Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia»Egungo aroa

Euskal Estatutua: foruen berrezartzetik autonomiara

Lizarran (Nafarroa) 1931ko ekainaren 14an egin zen Euskal Estatutuari buruzko eztabaida.<br><br>

XX. mendearen hasieran, artean Euskal Herria ez zegoen espainiar estatuko politikan eta erakundeetan txertatua. Gainera, ideia berriek eta gizarte eta politika arloko eskakizunek bultzatuta, imajina ez zitekeen moduan sartuko zen XIX. mendean. Mende hasierako foruen berrezartzeari buruzko lehen eztabaidetatik, beste batera pasa ziren, estatuaren baitan autonomia esparru bat eskatzen zuenera hain zuzen.

1917ko krisialdian eta ondorengo urteetan zentzu horretan egin ziren eginahalek bidea zabaldu zuten Bigarren Errepublika garaian Euskal Herriak benetako autonomia izateko aukera izan zezan. Autonomiari buruzko eztabaida, ordea, talde politikoen interesen atzetik geratu zen, eta 1936ko udazkena arte itxaron behar izan zen ?ordurako hasita zela gerra zibila? eskakizunari erantzun eta euskal autonomia gauzatzeko.Foruak betiko deuseztu ondoren (1876), eta kontzertu ekonomikoen sistema ezarri eta gero (1878), autonomia ekonomiko-administratiboko errejimen berezia izan zuten euskal probintziek. Euskal diputazioek, alde batetik, errejimen orokorreko probintzien ohiko ahalmenak zituzten, baina, bestetik, eta ohiko ahalmen horiez gainera, bazituzten kontzertu ekonomikoetatik eta antzinako foru diputazioetatik zetozkien ahalmenak ere. Nolanahi ere, ?euskal arazoak? lehengo heinean jarraitzen zuen, eta 1876tik aurrera behin baino gehiagotan izan ziren saioak foruak berriro indarrean ezartzeko.Saio horiek Kontzertu ekonomikoa berritu zenetan egin ziren gehienak, hala, adibidez, 1885ean, 1893an (?Gamazada?), eta 1905ean (Foru Ligaren sorrera). 1907 eta 1909 artean beste saio bat izan zen, Mauraren gobernuak aurkezturiko udal administrazioaren erreforma legearen proiektuarekin lotua. Proposamen horien hutsegitearen ondorioz, eta katalanismoaren eraginez, foruak berriro ezartzeko ideiaren ordez, hori ere erabat desagertu ez zen arren, beste bat zabaldu zen pixkana-pixkana, Euskal Herrirako Autonomia Estatutu bat lortzea alegia.

 

1917-1919ko autonomia lortzeko saioa

1917an hasi zen 1876az gero autonomia lortzeko egin zen saiorik garrantzitsuena.

Besteetan bezala, kontzertuarekin zerikusia zuten auziekin hasi zen, Santiago Albak, Azienda ministroak, proposaturiko proiektu baten aurka euskal industria gizonek egin zuten protestarekin, zehatzago; izan ere, zerga berezi bat jarri nahi baitzuen hark, Lehen Mundu Gerratik lorturiko irabazi berezien gainean. Higikunde hori, neurri batean, urte haietan Katalunian gertatzen ari zenaren isla zen, eta Comunión Nacionalista Vasca-k abiatu zuen ?talde horrek kontrolatzen zuen Bizkaiko Diputazioa?, beste politika taldeen babesa bazuen arren, karlismoarena bereziki.

Aurreneko aldiz 1917ko otsailaren 13an bildu ziren hiru euskal diputazioak, Zumarragan, baina bilera erabakiorra uztailaren 16an egin zen, Gasteizen. Hartan parte hartzaile ziren, modu ofizialez ez baina, Nafarroako Diputazioko ordezkariak ere. Gobernuari autonomia zabala eskatzen zion mezu bat onartu zuten diputazioek Gasteizko bileran, ?nazio espainolaren batasunaren barruan?.

Adierazmolde hori, gogo txarrez, baina onartu egin zuten euskal abertzaleek, diputazioen batasuna ez haustearren.

