Departamento de Cultura y Política Lingüística

Geografia unibertsala»Geografia

Ibaietako jalkinek eratzen dituzten erliebe motak

Kono alubiala.

Ibilgu estutik kanpora hedatzen den urak kono edo haizemaile baten itxura hartzen du.

Ur lasterraren banaketa kono formako gainalde askoren bereizgarria da.

Ibaia bere ibilbidearen azken aldera iristen denean malda gutxitu egiten da eta ibaia zabaldu.

Malda oso-oso txikia denean ibaia edozein sakongunez baliatzen da bere bidean aurrera egiteko, sigi-saga hasten da, eta meandroak era ditzake.

Ibaiaren ibilbidearen azken tarte horretan, bestalde, materiala jalkitzen hasten da: gai lodienak jalkitzen dira lehenbizi, eta meheagoak gero, ur lasterra geldotu ahala; hori dela eta, ibai luze samarretan, ohia besterik ez da iristen bokaleraino.

Hori dela eta, jalkinez betetzen dira ibarretako behealdeak eta kostalde inguruak, ur lasterra jalkinak garraiatzeko adina indarrik ez izateraino mantsotzen den bitartean behintzat.

Hori berdin gerta daiteke ibaiak husten diren itsas eta aintzira ertzetan ere.

Bere ibilbidearen azken aldean ibaiak jalkinak garraiatzeko adina indarra badu, ibai bokalean ez da jalkinik bilduko, estuario edo ibai bokale zabal bat eratuko baizik.

Aitzitik, ibaia mantso-mantso itsasoratzen denean,edo dakarren lastertasuna itsasoko uhinek eta ur lasterrek indargabetzen dutenean, ibai bokalean bertan jalkitzen dira material mehe horiek, eta delta bat eratzen dute.

Halakoetan ibaia zenbait adarretan banatzen da deltatik zehar igaroz itsasoratu bitartean.

Alubioi konoa

Legar, hondar edo jalkin xeheagoen metatze bat da, eta kono baten edo zabalik dagoen haizemaile baten itxura du. Ibaia ibarretik irteten den gunea haizemailearen erpina da, eta inguruko eremu beherea, berriz, haizemailearen atal nagusia. Konoak ez dira guztiak neurri berekoak; badira metro gutxi batzuetakoak eta badira kilometro koadro askotakoak ere. Aldizkako ibaien ur lasterrek eratzen dituzte, euri uharrek batez ere. Uharrak ohikoak dira lurralde elkor edo erdi elkorretan, eta haietan eratu dira, beraz, alubioi kono gehienak. Ez haietan bakarrik ordea; goi latitudeetako eskualde menditsuetan ere eratzen dira, egunean zehar ur lasterrak izoztu eta atzera urtzean.Uharra mendi oinetako zabaldi batera iristen denean ura alboetara sakabanatzen denez eta ur bolumena galtzen, ur lasterraren lastertasuna mantsotzen da eta alubioi konoa eratzen da. Goialdean, uraldietan, uholdea bulartua dator eta azkar mugitzen da, ibarra eratzen duten horma estuen arteko mehargunean sartua, eta ibarreko isurialde banatatik ura bildu ahala, handituz doa. Ur hori mendi oinetako zabaldi batera iristean, ibarreko horma pikoen arteko mehargunean presiorik gabe, gainezka egiten du berehala, eta lastertasuna gutxitu ahala hondakin asko uzten du bere bidean.

Ura, jalkinez betea, xafla mehe bat bezala zabaltzen da konoaren gainean, batez ere konoa txikia baldin bada. Ibarraren irtengunetik adar txiki ugarizko adarkadura baten gisa abiarazten den egitura batean sakabanatzen da ura. Ibarretik sorturiko ubide horiek jatorrizkoak baino ur gutxiago dutenez, jalkinak uzten dituzte. Alubioiak kono baten itxura hartzen du eta haren erpinean izaten da jalkin proportzio handiena eremu banakoko. Konoaren erpinetik urrundu ahala, eta jalkitze eremua handitu, orduan eta jalkin gutxiago dago eremu banako bakoitzeko.

Konoaren erpinetik kanpoaldeko ertzera, bestalde, jalkinen tamaina txikituz doa: harkoskorrak, lohia, buztina.

Aldizkako ibaiek ez baitute luze irauten, eta haien ur lasterra bat-batean eteten baita, goi ordokien barrenean pilatzen da alubioi gehiena.

Alubioi ordokiak

Ibaiak gainezka egin eta ura alboetara barreiatzen denean, ur lasterraren lastertasuna mantsotzen da eta jalkinak pilatzen dira. Oro har, alubioi ordeka urtean behin gertatzen da urpeturik, euri jasen sasoian.

