Departamento de Cultura y Política Lingüística

Geografia unibertsala»Geografia

Plaken tektonikaren teoria

Litosfera plaka nagusien sistema eta plaken arteko mugak.<br><br>Plakak bata bestearekiko higitzen dira eta higidura erlatibo horren arabera definitzen dira mugak. Bereizkuntza ertzetan plakak bata bestetik urrundu egiten dira; baterakuntza ertzetan, aldiz, hurbildu eta bietako bat bestearen azpira sartzen da, subdukzio deritzon prozesuaren bidez. Faila eraldatzaileetan, plakak bata bestearekiko alboka labaintzen dira. Horrela, ozeanoko azala bereizkuntza ertzetan sortu eta baterakuntza ertzetan deuseztu egiten da, eta birziklatze jarraitua sortzen du.<br><br>

Plaken tektonikaren teoriaren arabera, Lurraren litosferak beti izan du kontinente baten edo ozeano arro baten tamainako eta 100 kilometroko lodierako zati handitan zatitzeko joera.

Litosferaren zatitze horrek elkarretatik urtean zentimetro batzuetako lastertasunaz aldentzen ari diren litosfera plakez osatutako sistema bat sortu du.

Teoria honek zenbait ekintza eta prozesu azaltzeko balio izan du.

Lur osoan zehar, plaken higidurari jarraituz, hots, eskala handiko lur azaleko jardueraren arabera, nahiko ongi azal daitezke lurrikaren eta sumendien banaketa, kontinenteen jitoa, tolesdurak, failak, eta gisa horretako hainbat egitura.

Ertz komun batetik hasita elkarretatik bereizten diren bi plakek haustura handi bat sortzen dute lur azalean barrena.

Magma deitzen den haitz urtua etengabe igotzen da mantuan gora, arrakalak betetzeko.

Magma hozten eta gotortzen delarik eta hedatzen ari diren litosfera plaken ertzetan itsasten, litosfera solido berria sortzen da etengabe.

Ozeanoko litosferak kontinenteko litosferako masa lodia bultzatzen du.

Kontinenteko litosfera, igeri egoteko ahalmena daukanez, bere tokian gelditzen da, baina ozeanoko plaka meheagoa eta dentsoagoa tolestu egiten da, eta haren azpian sartzen da, astenosferarantz.

Plaka bat bestearen ertzaren azpira murgiltze horri subdukzioa deitzen zaio.Sumendi erupzioek eta mugimendu sismikoek aldiro-aldiro gogorarazten dute Lurra etengabe aldatzen ari den sistema bat dela. Gertaera horiek, nahiz askotan trajikoak izaten diren, gehienetan gizakiak sumatu ere egiten ez dituen bat-bateko aldaketen adierazpide izaten dira. Hala ere, gertaera geologikoen historiak argi erakusten duenez, kontinenteak tokiz aldatuz joan dira, bai batzuk besteei buruz, bai lurburuei buruz, gaur egun eskualde tropikaletan dauden izotzaldien hondarrek ongi aski frogatzen dutenez. Era berean, gaur egun badago behin goratu eta gero erabat desegin ziren mendikate izugarri haiek nolakoak ziren irudi bidez jakitea. Aski da munduko mapak aztertzea mendikate gazteak masa kontinentalen ertzak jarraitzen dituzten zerrenda luzeetan daudela ikusteko. Aldi berean, lurrikarak eta sumendiak ez dira mundu osoan zehar modu berean eta era jarraituan agertzen, eremu estuetan eta batikbat «Ozeano Bareko suzko eraztunean» baizik.

Formazioen eta jardueraren banaketa honek geologoei luzaroan jakin-mina sortu die. 1960 ondoko hamarralditik aurrera, ozeanoen azterketa sistematikoak teoria orokor baten oinarriak finkatzeko, eta, bide batez, banaketa honen azalpenetik abiatuta Lurreko zientziak goitik behera aldatzeko bidea jarri du. «Plaken tektonikaren teoria» deitzen den teoria horren arabera, Lurraren kanpoaldea edo azala ehun kilometroko lodiera duten eta bata bestearekiko lekuz aldatzen ari diren litosfera zurrunezko plaka handiz dago osatuta.