Nolanahi ere, abendua arte ez zitzaion mezua gobernuari eraman, 1917ko udan Espainian zabaldu zen politika eta gizarte krisia zela-eta. Bestalde, hilabete horietan aldaketa asko egin zitzaizkion diputazioen mezuari, bai Nafarroako Diputazioak azkenean bertan behera utzi zuelako, bai testuaren azken ?foralizazioagatik?, hasieran autonomia zabala besterik eskatzen ez zuen arren. Herriaren iritzia ezagutu nahian, udal eta kargu publiko ohien batzarrak bildu zituzten diputazioek. Herria oro har autonomiaren higikundearen alde agertu bazen ere, udal autonomiaz arazoak sortu ziren,Alfontsoren aldeko monarkiazaleen aldetik batez ere; orobat, zalantzan jarri zen hura ote zen eskaera haiek egiteko une egokia, eta ez ote zen desadostasunik autonomia eta foruen artean. Neurri batean behintzat, arazo horiek zirela-eta, mezuaren testua aldatzea erabaki zuten diputazioek, eta, aurrena, foruen berrezartzea eskatu zuten, eta, hori ukatuko balitz, autonomia zabalago bat. Azkenean, 1917ko abenduan eman zioten mezua gobernuko lehendakariari (García Prieto liberalari), baina une hartako arazo politikoek eta hauteskunde orokorrak 1918ko otsailerako deitu izanak, geldiarazi egin zuten autonomia prozesua.

Hurrengo hilabeteetan, diputatu monarkiazaleen eta euskal abertzaleen arteko Gorteetako eztabaidak oztopo gertatu ziren autonomiaren auziari heltzeko giro egokia sor zedin, eta diputazioek, agerira atera gabe, denbora igarotzen uztea erabaki zuten beren eskaerak berriz egiten hasi baino lehen. 1918ko azaroan berriz zabaldu ziren Gorteak ?erreibindikazio katalanistekin eta Lehen Mundu Gerraren ondorengo higikunde nazionalistekin batera?, eta aukera hura baliatu zuten euskal diputatu abertzaleek Kongresuan foruen berrezartze oso bat eskatzen zuen mozio bat aurkezteko.

Nazionalisten eskaerak berpiztu egin zuen autonomiaren aldeko sentimendua, eta diputazioak ?Bizkaikoaren lehendakari zen Ramón de la Sota abertzalearen eskaeraz?, bildu egin ziren, aurreko urtean eramandako mezuko eskaerak gobernuari gogorarazteko.

Oztopoak ez ziren desagertu ordea, eta laster hasi ziren lehen diferentziak agertzen, Arabako Diputazioan eta arabar karlismoan lehenbizi, gehiago jotzen baitzuten oraingoan foruen berrezartzearen aldera autonomiaren aldera baino. 1918ko abenduan, Romanonesek, gobernuko lehendakariizendatu berria zela, parlamentuz kanpoko batzorde bat antolatzea erabaki zuen, Espainiako autonomia arazoari irtenbidea emateko. Batzorde horrek uste baino arazo gehiago izan zuen, baina azpitalde bati (Chalbaud abertzaleak, Orueta liberalak eta Senante integristak osatua) Euskal Estatutuaren aurreproiektu bat idatz zezan eskatu zion. Azpitalde horrek, diputazioen mezuan oinarrituta, foruak berriro ezartzeko eskaera egin zuen, aldi berean autonomia zabal bat eskatuz. Aurreproiektu horrek euskal abertzaleen babesa izan zuen, eta orobat beste talde autonomiazaleena (horien artean, Bizkaika eta Gipuzkoako diputazioena); parlamentuz kanpoko batzordeak ezetsi egin zuen ordea, eta testu haren ordez beste bat onartu zuen, Alcalá Zamora liberalak aurkeztua, eta inoren gogokoa izan ez zena. Bitartean, Arabako diputazioak, beste bietatik aldenduta, ohar garrantzitsuak egin zizkion azpibatzordearen testuari.

Azkenean, autonomiaren auzia parlamentu batzorde batera eraman zuten, azter zezaten. Batzorde hark bere iritzia eman zuen, baina hura ere ez zen diputazioen gustuko izan, etorkizuneko Euskal Herri autonomoaren ahalmenak mugatzen baitzituen, eta arriskuan jartzen Kontzertu ekonomikoa.

