Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia»Egungo aroa

Bigarren industrializazioa

S.A. Echevarría lantegiko Heroult labe elektrikoa, Rekalden (Bizkaia), 1940 inguruan.<br><br>

Gerra ondoko lehen urteetako Euskal Herriko ekonomiak kontraesanez beteriko egoera bizi izan zuen. Siderurgian eta hornigaigintzan aritzen ziren enpresa handiak ikaragarri garatu ziren, estatuaren politika autarkikoari eta gerratean suntsitutakoak konpontzeko premiei esker.

Zenbait industria eta negoziotan kapitala metatzea eta etekin handiak lortzea ekarri zuen horrek. Estraperloa osagarri garrantzitsua izan zen prozesu horren barruan. Alderantziz, beste sektore askok bizirik irautera mugatu behar izan zuten eta, herritarrek batez ere, miseria urte luzeak bizi behar izan zituzten. Zenbait kasutan, garaileen aldetiko «gizarte mendekutzat» ere har daiteke egoera hura. 1950eko hamarraldiaren azkenetatik aurrera, ekonomia ziklo berriak eta balditza egoki sail batek bide emanda, industriaren garapen orokorra etorri zen, batik bat, lehendik industria zegoen tokietan (Bizkaian eta Gipuzkoan); barnealdeko probintzietara ere heldu ziren fabrikak, ordu arte nekazaritza eta eskulangintza apala besterik ez zuten lurraldeetara, alegia.

 

Gerra ondoa: ekonomiaren hazkundea eta industriaren espezializazioa

 

Berreraikuntza

1936ko gerra zibila Euskal Herrian aski goiz bukatu izanak –1937ko ekainean– eta Espainiako industria astunaren zati handi bat lurralde honetan egoteak abantaila handiak ekarri zizkion euskal ekonomiari, Francoren gudarostearentzat gudarako eta azpiegituretarako gaiak hornitzen zituen industriarik garrantzizkoena bilakatu zelako.

Industria berriro lehengo martxan jartzeko ahaleginak 1937ko udan bertan hasi ziren, eta hurrengo urteetan are gehiago azkartu ziren. Gerra amaitu zelarik, orduantxe indartzen ari zen euskal ekonomia haren mesederako izan ziren gerrak eragindako kalte eta hondamen guztiak, eta Bigarren Mundu Gerraren ondorioz Espainiak pairatu zuen bakartze eta baztertze politika, Espainiaren berreraikitze politikak eta orduraarteko inportazioak osatu beharrak bertako industria indartzea ekarri baitzuten.

Gerrak herrietan, azpiegituretan, burdinbideetan eta material mugigarrietan, merkataritzako ontzidian etab. egindako kalteak osatu ahal izateko Euskal Herriko industria astuna indartu beharra izan zen –siderurgia eta ekipo hornidurakoa batez ere–.

Berebiziko ahalegina egin behar izan zuen industria horrek, eskura zuen teknologia eta lehengaiak erabiliz, gerra ondoko berreraikuntza prozesuak sortzen zuen merkatua hornitu ahal izateko. Euskal siderurgiaren produkzioa erakusgarri ona izan daiteke industriaren mobilizazio hori zenbaterainokoa izan zen ezagutu ahal izateko. Burdin lingoteen produkzioa, adibidez, 1935ean produzitzen ziren 246.956 tonatik 1940an 426.178 tona produzitzera iritsi zen, %72,6ko hazkundea beraz; altzairu produkzioari bagagozkio berriz, 398.692 tonatik 507.791 tonara igo zen, %27,4ko hazkundea beraz.

Industria astunaren eta ekipo hornidurako industriaren hazkundea bultzatu zuten beste bi sektore ontzigintza eta burdinbideetako materialgintzarena izan ziren. Euskal Herriko ontzigintzako industriak, Euskal Herrian baitzegoen izan ere Espainia guztiko itsasoko ontzigintzaren erdia baino gehiago, gerrak desegin edo hondatuzuen ontzidia berriro osatzeko egin behar zuen ahalegin horren ezaugarri itsasontzi berriak egiteko eta lehendik zeudenak konpontzeko eskari ugariak dira. Bizkaian, adibidez, ontzigintzak berebiziko hazkundea izan zuen, 1940an 28.180 tona izatetik 1943an 179.517 tona izatera iritsi baitzen, eta antzeko kopuruak izan ziren 1940 ondoko hamarraldi horretako gainerako urte guztietan ere. Gauza bera gertatu zen burdinbideetarako material berria egin edo hondatua konpontzeari dagokionez ere.

1940an bertan 111 lokomotor eta 572 bagoi egin ziren edo ari ziren egiten, eta 43 lokomotor eta 1.962 bagoi ari ziren konpontzen.

1942an, 100 lokomotor eta 1.213 bagoi egin ziren edo ari ziren egiten, eta beste 50 lokomotor eta 879 bagoi konpondu ziren. Datu hauek guztiek aski garbi uzten dute zenbaterainoko eragina izan zuen Espainiako berreraikuntza politikak Euskal Herriko industriak gerra ondoko lehenengo urte horietan izan zuen hazkundean.

Prozesu hori bera bestelako industria batzuetan ere izan zen: eraikuntza eta zementu industrian adibidez, Espainiako zementugintza gehiena Euskal Herrian baitzegoen kokaturik. 1946an Gipuzkoan –Gipuzkoa baitzen Espainiako probintzietan zementu gehien produzitzen zuena– 189.658 tona zementu produzitzen zen, eta Bizkaian 180.776. Bi probintzia horien artean 10.606 langile enplegatzen ziren eraikuntzan 1946an; 1950erako 26.989 langile enplegatzen ziren sektore horretan.

 

Inportazioen ordezko produkzioa

Beste alde batetik, Espainiako ekonomiak 1950 ondotxora arte pairatu zuen bazterkuntzaren ondorioz, ezin izan zuen merkatua normal eta behar beste hornitu ez oinarrizko lehengaiez ez teknologiaz; horren ondorioz ahalegin bereziak egin behar izan zituen Espainiako industriak ekonomia egoki ibili zedin oinarri-oinarrizko zituen inportazioko gaien ordezkoak produzitzeko.

Inportazioz ekartzen ziren ongarrien, paper orearen, tresneriaren, farmazia eta kimika produktuen ordezkoak eduki beharra zela eta, lehenago inportazioz ekartzen ziren gai horien ordezkatzearekin zerikusia zuten industria elkarte berriak sortu eta indartzen hasi ziren. Gipuzkoan eta Bizkaian kimika industrian ari ziren langileen kopurua %124 hazi zen 1940-1950 bitartean (5.356 langiletik 12.017ra). Gipuzkoan paper fabriketan ari ziren langileak 3.762tik 6.885 langilera ugaldu ziren bitarte horretan berorretan. Baina berrikuntza ahalegin hori gehien nabarmendu zen sektorea metalurgiarena izan zen, eta metalurgiaren barruan makina lanabesaren sektorea hain zuzen. Laburtzeko, bada, metalurgiak, siderometalurgia ere barnean hartzen dela, urte horietan hartu zuen bultzadak are gehiago indartu zuen euskal ekonomiak lehendik ere ia industrian bakarrik oinarritzeko zuen joera; joera hori berori, gainera, gehiago indartu zen oraindik 1960 ondoko urteetan euskal ekonomiak izan zuen hazkuntza aldian. 1940an Gipuzkoan lanean ari zen biztanleriaren %41 industrian ari bazen, 1950ean %47koa zen proportzio hori, 1954an %54 eta 1963an %61. Bizkaian, 1940 ondoko lehenengo urteetan, langileen %50etik gora metal industrietan ari zen lanean; 1959rako %47 zen proportzio hori. Gipuzkoa eta Bizkaia, bi probintziak batera harturik, 1940an 52.946 langile ziren guztira metalurgian; 1950erako 92.180 langile ziren, eta 1959rako 175.946 langile, %237ko hazkundea beraz 1940tik 1959ra. Hazkunde hori bestelako sektore tradizional batzuen kaltetan gertatu zen(papera, ehungintza, elikagaiak adibidez), horiek urritu egin baitziren proportzioz Euskal Herriko industrian.

Ekipamenduen eta makinen zahartzea eta hondatzea izan zen Espainiako industriak nolabait erantzun eta konpondu behar izan zuen beste arazoetako bat. Zahartze eta hondatze hori 1930etik aurrera hasia zen, hamarraldi horretan ekonomiak izan zuen beheraldiaren, gerra zibilaren, gerra ondoko bazterkuntzaren eta dibisa urritasunaren ondorioz; horrek guztiak industriarako tresneria berria prestatu beharra ekarri zuen Espainian, hondaturik zegoena konpontzeko, bazterkuntzagatik Espainian bertan produzitu behar baitzen tresneria hori.

Eskaera horren eraginez makina lanabeseko garrantzi handiko industria sortu zen Hego Euskal Herrian 1940 ondoko bi hamarraldietan.

Horren erakusgarri, 1940-1959 bitartean Espainian sortu ziren makina lanabeseko 153 industria berrietatik %62 Euskal Autonomia Erkidegoko hiru probintzietan sortu ziren.