Lurraren gainaldean eragiten duten paroxismoak plaken arteko ukitze lekuetan gertatzen dira. «Tektonika» hitzak adierazten du lurreko materialen deformazioen multzoa plaken ertzetan sortzen diren elkarren arteko eraginen ondorioa dela, plaka horiek, arestian esan denez, higidura erlatiboa dutelarik.Plaken tektonikaren teoriak eredu bat proposatzen du, eta pieza mugikor gutxi batzuez ?plaka esaten zaie? osatutako puzzle erraldoi batekin konparatzen du litosfera.

Plakak azpiko geruzaren, astenosferaren, malgutasunaz baliatzen dira lekuz aldatzeko. Zuzenean ez bada ere, litosferako plaka baten edozein higidurak eragina izaten du gainerako plaka guztietan.

Plakak mugitze horrek argitzen du hain zuzen zergatik gertatzen diren lurrikara, sumendi eta gertaera tektoniko gehienak plaka horiek elkar ukitzen duten leku berberetan.

Plaken tektonikaren ideia Tuzo Wilson geofisikari kanadiarrak proposatu zuen lehenengoz, Nature aldizkarian 1965ean argitaratu zuen artikulu batean. Ondoren, zenbait zientzialarik aurrerago eraman eta biribildu zuten; horien artean aipatzekoak dira D. McKenzie eta R. Parker, 1967an argitaratutako lan batean; urtebete geroago, 1968an, W. J. Morgan eta X. Le Pichon zientzialariek gehiago sakondu zuten plaken tektonikaren ezagutza.

Horrela, plaken tektonikaren teoriak dioenez, litosferak kontinente baten edo ozeano arro baten tamainako eta 100 kilometroko lodierako zati handi-handitan zatitzeko joera izan du. Izatez, litosferaren apurtze horrek litosfera plaken sistema bat sortu du. Plaka horiek urtean zentimetro gutxi batzuk mugitzen dira elkarri buruz.

Teoria horrek hainbat gertaera eta prozesu argitzen ditu, inondik ere: lurrikarak eta sumendiak Lurraren gainalde osoan nola banatzen diren, kontinenteen jitoa, eta tolesdurak eta failak eta gisa horretako beste hainbat egitura.

 

Litosfera plakaren kontzeptua

Lurrikaren epizentroen azterketak argi eta garbi erakutsi du badela epizentro horien banaketa berezi eta jakin bat.

Ozeanoen baitan mugimendu sismiko gehienak itsas bizkarretan zehar, faila eraldatzaileetan, eta subdukzio eremuetan gertatzen dira. Eskualde kontinentaletan, berriz, lurrikarak orogenia berria duten eremuetan izaten dira batez ere, Ande mendietan, Alpeetan eta Himalaian, esate baterako. Gertaera hori behar bezala argitzeko, uste izatekoa da eraztun sismikoek Lurraren gainaldea bloke gogor eta nahiko zurrunetan banatzen dutela, eta bloke horiek bata bestearekiko mugitzen direla, eta lurrikarak eragiten dituztela beren ertzetan, bloke horien barne egitura ia-ia bere horretan utzirik. Lurraren gainaldea bloketan zatitua irudikatzen zuen argibide hori osatzeko, sakoneko geruzetan zer gertatzen zen zegoen jakin beharra. Ahalegin horretan, Beno Gutenberg geofisikari daniarrak zehaztasun handiko azterketak argitaratu zituen 1959an uhin sismikoek Lurraren barnean dituzten hedatze lastertasunei buruz. Gutenbergek frogatu zuenez, uhin sismikoak zertxobait lasterrago hedatzen dira lur azaletik mantura pasatzean, eta goiko mantuan, berriz, badago tarte bat uhin sismikoak hain laster hedatzen ez direna. Hori ulertzeko, kontuan hartu beharra dago eremu horretako tenperatura haitzen fusio puntutik hurbilekoa dela, eta ez dagoela beraz hainbesteko zurruntasunik.

F. Pressek 1960 ondoko hamarraldian egindako azterketek Gutenbergen emaitzak baieztatu zituzten, eta fusio partzialaren eraginez bigundutako mantua 70 eta 260 kilometroko sakoneran dagoela frogatu zuen. Eremu malgu horri astenosfera esaten zaio, eta eremu zurrunari, berriz, litosfera.

Horrela, litosferako plakak astenosfera malguaren gainean batetik bestera joaten diren litosfera zurrunezko zatiak dira.

