Departamento de Cultura y Política Lingüística

Geografia unibertsala»Geografia

Ziklo hidrologikoa, sistema dinamikoen eredu

Ziklo hidrologikoa. Argi energiaren eta energia grabitatorioaren bidez mugitzen den sistema itxi baten eredua.<br><br>

Erliebeen eraketa prozesuetan oso garrantzitsua da lur azaletik eta itsasotik eguratsera ura iristea, eta orobat ur hori Lurrera itzultzea eta lur azalean eta zorupean barrena sakabanatzea. Izan ere, erliebe formei buruzko edozein azterketa egiteko oso kontuan hartu beharrekoak dira ziklo hidrologikoaren ezaugarri nagusiak.Ura, bizitzarako ezinbesteko gaia izateaz gainera, klimaren oinarrizko elementua da bere forma eta adierazpen guztietan, energiaren zikloan garrantzi handiko zeregina baitu eta eskualdekako klimetako eguraldi aldaketen eragilea baita. Materiaren hiru egoeratan aurki daiteke ura izadian: izoztuta, gotortua beraz; lurrunduta, gas gisa, eta isurkari gisa. Lurreko ur guztia bost zati handitan banatuta dago, eta orotara 1.385 x 10 6 kilometro kuboko bolumena hartzen du. Ur bolumen hori Lurraren eremu osoan uniformeki banatuz gero 2,6 kilometroko lodierako geruza bat osatuko litzateke; poloetako izotz eremuetako eta hormaguneetako ura bakarrik harturik, 57 metro lodi izango lituzke geruza horrek; lurpeko urekin, 16 metro; ibai, aintzira eta barne itsasoetakoekin45 zentimetro, eta eguratsekoarekin 2,5 zentimetro baino ez.

Airean ur gutxi dagoen arren, gutxi hori ezinbestekoa da lurreko oreka termikoa eta hidrologikoa mantentzeko. Ur lurruna kondentsatzen denean energia asko askatzen da eta energia horren arabera hainbat aldaketa gertatzen dira eguratsaren zirkulazio orokorrean; are gehiago, lurruntze-prezipitatze zikloan hezetasun garraioaz gainera, bero trukea ere gertatzen da, eta truke horri esker lurraren gainaldea hotzagoa eta eguratsa beroagoa daude prozesu hori gertatuko ez balitz baino.

Ingurune fisiko geografikoan gertatzen diren prozesuak “ziklo” gisa azter daitezke.

Baina horrez gainera, denbora eta espazio eskala bat baino gehiago erabil daitezkeprozesu horien azterketa egiteko; landareen hazkuntza eta ihartze prozesua, adibidez, urtebeteko denbora tartean eta leku jakin batean gertatzen denaren arabera azter daiteke; lurraren gainaldea estutzen duten xaflen mugimendua, berriz, oso denbora tarte luzeetan gertatzen da, pixkana-pixkana, eta oso espazio handiak hartzen ditu. Dena dela, espazio eta denbora eskalak prozesu bakoitzean hain desberdinak izan arren, badago oinarrizko ziklo bat, paisajean eragina duten prozesuak aztertzeko erabiltzen dena: ziklo hidrologikoa, hau da, Lurraren gainaldeko uraren zirkulazioaren zikloa.

Ziklo hidrologikoan edo uraren zikloan urak eguratsetik lur azalera, lehenik, eta, ondoren, lur azaletik eguratsera igarotzeko egiten dituen urrats guztiak aztertzen dira. Prozesu horretan prezipitazioa, metatzea, iraztea, zirkulazioa, lurruntze-izerditzea, kondentsazioa, eta azkenik, berriro ere prezipitazioa gertatzen dira. Ziklo hidrologikoan parte hartzen duten eragile, osagai, jario eta abarrek sistema osoa eta irekia osatzen dute, eta eguzki energiaren eta grabitatearen bidez mugitzen dira eta lotzen zaizkio elkarri: eguzki energiak lurruntzearen bidez goruntz igoarazten du ura, eta grabitateak ur kondentsatua prezipitarazten du eta, behin gainaldera iritsi ondoren, behereneko guneetara eramaten du.

