Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia»Antzin Aroa

Gogo moldeak eta bereziki erlijiozko sentimenarenak Antzin Aroan

Bacoren Garaipenaren mosaikoa, Andelos. (Nafarroako Museoa).<br><br>

Pirinio inguruko mendebaleko eremuko gogo moldeez dihardu atal honek, eta azterketa horretan arbasoen ondarearen iraupena azpimarratzen da, eta kontuan hartzen dira, halaber, erromatarren kolonizazioak gogo molde horietan eragin zituen aldaketak. Gaur egun erabil daitekeen materialaren arabera, gogo moldeen analisia erlijio sentimenera mugatua da ia erabat, izan ere alorri dagokio informazio gehiena, idazkuneen bidez gordea (hilarrietan eta eskaintza harrietan).

Azkenik, eremu honetan kristau erlijioak izandako hastapenen azterketa egiten da.Atal honek pirinear mendebaldeko inguruan Antzinatean bizi izandako jendeen irudikapen mundua aztertzea du helburutzat.

Gai honi buruz eskura dugun informazio ia guztia, ordea, iritsi zaigu, edota, atzerritarrak izaki, eremura pax romana-ren babesean hurbiltzen diren jendeen bidez, edota, bertakoak izanik ere, euren kultur portaeretan latindar-erromatar akulturazioaren aztarna nabariak erakusten dituzten jendeen bitartez. Susmatzekoa da, gure informazio iturriak horrela baldintzaturik suertatzean, baldintzaturik suertatzen dela halaber lekukotasunaren gardentasuna eta errepresentatibitatea, eremuko ustezko errealitate konplesua bere kultur osagai ezberdinetan islatzeari dagokionean. Nolanahi ere, edozein zalantzatik kanpo gelditzen dena zera da, era horretan baldintzaturiko informazioaren kariaz, erromatar akulturazio-prozesua bera suertatzen dela –berreraikuntza historikoaren ikuspundutik– gertakari nagusi eta ezinbesteko erreferentzia-puntu, Antzin Aroko gogo-irudikapenen mundua (egiazki, bertako gizataldeen beste hainbat eta hainbat bizitze-alor) aztertu behar denean. Izan ere, ezin ahaz daiteke, iturriek eskaintzen digutena dela, edota bertako errealitatearen interpretazio erromatarra –neurri batean, behintzat–, edota, asko jota ere, bertakoen interpretazioa –hein batean, hori ere– erromatar errealitateari dagokionez, halako moldez non, edozein kasutan eta eremuko errealitateaz aritu beharrezere, erromatar errealitate hori suertatzen baiten ezinbesteko erreferentzia-puntu.

Horri dagokio, gaiari buruzko gure ihardunean, erromatar akulturazio-prozesua suertatu izana narrazioaren ardatz nagusi.

Hori horrela, lehenbizi latinak hemengo hizkuntzengan izan zuen eragina izango dugu aztergai; ondoren, erromatar kolonizazioak eremuko jendeen erlijio sentipenetan ekarri zituen aldaketak eta, gai honen baitan, kristau erlijioaren hastapenak aztertuko ditugu.

 

Hizkuntz erromatartzea eta mintzaira autoktonen iraupena

Hizkuntz alorrean eta gure eremuari dagokionez, Erromaren presentzia bi modutan nabarituko da: batetik, erromaurreko aldian gutxi-asko zabaldurik zeuden hizkuntza batzuk itzaltze-prozesu luze batera behartuak izango dira erromatartzearen eraginez; bestetik, protoeuskara delakoak ere mutazio sakonak jasango ditu bere bilakaera eta bizibidean, protoeuskara hori delarik, bestalde, guk dakigunez, erromatar esperientzia kolonialak parte hauetako hizkuntza berezientzat ekarriko duen hondamendiorokorretik, kostata izanda ere, salbatuko den bakarra. Nolanahi ere, bertako hizkuntza zaharren hondamendia eta bizirik gelditzen den bakarrak jasaten duen eremu-murriztapena (oso gogorra, erizten denez), ez dira ordainik gabe geratzen.

Horren adibide lirateke menderatzaileen hizkuntzak tokian tokiko praxian jasaten dituen mutazio sakonak –denbotaren harian erromantzeen sorrera ekarriko duten desberdintze-prozesuei bide emango dieten mutazioak, hain zuzen ere–.

Lehen puntuari dagokionean, autoreek apenas zalantzarik azaltzen duten: erromatar konkistaren bezperetan, eremuak ez zuen inondikan erakusten inoiz imajinatu izan den hizkuntz-batasun edo homogeneotasun hori (egungo euskararekin estuki ahaideturiko iberikoaren nagusitasun nabarian funtsatu bide zen hizkuntz batasun edo homogeneotasuna, hain zuzen). Puntu honetan, Estrabon (3, 1, 6 ; 3, 3, 7) edo Pomponio Mela-k (3, 1 [15]) inoiz esandakoak behar bezain adierazgarriak ez balira, hor,egungo hizkuntz-ikerlanek nahikoa frogatutzat eman dutena: erromatar etapa kolonialaren lehen aldietan, eremuan elebitasuneta are elehirutasun-egoera gutxi-asko finkatuak ematen direla, alegia, bai Pirineoetatik iparraldera –bertan erraz samarra gertatzen delarik data gutxi-asko goiztiarreko sarraldi indoeuropearren aztarrenik topatzea–, baita hegoaldean ere, non, itxura denez, sustratu euskaroide zaharrak gero eta arrisku biziagoan ikusten baitu bere nagusitasun-eremua inguruko hizkuntzek –iberiar jatorrikoak batzuk, indoeureopearrak, uste denez, besteak– egiten dioten konpetentziaren erruz. Hor ba, erromaurreko hizkuntza guzti horietarik (zeinei buruz seinale berriak ekartzen baitituzte argitara egunero hizkuntz-ikerlanek, testu epigrafikoetan dokumentatu materialen azterketatik abiatuz), euskarak edo protoeuskarak soilik lortzen du, asko kostata bada ere, bere burua onik ateratzea Mendebaldeko Inperioaren latinizapenak berarekin dakarren hizkuntza hekatonbetik. Gainerakoek, kilikolozko aldi luze samar baten ondoan (zeina bazterreko zenbait tokitan Antzin Aroaren azken unetaraino luza baitaiteke), amore emanez bukatuko dute ezinbestean, berauetarik, moldatzen ari den hizkuntzuniberso berrian, elementu solte batzu baino geldituko ez direlarik, mundu galdu baten erlikia sakabanatuak bailiren.