Plaken ertzetan zer-nolako jarduera sismikoa dagoen harturik irizpidetzat, geologoeksei plaka handi eta beste bost plaka askoz txikiagoak definitu dituzte. Plaka handien multzoa Ozeano Bareko plakak, Ameriketakoak, Afrikakoak, Australia eta Indiako ozeanokoak eta Antartiar ozeanokoak osatzen dute. Ozeano Bareko plaka batez ere ozeanikoa den arren, gainerakoak plaka bitarikoak dira, ozeanoko eta kontinenteko litosferaz osatuak, alegia. Bigarren multzoa Nazka, Kokos eta Filipinetako plaka ozeanikoek, eta Karibeko eta Arabiako plaka bitarikoek osatzen dute.

Horiez gainera, badira beste plaka txikiago batzuk ere, masa kontinentalek elkarri aurre egiten dioten ertz hauskorretan batez ere. Plaken arteko talka hori plaken ertzaren luzera osoan zehar uniformea ez denez, litosfera zati txikietan apurtzen duten mugimenduak gertatzen dira, leku eta garai desberdinetan. Mota honetako talken adibiderik garbiena Mediterraneo itsasoaren mendebalean gertatzen da: Afrikako plakaren eta Eurasiako plakaren hurbiltzeak Adriatikoko, Egeoko eta Turkiako mikroplakak sortu ditu eremu horretan.Ertz komun batetik hasita elkarretatik bereizten diren bi plakek haustura handi bat sortzen dute lur azalean. Magma deritzan haitz urtua etengabe igotzen da mantutik gora, arrakala horiek betetzeko. Magma hozten eta gotortzen delarik, eta hedatzen ari diren litosfera plaken ertzetan itsasten denean litosfera gotor berria sortzen du etengabe.

Ozeanoko litosferak kontinenteko litosferako masa lodia bultzatzen du. Kontinenteko litosfera, igeri egoteko daukan ahalmenaren eraginez, bere tokian gelditzen da, ozeanoko plaka finagoa eta dentsoagoa tolestu egiten da ordea, eta haren azpian sartzen da, astenosferarantz.

Plaka batek bestearen ertzaren azpira sartzeko duen prozesu horri subdukzioa deitzen zaio. Materia hori astenosfera baino hotzago dago eta hura baino dentsoagoa da. Astenosferak, aldiz, berotu egiten du poliki-poliki beheranzko plakaren ertza, eta azkenean urtu, eta magma bihurtzen du.

Magma hori mantuan barneratuko da eta, dentsitate gutxiago duenez, goranzko joera du. Horrela, mantutik datorren material basaltiko berria lur azalera ateratzen da berriro rift zentral edo ozeano erdiko mendikatebatean zehar. Lur azalean material berriak etengabe sortzeak hondo ozeanikoak zabaltzea dakar eta horrexek argitzen du zergatik den bestelako lur azalak baino gazteagoa ozeano hondoko lur azala.

Ozeanoko litosfera plaken ertz aktiboek, banako modura harturik, bi prozesu izaten dituzte aldi berean: batetik akrezioa, hots, hedatzea edo hazkuntza astenosferatik datorren materiaren sorreraren eraginez ?ertz mota horri ertz dibergentea edo eraikitzailea esaten zaio (itsas bizkarretan izaten dira horrelakoak)?; eta, bestetik, litosfera ezabatzea litosferaren subdukzioz, biguntzez eta azkenik urtzez ?hori gertatzen zaion ertzari konbergente, suntsikor edo talkazko deitzen zaio (plaka bi elkarrengana hurbiltzen diren tokian, eta bietako batean litosfera mantuan barneratzen denean gertatzen dena, alegia)?. Ertz suntsikorrak kontinente ertzetan izan ohi dira. Horrelakoetan, subdukzioaren ondorioz sortzen diren magmatismoa eta deformazioak uharte arku baten edo mendikate baten bidez antzematen dira gainaldean.

Litosferako plaken ertzetan bada beste gertaera mota bat ere. Plaka bi egon daitezke elkar ukitzen ertz komun baten bidez, eta plaka horietako bat lerratu egiten da besteari buruz. Mugimendua sorrarazten duen planoa haustura bertikal bat da, litosfera osoan zehar hedatzen dena, eta faila eraldatzaile esaten zaio.

Europa eta Ipar Amerika lotzen dituzten telefono harien instalazioa egiterakoan garbi ikusi da Ozeano Atlantikoaren erdian badela itsas bizkar menditsu bat. Ozeano barreneko hondoez egin diren mapek erakutsi dutenez, itsas bizkar hori ez da Lurraren gainaldean dagoen itsas bizkar sare erraldoi baten zati bat baizik. Itsaso sakoneko hondotik 2.000-3.000 metro goratzen den mendi lerro bat milaka kilometrotan zehar hedatzen da, ozeano guztietan barrena. Berauda azaleko lurrikara ohikoenen sorlekua.