Ur masa handietatik –itsaso, ibai, aintzira eta batik bat ozeanoetatik– etengabe lurruntzen da ura, eguzki irraden eraginez.

Ur lurrunaren dentsitatea airearena baino apalagoa denez, lurruna eguratsaren goiko guneetaraino igotzen da, eta hezetasunez asetzen du airea. Haizeak aire hezeko masak lekuz aldatzen ditu eta horrela, aire masa bateko ur lurruna gune hotzago batera iristean zatiki txiki-txikitan kondentsatzen da, eta hodeiak eta lainoa eratzen ditu; zatiki horiek bata bestearekin elkartzen badira prezipitazioak izaten dira, hau da, euria, kazkabarra edo elurra egiten du. Hala ere, prezipitazio guztia ez da lurreraino iristen: parte bat lurrundu egiten da berriro eta beste parte bat, berriz, landareek edo gizakiek egindako eraikuntzetan gelditzen da lehenik –eraikin, kale, errepide eta abarretan– eta eguratsera lurruntzen da, berriro, handik denbora gutxira.

Lur azaleraino prezipitatzen den uretik, putzuetan eta ildo txikitan harrapatuta gelditzen da parte bat (gainaldeko biltegi deritzona osatzen du ur horrek), baina berehala lurruntzen da eta igarotzen da berriro eguratsera. Beste parte bat, aldiz, lur azalean barrena ibiltzen da ibaietaraino iritsi arte; erreka txikiek erreka handiagoetara jotzen dute, eta horiek ibaietara. Horri guztiari lur gaineko isuria deitzen zaio; ur hori itsasoetan eta aintziretan pilatzen da gero, eta handik eguratsera lurruntzen da.Azkenik, prezipitaturiko uraren beste parte bat zoruan sartzen da poroetatik, pitzaduretatik eta zuloetatik, eta zorupeko zuloak eta harri multzoetako tarteak betetzen ditu; iraztea deritzo ura zorupean sartzen den prozesu horri. Irazitako uraren parte bat ez da asetako guneraino edo lurpeko ur guneetaraino iristen, aitzitik, gune ez asean edo lur hezean gelditzen da. Gune horretatik eguratsera igaroko da lurruntze bidez edo, batez ere, landareen izerdiaren bidez. Uraren lurrean barneko zirkulazioa, lurpeko eta zorupeko isuria, oso mantso gertatzen da, grabitatearen eragina dela-eta batez ere.

Laburbilduz, ziklo hidrologikoan Lurreko ura lurruntze bidez desagertzen da lur azaletik, baina berriro hara itzultzen da kondentsazioaren eta prezipitazioaren bidez. Ziklo hidrologikoaren bilakaera, beraz, hau da: ura lur azaletik, landareen gainetik eta ibaien, aintziren eta ozeanoen azaletik lurruntzen da; landareen izerditzearen bidez ere lurruntzen da beste parte bat. Ozeanoetatik lurruntzen da eguratsera doan ur gehiena; ozeanoek estalia da lur azalera guztiaren heren bat.

Lurruntzearen ondoren, ur lurrunez beterikoairea kontinente aldera mugitzen da haizearen eraginez; aire masa horiek konbekzio sistemen eragina izan dezakete, hau da, ekaitzen ondorioz, ura lurrera prezipitatu daiteke euri edo elur moduan kondentsaturik.