Baina protoeuskara edo euskara bera ere ez da atakatik kalterik gabe aterako.

Izan ere, latinaren hedatze geldiezinaren erruz larriki murriztua ikusiko baitu bere jatorrizko ezarmendu-eremua pirinear mendikatearen alde batean zein bestean (ez ahaztu, arren, latina dela administrazioaren hizkuntza eta, ondorioz, botereak ordezkatu kulturaren bitarteko funtsezkoa, eta gizarte mailan gora egiteko ezinbesteko tresna).Hor ba, hizkuntza zaharraren atzeramendu-inguruak bat datoz, oro har, interes kolonialak indar bereziz agertzen direnekoekin.

Pirineoen iparraldean, aurrerakada latinizatzailea ekialdetik mendebalderantz emango da, probintzia Narbonensetik abiatuz, eta prozesuan erromatar akulturazioa oro har bultzatzen duten eragile berberek hartuko dute parte; penintsulako eremuan, hego-ekialdetik –Ebro haranetik– iparrerantz eta ipar-mendebalderantz. Bestalde, eta pentsa daitekeenez, bultzada lehenago nabarituko da hiri-ingurunean, landa-ingurunean baino; lehenago, eremu nekazalduan, mendialdeetan eta saltus delakoan baino; lehenago, zirkulu aberats eta kulturaz aurreratuetan edota hauen meneko zerbitzarien artean, ingurune pobre eta isolatuetan (pirinear mendietako artzainen artean, esateko) baino. Nolanahi ere den, esan daiteke, aipatu prozesuaren ondorioz eta Inperioa suntsitu aurretik, euskarak edo Pirineoz bestaldeko euskararen arbasotzat jotzen den akitanierak mugaturik ikusiko duela bere ezarmendu-eremua Pirineo Zentral eta Atlantiarretako artzain-komunitateen bazterreko mundura, Mendebaldeko Pirineoetako isuralde bateko zein besteko goieta erdi-ibarretan bizi diren giza-talde gutxi-asko bakanduetara eta, azkenik, garai historikoetan, penintsulan nahiz kontinentean, euskaldunaren mendeko izango den eremura, gutxi-gora-behera. Nolanahi ere, Pirineo inguruko akitaniar nahiz hispaniar mintzaira zaharren zantzua garbi nabarituko da Inperioko hizkuntzak toki- eta eskualde-mailan ezagutuko duen bilakaera berezian, izan ere, beronen ondorioz –izen handiko zenbait autorek dioenez– euskaraz edo akitanieraz mintzatzen zen populazioak ezarri joera fonetikoz eta linguistikoz markaturiko erromantzeak –gaskoiera,gaztelera edo nafar-aragoera– osatuko baitira.

Baina latinaren finkamendu gero eta sendoagoa eta bertako hizkuntzen neurri bereko zokorapena eremuko jendeen gogomoldeetan eta irudikapen-munduan ematen ari den beste zenbait aldaketa txit garrantzizkoren sintoma dira, halaber. Hain zuzen ere, pentsatzeko, sentitzeko eta nork bere burua adierazteko manera zeharo berriak –oro har, greziar-erromatar gogo-unibertsoari lotu beharrekoak– egingo dute bide apurka-apurka ordurarte barbarotzat jotako jende haien artean. Erromaren presentzia eta ekintza kolonizatzailearen balantzea egiterakoan, autoreek latindar-erromatar testuinguru dudaezineko bati egotzi beharreko kultur-portaeren arrakasta seinalatzen dute eremuko gizartearen zenbait sektoretan: izena latinizatzeko moda, epigrafiarena, letra eta arte klasikoen zaletasuna, erromatar panteoiko jainko eta jainkosen moda –puntuak, guzti hauek, ezingo ditugunak inolaz ere hemen sakondu, nahiz eta egokieraz baliatuko garen zera azpimarratzeko, erromanitatearen agerpide horiek, alegia, ez direla, ezta gutxiagorik ere, toki guztietan berdin ematen–. Autoreek seinalatu dute, halaber, latinak euskararengan eta, batez ere, euskal lexikoaren osakeran izango duen eragin sakona, beroni esker pirinear hizkuntza zaharrak harrigarriro aberastua ikusiko baitu bere adierazpen-ahalmena, erromatar kolonizazioaren esperientzia luzeak hura erabiltzen duten komunitateei ekarriko dizkien kulturedukin berrien arabera. Derrigorrezkoa da hemen seinalatzea, G. Rohlfs-i jarraiki, zein den ugaria latinezko maileguen kopurua ordenamendu juridiko eta administratiboarekin, eskola-instituzioarekin, nolabaiteko abstrakzio maila esijitzen duten gaien tratamenduarekin, edota giza-talde aurreratuen beste kultur-agerpideekin zerikusia duen euskal lexikoan. Dena den, ez dago oraindik behar bezala argiturik hainbat eta hainbat latinetikako maileguen data-arazoa (batik bat, giza ihardueraren aipatu bezalako ikuspegiekin zerikusia dutenena); izan ere, hizkuntz latinizazioa, jakina denez, prozesu ireki bat da, erromatar aldi kolonialean hasi eta, indar gehiagoz ala gutxiagoz, etapa franko-bisigotikoan eta Ertaro osoan barrena luzatzen dena, erromatar Elizaren eraginez, batik bat.

Azkenik, protoeuskararen kasuak, alde batetik, arras garbi islatzen badu –pirinear hizkuntza zaharrak erakusten dituen latinetikako maileguen kopuru eta garrantzia dela medio– erromatar esperientzia kolonialak eremuko jendeen gogo-molde eta irudikapen-munduan eragiten dituen aldaketen tamaina, bestetik, Mendebaldeko Inperioa suntsitu ondoan euskara bizirik atera izanak indar berdinez hitzegiten du esperientzia kolonial horren azpian inguru ezberdinetan eman daitezkeen egoeren desberdintasunaz.

