Departamento de Cultura y Política Lingüística

Geografia unibertsala»Geografia

Azaleko ur kontinentalak

«Ahate mokoa» San Juan ibaian, Utah. Estatu Batuak. Ibaiaren higadurak ildo sakonak zulatu ditu ordokian.<br><br>

Euria ozeanoen azalean dagoen edo ozeanorantz doan uraren lurruntzea berdintzen duen mekanismoa da.

Euri ura leku gorenetatik beherenetara ?ozeanoetara, alegia? joaten da.

Hori dela eta, urak ozeanoetan biltzeko joera izaten du, eta ozeanoetarako bidean ur biltegiak edo ubideak sortzen ditu aldi baterako edo betiko.

Bai ozeanoetara dihoan bitartean eta bai ozeanoetan biltzen ari den bitartean urak energia du, bidean aurkitzen dituen materialak higatzen ditu, eta, horrenbestez, erliebea tankeratzen du; nolakoak izan eremu jakin bateko materialak eta ur lasterraren emaria, halakoxea izango da erliebea.Hodeietatik euri gisa erortzen diren ur tantek energia potentzial handia dute, eta behera jaisten diren ahala energia potentzial hori energia zinetiko bilakatzen da.

Litosferako lehorreko zatia oinarrizko mailaren edo itsasoaren mailaren gainetik dagoenez, kontinenteen azalera iristen den urak ez du energia potentziala erabat galtzen.

Tantak zuzenean itsasoaren mailaraino jaitsiko balira, energia potentzial guztia energia zinetiko bihurtuko litzateke, euri tantek gehieneko lastertasuna iritsiko lukete,eta talkaren indarra ere izan zitekeen handiena izango litzateke.

Era berean, litosferaren lehorreko zatia horizontala ez denez, hara erortzen den ura ez da orekan gelditzen, eta leku egonkorragoak bilatzeko joera izaten du, leku beherenak hain zuzen.

Beherantz egin ahala, urari geratzen zaion energia potentziala energia zinetiko bilakatzen da, haren zati bat uraren beraren baitako marruskadura gainditzen eralgi baita, bai orobat ur masak hondoaren kontraegiten duen marruskadura gainditzen; gainontzekoa isurkariari halako lastertasun bat emateko erabiltzen da.

Alabaina, uraren mugimendu hori ez da erabat askea, lurraren azala ez baita laua, eta urak, aurrerantz egin ahala, oztopoak aurkitzen baititu, haien kontra talka egiten baitu, eta talka horietan bere energia zinetikoaren zati bat oztopo horiei eransten baitie, talka energia esaten zaiona, alegia.

Horrek guztiak bi ondorio ditu: batetik, isurkariak energia galtzen du, eta horrenbestez lastertasuna moteltzen du; bestetik, oztopoak energia metatzen du, tenka indarrak izaten ditu, eta azkenerako puskatu ere egiten da batzuetan. Bigarren ondorio horretan, isurkariaren energiaren beste zati bat oztopotik askatutako zatikia garraiatzen eralgitzen da, eta era horretara isurkariaren lastertasuna are gehiago moteltzen da.

Ibaiak dira erliebearen zizelatzaile nagusiak.

Ibaiek ez dute soilik lur mugimenduek askatutako materiala garraiatzen, orobat dira lur masak mugitu ahal izateko ezinbestekoak diren malden sortzaile.

Ibaien mailaketa elkarri oso estu lotuta dauden hiru prozesuren bidez gauzatzen da: higadura, garraioa eta sedimentazioa.

Ibai higadura ibai ibilguan materiala bildu, hautsi eta disolbatzea da; ibai degradazio ere esaten zaio. Ibai garraioa ibaian bildutako edota disolbatutako materiala ibaien bidez lekuz aldatzea da. Jalkinak nonbait metatzeari ibai agradazio edo deposizio esaten zaio; ibaiko uraren lastertasuna moteltzearen ondorioa izaten da hori, eta bai ibaiaren ibilguan, bai haranaren zoruan barrena, eta bai ur lasterrak eratzen duen ur masaren hondoan gertatzen da.