Nolanahi ere, batzorde haren epaia ez zen Kongresuko osoko batzarrean eztabaidatu, apirilaren 19an Romanonesek dimisioa aurkeztu baitzuen. Antonio Maura buruzagi kontserbadoreak Gorteak desegin zituen, eta autonomiaren auzia bazterrean geratu zen behin betiko. Era horretan amaitu zen euskal arazoari irtenbideren bat emateko Errestaurazioak egindako zinezko saio bakarra. Arazo horren irtenbideak Errestaurazioaren sistemaren beraren eraberritze sakon bat behar zuen, seguraski,aurrena, baina eraberritze hori ez zen inoiz egin.

Hain zuzen, Primo de Riveraren diktadurak iragarritako helburuetako bat ?1923ko iraileko estatu kolpearen ondoren ezarria?, estatuaren egituren eraberritze sakona zen.

Hasieran bazirudien, beraz, nazionalismoaren aldekoa izango zela diktadura, edo deszentralizazioaren aldekoa; 1923ko udazkenean bertan Euskal Estatutuaren aurreproiektu bat egin zezaten baimena eman zien diktadoreak hiru diputazioei. Aurreproiektu hura idazten Gipuzkoako Diputazioak egin zituen ahaleginik handienak, eta 1923ko abenduan Direktorio Militarrari aurkezteko txosten bat onartu zuen, foruen berrezartzea, edota bestela 1919ko azpibatzordeak proposatuaren antzeko autonomia bat eskatzen zuena. Aitzitik, Bizkaiko Diputazioa, monarkiazaleen esku baitzen une hartan, autonomiaren kontra agertu zen, euskal nazionalismoaren mesederako baino izango ez zelakoan. Arabako Diputazioak tarteko jokamoldea hartu zuen, gipuzkoarren jarrera sutsuaren eta bizkaitarren oztopoen artekoa; foruen berrezartzea eskatzen zuen, Kontzertuaren mantentzea, eta, hala nahi izanez gero, euskal probintzien errejio nortasunaren ezagutzea. Nolanahi ere, ahalegin horiek ez zuten beren asmoa lortu, alde batetik euskal diputazioen iritzi desberdintasunagatik, eta bestetik Primo de Riveraren politika aldaketagatik, gero eta zentralistagoa baitzen.

 

Bigarren Errepublika: Eusko Ikaskuntzaren Estatutua eta Lizarrako Estatutua

Bigarren Errepublika, 1931ko apirilean deklaratu zena, Espainiako egitura politikoa sustraitik berritzeko beste ahalegin bat izan zen. Hala, besteak beste, Errepublikak bidea zabaltzen zuen Euskal Herrirako Autonomia Estatutu bat onets zedin. Horrelaxe ulertu zuten euskal abertzaleek, estatutuarena baitzuten ardura handiena; izan ere, autonomiaren aldeko borroka izan zen EAJ eta ANV-EAEren eginkizun nagusia 1930eko hamarraldian. Autonomia prozesua bide luzea eta oztopoz betea gertatuko zen, nolanahi ere; horien artean nabarmentzekoa da nola ia alderdi guztiek tresna politiko gisa erabili zuten estatutua. Era horretan, Errepublikaren lehen urteetan, politika antiklerikalaren kontrako tresna bezala erabili zuten autonomiaren auzia espainiar eskuinak eta EAJk, Errepublikaren behin-behineko gobernua laster hasi baitzen antiklerikalismoa aplikatzen.

Autonomia prozesua Eusko Ikaskuntzak aldez aurretik egindako lanetatik abiatu zen hasieran; 1931ko udaberrian bukatu zuen Eusko Ikaskuntzak Euskal-Nafar Estatutuaren proiektuaren idazketa. Bi estrategia politiko elkartu ziren aurreproiektu horren inguruan. Alde batetik, diputazioen batzorde kudeatzaileak zeuden, errepublikar, sozialista eta ANV-EAEk kontrolatuak, errejimen berriari egokituko zitzaion estatutu bat onartzeko lanean hasita; haien lana, ordea, laster agortu zen, gertaera politikoen segida zela eta. Beste alde batetik, EAJk, karlistek eta eskuinak oro har, ?alkate higikunde? bat bultzatu zuten, Jose Antonio Agirre abertzaleak gidatua; haiek Eusko Ikaskuntzaren aurreproiektua berridatzi, eta oso zuzenketa garrantzitsuak egin zizkioten, ezkerrarentzat onartezin bihurtzen zutenak bestalde. Era horretan sortu zen Lizarrako Estatutua; hartan, besteak beste, ?Euskal Estatu? etorkizunekoari uzten zitzaizkion erlijio gaiak, eta Elizarekin konkordatu bat egin ahal izateko aukera. Proiektu hori lau probintzietako udal gehienek onetsi zuten, 1931ko ekainaren 14an Lizarran egindako biltzar batean. Nolanahi ere, adostasun hori ez zen erabatekoa; izan ere, errepublikarrak eta sozialistak ?haien esku zeuden, gainera, udal jendetsuenak? lau hiriburuak barne, herriaren ikusmolde haren kontrako sutsuak ziren, Errepublikaren kontra borrokatzeko tresna gisa hartzen baitzuten (eta horixe zen, izan ere, eskuinaren parte handi batentzat estatutua).