Dena den, Mendebaldeko Inperioaren inguru hauetan hizkuntz-unibertso zaharraren hondamenditik bizirik ateratzen den mintzaira prelatindar eta preindoeuropear bakarraz hitzegin beharrak berak nahikoa azpimarratzen ditu, bere erara, eremuko erromatartze prozesuaren mugak, batik bat kultur-morfologiaren ikuspundutik saltus bezala karakterizatzen diren bertako zonaldeei dagokienean.

 

Iraupenak eta aldaketak erlijiozko sentimenduaren adierazpideetan

Erromatar esperientzia kolonialak, arestian genionez, era askotako egoerak —arras konplesuak maiz— sorrarazten baditu oro har kultura mailan gure pirinear ingurunean, baieztapen hori berretsia suertatzen da eremuko jendeen erlijiozko sentimenduei buruz eskura ditugun testigantza epigrafikoetan.

Aldez aurretik, ordea, kontuan izan behar dugu, hemen aztergai ditugun erlijiozko sentimenduaren adierazpideei buruzko berriak, funtsean latinez idatzitako epigrafeetan dokumentatzen direla (beste hitzez esanda, latindar-erromatar kultur-konplesuari dudarik gabe loturiko produktu kultural baten bidez iritsi zaizkigula), eta, ondorioz, nolabaiteko akulturazio maila gutxienik erakusten duten jende-zirkuluei dagozkiela.

Aipatu akulturazio maila hori salatzen du, besteak beste, jainkoei aldareak dedikatzen dizkietenen izen pertsonalen latinizazio mailak, badelarik horien artean tria nomina direlakoak agertzen dituenik, hots, eskubide osoko erromatar hiritarrik.

Baina, hori esan eta gero, bidezkoa da, halaber, azpimarkatzea eremuko jendeek arbasoen debozio-moldeenganako agertzen duten atxikimendua, are erromatar aldi koloniala nahikoa aurreraturik dagoenean; eta hau, esan bezala, erromanitateak gutxiasko ukiturik agertzen diren jendeei dagokienean, zeren eta pentsatu beharko da are atxikimendu handiagoa dietela gutxien erromatarturiko giza-taldeek –latinez mintzatu ez eta euren debozioko jainkoei eskaintzainskripzioz hornituriko aldarerik ere dedikatzen ez dieten giza-taldeek, alegia–. Beraz, badirudi baiezta daitekeela, huts egiteko arrisku handiegirik gabe, bertako panteoiko jainkoek ez diotela zertan beldurrik izan behar erromatar panteoiko jainkoen konpetentzia edo proselitismoari, nahiz eta hauek herri menderatzailea ordezkatzenduten eta administrazioari loturiko edo sozialki itzala duten jendeen segizioan agertzen diren. Dena dela, badirudi egoera hori zeharo aldatzen dela, erlijio zaharra pax romana-ren babesean eremuko kultur horizontera iritsiko den azken erlijio handiari aurre egin beharrean suertatuko denean.

 

Arbasoen erlijio ondarea

Bada dokumentu literariorik, eta epigrafikorik ere ez gutxi –aldare edo inskripzio botiboetan–, antzinako kultur ondare horri lotu beharreko erlijiozko sentimenduaren adierazpideei dagokienean. Argibide horiek, ordea, ez dira berdin iristen aztertu eremuko zonalde guztietara.

Agiri epigrafikoak bereziki ugariak dira St.-Bertrand-de-Comminges inguruko ibar pirinearren goikaldeetan eta Akitania etnografikoaren ekialdeko beste zenbait ibarretan ere, toki horietako erromatarkuntza indar handiko agertzen baita; aldiz, lekukotasunak urriago bihurtzen dira, ale bakan batzuetara mugatzeraino, Bigerriones direlakoen lurraldetik mendebalderantz. Honi dagokionean, deigarria da jainko autoktonoen ia batere testigantzarik ez aurkitzea novempopulaniar probintziaren mendebaldeko civitates deitu barrutietan eta, zehazki, Pirineo Atlantiarren luzeran zabaltzen direnetan, hauek izaki, uste denez, antzinako arbasoengandiko ondarearen gordelekurik behinena. Bistakoa dirudi, ordea, jainko autoktonoen isiltze hori ez dela interpretatu behar hemen, mendebalde pirinearreko komunitate laborari eta abelzainen testuinguru honetan, bertako jainkoek, panteoi greziar-erromatarreko ospetsuago haiek uxaturik, esistitzeari uko egin baliote bezala; gertatzen dena zera da, jainkoak anonimatora eta isiltasunera (isiltasun epigrafikora, noski) beharturik suertatzen direla, ordezkatzen eta gurtzen dituen populazioak beraien testigantza idatzia uzteko adinako akulturazio maila iristen ez duenean.

Pirineoz honanzko isuraldean egoera aski bestelakoa da. Jainko autoktonoen testigantzak hain urriak ez diren arren, ez da inoiz bertan ematen Akitania etnografikoaren hego-ekialdean dokumentatzen den adinako jainko autoktonoen kontzentrazio kasurik. Bestalde, hemen ere badira jainko zaharren isilgune esanahikorrak, iparisuraldeko aipatuekiko etenik gabeko segidan, Mendebaldeko mendigune pirinearretan eta hauen jarraiko euskal mendietan zentratzen direnak; nolanahi ere, isiltasun hori, akulturazio maila hain eskaseko inguruetaz ari garelarik, badirudi ez dela euren egoera eszentrikoak eta idatzizko –epigrafiazko– adierazpideetara iritsi ezinak bertako biztanleei ezinbestean dakarkien ondorioa baino. Azkenik, bada hemen azpimarratubeharreko besterik. Arbasoen ondare autoktonoari egotzi beharreko teonimo edo jainko-izenak hain urriak ez diren arren, eskasa da bertan, proportzionalki, euren ezaugarri morfologikoen arabera ondare akitaniar-euskaroideari nolabaiteko segurantziaz lotu beharrekoen kopurua, ezin daitekeelarik kopuru hori inolaz ere konpara –antroponimia dokumentatuaren kasuan ere gertatzen den legez– Novempopulania aldean dokumentatu kutsu euskaroideko teonimia ugariarekin. Eta gertakari hau –aztergai dugun eremuko toki batzuetan eta besteetan egiaztatzen diren desberdintasunena, hain zuzen, itxura euskaroideko onomastika dokumentatuaren kopuruari dagokionez– ez da gaurdaino behar adina argitua izan, ezta gutxiagorik ere, eta galdera asko sorrarazten du Erromaren ekintza kolonizatzailea inguru ezberdinetan gauzatzen deneko eraz. Ipar-isuraldeko eremuari dagokionez, badirudi akulturazioak bere emaitzik ederrenak emandako tokietan agertzen dela halaber indartsuen eta trinkoen arbasoengandiko ondarea bere adierazpide ezberdinetan; jainko eta gizakiak, ordea, mututu egiten dira, edo oztaozta nabaritzen, akulturazio erromatarra apenas ematen edo somagaitza deneko tokietan.

