Departamento de Cultura y Política Lingüística

Geografia unibertsala»Geografia

Itsasoko ur lasterrak

Presio altuko gune subtropikalak nagusi diren eskualde ozeanikoen gazitasun handiak eta ekuatoreko depresioari dagozkion guneetako ur metaketa handiak azaleko uren mugimendua eragiten dute.<br><br>

Hidrosferaren baitan izaten diren energia zein beste hainbat motatako desberdintasunen eraginez, ur masen lekualdatze mota jakin bat sortzen da, itsasoko ur laster esaten zaiona. Ikuspuntu teknikoago baten arabera, isurkari masa baten bi eremuren artean materiarekin zerikusia duen edozein faktoretan desberdintasunen bat izaten bada, eta tartean oztoporik ez badago, desberdintasun hori berdintzeko joera agertuko da, eta horren ondorioz zatikiak faktore horren norabidean mugituko dira. Lekualdaketaren gradientearen aldeko norabidean gertatuko da beti lekualdatze hori, hau da, eragina duen faktore horren balio handienetik txikienerantz.

Beraz, ingurune isurkaria denez, hidrosfera konpentsazio mekanismo horien mende dago. Desoreka eta gradiente horien sortzaile nagusia Lurrera modu ez-jarraituan iristen den energia da, eta beraz, energia hori da azken finean Lurreko geruza jariakarien baitan izaten diren zirkulazioen eragilea. Energia hori ez baita modu berean banatzen, desberdintasunak sortzen ditu eremu batetik bestera, eta aldaketak orobat beste zenbait faktoretan ere. Horien artean gazitasuna da garrantzitsuena, hainbat eratara aldatzen baita. Batetik, tenperaturak zenbat eta gorago egin, lurruntzea orduan eta handiagoa izaten da, eta horren ondorioz gatz kontzentrazioa ere handiagoa izaten da.

Bestetik, eremu hotzetan gazitasuna handitzeko bide ematen du, ur hotzak disoluzio ahalmen handiagoa baitu beroak baino. Izotza eratzen denean ere, ura da egitura horretan txertatzen den osagai bakarra, gatzak ur isurkarian utzirik; gertaera horrek igoarazten du eskualde hotzen gazitasun maila.Ozeanoetako uraren mugimendua hainbat faktoreren eraginez sortzen da. Lehenbizi, itsasoko ur laster garrantzitsu gehienak itsasoko haizearen eraginez sortzen dira, azalaren gainean jotzen baitu haizeak.

Airearen eta uraren arteko marruskaduraren bidez transmititzen da energia haizetik uretara.

Coriolisen indarraren ondorioz, uraren mugimendua eskuinerantz desbideratzen da Ipar Hemisferioan, eta, beraz, ur lasterrak haizearen norabidearekiko 45 graduko angelua osatzen du azalean. Zenbaitetan haizeak kontinenteetako kostalde inguruetan metatzen du ura, halakoetan grabitateak uraren maila berdintzera jotzen du, eta beste ur laster batzuk sorrarazten ditu era horretara.

Dentsitatearen arteko aldea da batzuetan ozeanoetako uraren jarioa eragiten duen beste faktoretako bat. Leku jakin batzuk gehiago berotzen dira eguzkialdiaren eraginez, beste batzuk, berriz, gehiago hozten dira irradaren eraginez, hala bada hozte-berotze horren arteko aldeak sortzen ditudentsitatearen arteko alde horiek ere. Era horretara, Artiar ozeanoaren eta Antartiarraren azalean hoztutako ura hondorantz murgiltzen da, ekuatorerantz hedatzen da, eta gorantz bultzatzen du ur beroagoa eta dentsitate gutxiagokoa.

Dentsitatearen arteko aldea gazitasunaren arteko aldearen ondorio ere izaten da batzuetan, arestian aipatu denez. Ur lasterrak gazitasun gutxiko eremuetatik gazitasun handiko eremuetara isurtzeko joera du, baina betiere kontuan hartu beharra dago Coriolisen indarrak desbideratu egiten duela isuri hori.

Ozeanoko arroen eta itsasertzaren tankera orobat da itsasoko uraren mugimenduaren mugatzaile. Hala, haizeak hasieran sorrarazten dituen ur lasterrak itsasertzera iristen dira, eta han lekua nolakoa, bidea ere halakoa hartzen dute.

Haizearen eta dentsitatearen arteko aldeen eragin konbinatuak mugimendu horizontalak zein bertikalak dituen zirkulazio sistema berezi bat sorrarazten du itsasoan.