Itsas bizkar horietan egin diren hondalanetan basaltoa dagoela baieztatu da, badirela, alegia, jatorriz sumendiko haitzak izandakoak.

Bestalde, 6.000 metro baino sakonagoko hobi sistema batek inguratzen du Ozeano Barea. Hobi horiekin nolabaiteko lotura duten lurrikarek askoz ere sakonago dute sorburua. Behaketa horietatik ondorio hau ateratzen da: ozeanoko lur azala itsas bizkarretan sortzen da (laba jario handien bidez), gero alboetara mugitzen da, xafla handi baten moduan, eta azkenik, berriro ere Lurraren barnera sartzen da, hobi ozeanikoetan behera. Horri ozeanoetako hondoen zabaltzea edo hedatzea esaten zaio.

 

Teoriaren adierazpena

Litosfera plakak, haien higidura erlatiboak eta haien arteko eraginak aztertzen zituen hipotesi orokorrari plaken tektonikaren teoria esan zitzaion harrezkero.

Tektonika hitza erabiltzen denean esan nahi da lurreko materialen deformazioak elkarri buruz mugituz doazen plaken arteko mugetan gertatzen diren elkarren arteko eraginen ondorio izaten direla.

Hiru ertz mota izaten dira. Batetik, ertz eraikitzaileak, dibergente edo hedakor izenez ere ezagunak, itsas bizkarrekin bat datozenak. Eraikitzaile deitzen zaie ertz horietan sortzen delako ozeanoko litosfera, astenosferatik datorren materialen bidez.

Bigarren mota ertz suntsikor edo konbergenteena da, bi plaka bata besteari hurbiltzen zaizkionean litosfera kontsumitzen da eta mantuan barneratzen da. Wadati-Benioff izeneko eremuetan eratzen dira, kontinenteen ertzetan oro har. Eremu horietan magmatismoaketa subdukzioak sorrarazitako deformazioak uharte arkuak edo mendikateak sortuz islatzen dira gainaldean. Azkenik, badira ertz pasiboak ere; horiek faila eraldatzaileekin bat datoz. Horietan ez da litosferarik ez sortzen ez suntsitzen; alboz alboko plakek labain egiten dute batak bestearen ondoan.

Litosfera plaken multzoak pieza gutxiko mosaiko gisako bat osatzen du. Plaken ertzak jarduera sismikoaren araberakoak dira.

Geologoek sei plaka handi eta beste bost askoz txikiago definitu dituzte. Lehenengo multzoa Ozeano Bareko plakak, Ameriketakoak, Afrikakoak, Australoindiakoak, Eurasiakoak eta Antartiar ozeanokoak osatua da. Ozeano Bareko plaka batez ere ozeano barrenekoa den arren, gainerakoak plaka bitarikoak dira, ozeanoko eta kontinenteko litosferaz eratuak. Bigarren multzoa Nazka, Kokos eta Filipinetako plaka ozeanikoek eta Karibeko eta Arabiako plaka bitarikoek osatua da.

Horiez gainera, badaude beste plaka txikiago batzuk ere, masa kontinentalek elkarri aurre egiten dioten ertz hauskorretan batez ere. Plaken arteko talka hori plaken ertz osoan zehar uniformea ez denez, litosfera zati txikitan apurtzen duten mugimenduak izaten dira zenbait leku eta garaitan. Mota honetako talken adibiderik garbiena Mediterraneo itsasoaren mendebalekoa da: Afrikako plaka eta Eurasiako plaka elkarri hurbiltzearen ondorioz Adriatikoko, Egeoko eta Turkiako mikroplakak sortu dira gune horretan.

Are gehiago, geologoek azpiplakak identifikatu dituzte plaka nagusien barnean, bat edo gehiago. Horien mugak, ordea, zalantzazkoak dira betiere. Horixe gertatzen da, adibidez, Eurasiako plakaren barruan Pertsiako eta Txinako azpiplaketan, edo Afrikako plakaren barruan Somaliako azpiplaketan.

 

Plaka ertzen analisia

 

Zientzialariek baieztatu dutenez, g...