Pirineoz honanzko eremuan, badirudi bere horretantxe errrepikatzen dela azken esandako hori; baina, Novempopulanian ez bezala, hemen nekez aurkituko duzu ustez erromatar presentzia bortitzekoinguruetan ustezko sustratu euskaroideari egotzi beharreko antroponimo edo teonimorik.

Zera pentsatu beharko ote, euskalduna, azken finean, arrotza suertatzen dela egungo Euskal Herriaren hego-isuraldean, edo, agian, arrazoi puskarik eman beharko ote, hego-isuraldeari dagokionez, bertako eta kolonizatzaileen arteko jarrera baztertzaile eta elkar-arbuiatzaileen eragin handiagoaz hitzegiten dutenei, jarrera horiek zitezkeelarik elementu menperatzaileari lotu beharreko agerpideetan osagai euskaroidearen ostrazismoa determinatzen dutenak? Ez baitirudi onargarria, elementu autoktonoa erabat sistema erromatarrean integratua imajinatzea.

Eremuko herrien erlijiozko sentimenmoldeetaz idazle klasikoek utzi dizkiguten aipamen urrien artean, arreta berezia merezi izan diete beti adituei Estrabon-ek Zeltiberiarren eta Ipar Hispaniako beste herrien ohitura erritualetaz esandakoek. Ipar Hispaniako menditarrez oro har ari delarik (3, 3, 7), hauek Ares edo Marte-ren antzeko jainko bati eskaintzen dioten kultuaz hitzegiten du, beronen ohoretan –dio– akerrak, zaldiak eta gerra-gatibuak sakrifikatzen dituztelarik eta halako joko martzial batzuk ere ospatzen, antza, joku hauen bidez «pugilato eta laisterketan trebatuaz eta guduitxurak eginez». Greziar etnografoak Ipar Hispaniako herrien ohiturei buruz eskaini testigantzak alde batera utzirik ere (ez baita batere erraza suertatzen jakitea zenbaterainoko fedea merezi duten estereotipoz jositako halako orokorkeriek), Marte-ren antzeko jainko baten kultuari egiten dion erreferentzia zehatz hori elkar daiteke, interpretazio orduan, Novempopulania aldean Marte-renari asimilaturiko kultu autoktonoen esistentzia dokumentatzen duten testigantza epigrafiko ugariekin: Mars Arixo batena Loudenvielle-n (Pir. Garaietan); Mars Dahus batena (forma latinizatua), Gourdanen (P. Garaietan); Mars Leherenn batena, Ardičge-n (P. Garaietan); Mars Lelhunnus batena, Aire-sur-l’Adour-en (Landetan), eta Mars Sutugius batena St.-Plancard-en (P.

Garaietan); eta Montserié-en (P. Garaietan), Erge jainkoari eskainitako dedikazioak eurrez azaldu direneko testuinguru batean, aldare batzuk aurkitu dira Marte-ri dedikatuak, nondik pentsatu izan den, aieru gisa bada ere, indoeuropear jainko handiari asimilaturiko beste jainko autoktono baten aurrean aurkitzen garela oraingoan ere, nahiz eta asimilazio hori esplizituki baieztatzen duen epigraferik aurkitu izan ez den, Arixo, Sutugius, Leherenn eta abarren kasuan gertatu den bezala. Seinalatu beharko litzateke, ordea –J. J. Sayas-ek egin bezala–, Ipar Hispaniako herriek Ares-i eskainitako kultuari buruz Estrabonek esandakoak ez duela Pirineoz honanzko aldean beste berrespenik izan, Monteagudo-n aurkituden Mars invictus bati dedikaturiko inskripzio bakarretik atera daitekeena baino.

Beste pasarte batean, baina oraingoan «Zeltiberiarrez eta Iparretik hauen mugakide diren beste herrietaz» ari delarik, Estrabon «izen gabeko halako jainkotasun batez» mintzo da, zeinari, «ilargi beteko gauetan, familiek kultu ematen baitioten, beren etxe-atarietan egunsentiraino dantzatuz» (3, 4, 16). Adituek diotenez, jainkotasun hau ilargiarekin identifikatu beharko litzateke, honen izena hiztegi-tabu bat suertatzen bide zelarik bertakoentzat. Estrabon-en argibideen osagarri gisa, gainera daitezke hemen, alde batetik, egungo autoreek (J. Caro Baroja, J. M. Barandiaran eta abarrek) ilargiaren kultuak euskaldunen erlijio zaharrean izandako esanahi bereziaz seinalatu dutena («ilargi» euskal izena bera ere hiztegi-tabu batetik letorkeelarik), eta, bestetik, Estrabonek testigaturiko ilargi-kultu hori eta Akitania aldeko inskripzio epigrafikoetan dokumentatu zenbait jainko-izen (bada Ilun izeneko jainko bat eta Asto Iluno deo –datiboan– deituriko bestea) hermeneutikoki hurbiltzeko egin diren saioak, izenok ilargiarekin eta –aste– ilargi-aldiarekin erlazionagarriak liratekeelarik. Seinalatu behar da, nolanahi ere, Narbonnen aurkitutako inskripzio botibo batean Ilun hitza Herkules-i lotzen zaiola bigarren elementu gisa (Herculi Ilunno Andose), eta horrek ez diola berebiziko laguntzarik ematen Ilun ilargijainkotasun eme batekin identifikatzen duen hipotesiari, ezta gutxiagorik ere.Estrabon-en aipatu pasarteez eta Inperio Beranteko testu batean Baskoien iragarpen praktikei buruz gordetzen den beste aipu labur batez kanpo, materiale epigrafikoa geratzen zaigu soilik –beronek dituen mugen kontu eginik– Mendebaldeko pirinear eremuko jendeen erlijiozko sentimenmoldeetaz edo irudikapen-munduaz ezer garbirik atera ahal izateko.