Jelkide, karlista eta katoliko independenteak koalizio bat osaturik joan ziren Errepublikako Gorte Konstituziogileetarako hauteskundeetara, erlijioa eta Lizarrako Estatutua defenditzera. Nolanahi ere, Ganbarako politikari gehienak (errepublikarrak eta sozialistak) ezin ziren Lizarrako Estatutuaren kontrakoago izan; gainera, eta gauzak gehiago okertzeko, estatutuaren bultzatzaileek autonomiaren auzia eta erlijioarena nahastu zituzten. Lotura hori zentzuzkoa gertatzen bazen ere garai hartan karlismoak eta EAJk zuten ikusmoldearen baitan, arrisku bat zegoen, alegia, Euskal Herriko autonomia proposamen jakin horrekin identifikatzea, eta ezker osoa estatutuaren aurka jartzea. Hori dela eta, argigarria dateke Kataluniaren kasua gogoratzea; han ezkerrak bultzatu zuen estatutua, eta prozesu osoa askoz ere errazagoa izan zen.

Nolanahi ere, Errepublikaren Konstituzioa aldarrikatu zenean, guztiz etenda geratu zen Lizarrako Estatutua: Konstituzio hark onartzen zituen autonomia estatutuak, baldintza jakin batzuk betez gero, baina Konstituzioaren kontrako bihurtzen zuen Lizarrakoa.

Gauza bera gertatu zen Eusko Ikaskuntzarenaurreproiektuarekin; errepublika federal batetik abiatzen zen hura, oso ahalmen zabalak eta eredu ia konfederal bat ematen zion Euskal Herriari.

 

Gestoren Estatutua

1931ko abenduan, Konstituzioa aldarrikatu zen garai bertsuan, ezkerrak, gobernu zentraletik, autonomiaren ekimena berreskuratu zuen. Indalecio Prieto lider sozialistak idatzitako dekretu batek Errepublikaren Konstituzioarekin bat etorriko zen Euskal Estatutu bat onartzeko behar ziren urratsak ezagutarazi zituen: udal batzarrak bildu probintzia bakoitzean estatutuak bakarra ala probintziala behar zuen izan erabakitzeko, batzorde misto batek idatzi proiektua, udalen batzar baterakor batek onartu, herri erreferendum bat egin eta Gorteek onetsi. Arazo batzuk izan baziren ere, eta Comunión Tradicionalista-k ez bezala, EAJk onartu zituen urrats horiek, nolanahi ere baldintza mordo bat gainditu behar zituztenak.

1932ko urtarrilaren amaieran estatutu bakar baten aldeko erabakia hartu zuten lau probintziek, eta oso azkar idatzi zen. Baina, beste probintzietan batasuna nagusitu bazen ere, irizpide desberdinak hasi ziren zabaltzen Nafarroan. Hori zela eta, nafar udalek Konstituzioak eskaturiko baiezko botoen gehiengoa Nafarroan aparte zenbatzea erabaki zuten, eta ez lau probintzietan batera.

Udal guztien batzarra egin behar zenean, abertzaleek eta ezkerreko gehienek estatutuaren alde egin zuten, talde batzuek (hala adibidez Arabako Alderdi Erradikalak edo Nafarroako Alderdi Erradikal Sozialistak) kontrako jarrera hartu bazuten ere. Are zailagoa izan zen Comunión Tradicionalista-ren jarrera. Eusko-nafar juntak berekideei boto askatasuna eman zien arren, karlista asko, Nafarroan batez ere, erlijio arrazoiengatik bakarrik egin baitzuten estatutuaren alde, oraingoan argi eta garbi jarri ziren proiektu berriaren aurka. Beste batzuek berriz, guztiz ados ez egon arren, estatutuaren alde egiteko erabakia hartu zuten.