Zientzialariek baieztatu dutenez, gaur egun badago jakitea ertz eraikitzaileen bilakaera zein den ertz eraikitzaile baten sorreran ondoz ondo gertatzen diren hiru aldiei behatuz. Hiru aldi horiek Afrikaren Ekialdeko rift valleyen eremuan, Itsaso Gorrian eta Ozeano Atlantikoan daude.

Nahiko egoera argia dirudi azkenengo bi kasuetan, bai Itsaso Gorriak eta bai Ozeano Atlantikoak bakoitzaren itsas bizkarretik sorturiko ozeanoko litosferaz osaturiko hondoa baitute. Itsaso Gorrian, hedatze prozesua orain dela 25 bat milioi urte hasi zen, Atlantikoan, berriz, orain dela 200 milioi urte inguru hasi zen.

Ekialdeko Afrikako rift valleyak azterketa zehatzagoa eskatzen du. Rift valley hitza 1920an erabili zuten lehenengoz, Ekialdeko Afrikako eskualde hautsi hori deskribatzeko. Iparraldetik Hegoaldera, Itsaso Gorritik Zambezi ibaira, oso hobi tektoniko nabarmenezko sistema baten bidez (oro har, hiru mila kilometro baino luzera handiagokoa) hedatzen den erliebe oso nabarmeneko eremua da. Haran tektoniko horiek aintzira sakon eta zabalez estalita daude sarritan; horrelakoak dira Tanganyika, Turkana eta Nyasa aintzirak, adibidez. Gaur egun nabarmena da lurrikararik eta sumendirik badela bazter haietan; gainera, eskualde horretan eragitenduten indarren azterketa zehatzak garbi adierazten du tenka indarrak direla horiek.

Dirudienez, Afrikako rift valley-a kontinentea banatzen hasia den eremu bat dela adierazten du ezaugarri multzo honek.

Horrenbestez, plaka berri bat sortuko da, Somaliako plaka kasu honetan, eta plaka berri honen eta Afrikakoaren artean hondo ozeaniko berri bat sortuko da orobat.

Hala ere, aukera honen inguruan zalantza ugari dago, itsas bizkarretako rifteko haitzak oso oraintsukoak baitira, eta Afrikako rift haranean, berriz, orain dela ia berrehun milioi urteko haitzak ere aurkitu izan baitira.

 

Ertz suntsikorren bilakaera

Ertz suntsikorrek subdukzio eremuetan daude, eta haien bilakaera ertz eraikitzaileena baino askoz ere korapilotsuagoa da.

Plaka bat beste plaka batzuen kontinente ertzaren azpian zuzenean sartzen bada, Hego Ameriketako Ozeano Barea aldeko itsasertzean gertatzen den bezala, hobiari ia bertatik itsatsirik, kontinente ertzeko mendikate bat sortzen da, Andeak esaterako.

Ozeano Barearen mendebala inguratzen duten uharte arkuek bi ezaugarri komun dituzte. Alde batetik, bereizgarriak dira litosfera kontinentetik banatzen dituzten ozeano arro txikiak, uharte arkuen atzeko arro edo bazter arro deituak. Beste alde batetik, ez dago batere zalantzarik arro horietako gehienak ozeanoko litosferaz osatuta daudela.

Ozeanoko litosferazko plaka biren konbergentzia gertatuko balitz, uhartearku bat sortuko litzateke hobiaren eta kontinentearen artean. Ozeano Barearen Asia aldeko itsasertzak inguratzen dituzten uharte arkuen eta hobien sistemak mota honetako ertz suntsikorrez osatuak dira.

Azkenik, gerta daiteke subdukzioz azpiratzen ari den ozeanoko litosfera plakabitariko baten zatia izatea eta konbergentzia prozesua bloke kontinental biren talkarekin bukatzea. Kasu honetan, plakarik hondoratu ezin daitekeenez, subdukzioa eten egingo da. Talka horren ondorioz (obdukzio esaten zaio) bi masa kontinental elkarren baitan txertatuko dira, eta kontinente barruko mendikate bat sortuko da; hala sortu ziren Alpeak eta Himalaia, esate baterako.

 

Ertz pasiboak: San Andres failaren adibidea

Mota honetako ertzetan plakak mugimendu horizontalez aldatzen dira lekuz bata bestearekiko, faila eraldatzaileetan zehar, litosfera sortu edo desegin gabe.