Euskal ekonomiaren eta industriaren hazkunde horrek Espainiako ekonomiaren gorabehera berberak izan zituen ordea.

Lehengaien urritasunak eta haien kalitate eskasak, energia urritasunak, elektrizitate indarrarenak batez ere –urte horietako batzuetan ekonomia eta industria jarduera osoan izan baitzuen eragina eta lanorduak urritu beharra izan baitzen– eta behar-beharrezko ziren teknologiak eta lehengaiak erosteko dibisarik ezak arras baldintzatu eta mugatu zituen ekonomiaren hazkundea, industriaren produktuen kalitatea eta produktibitatea bera. Espainiako gobernuak, metalurgia sektorea bultzatzeko, Gipuzkoakometalurgiarena bultzatzeko batez ere, eta enpresarioei behar zituzten atzerriko ondasunak (teknologia adibidez) erosi ahal izateko dibisak Espainiako merkatuan ziren prezioetan baino merkeago lor zitzaten zenbait lege neurri hartu zituen, OG eta M-1 deituak, 1950 aurretxoan metalurgiako esportazioak bultzatu ahal izateko. Laburtzeko, dibisak prezio onetan erosteko aukera ematen zitzaien, era horretara atzerrian teknologia eta lehengaiak erosi ahal izan zitzaten, esportaziorako metalurgiako salgaiak sortzeko industria indartu ahal izateko. Hau da, dibisak merke erosteko aukera ematen zitzaien, esportazio bidez dibisa horiek ugaltzeko aukera sortzen baitzen. Sistema horrek arrakasta izan zuen, eta esportaziorako metalurgiako salgaien produkzioa handitu ahal izan zen alde batetik, bestetik prozesu horretan sarturik zeuden enpresen ekonomia balantza hobetu ahal izan zen, eta dibisak ugaldu ziren. Esportazio eragiketa berezi horiek arras ugaldu ziren 1950 ondoko urteetan; 1949an 19,6 milioi pezeta baziren, 1952rako 213,8 milioi pezeta ziren, eta 1957rako 370.9 milioi pezeta. 1956an esportazio horiek 343 milioi pezeta eman zituzten; horietako %99a Euskal Autonomia Erkidegoko hiru probintziei zegokien, %87 hain zuzen Gipuzkoari; esportazio gehienak Hego Ameriketako lurraldeetarako izan ziren, Brasil, Txile eta Mexikorako batez ere, eta horien atzetik zetozen Estatu batuak eta Ingalaterra.

Gehien saldu ziren produktuak josteko makinak, su armak, ferreteria, makina lanabesak eta nekazaritzarako makinak izan ziren; horrekin batera hasiak ziren autoetarako ordezko aldagaiak ere saltzen, etahurrengo hamarraldietan berebiziko garrantzia izango zuen industria horrek, Gipuzkoan batez ere.

1958ko krisiak eta ondorengo Egonkortasun Planak aldi berri bat ekarri zuten ekonomia eredu horretan, M-5 programa sortu zelarik; programa horretan hain zuzen siderurgiako produktuak eta ontzigintzakoak izan baitziren metalurgiako esportazioetan garrantzizkoenak, eta Bizkaiko probintziak hartu zion Gipuzkoakoari esportazioetan zuen lehen lekua, Bizkaian siderurgiak eta ontzigintzak zuen garrantziari esker.

 

Hazkundea, aurrezkia eta banketxeak

Zerbitzuen sektoreari dagokionez, lehendik tradizioa zuten bi azpisektorek hazkunde handia izan zuen: itsas garraioen sektoreak eta banketxeenak. Euskal Herriko garraioko ontzidiak onura eta irabazizko aldi luze bat bizi behar zuen (1940-1973).

Espainia Bigarren Mundu Gerran ez sartu izana eta gerra hori bukatzean mundu osoan hasi zen ekonomiaren hazkunde aldi luzea ongi baliatu zituzten Euskal Herriko garraioko ontzi enpresek, eta parte on bat izan zuten nazioarteko itsaso bidezko garraioan.

Sektore horren oparoaldia mintzagai dugun aldi honen hasieratik bertatik hasi zen sumatzen bai garraio enpresen kontabilitatean eta irabazietan bai haien akzioek burtsan zuten balioetan ere, 1. koadroan ongi ikusten den bezala.

Bada, azkenik, beste faktore bat ere azpimarratzekoa: finantziaketa kapitalari dagokiona alegia, gerora Espainiako ekonomian geroz eta eragin handiagoa izango zuena. Gerra ondoko urteetan metatutako ondarearen zati bat finantza elkarteetan jarritakoaurrezki bilakatuko zen. Diru asko metatu zen, izan ere, merkatu beltzean, eta askoz ere neurri apalagoan bada ere, merkatu ofizialean ere bai, Espainiako ekonomia eskaera horri erantzuteko gai ez zenez produkziozko inbertsiotara eta kontsumora bideratu ezin izandako irabaziengatik batez ere.

Bilboko komertzio Ganbara Ofizialak «zenbait gertaera ekonomikoz» prestatutako txosten «gordean edukitzeko» batean esaten denez, «estualdi honek dirua aurrezkietan gordetzeko joera ekarri du. Hiri honetako banketxeetan eta Aurrezki Kutxetan oso diru sarrera handiak ikusi dira urte osoan zehar (1943), aurreko urteetan baino askoz ere handiagoak, hain zuzen, eta aurrezki hori fabrika eskualdeetatik bezala nekazaritza lurraldeetatik datorrela sumatu da, nekazari lurraldeetatik hala ere gehiago besteetatik baino”. Hurrengo urteetan are gehiagora egin zuen aurrezki joera horrek.

Esandakoaren erakusgarri ona izan daiteke Bizkaiko finantza instituzioetan sartu zen aurrezkiaren bilakaera. 1941ean sartu ziren 1.076 milioi pezetak 2.005 milioiera iritsi ziren 1945erako, 4.630 milioira 1950erako eta 9.419 milioira 1954rako. Aurrezki hori baliatzea beren esku izan zuten finantza erakundeek era askotako inbertsioetara bideratzeko. Aurrezki horrek guztiak Espainiako industria sarean indarrez sartu ahal izateko bidea eman zien, hainbesteraino non Espainiako industria enpresariorik handiena bilakatu baitzen finantza sistema hori, hurrengo hamarraldietan enpresa erakunde handietan esku handia izan zuela.

Merkatu beltzean egindako irabazi metaketaren parterik handiena Espainiako finantza erakundeetara joango zen azkenean, banketxe pribatuetara batez ere. Banketxe pribatuek urte horietan Espainiako ekonomianduten pisua ezagutzeko aski da inbertsioen eta kutxaren partida begiratzea.

Bi horien batuketa nabarmen hazten da gerra ondoko lehenengo urteetan. 1935eko azkeneko lau hilabeteetan 9.972 milioi pezeta zirenak 41.229 milioi pezeta bilakatuko dira 1946ko azkeneko lau hilabeteetarako.

Euskal Herriko banketxeek %20 baino gehiagoko partea zuten diru partida horietan: 4.077 milioi pezeta 1941. urtearen bukaeran eta 8.421 milioi 1946 bukaeran.

Nolanahi dela ere, banka bezala zituen bermeak Espainiako banketxe pribatuenak baino handiagoak ziren, autofinantzaketak –bere baliabide propioen eta kapital ordainduaren arteko erlazioak– eta berme indizeak erakusten duten bezala. 1946 bukaeran Euskal Herriko banketxeen baliabide propioak kapital ordainduaren %95 adina ziren; Espainiako gainerako banketxeetan aldiz, %57 ingurukoa zen erlazio hori.

Banketxeen baliabide propioen (erreserbak eta kapital ordaindua) eta hartzekodunen kontuaren arteko erlazioa –berme indizea– %12,5ekoa zen Euskal Herriko banketxeetan; Espainiakoetan, berriz, %8,2koa. Azkenik, Euskal Herriko banketxeek urte horietan duten beste ezaugarri bat inbertsio politikarena da, industrietara eta sektore publikora bideratua baita: Espainiako bankak industriako balioetan duen inbertsio osoaren %28,2 baitu 1946an Euskal Herrikoak, eta hark ondare publikoetan duen inbertsioaren %22,7 urte horretan berorretan.

Hitz gutxitan esateko, banketxeak protagonismo berezia ari ziren hartzen Espainiako ekonomian, eta Euskal Herrikoan batez ere. Garai hartako ekonomia albistariek argi ikusi zuten hori. Honela idatzi zen, adibidez, 1942an: Bizkaiko finantzen aurreramendu hau Bilboko Bankak bultzatu du”, bere baliabide propioen eta, batez ere, inorenen bitartez, gauza izan baita “nazioaren aurrezkitik datozen baliabideak nazioaren mesedetarako erabiltzeko, eta gauza izan baita, orobat, Estatuaren maileguei arreta berezia eskainiz, enpresa berriak eraginkortasunez finantzatu ahal izateko”.

Diru beltzeko merkatuan irabazitako “diru erraza” bai Burtsak bai finantza erakundeek berenganatu zuten. Goian emandako datuek oso garbi erakusten dute hori. Finantza erakundeetako aurrezki kopurua 1935ean garaiko 1.026 milioi pezeta izatetik 2.332 milioi pezeta izatera igo zen 1946rako, eta Bilboko Burtsan egin ziren inbertsioak 1935ean 244 milioi pezeta izatetik 1946an 1.012 milioi pezeta izatera.