Irizpide desberdin horiek ?alderdi politikoen jarrera baterakorrekin beti bat ez zetozenak?, 1932ko ekainaren 19an Iruñean egin zen udal batzarrean agertu ziren. Nafar ordezkarietako batek, Emilio Azaola erradikal-sozialistak, Nafarroako udalen aldez aurreko bilera bat egitea lortu zuen; bilera haren ondoren ordezkari batzuek botoa aldatu eta estatutuaren kontra jarri ziren.

Azkenean, proiektua aho batez onetsi zuten bizkaitar eta gipuzkoar udalek, eta gehiengo argiz arabarrek, baina nafarrek atzera bota zuten, aldeko 109 boto, kontrako 123 eta 35 abstentziorekin. Euskal abertzaleek Comunión Tradicionalista-ren ?traizioaren? ondoriotzat hartu zuten batzarraren emaitza. Nolanahi ere, eta egia den arren karlista asko estatutuaren kontra zegoela, ikerketa egin berriek frogatu dutenez, ez nafar eskuinean, ez ezkerrean, ez zen adostasunik autonomiaren inguruan; jarrera desberdin horiek, bestalde, ez ziren ezker-eskuin banaketa klasikoaren zuzeneko emaitza izan, beste faktore batzuena baino. Egia da halaber, EAJk salatu zuen bezala, indarkeria ere erabili zela, eta udal ordezkari nafar batzuek beren udalaren botoa aldatu zutela. Nolanahi dela ere, horrekin guztiarekin ere ez zen Nafarroa estatutuan sartuko, eta ageriko gauza da gainera emaitzek Nafarroako errealitate sozio-politikoa adierazten zutela, beste probintzietakoa ez bezalakoa baitzen.

Nafarroa kanpoan geratzeak arazo berriak ekarri zizkion Euskal Estatutuari. EAJk ?jeltzaleen eta karlisten arteko harremanak hondatu egin ziren Iruñeko batzarraren ondoren?, handik aurrera autonomia prozesua hiru probintzietarako bakarrik bideratzea erabaki zuen, beti ere Nafarroa gerora sartzeko aukera bat zabalik geratzen bazen.

Baina orduan Araban sortu ziren arazoak; han, buruzagi tradizionalistek, José Luis Oriolek, eragozpenak jarri zituzten Araba Euskal Estatutuan sar zedin; izan ere, haren aburuz, Nafarroa irtetean Araba babesgabe geratzen zen Bizkaiaren eta Gipuzkoaren nagusitasunaren ondoan, horiek biak industrialak, aberatsagoak eta jendez osatuagoak izaki. 1932ko irailan, errepublikarrak eta sozialistak ?Prietoren ekimenez?, autonomia prozesuaren ekimena bereganatzen saiatu ziren, Kataluniako Estatutua onartu izanaz baliatuz. Baina EAJ eta ezkerraren arteko aurkakotasunak ?José María Amilibia Bizkaiko gobernari zibilaren abertzaleen kontrako jokabidean adierazten zen aurkakotasun hori, eta bi taldeen arteko kaleko istilu sarri armatuetan gauzatu?, atzera eragin zion berriz ere autonomia prozesuari.

Batzorde batek hartu zuen aurreproiektu berria idazteko ardura, hiru probintziei egokitua, baina oso motel joan zen prozesua.

1933ko abuztua arte ez zen egin hiru probintzien udalen batzarra (Gasteizen egin zen). Proiektuak bazuen nazionalisten, sozialisten eta ezkerreko errepublikarren babesa; Alderdi Erradikalak eta Comunión Tradicionalista-k zatituta zeuden oraindik ere, lehen bezala, eta Araban estatutuaren kontrako ziren. Batzarraren emaitzek oso argi adierazi zuten Araban areagotzen ari zela autonomiaren kontrako jarrera; 41 udalek estatutuaren aldeko botoa eman zuten, 26k aurkakoa eta 10ek abstentzioaren alde egin zuten. Itsasaldeko bi probintzietan berriz gehien-gehienek egin zuten estatutuaren alde.