Ibaiak gainezka egiten du eta ibilgu nagusitik irteten den ura –ur geruza mehe bat– astiro-astiro higitzen da. Uraldeak atzera egin eta ur maila beheratzen denean urak jalkin geruza mehe bat uzten du. Batez ere ibaiaren bazterretan pilatzen dira jalkinak, ibilgutik gainezka egiten duenean urak mazeletan galtzen baitu lastertasuna gehiena.

Jalkinok bazterretan pilatzen dira batez ere eta malda apaleko dike naturalak edo ezpondak eratzen dituzte denboraren poderioz.

Eta ezpondak eratzen direnean, gainezka egin duen uraren parte bat ibilgura itzuli ezinik geratzen da uraldea beheratzean.

Ur horrek, ibarreko malden eta ezponden artean harrapaturik, aintzirak eta zingirak eratzen ditu aldi baterako; haietan pilatzen dira jalkin meheenak, eta baita ibaiak nahasturik daramatzan materialetatik hauspeatzen diren gaiak ere.Denboraren poderioz, alubioi ordeka ibaiaren ohiko ur maila baino gorago geratzen da, eta jalkinen proportzioa gutxitzen doa pixkana-pixkana. Bada meandroaren barrualdean jalkinak metatuz sortzen den beste egitura bat ere: hondarpila meandroaren araberako bihurgune bat eratuz metatzen da. Hondar gehiago metatzean, ibaia baino gorago geratzen da hondarpila, landaredi iraunkorrak finkatua gero. Ibaiak bere ibilguaren alde ganbila janez jarraitzen du eta beste hondarpila bat eratzen du.

Lehenengo hondarpila ibaiaren ordekaren baitan geratzen da. Gero, pixkana-pixkana, uholdeek utzitako jalkinen pean geratzen da, alde bat behintzat.

Alubioi ordekak igarotzen dituzten ibaiek meandroak edo ibilgu bihurgunetsu eta lauak eratzen dituzte. Alubioiezko ordeketan, jalkinak aise higatzen baitira, bihurgune zabal eta lauak eratzen dira. Meandroak, beraz, kanpoaldetik higatuz eta barrualdetik jalkinez betez doazen ibai bihurguneak dira.

Bihurgunea estutu egiten da pixkanaka, harik eta erabat itxi eta bi muturrek elkar ukitzen duten arte. Ibaiak bere bideari segitzen dio eta aintzira bat –oxbow aintzira– uzten du alde batean lehengo ibilguaren aztarna gisa; aintzira pixkanaka lehortzen da.

Alubioi ordeka bat beteko bada, urak gainezka egiten duenean eremu zabal bat urpetzeko adinakoa izan behar du ibar hondoak, ibaiaren higadurak edo bestelako jalkinek eratua. Hondo zabaleko ibar bat ibaiak egindako eta gutxituz-gutxituz joandako higadura lan luze baten emaitza izaten da. Ibarraren historiaren une batean, malda apalenak zelaitzean, alubioiak metatzen hasiko ziren, eta, denboraren poderioz, alubioi ordeka zabaldu ahala sakonera jakin batean metatuko ziren. Orain dela gutxi arte, ibarren hondoa zabaltzea batezere ibaiak egiten duen higadura lanaren ondorio zela uste zen. Hala ere, ibar zabal batzuetan, noizbaiteko delta jalkinen gainean metaturik gelditu dira alubioiak. Bai ibarra zabaltzea bai deltako metatzea alubioi ordeka bete aurrekoak ziren segur aski; ibarra zabaltzea normalagoa izaten da ibaiaren ibilbidearen erdian, eta deltako metatzea, berriz, behe-beheko aldean.

Deltak

Lehenik eta behin esan beharra dago alubioi ordekak dituzten ibai guztiek ez dituztela deltak eratzen. Agerian eta itsas enbaten mende dauden itsasertzetan, ur lasterra oso bortitza baita kostalde barrenean, ibaiak utzitako jalkinak barreiatu egiten dira, eta itsas hondoan sakabanatzen.

Delta gehienak golkoetan eratzen dira, itsaslaster geldoko aldeetan, aintzirako edo itsasoko ur bareak ibaiaren ur lasterra geldiarazten duen aldeetan.

Ibaiaren ur lasterra gelditu ahala, ibaiko ura, jalkinez betea, itsasoko urarekin nahasten da, eta jalkinak hondoan metatzen dira.

Arian-arian, alubioizko plataforma bat, sakonera gutxikoa, eratzen da itsas azpian, eta ibaia handik zehar igarotzen da. Ibaiak, bere lastertasuna bizi samarra utziz, alboetatik gainezka egin, eta itsasoan –itsaspeko plataforman– barreiatzen den eran urpeko ezponda naturalak handituz doaz ibilguaren alde banatan.

Ibai bokalean hondarra metatzen denean bitan banatzen da ibaiaren ur lasterra, eta zenbait adarretan edo besotan bereizten da ibaia. Ezponda naturalen arteko ur azaletan jalkinak metatuaren metatuz, deltako plataforma agerian geratu ohi da batzuetan, itsasoa baino gorago.