Lehendik zeuden negozioak handitzeko edo berriak sortzeko egindako inbertsioetan handiagoa izan zen oraindik aldea. Bizkaian, adibidez, 1940tik 1949ra bitartean3.902 milioi pezetako kapital handitzeak izan ziren, eta bitarte horretan berorretan elkarte berrietako kapital sozialetan egindako inbertsioak 1.822 milioi pezetakoak izan ziren. Urte bakar batean, 1946an, Bilboko Burtsan izan zen kapital mugimendua –1.013 milioi pezeta–, Errepublika garai osoan izandakoa beste izan zen (1.117 milioi pezeta).

Bilboko Burtsa izan zen aurrezkia bereganatu zuen beste erakunde nagusia.

Burtsako negozioaren mugimendua erakusgarri ona izan daiteke kapital merkatua eta beronen jokaera ezagutzeko. 1934-1935 urteetan Bilboko Burtsa negozioa 153-244 milioi pezetakoa zen, garaiko pezetetan; 1941erako 731 milioi pezetara iritsia zen, eta 1946rako 1.013 milioitara. Hala eta guztiz ere, Espainian gerra ondoan Burtsako merkatuak izan zuen jokaeraren gauzarik bereziena Bilboko Burtsak eta Bartzelonakoak izan zuten jokaera arras desberdina da hain zuzen ere; desberdintasun horretan Euskal Herriko eta Kataluniako (finantza) burgesiek merkatu horri buruz izan zituzten jarrera desberdinak eta errejimen politiko berriari Zor Publikoan eta Errenta Finkoan egindako inbertsioen bidez ematen zieten berme eta sostengu desberdina ageri dira batez ere.

Bi merkatu horiek, edo beste era batera esanda, bi burgesia horiek Francoren errejimenari zioten atxikimendua edo gaitzespena neurtzeko barometro gisa burtsen emaitzak hartuko balira, bistan da errenta finkoaren (Zor publikoa) erakusle horrek euskal burgesia, finantza baliabideen jabe zena behintzat, errejimen berriarekin eztitan eta pozik asko erakutsiko ligukeela, eta errejimen hari ez litzaiokeela faltako laguntzarik burgesia horren aldetik; neurgailu horrez berorrez Bartzelonako Burtsa neurturik, aldiz, errejimen harekin batere eztitan ez zegoen burgesia bat erakutsiko liguke, errejimenari laguntza handirik emateko prest ez zegoena, Burtsan egindako inbertsioek, errenta finkotan eginek batez ere, erakusten duten bezala. Izan ere, euskal burgesiak errenta finkotan egiten dituen inbertsioak 1936tik 1940ra bitartean 10 aldiz gehiago izateraino, eta 1944rako 31 aldiz gehiago izateraino jasotzen dituen bezala, Kataluniako burgesiak gutxitu egiten ditu inbertsio horiek, eta gerra ondoko lehenengo urteetan 1936an baino inbertsio gutxiago egingo ditu, 2. irudian erakusten den bezala. Kopuru horiek garbi ikusten dute zein jarrera desberdina izan zuten hango eta hemengo burgesiek Francoren errejimenarekiko, honen hasierako urteetan.

Atxikimendu suharra batek, goganbeharra eta errezeloa besteak.

 

Estatuaren eskuhartzea eta Espainiako merkatuaren desegituratzea

 

Merkatu ofiziala eta merkatu beltza

Ikusten ari garen bezala gerra zibilak atzerabiderik gabeko etena ekarri behar zuen kapitalismoaren eta langile mugimenduaren bilakaerarako. Historian eragina izango zuten faktore berriak eratuko ziren gerraren emaitzen ondorioz: “nazionalen” aldearen, eta hura ordezkari zuten interes sozioekonomiko, ideologiko eta politikoen garaipena eta errepublikaren eta haren euskarri ziren alderdi politiko, sindikatu, ideologia, gizarte klase eta taldeen hondamendia.

Historia eragingo duten faktore berri horien artean aipatzekoak dira, lehenik, kapital metaketa, produkzioaren eta berorren merkaturatzearen arteko erlazioak eratzeko izango diren oinarri berriak; estatuaren merkatu bakarra izango ez den bestelako modu batez antolatutako merkatu bat baitago, hain zuzen ere: bi merkatu desberdin aldi berean, batean prezioak Estatuak kontrolatzen dituelarik, bere prezio ofizial finkatuekin, merkatu ofiziala alegia, eta bestea merkatu askea, ezkutukoa, merkatu beltza. Lanaren eta soldaten merkatua Administrazioak arautuak eta kontrolatuak izan ziren beti. Uste izatekoa zenez, sakonetiko aldakuntza horiek kapitalismoaren egitura bera eta kapital metaketa prozesuak ere aldatu egin zituzten; aberastasuna kontzentratzeko prozesuak eta gizartearen polarizazioa areagotu egin ziren. Era berean, horrekin batera, Estatuaren esku hartzea ere areago indartu zen, eta azkenerako Espainiako kapitalismoaren joera nazionalista, autarkikoa eta oligopolio zalea indartu zen.

Garai horretako ekonomia gaiak, gizarte harremanei, langile mugimenduari, merkatuaren funtzionamenduari, errentari, soldatenerosketa ahalmenari, industrializazioari, eskualdeen arteko desorekei dagozkien gaiak aztertu nahi badira, ekonomiaren eta merkatu errealitate berri horren azterketatik beharko da abiatu: merkatu ofiziala eta merkatu beltza, bi egitura elkarren paralelo eta elkarren desberdin. Merkatu ofizialean prezioak, irabaziak eta kapital metaketa Estatuak arautzen ditu; baina merkatu beltzean izango dira, aldiz, legez kanpo, kapital metaketa eta irabazi handienak.

Argitzeko dagoena ez da, zinez, ezdeusetako gauza. Asko baitago argitzeko: produkzio osoaren zenbateko partea saldu zen merkatu horietako bakoitzean, kapital metaketa zenbatekoa izan zen ezagutzeko, zein talde izan ziren gizartean horretatik irabazi gehien atea zutenak, eta zenbat iraun zuen prozesu horrek guztiak, hain zuzen ere faktore horiek guztiek arras baldintzatuko baitute ondoren etorriko den historiaren bilakaera guztia.

Nekazaritzako produkzioari eta berorren komertzializazioari buruz badira zenbait lan kopuru aski sinesgarriak ematen dituztenak, bai produkzioari berari dagokionez, bai produkzio horretatik merkatu ofizialean eta merkatu beltzean saldu ziren kopuruez.

Naredo, Barciela edo Gutiérrez del Camporen lanek, adibidez, argi asko ekarri dute gai horietara, eta nahiko argi azaldu dute merkatu beltzak edo estraperloak nekazaritzako produktuen komertzializazioan izan zuen eginkizuna eta partea. Labore produkzioari dagokionez, erakusgarritzat gariaren salmenta harturik, 1939-1940tik 1952- 1953 bitartean produkzioaren erdia baino gehiago merkatu beltzean saldu zen. Urte horietatik guztietatik, 1939-1940, 1946-1947, 1950-1951 eta 1951-1952 nekazari urteetan baizik ez da gertatzen gari salmentan merkatu beltzaren partea %50 baino txikiagoa izatea, %44,89, %47,62, %35,41 eta %24,09ko proportzioa izan baitzuen aipatu urte horietan.

Gainerako urte guztietan (10 urte) merkatu beltzean saldutako produkzioaren partea erdia baino gehiago da, 1944-1945 urtean izandako %52,33tik 1942-1943 urtean izandako %64,36 bitartean. Lau urtetan merkatu beltzaren partea %60 baino gehiagokoa izan zen, eta 8 urtetan %56 baino gehiagokoa. Olioari dagokionez, merkatu beltzean saldu ziren produkzio kopuruak merkatu ofizialean saldu zirenen antzekoak izan ziren.

Horrexegatik hain zuzen, hain argi eta garbi ikusten bada nekazaritzako produkzioaren erdia edo gehiago merkatu beltzean saltzen zela, kapital metaketa prozesuan eta kapital horren eta errenten banaketan gertatzen ari ziren aldakuntzak ezagutu nahi badira, nahitaezkoa izango da bi merkatu horietan (ofizialean eta beltzean) prezioek nola funtzionatu zuten, komertzializazio prozesua nola gertatu zen eta prozesu horietan guztietan politikak zer eragin izan zuen ongi aztertzea.

Industriaren produkzioari dagokionez, merkatu betetik eta bestetik zein proportziotan bideratu zen ez da ezagutzen oraindik.