 

Ur laster motak

Hidrosferan bi ur laster mota bereizten dira. Ur laster exogenoak hidrosferatik kanpoko faktoreek eragindakoak dira, eta ur laster endogenoak, berriz, isurkariaren baitako gradienteen ondorioz sortuak. Bion jatorrizko kausa eguzkitik datorren energia da.

Ur laster exogenoek hidrosferaren goi geruzetan izaten dute batik bat eragina, eta haizea da haien eragile nagusia. Bi jariakari masa horiek –haizea eta ura– elkar ukitzen dutenean marruskadura sortzen da, eta haren eraginez aire masa baten mugimenduak isurkariaren azaleko zatikiak bultzatzen ditu, eta horiek, beren azpiko zatikiak ukitzen baitituzte, eragin hori bera transmititzen diete. Horren ondorioz sortzen den ur lasterrak haizearen norabidea jarraitzen du gorengo zatian. Baina airearekin gertatzen den bezala, urak ere Coriolisen indarraren eragina izaten du, eta zenbat etadentsitate handiko ur hotzen iturriak korronteak Sakoneko zirkulazio termohalinoa. Zirkuluek dentsitate handiko ur hotzen iturri nagusiak adierazten dituzte. Sakoneko zirkulazioko urak Lurburu inguruetatik iristen dira, irudi honetan ikusten denez.<br><br>

 

Azaleko ur lasterren sistema

Azaleko itsas zirkulazioaren eskema orokorra ulertzeko, kontuan hartu beharra dago bai haizearen errejimen orokorra eta ozeanoetako ur masen banaketa, eta bai kontinenteen banaketak Atlantiko alderantz ateratzera behartzen duela Iparburuko ia ur guztia.

Lehenik aipatu beharreko kontua da ekuatorearen iparraldean eta hegoaldean sortzen diren ur laster biziek mendebalerantzjotzen dutela, eta haien artean, baina aurkako norabidean, kontrako ur laster geldi samar bat sortzen dela. Ur laster hauek ur laster beroak sortzen dituzte ur masen mendebaleko ertzetan, eta horiek latitudean gora egiten dute (Golkoko ur lasterra eta Kuro-sivo edo Brasilgo ur lasterra), eta ur beroa lurburuetarantz bultzatzen dute. 45 graduko latitudera iristerako, Coriolisen indarrak desbideratuak ditu ur laster horiek, eta orduan, “westerlies”-en laguntzaz, kontinenteetako mendebaleko itsasertzak jotzen dituzte, eta bi adarretan zatitzen dira; batak Ekuatorerantz egiten du, eta era horretara ixten du leku hartan bertan hasi zuen zikloa, eta besteak, berriz, lurburuetarantz jotzen du, kontinenteetako mendebaleko ertz horretan barrena orobat, eta galdutako ura berdintzen du Iparburuan, eta Antartida jotzen du eta haren inguruko ur lasterra tankeratzen, berriz, Hegoburuan.

Iparburuan hain zuzen, bigarren ziklo hau itxi beharra dauka hango urak, eta, hala, latitude horietan behera jaisten da hegoalderantz, bai Bering itsasartean zehar, bai Groenlandiaren eta Labradorren arteko pasabidean barrena, eta bai Ipar Atlantikoko alde zabalenetik.

Bestalde, Antartida aldeko ur lasterren eskema nahiko soila da: Antartidako kontinentearen inguruan, 50 eta 65 graduko latitudeen artean, erlojuaren orratzen norabidean mugitzen den lurburu inguruko ur laster bat besterik ez da.

Ipar Atlantikoko zirkuitoa da munduko ur laster ezagunena eta nabarmenena; “Gulf Stream” Sistema edo Golkoko Ur lasterra ere esaten zaio.

“Gulf Stream” ur lasterra nola eta zergatik sortzen den azaltzeko gertaera asko eduki behar dira kontuan. Iparraldeko ur laster ekuatorialak Hegoaldeko ur laster ekuatorialaren zati handi baten emaria hartzen du Ameriketako itsasertzera iristen denean, ordurako Brasilgo ekialdeko muturrak bitan zatitua duelarik hegoaldeko ur laster hori. Ur beroz osatutako masa erraldoi hori Antilletako itsasoan sartzen da, Kuba inguratzen du, eta Mexikoko Golkoan gehiegi barneratu gabe, Floridako itsasarteko mehargunean sartzen da. Itsasarte horretatik ateratzen denean iparraldeko norabidea hartzen du ur laster horrek, Bahama uharteak zeharkatzen ditu, eta, Lurraren errotazioaren efektuaren edo Coriolisen indarraren eraginez, ekialderantz desbideratzen da, Iparraldeko Karolinako Hatteras lurmuturraren parean. Hortik Ternuaraino, meandro zabalak egiten dituen ur laster azkarra da oraindik “Gulf Stream”; gero iparralderantz jarraitzen du, Labradorreko Ur lasterreko eta Ameriketako itsasertzeko ur hotzek eratzen duten oztopo hotza inguraturik. Zenbat eta ekialderago joan, orduan eta motelago, hotzago eta gezago bihurtzen da “Gulf Stream”ur lasterra. Baina orduan mendebaleko haizeek Europarantz bultzatzen dute, adarkaturik ordea eta Atlantikoko beste ur batzuekin nahasirik. Ipar Atlantikoko jito horren adar desberdinak Islandiatik Bizkaiko Golkoraino zabal-zabal hedatzen dira, eta horrenbestez haiei esker da epelagoa Europako Atlantiko aldeko klima.