Ibaiaren mailaketaren ondorioz, erliebearen goreneko puntuetan meteorizatutako materialak handik kendu eta leku beherenetara garraiatzen dira. Mailaketa hori ibai lasterrek osatzen duten ibai sistemaren bidez egiten da. Ibai sistemak ibai nagusi bat eta haren ibaiadar guztiak hartzen ditu bere baitan. Ibai sistema batek higatzen duen eremuari ibai arro esaten zaio, eta elkarren ondoan dauden bi ibairen arteko banaketari ibai arteko banalerro. Ibai sistemak garatzen eta lur azalean barrena hedatzen diren ahala, erliebea ere konplexuagoa izaten da.

Ibaiak bi eratakoak dira batik bat: batetik etenik ez duten ur lasterrak, euririk ez den sasoietan ere ur emaria galtzen ez dutenak; eta bestetik, aldikako ur lasterrak, horiek askoz ugariagoak izaten dira eremu idorretan eta ia idorretan, eta haien ur emaria euri sasoietara edo aldian behingo ekaitzetara mugatzen da. Bai aldikako ur lasterrak bai etenik ez duten ur laster iraunkorrak ongi mugatutako ibilguetan zehar mugitzen dira.

Ildo ibilguak eta xafla erako ur lasterrak zailagoak dira aztertzen, ez baitute ubide zehatzik jarraitzen. Euri ugariko sasoietan, lurra azkenik urez asea dagoenean, euri ura ezin izaten da gehiago irazi eta ur soberakinak maldan behera dauka isuri beharra. Lurra gorria eta leuna baldinbada, euri urak xafla edo orri baten gisako geruza mehe eta jarraitua eratzen du batzuetan, ur laster laminar edo xafla erako ur lasterra deitua. Landarez estalitako isurialdeetan belarren zurtoinek xirripa mehe ugaritan zatitzen dute isuria, eta malda gogorra denean, askotan ura aldi baterako ildo edo uharretan biltzen da. Lur azalean barrena isurtzen denean, urak halako dragatze lan bat egiten du isurialdeetan, eta ur masa zenbat eta lodiagoa eta lasterragoa izan, orduan eta indar handiagoz dragatuko du. Landarez estalita dauden maldetan ur laster laminarrek eta ildo ibilguek lohi finetik hondar ale lodiak bitarteko tamainako lur zatikiak hartzen dituzte, eta mailaz maila maldan behera garraiatzen dituzte. Lekualdatze geldi hori malda guztietan gertatzen da, zein lekutan dauden axola ez diola.

Klima hezeetan, baldintza normaletan, lekualdatze hori geldi samarra izaten da, hainbesteraino non lurra gai izaten baita bere horretan irauteko; hau da, lurra eratzen duten prozesuak higaduraren eragina berdintzeko gauza dira.

Ura ibai ibilgu batetik doanean prozesu berbera gertatzen da, baina prozesu hori osatzen duten osagaien garrantzi erlatiboa ez da aurrekoan bezalakoa. Grabitateak, ibilgu baten mugen barnean eragina duenean, bi osagai nagusi ditu. Osagaietako batek beherantz eragiten du eta horrexegatik eragiten du urak presioa ubidearen gainean. Presio hori ibilguaren maldaren eta uraren sakontasunaren arabera aldatzen da.