Merkatuen arteko desberdintasuna nekazaritzako produktuetan baino txikixeagoa izan daitekeela sumatzen da; baina gerta daiteke kontsumorako gaien industriako produktuen artean eta lehengaien (mea eta ikatza) eta metalurgiako eta siderurgiako lehen produktuen (burdin lingotea eta altzairua)artean alde handiak izatea. Baliteke, eta ziur aski hala da, siderometalurgiako produkzioaren merkatu beltza gai eraldatuena izatea batez ere. Siderometalurgiako produkzioaren prezioak eta haren oinarri ziren lehengaienak (burdin mea eta ikatza) Estatuak mugatu zituen beti. 1940 ondoko hamarraldian Administrazioak lehengai “kupoak” edo kopuru finkoak izendatzen zituen mea konpainiek siderurgiako enpresei salneurri jakin batean eman ziezazkieten.

Askotan gertatzen zen produkzio kostuak izendatutako salmenta prezioak baino handiagoak izatea, eta hala merkatu horretan galerak sortzea; galera horiek esportazioen bitartez berdintzen ziren. Jokaera horren oinarrian gobernuak siderurgiari lehengaiak salneurri apaletan izan zitzan ziurtatzeko zuen asmoa zegoen, era horretara siderurgiak ere, burdina eta altzairua prezio apaletan egin zezan Estatuarentzat, zuzenean, edo Metalaren Sindikatu nazionalarentzat –zeharbidez berau bilakatuko baita 1942tik aurrera siderurgiako produktuen kontsumitzaile eta banatzaile nagusi–.

Siderurgiako industria eta ekipo ondasunena errejimen berriaren industriarik kutunenak ziren. Autarkia proiektu guztiek kontsumorako gaien produkzioaren gainetik enpresa horiei lehentasuna ematea eskatzen zuten. Horrexegatik bada, gisa horretako enpresa gehien zegoen lurraldeak, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru probintziek hain zuzen, ekonomia hazkunde handia izan zuten 1940tik 1960ra bitartean.

Euskal Autonomia Erkidegoko BPG (Barne Produktu Gordina) bikoiztu egin zen 1930etik 1960ra (%90eko hazkundea), eta 1930-1950 bitartean %22 hazi zen. Espainiak eta Kataluniak, berriz –Kataluniak hala ere kontsumorako gaien industriaren ordezkari bezala–, %3ko eta %17ko hazkundea izan zuten aipatu aldi horietan. Kataluniaren eta Euskal Herriaren arteko desberdintasunak, ordea, batek eta besteak Espainiako BPGnzuten partean ikusten dira ongien. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru probintzien BPGa Espainiakoaren %5,4 zen 1930ean, %6,7 1950ean eta %7,38 1960an. Kataluniarena, aldiz, Espainiakoaren %21,38, %18,29 eta %18,32 izan zen urte horietan berorietan.

1940rako BPGren proportzio hori Euskal Autonomia Erkidegoko hiru probintzien BPGren alde jartzen hasia zen zegoeneko, eta aldea geroz eta handiagoa ari zen bihurtzen. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru probintzien BPGa Espainiakoaren %5,40 zen 1936an eta 1940rako %6,16 izateraino igo zen; Kataluniaren partea aldiz, 1936an %21,28 izatetik %18,32 izatera jaitsi zen 1940rako. Portzentaia horiek garbi erakusten dute zenbateko abantailak dituen Euskal Herriko industriak gerra zibilak iraun zuen bitartean, eta zenbateraino finkatuko ziren abantaila horiek ondoko urteetan.

 

Estatuaren eskuhartzea eta siderurgia industria

Espainiako Administrazioa Estatu osoko siderurgia produkzioaren “kontsumitzaile nagusia” bilakatuko zen 1942tik aurrera, bai zuzenean, berez, bai zeharbidez, Metalaren Sindikatu Nazionalaren bitartez. “Barreneko ohiko merkatura” zihoan siderurgia produkzioak, aldiz, kolpetik egin zuen behera 1942tik aurrera, bai bide horretatik merkaturatzen zen produkzioaren proportzioa jaitsi zelako, bai, halaber, bide horretatik merkaturatzen zen produkzioaren kopurua osotara ere urritu zelako. Proportziotan, 1941ean merkaturatzen zuen produkzioaren proportzioa %56,4tik %21era jaitsi zen 1942an, eta %0,9ra 1945ean; zuzenean merkaturatzen zen siderurgia produkzioa, zentzu berean, 1941ean 359.673 tona izatetik 1945ean 6.094 tona izatera urritu zen. Zalantzarik ez da egoera horrek merkatu beltzaren indartzea ekarri behar zuela; merkatu beltz horretan, jakina, siderurgiako produktuen prezioak arras goratu ziren. Adibide bat jartzeagatik: burdin lingotea 1936an baino %900 ordaintzen da Katalunian 1943an, merkatu ofizialean T profilen prezioa %63 baizik goratu ez zelarik.

Laburtuz bada, siderometalurgiako produktuentzat eta industriako produktuentzat orohar beste merkatu bat sortua zen, merkatu ofizialaz aparte eta haren paraleloan.

Merkatu ofizialeko produkzioa eta prezioak Administrazioak kontrolatzen zituen, eta hartatik aparte hainbat enpresario, espekulatzaile eta politikok bere kontuak ateratzen zituen Administraziotik izendaturik zetozkien produktuak alde handiko preziotan salduz, edo beraiei izendatutako kupoak irabazi handiz eta prezio handitan berriro salduz merkatu beltza hornitzeko.Estatuak siderurgiaren produkzio osoaren %37,1 kontsumitzen zuen 1941ean, 1942an %61,8 kontsumitzen zuen, eta 1945ean %50,5. Metalaren Sindikatu Nazionalak, erakunde ofizialak beraz, %2,0 kontsumitzen zuen 1941ean, %10,6 1942an eta %44,7 1945ean. Administrazioak kontrolatzen zuen siderurgiako produktuen kontsumo ofiziala, beraz, 1941ean zen %39,1etik, 1942an zen %72,4ra eta 1945ean zen %95,2ra igo zen. Portzentaia horiek argi erakusten dute siderurgian eta industria astunean Administrazioak kontrolatzen zituela bai merkatua bai prezioak. Horrek ez zuen eragozten ordea produktu horien berorien merkatu beltz bat, irabazi handikoa hala ere, sortzea.

 

Merkatu bikoitzaren ondorio sozialak: “mendeku soziala” eta kapital metaketa

Kontsumorako prezioen zerrenda osatzen duten gaien prezioak, bai merkatu ofizialean bai merkatu beltzean, xehekiago aztertuz, berehalaxe ikusiko litzateke bai gai horiek orokorrean harturik, bai xeheka harturik, zein alde handiak ziren merkatu mota batetik bestera; orobat ikusi ahal izango litzateke salgai bakoitzaren prezioak merkatu horietan izan zuen bilakaera; eta aise ikusi ahal izango litzateke halaber zenbaterainokoa izan zen “mendeku soziala” eta zenbateraino zabaldu zen errejimen berriaren ustelkeria, Espainiako produkzioaren erdia merkatu beltzean saltzeko bide eman zuena, horrek gizartean zituen ondorio gaizto guztiekin (langileen artean eta maila apaleko gizarte mailetan batez ere) eta zenbaiti ekarri zien bidegabeko aberastearekin.

Ekonomia eta politika iturburu horietatik edanda burgesia berri bat sortuko zen, errejimenari ondo atxikia, ezaugarri nagusiak merkatu beltzean oso denbora laburrean aberastu izana eta aberaste horretarako bideizan zituen adiskidetasun politikoak izan zituena.

Espainian gerra zibilaren ondoren eratu zen jokabide berri horren adibide bikain bat nekazaritzaren produkzioan eta produkzio hori saltzen den merkatuetan aurki daiteke. Ikusi dugu nola nekazaritzaren produkzioaren erditsu bat merkatu beltzean saldu zen ia hamabost urtez, gaiek merkatu ofizialean zutena baino hainbat bider gehiago ziren preziotan.

Zehazkiago begiratu nahi bada, Bilbon gai horiek merkatu beltzean eta merkatu ofizialean izan zituzten prezioak azter daitezke.

1940 ondoko urteetan eta 1950 ondoko lehenengoetan, oinarrizko elikagaien eta hornigaien prezioek izan zituzten merkatu batean zein bestean gorakada handienak; baina merkatu beltzeko prezioak merkatu ofizialekoak baino hainbat bider handiagoak izan ziren maiz. Elikagai eta hornigai horiek honako hauek dira: ogia, olioa, azukrea, arroza, ilar-xabalak, babarrunak, etab.Esandakoa ikusteko 1942an Bilbon ziren prezioak adibide ona izan daitezke.

Merkatu beltzeko eta merkatu ofizialeko prezioen arteko erlazioa honela baitzen: 11,9 bider garestiago ogia, 11 bider garestiago azukrea, 10 bider arroza, 5,1 bider olioa… Oihalari dagokionez ere badirudi garrantzi handia izan zuela merkatu beltzak, prezio ofizialen eta merkatu beltzekoen arteko aldeak argi erakusten duen bezala.

1942ko urte horretan berorretan, oihal metroa %380 garestiago zen merkatu beltzean ofizialean baino, eta 1943an %708 garestiago.

Oihala eta oinarrizko elikagaiak izan ziren merkatu beltzeko prezioen eta merkatu ofizialekoen artean alderik handienak izan zituztenak.