Hor ba, materiale horren azterketak bi gauza uzten ditu agerian: batetik, herrialde txiki horretan ematen den teonimo eta jainko berezien kopuru harrigarria, hainbesteraino non, E. Linckenheld-en hitzetan, jainkoez populatuago baitirudi, gizakiez baino; bestetik, jainko ugari horien irradiapen kultualaren marko zorrozki lokala, horretxengatik jainko topikoak deitzen direlarik, euren kultuaren aztarrenak gorde izan dituen tokian-tokiko esparru estutik kanpo ezezagunak suertatzen direlako, hain zuzen. M. Labrousse-k, akitaniar panteoiko jainkoei buruz zehazki ari delarik, idazten duenez, «toki bakarreko jainkoak dira, mendi batekoak, gailur batekoak, basoaren erdiko hutsarte batekoak, ibar edo herrixka bateko jenioa, abere mota baten arima, edo arboladi batena edo, sinpleki, arte erraldoi batena». Berezi eta etxetiarrak izaki, jainko horiek indijenak –beronen egoera soziala eta akulturazio maila oraingoz ahazturik, zeren jainko topiko hauen debotoak maiz eskubide osoko erromatar hiritar bezala agertzen baitira– sentitzen bide duen beharrari erantzungo liokete, norberaren eta sendiaren osasun, ongizate eta ondasunetaz arduratzen den jainkotasun ongilea bere hurbilean eta familiarteko auzoan edukitzeko sentitzen bide duen beharrari, hain zuzen ere. Jainko bakar batzuek soilik –Abellio, Ageio, Baigorrixo, eta besteren batek– gainditzen bide dute, euren irradiapen kultualean, mendi baten edo ibarreko txoko baten esparru zorrozki lokala. Irradiapenmuga horiek argituko bide lukete, bestalde, jainko pirinear horietako asko beren ustezko domeinua beste jainkoekin erdibanatzen ikustea, inolako esklusibitate-asmorik gabe. Nolanahi ere, jainko hauek arras beneratuak izango dira aire zabalean oro har aurkitzen bide diren santutegietan, noizbehinka panteoi greziar-erromatarreko jainkoei bezala tenpluak eraikitzen bazaizkie ere. Novempopulanian, bestalde, kultu-gune nahikoa garrantzizkoen esistentzia seinalatu da, kontuan izanik jainkotasun jakin batzuen inguruan dokumentatzen den aldare botiboen kopurua; honi dagokio, inoiz erromes-toki moduko santutegietan pentsatu izana, santutegiok toki horretako esparru estutik kanpora ere nolabaiteko arrakasta zuketelarik. Horren adibide, Erriapus jainkoaren santutegia aipatzen da Saint- Béat-eko marmor harrobien testuingurunean (Garona Garaian), non berrogetamaraldare botibo gutxienik aurkitu baitira; Erge jainkoarena Montserié-n (Pir. Garaietan), non berrehunetik gora eskaintza botibo eman ziratekeen, gehientsuenak desagertu direnak; edo Leherenn jainkoarena Ardičge-n (Garona Garaian), ehunetik gora jaso bide zituena, halaber. Ez da ezer parekorik dokumentatu ahal izan, halere, Pirineoen honanzko isuraldean, non epigrafia mailan gehien ordezkaturiko jainkoak –Losa edo Loxa, Leraten (Lizarra.aldean) bere kultugunea zuenak, erizten denez– ez baitu orain artean lau dedikazio baino gehiago jaso.

Jainkotasun horiei egozten zaien izaera edo esanahiari dagokionean (arazo benetan zaila eta gaindiezinekoa maiz, izan ere, berau argitzeko eskura dugun baliabide bakarra teonimo beraren hizkuntz azterketak eman diezaigukeen informazio ezin urriagoa baita, edo haren latinezko itzulpenak, halakorik izaki, eman dezakeena –adib., Leherenn = Mars itzulpena–, edo aldareak batzutan apaintzen dituzten sinboloek –arbola, fruita, gurpil, eta abarrek– edota aldarea aurkitua izan deneko testuinguruak berak eman dezaketena…), ez dute autoreek ia batere dudarik agertzen, naturaren indar biziak ordezkatzen dituztela baieztatzerakoan. Dena den, bertakoen animismo edo politeismoak –batik bat, pirinear inguruneko sustratu zaharrenari egozten zaionak– ez luke zerikusi handirik druidismoak Zeltarren munduan ordezkatzen duenaren pareko kosmologia, moral edo eskatologia batekin; Pirineo inguruko jainko zaharrak gehiago bide dira giza-talde txiki baten edo taldekide bakoitzaren babesle pertsonalak –fededun bakoitzekiko zeregin edo funtzio unibertsalak, ez bereiziak, betetzen dituztenak–. Honi dagokionez, jainkoei egindako eskaintza kolektiboen urritasuna seinalatzen da: jainkoekiko harremanak maila zorrozki indibidualera mugatuko bailiren! Nolanahi ere, Erriape jainkoari Saint-Béat-eko harrobietako marmorarii direlakoek, edo pagani ferrarienses deituek Ageio jainkoari egindakoak alde batera uzten baditugu, hiru dedikazio kolektibo soilik ezagutzen dira pirinear ingurunean.

Naturak agertzen dituen indarren artean, ordea, badira, antza, pirinear inguruneko biztanleak arreta eta errespetu bereziz begiratzen dituenak, indar-agerpide horiei buruz dokumentatu izan den lekukotasun epigrafikoen kopuruari erreparatzen badiogu.