Bigarren osagai garrantzitsua ur lasterrarenberaren eragilea da, ur lasterraren norabide bera du eta uraren gainaldeari buruz paraleloa da. Zenbat eta handiagoa izan ibaiaren malda eta uraren sakontasuna, are handiagoa izaten da ur lasterra eragiten duen grabitatearen osagaia, eta beraz ur laster horren batez besteko lastertasuna ere handiagoa izaten da. Zenbat eta ur lasterra sakonago, orduan eta ur lasterraren batez besteko lastertasuna ere handiago, ibaia zenbat eta sakonagoa orduan eta eragin gutxiago baitu hondoak urarekin egiten duen marruskadurak. Horrenbestez, ibaiaren desnibela eta sakontasuna aldatuz gero, ur lasterraren lastertasuna ere aldatu egiten da. Desnibel aldaketak ibaiaren batez besteko maldaren aldaketaren ondorio izaten dira; ur lasterraren bolumena aldatzeak sakontasuna aldatzea ekartzen du, baldin eta ibai ibilguaren zabalera ez bada ia aldatzen.

Ibaian zehar ebaki bat eginez gero, aise ikusten da ur lasterra ez dela berdina alde guztietan. Uraren eta hondoaren arteko marruskadurak korrontearen lastertasuna moteltzen du hondoan eta ertzetan. Hondotik zenbat eta gehiago urrundu, orduan eta handiagoa izaten da lastertasuna, eta korrontearen erdian eta azaletik gertu izaten du lastertasunik handiena. Lastertasunaren arteko alde horiek oso zailak dira kalkulatzen; nabarmenak dira ordea uraren baitako mugimendu bertikalak eta horizontalak, aurrerantz zein atzerantz; hori guztia turbulentzia bat da azken batean, zurrunbiloak, urloak, korronteak eta abar sorrarazten dituena.

 

Uraren ibilbidearen zatiak

Uraren ibilbideak hiru zati izaten ditu sorburutik bukaeraraino: goi ibilgua, erdiko ibilgua eta behe ibilgua. Zati horietako bakoitzaren muga zein bere funtzioaren arabera erabaki da, eta badu horretan zerikusirik urak ibili beharreko maldak eta uraren energia zinetikoak.

Goi ibilguak erliebearen zati garaienak hartzen ditu, eta haiek jasotzen dute ur gehien. Ura biltzen duen arro horrek malda gogorrak izaten ditu, eta horregatik hain zuzen urak energia zinetikoa handia izaten du alde horretan. Uraren energia ahalmena karga baino handiagoa denez, mendi hegalei dagozkien gertaerak izaten dira (ibilgu zehazgabea, solifluxioa, narrastea edo creeping-a), eta baita higadura lineala handia ere.

Erdiko ibilguan malda leunagoa izaten da, energia zinetiko gutxiago izaten du beraz, uraren energia ahalmena eta karga berdindu egiten dira, eta ur isuriak ez du izaten materialak garraiatzeko behar duen energia baizik.

Azkenik, behe ibilguan malda are apalagoa denez, urak ez du materialak garraiatu ahal izateko bezainbat energia zinetikorik, eta jalkinak metatzen dira beraz.

Honenbestez, uraren lastertasunak baldintzatzen du ibai zati bat ibilgu batekoa ala bestekoa izatea, eta lastertasun hori, berealdetik, aldaparen eta emariaren mende dago. Horietako edozein faktore aldatzeak egoera osoa aldatzea dakar; emaria handitzeak ur jarioa handitzen du eta haren higatze eta garraiatze ahalmena indartzen ditu; baina emaria gutxitzeak, berriz, aurreko horien oso bestelako ondorioak izaten ditu.

Era berean, goi ibilguaren higadurak malda leuntzen du, eta, era horretara, urak leku jakin horretan duen eragin higatzailea gutxitu egiten da, eta higatze hori erabat gelditu ere egiten da batzuetan, hala beraz ibai zati hori erdiko ibilgu bihurtzen da harrezkeroztik.

 

Uharrak eta ibaiak Euskal Herriko hidrografia

Klimak baldintzatzen du ur ibilbide jakin bat uhar ala ibai izatea. Lurralde batean urte osoko euriek ez badute berdintzen urte horretan bertan lurrundu den ur kopurua, orduan ur emariek ezin dute iraunkorrak izan, eta ez dira euriteen ondoren baizik eratzen.