Horregatik hain zuzen, ia hamabost urtez (1938-1953) gisa horretako merkatu bikoitz bat izateak, nekazaritzako produkzioaren erdi ingurua eta industriaren produkzioaren puska handiak, kontsumorako gaiak batez ere, merkatu beltzean saltzen zirela, eta merkatu beltzeko prezioak merkatu ofizialekoak halako bi edo halako hamaika –urteen eta gaien arabera– izan zitezkeelarik, dudarik ez da kapital metaketa handiak eskuratzeko bidea eman ziola merkatu beltzean saltzen zuen burgesiari, bai produkzioarekin loturiko burgesiari –nekazaritzako burgesia edo industriako burgesia–, bai produktu haien merkataritzarekin loturiko burgesiari –burgesia espekulatzailea–.

Kasu batean zein bestean, burgesia horiek edo errejimen berriarekin bazuten nolabaiteko harremana edo zuzenean zeuden sartuta politikan.

Beste alde batetik, oso kontuan hartzekoak dira orobat nekazaritzako produktuek prezio ofizialen eta merkatu beltzekoen artean sortzen ziren lekuan bertan zutenaldea eta kontsumitzen zuten lekuan zutena, alde horiek ere desberdinak izaten baitziren askotan, laboreei eta irinari dagokionez gertatu ohi zen bezala. Ogiari dagokionez, esate baterako, merkatu beltzeko prezioak bizpahiru aldiz handiagoak izan ohi ziren soberakinak produzitzen ziren lekuan; alde hori berori, berriz, hainbat aldiz handiagoa izan ohi zen produkzio defizita zuten lekuetan –hiri handiak eta haien ingurua–. Bilbon, adibidez, hamar bider garestiago izatera ere iritsi zen. Gauza bera gertatu ohi zen Alacanten, Bartzelonan, Donostian, etab.

Produkzio guneen eta kontsumo guneen arteko prezio desberdintasun horrek, irabazpide handiak ematen baitzituen, oparo bete zituen burgesia espekulatzailearen patrikak. Hori, jakina, ezin gerta zitekeen horrela baldin eta errejimenak gauzak horrela izatea onetsi izan ez balu eta errejimen horretako pertaide nagusi asko negozio ustel baina irabazi handiko horretan partaide izan ez balitz. Errejimenak berak sortu zuen eskasia, neurri handi batean artifiziala, eta burgesiak eta politikariek urrialdi hori esan den merkatu bikoitz horren –ofiziala eta beltza– bidez jestionatu zuten; irabazirik handienak merkatu beltzetik ateratzen zituzten, esan bezala, horretarako Espainiako produkzioaren zati handi bat merkatu horretara bideraturik, gainerakoa, askoz ere prezio apalagoetan, merkatu ofizialera bidaliz. Burgesiaren eta politikoen onespen eta parte hartze hori –“ezikusia egin”– izan ez balitz, ezin bideratu eta saldu izango zatekeen Espainiako nekazaritzaren produkzioaren erdia legez kanpoko merkatu beltzean. Francoren errejimenak bere lehenengo urteetan –15 urte inguru– egoera horretarako aukera eman eta berariaz bultzatu zuen, era horretara kapital metaketarako mekanismo berriak eratzen zirela, baina errejimenarekin eta haren politikarekin lotura estua zuten zenbait gizarte talderi –nekazaritzako burgesiari eta burgesia espekulatzaileari– erraztasun bereziak emanez. Horrekin batera, ordea, ekonomian eta politikan ustelkeria nagusitzeko mekanismoakezarri ziren, eta azkenean, horren guztiaren ondorioz kapitalismoaren konkurrentzia bera bere egiturarik sakonenetan hondatuko zen, produkzio egituretan alegia, nazioarteko merkatuarekin alderatuz konkurrentzia ahalmena galduko baitzuen, eta zaharkiturik utziko baitzuen. Konkurrentzia ahalmenaren galera horrek babes neurriak eta esku hartze neurriak indartzera bultzatuko zuten Estatua, era horretara burgesiako talde horiei barne merkatuaren kontrola eta haren irabaziak ziurtatu ahal izateko.

Beste alde batetik, merkatu bikoitzari eusteko politika horrek, eta merkatu banaketa horren iraupenak berak, eragin larria izan zuten biztanleriaren sail handietan (langileetan eta gizarte maila apaletan).

Gerra zibilak izan zuen amaierak soziologikoki ere izango zituen ondorioak. E. Labroussek erabili izan duen kontzeptu bera erabiliz, Francoren armadaren garaipenak erabateko beta eman zien Espainiako eskuinari, armadari, Estatuko Administrazioko goi mailako partaideei, elizari, nekazaritzako burgesiari eta industriako eta finantzetako burgesiako kide batzuei –aginpidean jarri zen taldeari, alegia– gizarte maila apaleko eta langileriako biztanleriaz sozialkieta ekonomikoki “mendeku hartzeko”, gizarte maila horiek baitziren errepublikaren eta ezker politiko, sozial eta laboralaren euskarri eta sustengu. Horregatik, gerra ondoko ekonomiaren bilakaeraz eta bilakaera horrek kapital metaketan eta errenten banaketan, bai geografiaz bai gizarte mailaz, izan zituen ondorioez azterketarik egin nahi bada, aipatu den merkatuaren banaketa bikoitz hori ezagutzetik beharko da abiatu, eta horretarako merkatu beltzak nazio errentan zuen partea ezagutzen ahalegindu, diru baliotan askoz ere handiagoa baitzen merkatu beltzaren parte hori merkatu ofizialean saltzen eta erosten zenaren balioa baino. Gauza bera hartu behar da kontuan jende xehearen soldaten eta errenten egiazko erosketa ahalmena aztertu nahi bada ere.

Merkatu beltzak burgesiarentzat zenbateko garrantzia izan zuen Bilboko Merkataritza Ganbarak berak jartzen du agerian.

Erakunde horrek hamabost egunez behin prestatu ohi zituen kontsumo gaiek merkatu ofizialean eta ezkutuko merkatuan –hala deitzen baitzioten merkatu beltzari– zituen prezioen taulak, era horretara beren bezeroei –edozeinetariko erakundeak– produktu mota bakoitza merkatu horietako bakoitzean zein egoeratan zegoen eta egoera hori nola ari zen aldatzen ezagutarazteko, bezero horiek merkatu batean ala bestean saltzeak izan zitezkeen abantailez balia zitezen.

Bilboko Merkaritza Ganbarak, beraz, honela zioen Bizkaiko ekonomiaren 1947ko lehen sei hilabeteetako egoera azterturik: “nahitaezkoa da (merkatu beltza) elikaduraz hornitzeko eta kuporik ez duten, edo behar besteko kuporik ez duten, edo kupoak behar diren garaian iristen ez zaizkien industria askorentzat lehengaiez hornitzeko.

Izatez, arras ari dira zabaltzen eta orokor bihurtzen ezkutuko prezio horiek, eta ekonomia osoa ari da prezio horien arabera bideratzen.

Bada kupoak berak ere saltzenari denik, prezio ofizialen eta merkatu beltzekoen artean dauden aldeak ikusirik”.

Ororen buruan, bada, epe luzera estatuko merkatu libreko egiazko prezio bilakatuz joan ziren merkatu beltzeko prezio horiek.

 

Elikaduraren arazoa langileriarentzat: ahuldura eta produktibitatearen beherakada

Ikusten ari garen bezala, garai honetako ekonomiaz, soldaten eroste ahalmenaz, gizarte klase eta taldeen arteko bizi mailaren eta errentaren banaketaz azterketarik egin nahi baldin bada, bi merkatu desberdin izatea, bi horien arteko prezioen aldeak, Administrazio berriak merkatu horien sorreran eta bilakaeran izan zuen zerikusia eta bi merkatu horiek izateak gizartearen errealitatean zer eragin izan zuen aztertu behar da lehenik. Ez da ahaztu behar, gainera, prezio ofizialetan soldatetan baino igoera askoz ere handiagoak izan zirela urte horietan.

Bilbon, adibidez, prezio ofizialen indizea %169,7 igo zen 1936ko uztailetik 1942ko abendura, %380,5 1946ko abendura bitartean, eta %719,4 1950eko abendurako; siderurgiako peoi baten soldata, aldiz, %9an igo zen 1942rako, %60 1946rako eta %10 1950erako, 1936ko soldata hartuz %100tzat.

Pentsatzekoa denez, oinarrizko hornigaientzat elkarren oso prezio desberdinak dituzten bi merkatu elkarren paralelo antolatzeak dakarren bihurdura horrek oso ondorio txar eta larriak ekarri zituen soldatarik apalenentzat, eta arras jaitsi zen langileen erosteko ahalmena eta orobat beren elikadura. Garai horretan errejimenaren kontra izango zirenik nekez pentsa daitekeen iturriek, Espainiako Merkataritza, Industriaeta Itsasketa Ganbara Ofizialen Kontseilu Gorenak, edo Bilboko Merkataritza Ganbarak, argi eta garbi uzten dute, adibidez, langileriak bere soldataren erosmenaren beherakadarengatik nozitzen zuen urritasuna eta hondamena; argi diote egoera horren ondorioz elikadura urritasuna ari direla pairatzen, kaloria gutxiagoko elikadura dutela, eta osasuna galtzen ari direla orobat. Horrek guztiak ondorio txarrak ekarriko zituen langileriaren produktibitateari dagokionez.