Batetik, mendiak lirateke, bertako numina edo izpirituek dedikazio botibo mordo bat bereganatzen dutelarik Pirineoz haranzko aldean; bestetik, basoak eta zenbait zuhaitz mota leudeke, hauek ere kultuadierazpide ugari eta bereziei bide ematen dietenak, haiek batzutan erromatar jazkeraz mozorroturik agertzen badira ere; edota zenbait abere mota, zezena bereziki;baina, batik bat, iturburu eta urepelak lirateke, lurtzorutik bertatik –hots, bizi oro eta berpizte ororen iturri den ama lurraren sabeletik– jaiotzerakoan, antzinako hierofanien toki aproposak suertatzen direnak oro har, eta areago ur-jariotan pirinear ingurunea bezain aberats den eremu batean. Egia da, ur-kultuek indar handia ageri dutela hemen eta, batik bat, Pirineoz haranzko aldean, non, erizten denez, pirinear termalismoaren sorburuan egon zitezkeen; izan ere, antzinako gizakiaren ustetan, urek ez baitute sendatzen dagozkien nolakotasun fisiko edo kimikoei esker, urak berea dukeen indar ongile misteriotsu eta jainkozkoari esker baino. Azken honetaz dena den, prozesu kolonizatzailea aurrera doan heinean, ur-izpirituenganako fedeak sendagintzazko arrazoi pragmatikoagoei leku egiten diela badirudi ere, kontua da zonaldeko bainutegi arrakastatsuenak –hala nola, Aquae Onesiorum (Luchon) delakoa edo- Vicus Aquensis (Bagnčres-de-Bigorre) delakoa– uretako jainkoen santutegi edo kultu-gune handi gisa eratzen direla denbora berean, jainkuok dedikazio epigrafiko ugariei bide ematen dietelarik, bai etorki autoktonoa iradokitzen duten izenen azpian –Ilixo jainkoa, kasu, Aquae Onesiorum zaharrari, azkenean, Luchon egungo izena emango diona–, bai ninfa bezalako izendapenjenerikoago eta panteoi klasikotik hurbilagokoen azpian. Pirineoz honanzko aldean ere ematen dira, eman, uretako jainkoen kultu-agerpideak, hauen kopurua –zonalde honen ondare epigrafiko ez hain aberatsarekin bat etorriaz, edozein modutan– askoz urriagoa bada ere, eta bertan, itxura denez, Pirineoen ipar-isuraldean dokumentaturiko Aquae Onesiorum edo Vicus Aquensis bezalako erromes-tokirik ematen ez den arren. Nolanahi ere, hor daude, alde batetik, hainbat tokitan –Araia, Cabriana, Leyre, San Vicente de la Sonsierra-n– aurkitu izan diren ninfei egin dedikazioak, eta, bestetik, Salus Umeritana, Uvarna eta agian Lacubegi eta Ivilia bezalako izendapen ez klasikoen azpian, uretako jainkoei dagozkiela diruditen beste batzuk. Eta susmoa dugu, testigantza horiek ez oten diren uretako kultua egiazki izandakoaren islada zurbil bat baino, kontutan hartuz uretako kultu eta mitologiak gerora, eremu osoan oro har kristautze prozesua jada aurreraturik dagoenean, agertzen dituzten sustrai eta indarra.

Ohartarazi behar da, azkenik, tradizio autoktonoari loturiko erlijiotasuna –erromatartze prozesua erabat aurreraturik dagoenean ere, bizi-bizirik mantentzen dena, antza, testigantza epigrafikoen kontu egiten badugu– batzutan mozorro erromatar edo klasikoen azpian ezkuta daitekeela, baina bere izpiritu edo eduki sakonenean funtsezko aldaketarik nozitu gabe. Honela, antropomorfismo klasikoaren eraginez, hurbilketa edo asimilazio gutxi-asko bortxatuak ikusiko ditugu ematen bertako jainko zaharren eta panteoi greziar-erromatarreko haien artean. Ondorioz, hibridoak sortuko dira –hala nola, Iupiter Eaecus eta Iupiter Beissirisse, Hercules Toliandossus, Mars Arixo, Mars Leherenn, Mars Lelhunnus…, edota St.-Plancard-en (Gar. Garaian) dokumentatu den Sutugius hori, zeina aldare batean Marte-ren ezaugarriekin eta erromatar legionari gisa jantzita agertzen baita–: bertako jainkoen interpretazio erromatarrak edo, hobeto esanda, jainko klasikoen interpretazio bertakoak, egun erizten denez.

Kontua da, ordea, antzeko hurbilketa edo asimilazioak –zenbait inskripzio epigrafikoetako Silvanus eta Diana-rekin, edo eremu pirinearreko bainutegi eta konplesu termaletan agertzen hasiak diren ninfekin gertatzen den bezala– ez direla nahikoa, bertako debotoaren begietara, etxeko betidaniko jainkoaren ezaugarriak –hark bere buruaren eta bere komunitate txikiaren babesle gisa betidanik beneratu eta gurtu duen jainkoarenak, hain zuzen– disimulatzeko.

Hain da hori egia, non arbasoengandiko erlijio-ondare zaharrak, arestian esan dugunez, bizi-bizirik iraungo baituen Goi Ertaroko mendetan barrena, nahiz eta Eliza hierarkikoak ahalegin frankorik egingo duenberau deserrotzeko –edo indargabetzeko, gutxienik–, esanahi erlijioso paganoko leku zaharren kristautze-politika sistematiko baten bidez. Pirinear eremuaren kasuan hain aplikagarriak ez bide diren testuek (Dumioko San Martinen De correptione rusticorum izenburukoan datozenak, iturri ondoan kandelak pizten eta urtegietara ogi puskak botatzen dituztenak gaitzetsiz; edota bisigotiar kontzilioetako kanonak, uretako kultuak eta beste sineskeria-praktikak zigortzen dituztenak, besteak beste) badute, herrialdeari bereziki dagokionean, bestelako osagarri edo bermerik. Hor dago, batetik, J. M. Barandiaranek eta beste batzuk bildutako materiale etnografikoa, non hainbat istorio jasotzen baiten sendatze-indar apartekoa bide duten, edota beren inguruan lamien edo antzeko beste ur-jenioen agerpenak ezagutzen bide dituzten iturri eta ur biltegiei buruz; hor, bestetik, kristau-aurretiko esanahi hierofanikoa bide duten tokietan –iturri edo iturburuen ondoan, zehazkiago– hain usu eliza edo ermita kristauak eraiki izana, zilegiro susma daitekeelarik koinzidentzia horien azpian sarri antzinako kultu edo erritu paganoak kristautzeko asmoa ezkuta zitekeela. Eta antzinako ondare paganoari egotzi beharreko kultu edo errituek Antzinate Berantean eta are Goi Ertaroko mendeetan irauten dutenaz hemen esandakoak, berdin samar balio du kultu animisten beste agerpideei –hala nola, baso edo zuhaitz, kobazulo, mendi eta beste gorabehera geografikoekin lotzen direnei– dagokienean. Hemen harira dator baso, leize eta mendietako jainkoei buruz jaso izan den materiale etnografiko oparoa: arbola eta harpeetan ustez azaldu irudi gutxi-asko mirakulutsuetaz ari dena, edo mendietan –zerutiko agindu gutxi-asko derrigorrezkoei men eginez, oro har– eta leizeen ondoan – bertako jainko zaharrak uxatzearren– kultu-tokien eraikitzeaz diharduena, etab.

