora iristen direnak. Eguratsaren behealdeko geruzetan goikoetan baino ur gehiago dagoenez, zenbat eta gorago egon hodeia, orduan eta meheagoa eta arinagoa izango da.

Hodeien formari dagokionez, bestalde, cirrus, stratus eta cumulus hodeiak bereiztendira. Cirrusak hodei lausoak dira, izotz kristalez osatuak, zuriak eta zuntz egiturakoak, luma itxurakoak askotan; stratusak hodei geruza jarraituak dira, trinko samarrak eta eremu handia hartzen dutenak; cumulusak, berriz, hodei trinkoak dira, azpia laua dute, eta ingurua, ongi zehaztua. Hodeien sailkapenean beste izen batzuk ere erabiltzen dira, aurreko hiru kategorientzat hitz hauek erantsita: alto, bitarteko hodeientzat, eta nimbus (latinez euria), hodeiak prezipitazioa dakarrela adierazteko.

Dena dela, hodei mota guztien artean oinarrizko hamar genero izen onartu ziren nazioartean, hitzarmenez, eta 1956an argitara emandako Munduko Erakunde Meteorologikoaren Nazioarteko Hodei Atlasean bildu ziren. Hauek dira, beraz, oinarrizko hamar hodei motak:Cirrus (Ci): Hodei elkarretatik bereiziak, harizpi zurimehe baten tankerakoak; zuntz edo seda egitura dute eta izotz kristalez osatuak dira.? Cirrostratus (Cs): Zapi zuri garden baten moduko hodeiak, zuntz egitura edo egitura laua dute, eta zerua aldez edo erabat estali ohi dute.? Cirrocumulus (Cc): Hodei zurizko geruza mehea, itzal propiorik gabea, eta kiribil, ale edo uhin tankerako oso osagai txikiz osatua; osagai horiek elkarretatik bereiz ala elkarri lotuta egoten dira. Hodei hauek ez dira oso arruntak eta zirro edo zirroestratuetatik sortu ohi dira.? Altostratus (As): Hodei mantu edo geruza, grisa edo urdinxka; ildaxkatua, zuntz itxurakoa edo uniformea izaten da; zerua erabat edo aldez estaltzen du eta tarteka eguzkia ikusten uzten du.? Altocumulus (Ac): Osatua den hodei geruza, itzal egiten duena. Altokumuluak hodei xaflez, masa biribilez etab. osatuak izan ohi dira, eta batzuetan elkarri loturik, eta bestetan elkarretatik bereiz agertzen dira; zuntz itxura edo itxura lausoa izaten dute.? Stratus (St): Hodei geruza gris eta uniformea, eite eta egitura jakinik gabea, zerua erabat estaliohi duena.

?Stratocumulus (St): Hodei gris edota zuriz osaturiko hodeigeruza, parte ilunekikoa, globulu luzaxken tankerako masa bat da, eta ez du zuntz itxurarik; zerua erabat edo aldez estaltzen duten xafla paraleloak osatzen ditu.? Ninbostratus (Ns): Hodei trinkoa, gris iluna. Itxura lausoa izaten du prezipitazioen eraginez, eta kasu gehienetan lurreraino iristen da harenprezipitazioa. Nahiko hodei trinkoa denez ez du uzten eguzkia ikusten.? Cumulus (Cu): Hodei elkarretatik bereiziak, nahiko trinkoak oro har, eta inguru ongi zehaztua dutenak; behetik gorakoak dira, kupula, dorre edo mordo itxurakoak. Goialdean irtengune biribildu bat izaten dute, azalorearen tankerakoa. Eguzkiak argitzen dituen parteak zuri distiratsuak izaten dira, eta azpia berriz, ilun samarra; azpiak lerro ia erabat horizontala eratzen du, eta lerro horretan izaten du kumuluak ihintz puntua.? Cumuloninbus (Cb): Hodei trinko handiak, behetik gorako eremu handia hartzen dutenak, mendi edodorre modukoak. Goialdea leuna, zuntz tankerakoa edo ildaxkatua izaten dute, parte batean bederen, eta ez zorrotza, oro har; batzuetan goialdea luzatu egiten zaie, eta ingude tankera hartzen dute horrelakoetan.

Hodeia, beraz, airea nola hasten den goratzen eta aire masak ihintz puntua zein garaieratan duen, halakoa izango da; hainbat eta hainbat hodei mota eta eredu daude, hortaz. Gogoan izan behar da, halaber, aireak gorantz egin dezakeela bai aire masaren gune bat berotzean, bai konbergentzia horizontalaren ondorioz, eta bai ezaugarri topografikoen ondorioz ere. Kontuan hartu behar da, halaber, hezetasun eta tenperatura desberdineko bi aire masek elkar ukitzen duten gunean, ukitze gunean alegia, gertatu ohi dela kondentsazio era hau; gune horri hodei fronte esaten zaio.