Ganbara Ofizialen Kontseilu Gorenak 1942an zioenez, lanaren produktibitatean sumatzen ari zen beherakadak bazuen zerikusia “langileak elikadura urritasunagatik nozitzen ari diren osasun galerarekin”.

Zenbat eta egin beharreko lana gogorragoa izan, hau da, zenbat eta indar gehiago egin behar izan lana egiteko, eta beraz zenbat eta kaloria gehiago behar langileak era horretako lana egiteko, orduan eta neke eta kalte handiagoa langilearen osasunean, eta orduan eta galera handiagoa lanaren produktibitatean.

Iturburu horretxek zioen halaber, “giza indar handia behar zuten lanetan lanaren produktibitatea garai normaletan ohi zenaren erdira jaitsia zela”. Datu horiek oso kontuan beharko lirateke hartu lanaren produktibitatearen galera eta galera horrek enpresetan eta horien produktibitatean izan zituen ondorioak aztertzerakoan; enpresek izan ere, langile kopurua eta enplegua handitu beste biderik ez baitzuten izan produktibitate galera berdintzeko, teknologiaren bitartez ez baitzen biderik galera hori berdintzeko. Espainiako industriak zituen tresneria eta lanabesak hondatzen ari ziren, hondatzen ziren berritzen ez ziren heinean. Enpresa askok gerra garaian eta gerra ondoren egin zituzten produkzio ahaleginak beren kapital finkoa eta instalazioak hondatu zituen, eta ez ziren berritu teknologiari dagokionez behar bezala.

Horrek guztiak produktibitateak izanzuen galeraren zergatiak azaltzeko balio lezake; galera hori bi merkatu izateari eta prezioen gorakadari esker, merkatu beltzeko prezioenari esker batez ere, berdindu ahal izan zuten enpresa jabeek.

 

Bigarren industrializazioa eta krisia

 

Euskal ekonomia Espainiako ekonomian

Barne Produktu Gordinean islatzen diren makroekonomiako kopuruak euskal ekonomiak 1940-1960 bitartean izan zuen bilakaeraren ikuspegi zabal bat izateko baliagarri izan daitezke. Hogei urte horietan zehar Barne Produktu Gordinak eta biztanleriak hazkunde handia izan zuten biek, baina horren aldean are esanguratsuagoa da Espainia osoarekin alderatuz Hego Euskal Herriko ekonomiak izan zuen geroz eta pisu handiagoa, Espainian zen beste industria eremu handiak Espainiako ekonomian zuen partea urrituz zihoan aldi berean.

Madrili dagokionez ere haren Barne Produktu Gordina konparazioz bizkorrago hazi zen beste lekuetakoa baino, baina hori erabaki politikoak hala izan zirelako gehiago gertatu zen merkatuen ikuspegitik, lehengaien hornidurari dagokionetik etab. estrategiazko garrantzi handia zuelako baino.

Espainiako industrializazio zaharrari –Katalunian, Hego Euskal Herrian eta Kantauri aldeko erlaitzean pilatua, beren arteko lotura ardatz Ebroko harana zutela– Madrilgo industria eremua gehitu zitzaion 1940-1973 bitartean. Hiru industria eremu horiek (Katalunia, Euskal Autonomia Erkidegoko probintziak eta Madril) Espainiako ekonomian geroz eta pisu handiagoa joango dira hartuz; 9 puntu baino gehiago (9,3) irabaziko dituzte Espainiako ekonomian 1940tik 1973ra, Espainiako Barne Produktu gordinean 1940an %33 izatetik 1973an %42,3 izatera iritsiko baitira. Aberastasuna eskualde jakin batzuetan kontzentratzeko joera hori indartu baizik ez da egingo 1970 ondoko urteetan.

Euskal Herriari dagokionez, ekonomiaren hazkundearekin batera biztanleriaren hazkunde handia izan zen aldi horretan zehar, Espainian izan zen batez besteko hazkunde tasa baino askoz handiagoa hain zuzen: urteko %1eko hazkunde tasa (aurrekoaz gaindikoa) batez beste 1940 ondoko hamarraldian, eta %2,6koa 1950 ondokoan.

Biztanleriaren hazkunde horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko hiruprobintziek Espainiako biztanlerian zuten partea, 1940an zen %3,61etik, 1960an %4,43 izatera aldatu zen. Zalantzarik ez da inmigrazioak eragin handia izan zuela hazkunde horretan.

Beste alde batetik, ekonomiaren hazkunde horren berezitasuna bigarren sektoreak izan zuen bultzadan ere ageri da aski garbi, 1940an Euskal Autonomia Erkidegoko probintzien Produktu Gordinaren %47 izatetik 1960an %56,2 izatera iritsiko baitzen, ehuneko 9 puntuko hazkundea beraz. Hazkunde horren parte bat metalgintzako industrien hedatzeak ekarri zuen; horrek berorrek eragin handia izan zuen Euskal Herriko industria alor berezietara mugatzeko joera indartuz joan zedin, oso mota gutxitako industriak bultzatzeko joera alegia, 1973ko krisiaren ondoko urteetan ikusiko ziren ondorio larriak ekarriko zituena hain zuzen. Probintziaka harturik, Bizkaiak, eta batez ere Bilboko ibaiadarrak, Euskal Herriko biztanleriaren eta orobat Barne Produktu Gordinaren, erdia inguru zuen.

 

Demografia, garapenaren erakusgarri

Euskal Herriaren frankismoaren garaiko industrializazioaren aldi berri hori, bigarren industrializazioa deitu duguna hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidego osora zabalduko zen; lehenengo urteetan ordea –1940- 1960– itsas bazterreko probintzietan gertatu zen batez ere hazkundea. Lehenengo indrustrializazio aldian bezala, Bilboko ibaiadarraren ingurua izango da ekonomian indar eta mugimendu gehien duen eremua; horren eraginez, eremu horrek izango du biztanleriari dagokionez ere hazkunde handiena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru probintziak batera hartuz, 1940an biztanleriaren %34 eremu horretan baldin bazen, 1960rako %39 izatera iritsi zen proportzio hori. Bilboko ibaiadar inguruko biztanleriaren hazkundea urteko %1,4koa izan zen (aurrekoaz gainera) 1940 ondoko hamarraldian, eta %3,6koa 1950 ondokoan; Euskal Autonomia Erkidegoko hiru probintzietakoa, aldiz, %0,8 izan zen 1940 ondoko urteetan eta %2koa 1950 ondokoetan.

Bigarren aldia –1960-1975– Espainian 1960 ondoren izan zen hazkunde aldiari dagokiona hain zuzen, beste hazkunde aldi bat izango da berriro Euskal Autonomia Erkidegoko probintzietan. Araba ere industrializazio prozesuaren barruan sartzen da, eta gainerako bi probintziek baino hazkunde bizkorragoa izango du biztanleriari dagokionez 1960-1975 bitarteko urteetan. Bilboko ibaiadar ingurua eta Gasteiz izango dira urte horietan biztanleriaren hazkunderik handiena duten eremuak. 1950etik aurreraGasteiz izango da Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetan hazkunderik handiena duena. 25 urteren buruan 3,3 bider handiagoa bilakatuko da bertako biztanleria, eta Arabako biztanleen %44,2 izatetik %71,7 izatera iritsiko da. Gipuzkoako probintzian, berriz, hazkunde hori (industriarena eta biztanleriarena) askoz ere barreiatuagoa izango da, eta erdi mailako industria herrietan gertatuko dira hazkunderik handienak. 1950etik 1975era Donostiako hiriaren biztanleria hazkundea probintziaren batez bestekoa baino apalagoa izango da.

Euskal Herriaren industrializazioak betetzen duen mende osoan –“Euskal industriaren mendea” dei daitekeena, 1876-1975 bitartea–, arras aldatzen da Euskal Automia Erkidegoko paisajea: hiriak eta industriak eratzen eta hazten dira, baina arras kontzentratzen dira horiek hiru multzo handitan, hiru horiek (Bilboko ibaiadarraren inguruko hirigunea, eta Donostia eta Gasteizko hiriak) EAE osoarekiko duten biztanleria proportzioa geroz eta handiagoa baita 1970era arte. Biztanleriaren biltze horrek mende osoa iraungo du, baina XX. mendearen azken laurdenean ez da aldatuko. Aipatudiren hiru hirigune horiek EAEko biztanleriaren %18 zuten 1860an, 1900ean %38,4 dute, lehenengo industrializazioaren ondorioz –Bilboko ibaiadarraren inguruan batez ere–; 1930erako EAEko biztanleriaren %47 hartuko dute hiru hiriguneen artean. Bigarren industrializazioaren ondoren, 1960rako EAEko biztanleriaren %54 hartuko dute, eta 1975ean biztanleriaren %58.