Leienda-materiale hau eratu izanak –kultuesanahi pagano nabaria bide duten tokietan elizak edo ermitak eraikitzeak bezainbat ia-ia– Elizaren estrategia ebanjelizatzaileari erantzuten bide dio; izan ere, antzinako ondare animista eta beronen agerpide kultualak deuseztatu ezinik, ez baitzaio Elizaribeste irtenbiderik gelditzen, haiek esanahiz aldatzen ahalegintzea baino, santutegi zaharrak santu babesle kristau baten patroitzapean ezarriz.

 

Erromatar erlijiotasunaren adierazpideak

Eponaren gurtza azaltzen duen erliebea, Markiz (Araba).<br><br>

 

Kristau elizaren jatorriak

Atal honetan ez dugu Jesusen Elizak mendebaldeko pirinear ingurunean agertzeko ematen dituen pausuen jarraipen diakronikorik egingo. Interesatzen zaigu, lehenik, bertan Antzin Aroari dagokionez dokumentatzen diren kristau presentziaren lekukotasunak baloratzea, gero, hortik abiatuz, kristau elizak eremuan eginiko lehen barneraldi horren balantzea, behin-behinekoa bederen, egin ahal izateko, bere lorpen eta mugak agerian jarriz.Inori ez zaio harrigarria iruditu behar, Eliza batek –Jesusen antzera erromatar jaio eta, erromatar botere aparatuarekin izandako noizbehinkako borrokak gorabehera, pax romana delakoaren gerizapean moldatzen eta garatzen denak– gero ere, gure eremuan historikoki agertzean, Erromak eta Erromarekin batera bertaratzen den orok erabiltzen dituen bide berberak erabili izana.

Izan ere, salbazioko bideak –Campania eta Arezzo-ko sigillata direlakoenak, antolamendu munizipalarenak edo Zibeles-en kultuarenak bezalaxe– Erromatik datozen edo Erromara daramaten bideak dira funtsean eta esanguratsuki, eta hauen zirkuito berberei jarraitzen diete eta baldintzapen berberei erantzuten, harik eta eremuan lehenengo aldiz agertu arte. Hor ba, badira, gorago esanik dagoenez, erromatar eragin akulturatzaileak bere egingo dituen ardatz nagusi batzuk –hots, eremuan lehenago eta eraginkorrago agertzeko, Erromak erabiliko dituenak–; bada, ardatz horiek bat datoz funtsean kristau barneraldiak bere egingo dituenekin, eta horri dagokio, barneraldi honi buruzko lekukotasunetaz hitz egiterakoan, haien garapenari oro har lotzen bagagozkio.

Eremuko kristau jatorrien arazoa argi dezaketen izaera orotariko materialen azterketa arretatsuak (ik. erantsi mapan aipaturiko materialen zehaztapenak) zera baieztatzeko oin ematen digu, aldi erromatarra itxi aurretik, hain zuzen, Eliza kristaua, ez soilik erdi ezkutuan bezala nolabait agertu, baizik eta era sendo eta trinkoan ezartzen dela mendebaldeko pirinear ingurunea zeharkatzen duten bide-ardatz handien gune nagusietan. Baieztapen hori zehaztera etorriz, esan behar da lehen orduko erasoaldi ebanjelizatzaile honek lurralde baskoiaren hego-periferia –Tarraco-Ad Legionem VII Geminam bide-ardatzaren ingurukoa, hain zuzen ere– hartzen duela, bai eta Pirineoz honanzko isuraldeko edo Novempopulaniako beste zenbait gune ere, guneok jende euskaroidez edo etnikoki elementu baskoiari hurbildu beharrekoz populaturik bide dauden garai honetan. Baina baieztapenon nondik-norakoa zehaztea eta, behar izaki, garatzea dagokigu.. ) Iberiar isuraldean eta Euskal Herri historikoaren aurrez-aurre, Tarraco-Ad Legionem VII Geminam delako bide-ardatzak fronte kristautzaile sendoa osatzen du jada hego eta hego-mendebaldetik Briviesca-ren alturaraino, gutxi-gora-behera (Emeterio eta Zeledonioren martirioari buruzko Calahorrako tradizioa; 380. urteko Zaragozako sinodoa; Prudentzioren testigantzak Calahorrako martiri-kultuaz, apezpikuaz eta bataioponteaz, etab.). Ekialdera, Caesaraugusta- Beneharnum ardatza, bere bide-buruak eta tarteko tokiren bat ere kristautuak agertzen dituelarik, ebanjelizapen-fronte eraginkorbat suertatzen da, halaber, baina indar gutxiagokoa, uste denez, Baskoien ager delakoaren eta, batik bat, saltus edo basoaren aurrez-aurre. Baina mendebaldea da, Asturica-Burdigala ardatza eta eragin mugatuagoko beste zenbait bide gorabehera, ahulenik agertzen dena, kantauriar munduak mendilerroaren alde batean zein bestean zabaltzen duen paganismoaren itzal luzea etenik gabe alde honetatik luzatuz.