Ozeanoetan gertatzen diren prezipitazioek ura zuzenean itzultzen dute jatorrizko biltegira; lur azalera erortzen den uretik, aldiz, parte bat berriro lurruntzen da, beste parte bat lur gainean mugitzen da ibai iraunkorretara edo iraunkorrak ez direnetara iristen den arte, eta beste parte bat zorura irazten da. Zorura irazitako uretik, berriz, landareen sustraiek xurgatzen dute parte bat, zurtoinean eta adarretan zehar igotzen da ondoren, eta hostoetatik eguratsera lurruntzen da, azkenik. Zoruko gainerako uraren parterik handiena geruza beheragoetaraino irazten da eta zoruko ur biltegia osatzen du; horixe da gainazaleko harrien gune meteorizatua, arrakalatsua eta pitzatua bustitzen duen ura. Zoruko uraren beste parte bat zeharretara mugi daiteke eta gainazalean agertu, ur irazi edo iturri modura.

Prezipitazio moduan ozeanoetara erortzen den ur kopurua eguratseko zirkulazioaren eta itsaslaster hotz eta beroen arabera aldatzen da, oro har. Bi ezaugarri horien eraginez, ozeanoko zenbait eremutan ur gehiago prezipitatzen da lurruntzen dena baino, eta beste batzuetan alderantziz gertatzen da.

Gertaera horiek garrantzi handikoak dira eguratseko hezetasuna erregulatzeko.

Ziklo hidrologikora iristen den ur gehiena prezipitazioetatik dator. Irteten den ura, berriz, lurruntze eta izerdi bidez irteten da. Irteten den ura eta sartzen dena jarioen bidez nahasten da eguratsean, ozeanoetan eta kontinenteetako ur lasterretan. Ur pilaketak, bestalde, ozeanoetan, kriosfera edo izotzez estalitako eremuetan, eta lurpean gertatzen dira.

Ziklo hidrologikoan parte hartzen duen ur bolumen guztitik oso ur gutxi ematen dio eguratsak Lurrari, ur bolumen guztiaren %0,005 baino gutxiago hain zuzen. Aireko ur portzentajea txikia da beraz, eta txikia da, orobat, ibaietako eta erreketako urak hartzen duen portzentajea, hidrosferako ur bolumen osoaren %0,005 baino gutxiago kasu honetan. Dena dela, ziklo hidrologikoko lur azaleko ur laster jarraiak (ibaiak eta errekak alegia) dira higadura eragile garrantzitsuenak. Lurreko gune hezeetan ur lasterrek etengabeko higadura eragiten dute, ibaien kasuan esaterako, edo aldikakoa bestela, uholde euritetan, esaterako, isurialdeak arazten edo ur uholdeak gertatzen direnean. Nolanahi ere, urak, higitzen ari denean, lur azalean material kopuru handiak mugitzeko ahalmena du.

Ziklo hidrologikoan bi energia iturrik parte hartzen dute: eguzki energiak eta grabitateak.

Eguzkiak, ura lurruntzeaz gainera, ur lurrunez asea dagoen airea mugitzeko behar den energia ematen du; lur barnera eguzki energiaren bidez mugitzen da airea, bai zeharretara, bai bertikalean, tenperatura aldeen ondoriozko dentsitate aldeen eraginez sortzen diren konbekzio sistemetara.

Grabitateak, bestalde, energia zinetikoa sortzen du, eta energia horrek beheranzko joera dakar, isurialdearen maldarekiko eta ur bolumenarekiko beheranzko joera proportzionala hain zuzen ere.

Hala ere, ziklo hidrologikoak ez du eragin bera Lurreko eremu guztietan. Energia eta hezetasun handiena, latitude apaletako ozeanoetan pilatzen denez, gune horietan lurruntzen da ur gehiena, eta ez latitude garaietako kontinente aldean. Kondentsazioan eta euri kopuruan alde handiak daude Lurreko gune batzuen eta besteen artean; basamortuetako eremu batzuetan, esaterako, ez du ia euririk egiten eta Tropiko arteko zenbait eremutan, aldiz, urtean zehar ehundaka metro kubo euri egin dezake. Hori dela eta, zenbait lekutan ez dago ia ibairik eta ez da gainalde arazketa gertatzen ia; beste leku batzuetan aldiz, ibaien emaria etengabea da eta askotan gertatzen da gainalde arazketa.