Laburtuz, bada, hiru hirigune horietako biztanleria 15,7 bider handiagoa bilakatu zen 1860tik 1975era; EAEko hiru probintzietakoa aldiz, 2,5 aldiz baizik ez zen biderkatu bitarte horretan. Hitz batean esateko, hirigune horiek dira EAEko hiru probintzietako biztanleriaren hazkundean eragin gehien dutenak, baina baita dinamismo ekonomiko, sozial eta politiko handiena dutenak ere. 10. koadroan ikusten diren biztanleriaren hazkunde tasek ederki erakusten dute hori. Hirigune hauetako biztanleria 1860ko 76.109 biztanletik 1975eko 1.194.984 biztanlera igotzen baita.

 

Bigarren industrializazioa Mendearen azken laurdeneko krisia: industriaren garaldi eredu baten amaia

EAEko hiru probintzietako ekonomiak gerra zibilaren ondoko urteetan izan zuenhazkundeak, ondoren etorri zen garalditik –1960-1975 bitarteko garaldia hain zuzen– abantailarik handiena ateratzeko egokiera paregabean jarri zuen probintzia horietako produkzio egitura. Lehen ere esan dugun bezala, hazkunde garai horretako dinamika demografiaren hazkuntzak erakusten du ederki berriro. EAEko hiru probintzietako biztanleria bi bider handiago egiten da hogeita bost urteren buruan, 1950ean zituen 1.061.000 biztanletik 2.072.000 biztanle izatera iristen baita 1975ean. Hazkunde horren zati handi bat inmigrazioak ekarriko zuen: %63 inguru.

EAEko hiru probintziek Espainia osoarekin alderatuta, bai ekonomiaz bai demografiaz, zuen pisua handituz joan zen 1955etik 1975era bitartean. EAEko probintzietan erroldan sarturik zegoen biztanleria, 1955ean Espainiako biztanleriaren %4,1 zena, 1975erako %5,7 bilakatu zen, Barne Produktu Gordina berriz, Espainiakoaren %7az goitik egon zen (%7,2 1955ean eta%7,6 1975ean). EAEko hiru probintzietako ekonomia urteko ia %6 hazi zen batez beste 20 urte horietan, Espainiako ekonomiak zuen hazkundea (%5,3) baino gehiago alegia.

Ekonomia sektoreka harturik, industria izan zen hazkunde horren eragile nagusia, urteko %7,6ko hazkundea izan baitzuen batez beste, aurrekoaz gainera; horren ondorioz industriako espezializazioa, lehendik ere bazena, are nabarmenago egin zen, eta EAEko hiru probintziak Espainiako eskualderikindustrializatuena bilakatu ziren. Hiru probintzia hauen espezializazio indizea Espainiako gainerako probintzien batez bestekoa baino %61 handiagoa zen.

Industriak 8 puntu gehiago hartu zituen aztertzen ari garen aldi honetako lehenengo hamarralditik (1955-1964) bigarrenera (1965-1975) izan zen hazkuntzan; gainerako sektore guztiek berriz, behera egin zuten Barne Produktu Gordinean zuten portzentaian.

Ekonomiaren garaldi luze horretatik hiru probintziek atera zuten irabazia, baina Araba izan zen ekonomiaz eta demografiaz gehien aldatu zen lurraldea. Probintzia horren ekonomiaren hazkuntza tasa urteko %7,5ekoa izan zen. Horren ondorioz probintzia bakoitzak EAEko ekonomia osoan zuen proportziozko pisua zertxobait aldatuz joan zen. Bizkaiak EAEko Barne Produktu Gordinaren erdia baino gehixeago du denbora guztian, %55 inguru, Arabak geroz eta proportzio handiagoa du, eta Gipuzkoak aldiz, behera egiten du proportzioan.

Hitz gutxitan, bada, EAEko hiru probintzien bigarren industrializazio honen ondorioz Espainiako lurralderik aberatsenetako bat bilakatu ziren hiru probintzia hauek; hala, frankismoa amaitzen denean, 1975ean, EAEko BPG/per capita, Europako Ekonomia Erkidegoko batez bestekoa baino bost puntu altuagoa zen, per capita errenta Espainiako gainerako probintzietakoa baino askoz handiagoa zen, aldi horretan guztian zehar desberdintasun horiek berdintzen joan baziren ere. 1955ean EAEko probintzietako per capita errenta Espainiako batez bestekoa baino %71 handiagoa izan bazen, 1975erako %31raino gutxituta zegoen alde hori.

Hiru probintzien artean ere, batetik besterako aldeak arras berdinduta zeuden 1975 ingururako, eta 1969tik aurrera Arabak izan zuen per capita errentarik altuena EAEko hiru probintzien artean. Arabaren aurreramendua ikaragarria izan zen. Pezeta aldagabekotan neurturik, %130 igo zen 18 urtetan, Bizkaiko per capita errenta aldi horretan %63 hazi zen, eta Gipuzkoakoa %70.Iturburua: E. Reig eta A.J. Picazo, Capitalización y Crecimiento de la economía vasca, 1955-1955, BBK Fundazioa, Madril, 1997. 292.. r. II-8 irudia. Portzentaiak autoreak jarri ditu.<br><br>Diktaduraren amaierak, Francoren heriotzak eta 1973-1982 bitarteko aldian Espainiako gizartearentzat sortu ziren era guztietako zalantzek segurtasun urriko aldi bat eratu zuten; horregatik guztiagatik, ekonomiari dagokionez, nazioartean gertatzen ari zen krisialdiaren ondorio txarrak itzurtzeko hartu beharrekoak ziren neurriak eta erabakiak hartu gabe geratu ziren. Arazo ekonomikoak larrituz joan ziren (inflazioa, defizita, konkurrentziarako gaitasunaren galera, Espainiako bankuan ziren erreserbak geroz eta bizkorrago hazten ari zen energiaren faktura ordaintzeko xahutzea, etab.), bideratzeko denbora behar izan zuen politikaren eta estatuaren krisialdi baten ondorioz.

1982an trantsizioaren lehenengo aldia bukatzen denerako, berebiziko hondamena zuen eragina ekonomiaren krisiak Euskal Herriko ekonomian eta industrian. Nolanahi dela ere, 1876-1975 bitartean eratutako egitura ekonomikoetan behar dira bilatu horren arrazoi nagusiak; lehen ere aipatu izan diren hiru ikuspegi nagusietan laburbil daitezke arrazoi horiek: 1. Industria mota, geroz eta metalgintzan espezializatuagoa, burdinaren eta altzairuaren industrian batez ere. 2. Hasieratik bertatik kapitalismo babeszale, korporatibo, autarkiko eta oligopoliozale baten arabera eratzen den industrializazioa izatea. 3. Baliabideak, bai ekimenak bai kapitalak, oraindik ere ondorioak, finantzazkoak batez ere, sumatzen diren “hirugarren industrializatze” zoritxarrekoak beretu izana. Datuek oso garbi erakusten dute euskal ekonomiaren krisia.

EAEko Barne Produktu Gordinaren hazkundeaatzeranzkoa izan zen, negatiboa alegia, 1975etik 1985era bitartean (-%0,3); garai horretan berorretan Espainiako BPGak %1,8ko hazkuntza izan zuen. Europako Ekonomia Erkidegoarekin alderatuz gero, begibistakoa da galera. Hala, adibide bat jartzeko, EAEak per capita Barne Produktu Gordina Europako Ekonomia Erkidegokoarena baino %105 handiagoa zuen 1975ean; 1985erako %81 izatera jaitsi zen; urte horietan berorietan Espainiako BPG EEEkoaren %80,4 eta %71,8 izan zen. Beraz, EAEk 24 puntu galdu zituen, eta Espainiak 8,6.

Zalantzarik ez dago lehen aipatu diren hiru eragile nagusi horien ondoan (industria espezializazioa, garapen eredua eta hirugarren industrialdi jaio gabearen ondorioak), euskal industriaren krisialdiaren egiazko arrazoi nagusiak horiek badira ere, badira beste arrazoi batzuk ere, beste era batzuetakoak, eta azken finean aipatu diren horiekin zerikusia dutenak edo horien ondorio direnak: teknologiazko atzerapena –industriako tresneriaren zati handi bat zaharkiturik egotea–, babes zergen galera, Espainiako ekonomia geroz eta gehiago nazioartean kokatzea, 1985ean Europako Erkidegoan sartu zenetik batez ere, eta Euskal Herriak bizi duen politikazko ezinegona.

Euskal Herriko industriak I. Mundu Gerraz geroztik izan duen teknologiazko atzerapena –teknologia zaharkitua izatea– Espainiako kapitalismoaren garapen ereduak berak are zaharkituago bilakarazi zuen, geroz eta babeszaleagoa eta geroz eta korporatibistagoa izan baitzen.

1973ko krisiaz geroztik pilatu ziren arazoek teknologiaren atzeramendu hori agerian jarri baizik ez zuten egin, eta gaur egungo arazoak are larriagoak bihurtu dituzte politika ekonomikoaren beharkizunek: kanpora zabaldu beharra eta babeszaletasunaren eta korporatibismoaren deuseztea,orain arteko garapen ereduaren deuseztea alegia. Ohiko industria sektoreetan izan zituen ondorio larrienak egoera berriak. Eta ez da ahaztu behar sektore horietako batzuek Euskal Herrian zeudela kokaturik, Kantauri aldeko erlaitzean hain zuzen (siderurgia, metalgintza astuna eta arina, ontzigintza, kimika, papergintza, itsas garraioak…).