 

Erreferenduma eta Gorteetako eztabaida

Estatutuaren prozesuaren hurrengo urratsa zen zailenetako bat: proiektua Euskal Herriko hautesleen bi herenek erreferendum bidez onartzea. 1933ko udazkenean Espainiako politikan izan ziren aldaketek eragin erabakiorra izan zuten estatutuaren erreferendumean. Ezkerreko errepublikarren eta sozialisten koalizioak, 1931 ezkero gobernuan egonak, utzi egin zuen gobernua, eta Alderdi Errepublikar Erradikalaren esku geratu zen. Hark hauteskunde orokorrak deitu zituen azaroaren 19rako. Egoera horretan, erradikalek ?erradikalak, Araban batez ere, estatutuaren aurka egon ziren orduraino?, jarrera aldatu, eta erabateko babesa eman zioten estatutuari. Era horretan, Alderdi Erradikalaren ustez, ezkerra ahuldu egingo zen eta aldi berean EAJ erakarriko zuten, erradikalen ustezko gehiengoa lortzeko baliagarri izango zena.

Helburu horiek lortu nahian, gobernuak erreferendumaren deia egin zuen 1933ko azaroaren 5erako, hauteskunde orokorrak baino bi aste lehenagorako beraz, karlismoak, eta ezkerraren parte handi batek, kontrako iritzia zuen arren, nahiago baitzuten haiek erreferenduma hauteskundeen ondoren egin. Giroak are okerragora egin zuen gobernuak erreferendumaren kontrolerako arauak argitaratu zituenean, emaitzak estatutuaren alde aldatzeko bidea ematen baitzuten. Azaroaren 5eko bozketarako, EAJk, ANV-EAEk eta Alderdi Erradikalak baiezko botoaren alde egin zuten. PSOEk eta Bizkaiko ezkerreko errepublikar alderdiek ?aski bermerik ez zela eta bozketan? abstentzioa eskatu zuten, baina Araban etaBizkaian estatutuaren alde egin zuten. Eskuina ere zatituta zegoen. Bizkaian, La Gaceta del Norte egunkari katolikoak eta Alfontsoren aldeko monarkiazale batzuek estatutuaren aldeko iritzia zuten. Junta Tradicionalista-k boto askatasuna eman zien berriz ere bere kideei, baina buruzagi gutxi batzuek, gipuzkoarrek batez ere, estatutuari babesa eman zioten artean (eta, Araban bereziki, José Luis Oriolek eta bere egunkariak, Pensamiento Alavés-ek), beste batzuek estatutuaren kontrako kanpaina gogorra egin zuten. Azkenean, Alderdi Komunista ere ?oso indar gutxi zeukan? estatutuaren aurka agertu zen.

Erreferendumaren emaitza, espero zen bezala, estatutuaren aldekoa izan zen, garbi-garbi: hautesleen %84k aldeko botoa eman zuen, eta %3k bakarrik kontrakoa.

Bizkaiak eta Gipuzkoak aho batez egin zuten estatutuaren alde, Araban abstentzioa oso handia izan zen (erroldaren %41), eta aldeko botoen portzentaia %47ra jaitsi zen, kontrako botoak %12 zirela. Jende askok parte hartu zuen erreferendumean (Bizkaian eta Gipuzkoan erroldaren %90ek), baina hori, neurri batean, bozketetan gertaturiko akatsengatik ere izan zen, nazionalistek berek onartu zutenez. Nolanahi dela ere, beste hau ere egia da, alegia, akats horiei bide ematen ziela Errepublikaren Konstituzioak, autonomia estatutuak onartu ahal izateko, eskatzen zuen erroldaren gaineko (ez hautesleen gaineko) aldeko botoen portzentaia handia; eta kasu honetan, akatsak ez salatzeaz gainera, bultzatu ere egin zituen gobernuak.