Oso kontuan hartzekoa da Golkoko ur lasterrak indar handia duela Floridaren parera iritsi denerako, orduko hamar bat kilometro egiten ditu; urdin bizia du kolorea, kostalde hartako ur berdexkaren oso bestelakoa, handia du gazitasuna (milako 36,5), eta tenperatura ere ingurukoa baino goraxeagoa (27,5 gradu batez beste; ingurukoa, berriz, 24 gradu ingurukoa da).

Tenperaturari dagokionez, ur laster horietako edozein hotza ala beroa izaten da.

Baina sailkapen hori ez da ur laster bakoitzaren benetako tenperaturaren arabera egiten, zeharkatzen dituzten urekin alderatuz gero duten tenperaturaren arabera baizik, eta, horrenbestez, ur lasterrak eskualde jakin bateko klimaren eragile edo aldatzaile izaten dira, eta, izan, elkarren oso bestelakoak ere izaten dira klima horiek, latitude berean egonagatik, hartara egon ur laster bero baten ala hotz baten eraginpean.

Beraz, beheko latitudeetatik etorri eta goi latitudeetan sartzen den ur lasterra beti izango da ur laster beroa, eta klima epelduko du, eta horixe egiten du, hain zuzen ere, “Gulf Stream”-ek Europako kostaldearen parean igarotzean. Goi latitudeetatik behe latitudeetara sartzen den ur lasterra, berriz, beti izango da ur laster hotza, eta klima hoztuko du beti; adibidez, Labradorreko Ur lasterrak Ipar Ameriketako iparekialdeko itsasertzera iristen denean. Bestalde, latitude ertainetatik behe latitudeetara sartzen diren ur laster hotzak –Kanarietako, Bengalako, Kaliforniako eta Humboldten ur lasterrak– dira, besteak beste, basamortuen eragileak, hoztasun horrek lurruntzea eragozten baitu, eta itsasotik kontinenteetara sartzen diren aire masak ere freskoak direnez, eta kontinenteak berriz askoz beroagoak, hango aire beroarekin nahastean epeldu egiten dira, haien asetze ahalmena asko handitzen da, eta prezipitazioa ia ezinezkoa izaten da orduan.

Horrez gainera, uraren hoztasunak eta hozbero desberdineko ur masek bat egiteak interes handiko ondorio biologikoak dituzte.

Batetik, gogoratu beharra dago urak daukan oxigeno kopurua tenperaturaren alderantzizko proportzioan dagoela, eta beraz, alde horretatik behintzat, ur hotzak ur beroak baino aberatsagoak dira izaki bizidunez, edo izan daitezke behintzat. Bestetik, itsasoko animalia mota gehienak odol hotzekoak direnez, hozbero desberdineko urek elkar ukitzen duten lekuetan, bat-bateko tenperatura aldaketek arrain gazteenak hiltzen dituzte; horrenbestez, tenperatura aldaketen eragin handirik izaten ez duten arrainek harrapakin ugari izaten dituzte bazter horietan, eta horregatik dira leku horiek arrantzarako egokienak.

 

Sakoneko ur lasterraren eskema orokorra

Sakoneko ur lasterraren eskema ulertu ahal izateko, kontuan eduki behar da Iparburua izotzez estalia dagoela eta Hegoburua Antartidaren masa kontinentalak hartzen duela. Ur hotza hondoratu egiten da lurburuetako latitudeetan, zenbaitetan beste latitude batzuetan ateratzen da berriro azalera, eta eragin handia izaten du horrek leku horietako itsas ekosistemaren sorreran. Ur freskoa izan ohi denez, oxigeno eta itsasoko gatz asko duena, ugaritu egiten du itsasfauna. Azaleko ur lasterrak ozeanoen ekialdeko ertzetara zenbat eta gehiago hurbildu, orduan eta gehiago moteldu izanaren eraginez gertatzen dira azaleratze horiek.