Ertz pasibo horietako berezienetako bat San Andres failan (Kalifornian) dago, Ozeano Bareko plakaren eta Ameriketakoaren artean. Failan zehar gertatzen den luzerako higiduraren interpretazioa (zizaila motakoa deitua) luzaroan enigma bat izan da zientzialarientzat. Ozeano Barekoekialdeko itsas bizkarra Kaliforniako golkoko hegoaldeko muturreraino heltzen da eta San Andres faila iparraldeko muturrean hasten da. Hauxe zen zientzialarien galdera nagusia: itsas bizkar batek ohi dituen tenka indar bereizgarriak zergatik bat-batean zizaila horizontaleko indar bihurtzen ziren. Tuzo Wilsonen iritzian enigma hura ebatz zitekeen San Andres faila hori faila eraldatzailetzat hartuz gero.

Horretarako, ordea, behar-beharrezkoa zen Iparraldeko muturrean itsas bizkarraren beste segmentu bat aurkitzea. Beraz, Vine eta Wilson zientzialariak Vancouver uhartearen (Kanada) pareko hondo ozeanikoko anomalia magnetikoak zehatzmehatz aztertzen hasi ziren. Izan ere, Wilsonek aurreikusi bezala, anomalia magnetikozko zerrendak aurkitu zituzten, simetrikoak zirenak bi goragune jakinekiko, eta Juan de Fuca eta Gorda deitu zieten bi goragune horiei. Horrenbestez, San Andres faila ez da faila eraldatzaile bat baizik, Ozeano Bareko ekialdeko itsas bizkarra eta arestian aipatu diren bi itsas bizkarrezko segmentu horiek lotzen dituena.

Plaken tektonikari buruzko beste galdera erantzunik gabeko bat plakak zergatik higitzen diren azaltzea da. Egia da Alfred Wegenerren kontinenteen jitoaren hipotesia gutxietsi egin zutela bere garaikideek, kontinenteak lekuz aldatzera behar zitzakeen indarraren jatorri egokia azaltzen ez zuelako. Gaur egun plaken tektonikaren teoria ia zientzialari guztiek onartzen badute ere, plakak higitzen dituen mekanismoa ez da batere ezaguna. Hala ere, badago onespen edo adostasun zabal bat lur barneko konbekzio termikoa hartzen duena plaken higiduraren eragiletzat.

Konbekzio bidezko garraioa azaltzeko teoria nagusiak bi multzotan banatzen dira: plaka pasiboaren teoriak eta plaka aktiboarenak.

 

Plaka pasiboen teoriak

Teoria multzo honetan konbekzioaren teoria klasikoak biltzen dira, eta horien arabera, litosfera konbekzio zelulen gainean modu pasiboan garraiatzen da. Konbekzio zelula horiek hedatzen dira bai mantu osoan (konbekzio sakona) eta bai goiko mantuan edo astenosferan soilik (adbekzioa). Konbekzio sakonaren aukera hori baztertuta-edo dago, beheko mantuak likatasun handia omen baitu. Konbekzioa astenosferara mugatuko balitz, konbekzio zelulak oso zabalak izango lirateke eta sakonera gutxikoak. Esperimentu bidez frogatu izan da mota honetako konbekzio zelulak zelula txikiagotan apurtzen direla.

 

Plaka aktiboen teoriak

Bigarren teoria multzo honetan, plaka bera ere higiduraren eragilea da neurri batean. Bi mekanismo proposatu izan dira, biak bateragarriak gainera: bultzada bidezkoa, bata, eta herrestatze bidezkoa bestea. Lehenengoa, mantuko puntu beroek materiala igoarazten du (konbekziozko luma esaten zaio) eta horrek ematen die plakei mugitzeko indarra, litosfera modu likatsuan eramaten du herrestan, eta itsas bizkarretako magma gaiezko injekzio behartuaz ?plakak elkarrengandik urruntzera behartzen dituena?. Herrestatze bidezko mugimenduan, aldiz, subdukzioz azpiratzen ari den litosferaren dentsitatea areagotzeak pisua handiagotzen du, eta plakari tira egiten dio. Plaka aktiboen teoriek ere badituzte beren hutsuneak. Herrestatze bidezko mekanismoa, behin subdukzioa hasita baino ez litzateke eraginkorra izango, baina ez du berau martxan nola jar litekeen azaltzen. Era ber ean, indar eragilearen jatorria lumak balira, zaila da azaltzea zergatik hasi ziren higitzen orain dela berrehun bat milioi urte. Dena den, oraindik argitu gabeko alderdi asko dituzten arren, geofisikari gehienak plaka aktiboen teorien alde daude.