Erreferendumaren eskaerak gaindituta, Gorteetan onartu beharra zegoen Euskal Estatutuaren proiektua. Baina, lehen bi urteetako ezkerreko Gorteetan ez bezala, 1933ko azaroko hauteskundeek zentroari eta eskuinari eman zioten gehiengoa. Baina 1931n Euskal Estatutua ez bazuten Gorteetan begi onez ikusi, erlijio auziagatik, dirudienez, eta estatutuaren bultzatzaileen izaera katoliko eta eskuindarrengatik, Gorte berrietan ere ez zuen harrera onik izan; izan ere, alderdi nagusi gehienentzat, tradizioz zentralistak baitziren, espainiar nazio batasunaren kontrako erasoa zen betebetean estatutua, Euskadiren independentzia lortzeko lehen pausua. Bestalde, Alderdi Erradikala EAJrengandik urruntzen hasi zen, konturatu zenean gobernatzeko ez zuela euskal abertzaleen laguntzarik behar.

Berehala ikusi zen zein zaila izango zen autonomia eskubideen kontrako ziren Gorte haiek estatutua onartzea. 1933ko abenduan aurkeztu zen estatutuaren proiektua Gorteetan; ia segituan Araba ez zezatela estatutuan sar eskatu zieten Gorteei Arabako udal tradizionalista batzuek, zeren, haien iritziz, probintzia bakoitzari aplikatu behar zitzaizkion, ez etorkizuneko elkargo autonomo oso bati, Konstituzioak eskaturiko aldeko botoen portzentaiak, eta Araban ez ziren portzentaia horiek iritsi. Lege aldetik guztiz desegokia zen tradizionalisten eskaera, baina oso ondo adierazten zuen, beste probintzien aldean, Araban ez zela autonomiari buruz halako sentimendurik. EAJk (beste alderdi abertzale eta errejionalisten laguntzarekin), Araba estatutuan sar zezaten eskatu zuen Gorteetan. Eskuinak berriz Araba betiko ateratzea eskatu zuen; estatutuaren kontrako eraso gaindiezina izango zen hura, EAJk ez baitzuen onartuko autonomia Bizkaia eta Gipuzkoarako bakarrik.

Bi aukera horiek baztertu egin ziren, baina hirugarren proposamen bat, tartekoa, bozkatu ez zen egin; PSOEk eta Alderdi Erradikalak bultzatu zuten, eta Araban beste erreferendum bat egitea proposatzen zuen.

Arabako auziak bere horretan jarraitzen zuen artean, Kongresuko estatutuen batzordeak proiektuaren artikuluak eztabaidatzen eta onartzen jarraitzen zuen. Nolanahi ere, estatutuaren parlamentuko prozesua gelditu egin zen, 1934ko udako eta udazkeneko gertaera politikoak zirela eta: EAJko parlamentarioek Gorteetatik alde egin zuten, Esquerra Republicana-ko katalanistak babestuz; euskal udalak gobernuak proposaturiko Ardoaren zergaren kontra errebelatu ziren, Euskal Herriko kontzertu ekonomikoaren aurkakoa zelakoan, eta, azkenik, 1934ko urriko iraultza lehertu zen. Horren guztiaren ondorioz, 1935eko ekaina arte ez zen berriz bildu estatutuen batzordea.

1935eko abenduan Gorteak desegin ziren, eta hauteskundeetarako deia egin zen, 1936ko otsailerako.

 

Ezkerren Estatutua

1936ko otsaileko hauteskundeak Herri Fronteak irabazi izanak erabat aldatu zuen politikaren egoera, eta estatutua onartzeko aukera berriak zabaldu zituen. Hain zuzen, EAJ, bere ideologia aldatu gabe ere, eskuinetik aldenduxea zebilen 1934ko gertaeren ondorioz, eta ezkerrak ez zuen estatutua 1931n bezain begi txarrez ikusten. Beste alde batetik, Herri Fronteak bere egitarauan zeukan Euskal Estatutua, eta bazirudien Gorteetan onartzeko asmo benetakoa zuela.

Horretan, oso adierazgarria da baita Nafarroako Herri Fronteak ere (han, 1932an, jarrera desberdinak izan ziren ezkerrean autonomiari buruz), Nafarroa Euskal Estatutuan sartzea eskatu izana oraingoan.

1936ko apirilean Gorteetako estatutu batzorde berri bat antolatu zen, Indalecio Prieto sozialista zela buru. Batzordeak Araba estatutuan sartzea onartu zuen, eta, Prietoren beraren ekimenez, proiektuaren testua soiltzeaproposatu zuen, errazago onar zedin.