Beraz, ur hotzak azalera igotze horiek kontinenteen mendebaleko ertzetako latitude jakin batzuetan gertatzen dira, 20-30 graduko latitudeen inguruan hain justu. Horrelaxe sortzen dira arrantzarako hain preziatuak diren Kalifornia, Peru, Sahara eta Hegoafrikako azaleratzeak. Nolanahi ere, sakoneko ur gehienak ez dira azalera igotzen, ekuatorea baino harantzago joaten dira bi norabideetan, eta geruzaka-edo bereizita egoteko joera izaten dute; era horretara Antartiar ozeanoko ur hotzenak hondo abisaletan zehar mugitzen dira, Atlantikoko ur sakonak horien gainetik mugitzen dira, eta Antartiar ozeanoko tarteko urak, berriz, azken horien gainetik. Azkenean ia beste lurbururaino iristen dira, edo motelduz joaten dira bestela, harik eta inguruan daukaten ur masan txertatzen diren arte, haiekin berdintze aldera egin baitute.

 

Itsasoko ur lasterren ondorioak eta Ekmanen garraioa

Eguzkitik datorren beroa ez da beraz ozeano guztian zehar berdin banatzen, eta itsasoko ur lasterrek, azken finean, energiaren arteko alde horiek berdintzen dituzte ur masa guztian zehar. Ur lasterrei esker, leku beroetako berotasuna gutxitu egiten da, eta leku hotzetakoa, handitu, eta era horretara ez da alde handirik izaten leku bateko eta besteko tenperaturen artean.

Horrez gainera, sakoneko ur lasterrek bigarren mailako zenbait ondorio ere badituzte.

Batetik, haiei esker jalkinak, eta batik bat ale finenak, itsasoaren hondo guztian zehar berriro banatzen dira. Hori horrela ez balitz, jalkin horiek itsasertzetik hurbil metatuta geldituko lirateke.Bestetik, itsasoko izaki bizientzat garrantzi handiko eginkizun bat betetzen dute: disolbatuta dauden gaiak sakabanatzen laguntzea.

Eta azkenik, ur laster horiek itsaspeko erliebea higatzen eta eraldatzen dute, eta hori ez da nolanahiko zeregina, urak segundoko 10-20 zentimetrotaraino lastertasuna ere iristen baitu batzuetan ur laster horietan.

Azaleratzen diren sakoneko urak –hizkera zientifikoan “upwelling” deitzen zaie– hain dira garrantzitsuak, non horietan egiten baita arrantzaren %50, nahiz eta ozeanoaren azalera osoaren %1 besterik ez izan. Ur laster horien eragileak kontinenteen mendebaleko itsasertzetako alisioak dira. Haize horiek Coriolisen indarrarekin batera itsasertzari elkarzut urrunduz doan ur laster bat sorrarazten dute, Ekmanen Garraioa deritzona. Era horretara «galtzen» den ura hondoko ur hotz eta oso gaziak igotzeak berdintzen du, azpiko urak azaleratu egiten dira, alegia.

“Upwelling” esaten zaien eremuen oparotasun handia azpitik igotzen den uraren ezaugarriek sortua da. Noizean behin ur laster horiek aldaketak izaten dituzte, eta aldaketa horiek orobat dute eragina leku jakin baten oparotasunean. Esate baterako, Peruko uretan antxoa asko harrapatzen da, eta arrainez elikatzen diren hegazti ugariek guano meta handiak uzten dituzte kostaldean, baina aldika arrain harrapaketak urritu egiten dira. Alisioak ahultzeak sortzen du gertaera hori –Eguberri inguruan gertatzen denez, “El Niño” esaten zaio–, Ekmanen Garraioa deusezten baitute, eta ohi baino ur masa beroago bat kokatzen baitute uraren azalean, Hego Hemisferioan uda denez, azaleko ura gero eta gehiago berotu izanaren eraginez; Ekmanen Garraioa berriro indarrean hasten denean ur masa oso bero hori nekez mugitzen da handik, azaleratzen ari den ura ez da orduan ur azaleraino iristen, eta izaki biziek hondorantz jotzen dute, eta arrantzaleek ezin dituzte arrain horiek harrapatu. 1965, 1972-73 eta 1976-77 urteetan Peruko itsasoko azaleratzeetan harrapatu zen antxoa kopurua laurdenera baino gutxiagora jaitsi zen, eta horrek kalte handia ekarri zion herrialde horretako ekonomiari.