Euri jasa horiek indar handiz oso denbora gutxian izaten direnean, eta hala gertatzen da klima idorretan, orduan ibai arroak ur kopuru handi-handi bat hartu behar izaten du bat-batean, eta nola landarez biluziaegoten baita gainera, ur kopuru handi horrek lehortea bitartean metatu diren material meteorizatuak erauzten eta garraiatzen ditu, eta, aldi berean, higatze lan handia egiten du, emari handia baitu bat-batean; gertaera horri uhar esaten zaio.

Baina eurialdiak erregularrak direnean eta urtean zehar banaturik daudenean, eta beraz prezipitazio bolumena lurruntzearena baino handiagoa baldin bada, ingurunearen hezetasunak landare estalki bat sortzen du orduan, eta, hala, landareen hostoek lurra babesten dute eta haien sustraiek lurra trinkotzen.

Prezipitazioak euri kopuru txikiagokoak baina jarraituagoak izateak gutxitu egiten du urak materialak garraiatzeko duen joera, eta gutxitu orobat uraren arretasuna. Horren guztiaren ondorioz, ura motelago joaten da, eta haren indar higatzailea ere asko moteltzen da.

Kontuan hartu beharra dago ur masaren lastertasuna maldak baldintzatua dela beti, eta beraz goi-goiko ibilguetan ura uhar gisa jaisten dela, maldaren beraren eraginez, baina uhar gisako horrek badu alde handi bat uhar soilarekin, zeren eta kasu honetan urak erauzten eta garraiatzen dituen materialak beheko ibilgu handiago batera edo ibai batera joaten baitira, eta uhar soilean, aldiz, materialak uhar horren oinean metatzen dira.Bi ezaugarri fisiko nagusik mugatzen dute Euskal Herriko hidrografia: klimak eta topografiak. Klimak ur emari, agorraldi, ur kopuru handi eta abarrekin du zerikusia.

Euskal Herriko bi eremu bioklimatiko nagusiak oinarritzat harturik, badago lehen sailkapen bat egitea klima ozeanikoareneraginpean jaio, ibili eta itsasoratzen diren ibilguen eta Mediterraneoko klimaren eraginpean jaio, ibili eta itsasoratzen direnen artean. Euskal Herriko topografiaren ikuspegitik, izatez oso konplexua baita, bi isurialde bereizten dira: Atlantiko aldeko isurialdea eta Mediterraneo aldekoa, eta elkarren oso bestelako klima baldintzak dituztenez, ur ibilguak ere oso bestelakoak izaten dira eta zeinek bere ezaugarri bereziak izaten dituzte.

Atlantiko aldeko isurialdeak 8.400 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta Euskal Herriaren hedadura osoaren %40 da.

Arabaren eta Burgos mendebalaren arteko mugatik (Salbada mendietatik) abiatuz, banalerroak lerro bat marrazten du, itsasoari paralelo eta gailur nagusietatik igaroz. Gorbeia, Urkiola, Anboto eta Aramaio igaro ondoren ekialderantz jarraitzen du Elgea eta Aizkorrin zehar, eta Aralarrera iristen da, Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko mugara hain zuzen. Handik aurrera Nafarroan sartzen da, eta Azpirotz, Belate, Saioa, Kintoa eta Ibañeta igarotzen ditu, eta, gutxi gorabehera bat eginez kontinente aldeko Euskal Herriaren eta penintsula aldekoaren arteko mugarekin, Arlas eta Auñamendi gailurretan bukatzen da, eta hura du bere ekialdeko muturra. Banalerro horren eta itsasoaren arteko distantzia oso laburra da, 50 kilometro batez beste, horrek Atlantiko aldeko isurialdeko ibaien luzera eta malda baldintzatzen ditu, eta horrexegatik dute ibai horiek higadura ahalmen handia. Ibai luzeenak isurialde honen erdialdetik ekialdera daude: Biduze, Errobi, Bidasoa eta Oria. Ibai horien batez besteko malda oso handia da, eta beraz handia izaten da orobat haien higadura lana, goi ibilguetan batez ere. Atlantiko alderako ibai horien norabide orokorra tolestura-ardatzen zeharkakoa da, eta ibai horien ibaiadar nagusiek zulatutako luzerako haranekin bat egiten dutenean koadrikula itxurakosare egitura bat sortzen dute. Alabaina, badira joera orokor horretan zenbait salbuespen.