Administrazioan, krisi horrek eragin zituen moldatu behar sozial eta ekonomikoek hizkera berezi bat sortu zuten, baina ez zen besterik izan; hizkera hori ordea, industriarako politika berri bat bailitzan aurkeztu zen, krisian sarturik zeuden ohiko industria eta ekonomia sektoreen deusezteari aurre egiteko, ustez; “industriaren “birmoldatzea” esan hori zen, eta berriro industrializatzeko eskualdeak bultzatu eta sustatzea.

Euskal Herriak bere aspaldidaniko industria ehun gehientsuaren galera ezagutu zuen urte horietan; baina hori ere baino larriago dena: politika horrek Ikerketa+Garapena politikan eta garapen ahaleginetan izan zituen ondorioengatik industriako enpresa handi gehienak ere galdu egin ziren.

Teknologiazko atzerapen luze hori azkeneko bi hamarraldi hauetan ari da nolabait osatzen Espainiako ekonomia. Horregatik gertatzen da 1975ean eta 1994an lanean ari zen biztanleria oso antzekoa izanik ere, Barne Produktu Gordina ordudanik lehen halako bi izatera iritsi izana. Badirudi datozen urteotan berreskuratze horrek oraindik ere jarraituko duela. Horrek erakusten du zergatik Espainiako ekonomiak ia ezin izan duen enplegu berririk sortu, eta irabaziak ugaldu diren ahala langabezia ere neurrigabe zergatik ugaldu den. Badirudi datozen urte hauetan, mende bukaerarako, teknologiazko atzeramendua berdindu ahal izango dela, eta gure garapen maila bereko herrialdeen produktibitate maila berera iritsi ahal izango dela; horrela ekonomiaren hazkundeak aurrera jarraituko du, baina enplegu berria sortuz oraingoan. Horregatik, bada, gehiegizko langabezia honen arrazoiak Espainiako kapitalismoaren garapen ereduan eta hark industria guztiz babestu eta konkurrentzia ahalmenik gabeko bati eragin zion teknologiazko atzeramenduan behar dira bilatu. Nazioarteko merkatuetan sartzeak eta babes-zergak kentzeak –1985ean Espainia Europako Elkartean sartzearekin are gehiago bizkortu ziren prozesu horiek– oso agerian utzi dituzte ekonomia eta industria sektoreek beren egituretan zituzten akatsak, ordura arte babes politiken itzalean egonak baitziren eta konkurrentziarako ezintasun eta teknologiazko atzerapen handiak baitzituzten aspaldidanik.

Aldakuntza horiek eragindako ondorioak oso garbi ageri dira Bilboko ibai inguruak laurogei eta larogeita hamar ondoko urteetan nozitzen duen industria galeran; hain zuzen ere Bilboko ibai ingurua izango da urte horietan krisiak ondoriorik larrienak izango dituen eskualdea.

Azkenik, Euskal Herriaren eta beronen erakundeen egoera politiko berria ere zalantza handiak ari da sortzen, gero inbertsioan eta ekonomiaren hazkundean ondorio txarrak dituztenak. Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiako estatuaren arteko erlazioei dagozkien arazo ideologiko, politiko eta antolamenduzkoak, labur bada ere, planteatzen ahalegintzea azken mende laurden honetako euskal errealitate sozialaren arazo politiko-sozialik larrien eta labainenetako bati, baina aldi berean inbertsioan eraginik ezkorren eta atzerakorrenenetakoa duen bati, enpresarioak Euskal Herrian geratzetik atzeratzeraino iritsi daitekeen arazo bati heltzea da. Eragin horren erakusle bikaina Euskal Autonomia Erkidegotik inguruko beste Autonomia Elkarteetara (Nafarroa, Errioxa, Gaztela-Leon, Burgos) alde egin duten enpresen kopurua litzateke, eta orobat Autonomia Elkarte horien industria sektorerako espezializazio indizea: hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan industriaren pisua 1985eko 189,4tik 1994rako 166,7ra jaitsi den bezala, Nafarroan 146tik 186,4ra igo zen urte horietan, eta Errioxan 121,2tik 143,2ra, Espainiako batez bestekoa 100tzat hartuta.

Beste adierazle batzuk ere badira, krisiaren sakontasuna zenbaterainokoa den argi erakusten dutenak. Barne Produktu Gordinaren, errentaren eta langabeziaren bilakaera da bat. Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordina 1975eko 136,7tik 111,3ra jaitsi zen 1985erako, eta 108ra 1993rako, Espainiako estatuaren batez bestekoa 100tzat harturik. Langabeziari dagokionez, 1975ean %2,4ko langabezia izatetik (Espainiako %5,6aren parean) 1985ean %23,8 izatera igo zen (Espainiako %21,9aren parean). Laburtuz, Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia tasa %892 handitu zen, Espainiakoa %291 hazi zen bitartean. Ekonomiaren krisi hori familian erosteko geratzen zen errentaren galeran ere sumatu zen, Espainiako batez bestekoarekin alderatuz (100tzat hori harturik) 1975ean zuen 125eko mailatik 1985ean 99, eta 1993an 96 izatera jaitsi baitzen.

Barne Produktu Gordina, per capita errenta, Barne Produktu Gordineko portzentaia, langabezia, biztanleriaren bilakaera eta gisako adierazleek ongi erakusten dute zenbaterainokoa den krisia. Euskal Autonomia Erkidegoak Espainiako Barne Produktu Gordinean duen partearen portzentaia 1975ean zen %7,8tik %5,8 izatera jaitsi zen 1992rako. Baina historian zehar industria gehien izan duten bi probintziek (Bizkaiak eta Gipuzkoak) Espainiako per capita Barne Produktu Gordinaren mailaketan izanzuten atzerapena guztiz da aderiazgarria (15.. oadroa).

Krisiaren zergatiak azalduko dituen beste arrazoietako bat ekonomiako eliteak 1960 ondoko garaldiaren amaieran hartutako erabakietan behar da bilatu, erabaki horiek Euskal Herriko industria ehunak eta are Espainiakoak ere neurri batean, etorkizunean izango zituen ahalmenak baldintzatu baitzituzten, hain zuzen ere, aurrera edo atzera erabakitzeko zen une hartan lehendik zegoenaren ardura alde batera utzi eta azkenean lurralde honetako ekonomiari lur jo arazi baizik egingo ez dioten “hirugarren industrializatzeko” proiektu handinahi batzuetara bideratu baitzituzten enpresen ahaleginak eta kapital handiak. Hor daude zentral nuklear bat bukaturik, eta itxita –Lemoizkoa– eta beste bi diseinaturik (Ea eta Deba), Bilboko portu handiaren obrak erdi hasirik, 600 kilometroko autobide bat erdi hutsik Bilbotik Bartzelonara, laugarren siderurgia eremua diseinaturik, petrokimika industriak jaio ere egin gabe, etab. Hirugarren industrialdi horren asmo eta porrotaren adierazgarrien direnak baizik ez aipatzearren.

Baina erabaki horiek hartzen dituen ekonomiako elite hori ez dator enpresaren mundurik, enpresa publiko eta pribatu handien –banka eta finantza erakundeak batez ere– administrazio kontseiluetan kokatu den goren mailako burokrazia ekonomikotik baizik, bere dirua ez baina herritarrek eta enpresek metatu dutena arriskatzen dutela. Diseinu hutsegite hori larrutik ordainduko da XX. mendearen azkenlaurdenean, lehendik zegoen industria ehunaren parte handi bat galduz, egiturazko bilakatzeraino hazi den langabezia batez; langabezia hori 1975ean EAEko biztanleria aktiboaren %2,4 izatetik 1995ean biztanleria horren %25 izatera iritsi da hain zuzen, Espainiakoa 1975ean %5,6 zelarik eta orain %24, eta bide beretik herrialde honen gaixotasun soziala okerragotu eta euskal gizartean erradikalismo politikoa errotzen lagundu du. Euskal Barne Produktu Gordinaren barruan industriak zuen partea 1975ean %50 izatetik 1989an %41,7 izatera jaitsi zen –8,3 puntuko galera beraz, Espainian galera hori 4,5 puntukoa zen bitartean, %31,8tik %27,3ra alegia–. Industrian enplegatzen den langileriari dagokionez, are handiagoa izan zen beherakada hori, 1975ean biztanleria aktiboaren %46 industrian enplegatzetik 1980an proportzio hori %33,7 izatera jaitsi baitzen, Espainian pareko proportzioak urte batean eta bestean %27,2 eta %22,2 direla.

Laburtzeko eta bukatzeko, ekonomiazko eta ekonomiaz kanpoko okerrerako eragile multzo bat bateratzen da mende bukaera honetan EAEko probintzietako industriaren krisia makurragotuz, eta ezin esan daiteke zein aldetara joko duen datorren mendean.

Industriaren galera hori oraindik ere okerragora eramango duen egiturazko krisi sakon bat datorkigu ala ekonomia eredu bat galdu eta beste berri baten atarian gaude? Erantzunik gabeko galdera, oraingoz behintzat, baina ekonomi adierazleak, ingurukoekin alderaturik, ez dira, gaurkoz bederen, zoragari-zoragarriak.