Hain zuzen, azkenean onartu zen testuak ez zuen zerikusi handirik 1933ko erreferendumekoarekin.

?Ezkerren Estatutua? deitu zena zen, baina EAJ ere aldeko izan zuen, autonomia aurrera atera nahi baitzuen EAJk, estatutuaren testua gorabehera. Kontuan izan behar da euskal nazionalistentzat estatutua ez zela berez helburua, etorkizunean autogobernu zabalagoa lortzeko tresna baizik.

Batzordearen lana bizkor joan zen; ekainaren bukaeran proiektuaren parte zailena aztertzeko besterik ez zen falta, autonomiaren haziendari zegokiona hain zuzen. Parlamentarioen oporrak baino lehen testua bukaturik egotea espero zen, baina gerra zibilaren hasierak, 1936ko uztailean, geldiarazi zuen berriz ere autonomia prozesua.

Gerra hasi ez balitz ere estatutua onartuko zela gauza argia dirudien arren Euskal Estatutuaren onespena ezin da ulertu gerrako gorabeherak kontuan izan gabe; 1936ko udazkenean onartu zen, gerra zibila bete-betean zela. Irailean, iparraldeko fronteko zailtasunak zirela eta, Herri Fronteko gobernuak EAJk gerran zuen inplikazioa areagotzea erabaki zuen, ministerio bat eta Euskal Estatutuaren onartzea eskainiz.

EAJ eta Herri Frontearen arteko negoziazio politikoak oso arin joan ziren. Irailaren bigarren hamabostaldian bukatu zuten Agirrek eta ministerioko batzorde batek estatutuaren idazketa, oinarri gisa Gorteetako batzordeak uda aurretik egindako lana hartuta. Ukitu batzuk baino ez zizkioten egin, gerrak eragindako behin-behineko egoerari zegozkionak gehienak. Horrez gainera, Nafarroa etorkizunean Elkargoan sartzeko aukera ematen zuen artikulua ezabatu zuten. Azkenean, 1936ko urriaren 1ean, Errepublikako Gorteek, Madrilen bilduta, eztabaidarik batere gabe onartu zuten Euskal Estatutuaren testua. Egun batzuk geroxeago sortu zen lehen Eusko Jaurlaritza, Jose Antonio Agirre zela lehendakari.

Estatutuaren testua ?aplikazioa hurrengo atalean ageri da?, 1933koa baino askoz ere soilagoa eta laburragoa zen. Kataluniako Estatutuari jarraituz, ez zuen ia zehazten Euskadi autonomoaren gobernu organoen nolakotasuna. Ez zuen eskubide historikoen inolako aipamenik egiten, eta Euskadiren barruan euskal probintziek izan zezaketen beregaintasuna ez zuen aurrikusten. Zentzu horretan, Errepublika baino lehen idatziriko beste testuak baino ?zentralistagoa? zen, eta foruak gutxiago hartzen zituen kontuan. Horrez gainera, elkargo autonomoaren ahalmenak beste proiektuetakoak baino askoz murritzagoak ziren; hala ere, gerra egoerak eta Euskadi aski aparte bizitzeak, legezko testukoa baino askoz aplikazio zabalagoa ekarri zuten gero. Azkenik,xedapen igarokor gehienek estatutua gerra zibilari egokitzen zioten, prozedura bereziak ezartzen zituztela Eusko Jaurlaritza osatzeko.

Estatutua izan zen Errepublika garaiko euskal bizitza politikoaren giltzarrietako bat.

Alderdi nazionalistek (EAJk eta ANV-EAEk) bultzatu zuten gehienbat, eta politika talde gehienak saiatu ziren euskal autonomiaz baliatzen.

Ezkerrarentzat, Euskal Herria errepublikar errejimenean txertatzeko modu bat zen estatutua, eta eskuinarentzat berriz ?ezkerra baino gogorrago jardun arren autonomia eskubideen kontra?, Euskal Herria Errepublikak ekarritako erreformetatik babesteko tresna zen, erlijio gaietan bereziki.

Baliatze hori ?eta, horrekin batera, autonomiari buruz euskal politikan zegoen konponezina?, izan zen estatutua hain berandu onartu izanaren arrazoia. Ezkerrak aginpidea kontrolatzen zuelarik, haren eta EAJren artean akordio bat iritsi zenean bakarrik lortu ahal izan zen autonomia.