Esate baterako, Bizkaiko Butroe eta Ibaizabal ibaiak paraleloak dira tolestura egiturei buruz. Oso erlazio estua dago ibai baten emariaren eta arro horren beraren klimaren artean. Euskal Herriari dagokionez, Atlantiko alderako isurialdean euri asko egiten du ?urteko 1.600 milimetrotatik gora? eta ondo banatuta dago urtean zehar ?gutxi gorabehera 150 euri egun izaten dira urtean? , beraz Kantauri aldeko ibaiek nahiko emari handia izaten dute. Ia ez dute gorabeherarik izaten, eta oso erlazio estua dago ur kopuru handiaren eta euri gehien egiten duten sasoiaren artean, udazkenean eta neguan, eta bai orobat ur kopuru txikiaren eta euri gutxien egiten duen sasoiaren artean, udan alegia. Iturburuen garaieraren arabera bi motatako ibai errejimenak bereizten dira Atlantiko alderako ibaietan. 1.500 metrotatik behera jaiotzen diren ibai guztiek euri errejimen ozeanikoa dute. Elur gisa geratzen den ur kopurua txikia da, eta ur emarien gorabeherak eta prezipitazioenak paretsuan ibiltzen dira urte osoan zehar. 1.500 metrotatik gora jaiotzen diren ibaiek elur-euri errejimena dute; Euskal Herrian Uhaitzandia da mota horretako bakarra. Emari handieneko bi aldi izaten dituzte: udaberria, neguan metatutako elurra garai horretan urtzen baita, eta udazkena, askoz euri gehiago egiten baitu. Era berean, bi dira emari gutxieneko aldiak: negua eta uda. Kantauri alderako ibaiak laburrak dira eta haien inguruko erliebeak ere gorabehera handiak izaten ditu, eta beraz arroak ere txikiak izaten dira oro har eremuz, 500etik 900 kilometro koadro bitartekoak, eta horren ondorioz ibai sarea aski sarria eta korapilatsua da.

Bestalde, banalerroaren hegoaldean Mediterraneoko isurialdea dago, eta Ebro ibaia da alde horretako ur biltzaile handiena.

Mediterraneoko isurialdeak Nafarroaren eremuaren %92 ez ezik, Arabako 2.900 kilometro koadro ere hartzen ditu, Trebiño ere arro hidrografiko horretan sarturik. Mediterraneora isurtzen duten ibaiek Kantauriko isurialdekoek baino luzeagoa dute ibilbidea, eta zabalagoak arroak. Ibai nagusiak ehun kilometrotatik gora dira luze.

Banalerroaren eta Ebro ibaiaren arteko distantzia banalerroaren eta itsasoaren artekoa baino handiagoa denez, desnibelak askoz txikiagoak dira Kantauri alderako ibaiena baino, eta beraz ez da harritzekoa zenbaitetan, Aragon ibaian esate baterako, meandroak sortzea. Ibai horien ezaugarri nagusietako bat irregulartasuna da; horrela, urtaro euritsuenetan uholdeak izan ohi dira, eta agorraldiak berriz hilabete idorrenetan.

Agorraldiak urtero-urtero izaten dira, udako tenperatura beroez gainera, lehorte handia izaten baita, eta, hala, abuztuan izaten dute ibai horiek ur gutxien.