Pirineoz iparraldean, bertara daramaten bide-ardatzen puntu nagusietan (Narbona, Tolosa, Burdigala) eta Novempopulania-ko 12 civitates historikoetako hiribururen batean ere kristau Eliza nahikoa goiz agertzen delarik (Elusa-ko apezpikua, 314. urteko Arles-eko sinodoan partaide; presbiteroak Comminges-en 347. urtez gero, etab.), setio kristautzailearen fronte aitzindaria, Euskal Herri historikoaren aurrez-aurre, osatzen dute: a) Caesaraugusta-Beneharnum bidearen Pirineoz haranzko luzapenak, iparekialdetik (Iluro eta Beneharnum-eko apezpiku-elizak); eta b) Narbona-Tolosa-Burdigala bide-ardatzaren Beneharnum-etik Aquis-eranoiko luzapenak, iparretik (ez ahaztu, Asturica-Burdigala ardatza antzu agertzen dela, kristau presentziaren lekukotasunei dagokienez, Akitze (Dax) eta Briviesca bitarteko ibilbide luzean). Dena den, ahul samarra dirudi hemengo aldetik egiten den setio hori, fronte kristautzaile horri buruz dokumenta daitezkeen lekukotasunen eskasia ikusirik.. ) Baina, frogatutzat emanez, mapan jasotako datuei esker, orainarte esandakoak, interesgarria izan daiteke agian, datuon interpretazio kritikoa harago eramanez, fronte ezberdinetako elizen jatorri-datak zehazten saiatzea.

Bildu ahal izan diren lekukotasun eta aztarnak oinarritzat hartuz, nekez esan daiteke kristautze prozesua nabarmen bizkorragoa izan denik ardatz pirinearraren alde batean, bestean baino. Badago agian esaterik eliz-antolakuntza trinkoagoa suertatzendela Ebro ibaiaren ardatzak egituraturiko hegoaldean; izan ere, ingurune hau martiri-lekukotasun goiztiarrez apaindurik agertzen baita, eta, horrez gain, apezpiku-elizen eta tokian-tokiko bestelako elizen sare trinko batez gurutzaturik, sare hori, testigantza idatzien eta arkeologi izaerako beste agerpideen argitara, zeharo finkatuta dagoelarik 5. mendearen erdialdera. Ikuspundu honetatik, esan daiteke, beraz, nolabaiteko atzerapena ematen dela novempopulaniar isuraldean, izan ere, bertako hiriburu askok 6. mendea hasi eta gero soilik dokumentatzen baitu bere apezpikumaila edo are kristau komunitate baten presentzia bere baitan ezagutu izana. Baina, hala eta guztiz ere, zilegiro galde daiteke ea, hiriburuen apezpiku-zerrendak 6. mendea hasiz gero soilik dokumentatu izanak atzerapen berdina argudiatzen duen, nahitaez, hierarkikoki antolaturiko kristau komunitate bat euren baitan osatuz ikusteko (eta kontuan izan auziak berdin balioko lukeela Pirineoz honanzko aldean, non Osca, adib., 527. urtez gero soilik dokumentatzen baita apezpiku-egoitza bezala).

Badirudi, ordea, badela puntu honetan funtsezko adostasunik, kritika-planteamolde onargarriei eutsiz, auzia argitzeari ekin dioten adituen artean.

Osca-ri dagokionez, bada aztarrenik, lehen kristau komunitate baten esistentzia bertan 4. mendearen hasieraz gero datatzera bultzatzen duenik, nahiz eta hiriko episkopologioa 527. urtean irekitzen den. Pirineoz haranzko eremuko Elizei dagokienean, J.-F.

Bladé-k uste du, Agde-ko sinodoan ordezkaturik agertzen diren novempopulaniar eliz-barrutien eraikuntza Tolosako erresumagotua eratu aurrekoa dela, nahiz eta bere ustearen oinarritzat aipatzen duen argudioa («ezin onar daiteke, Alariko 2.aren aurreko errege bisigotuek euren meneko lurraldeetan eliz-barruti berririk sortzen utziko zutenik») ez den oso konbentzigarria.

A. Dégert-en ustez ere, ez litzateke arazorik egongo, eliz-barruti novempopulaniar gehientsuenen fundazioa Notitia provinciarum et civitatum Galliae delako agiria (400. urte inguruan) idatzia izan aurretik eman zela onartu ahal izateko; izan ere –ohartarazten du–, agirian espreski aipatzen dira hamabi civitates historikoak eta beren hiriburuak, eta ezin ahaz daiteke, bestalde, «civitates guzti horiek beste hainbeste apezpikutzen egoitzak izango direla, eta apezpikutza horiek antolaturik agertzen direla salbuespenik gabe 506. urteko Agde-ko kontzilioan, ehun urtetako atzerapenez bada ere». Era berean, badirudi L. Duchesne-ren eritzia ere azken honekin bat datorrela, zeren eta, Novempopulaniako Eliza hierarkikoaren sorrera 314. urtea baino harago eramateko prest agertzen ez bada ere (314.. rtean dokumentatzen da Elusa-ko Eliza Arles-eko sinodoan), ez baitu ukatzen ordurako beste zenbait Eliza eraturik egon zitekeenik Novempopulanian, edota hurrengo urteetan –Tolosako erresuma gotua sortu aurrretik, nolanahi ere, edo, azken batez, 506. urteko Agde-ko kontzilioan behin betirako ordezkaturik agertu aurretik– era zitekeenik. Dena dela, ez da hemen ahaztu behar, behinola, Mopsuestia-ko Teodororen pasarte bat komentatzerakoan, L.

Duchesne berak seinalatu eta geroago Ë.

Griffe-k azpimarratu zuena, Galiako apezpiku-egoitzen eratze prozesuan nabari den nolabaiteko atzerapena argitzeko, hots: 4.. endearen erdialdeaz baino harago, civitas bateko hiriburuan apezpikurik ez egonak ez duela derrigorrez esan nahi bertan kristau-komunitate antolaturik ez dagoenik, zeina, kasu, sacerdos secundi ordinis edo presbyter batek gidaturik ager baitaiteke. Ez dirudi M. Rouche-ren eritzia ere interpretabide-eskema honetara ekartzea zaila denik, zeren eta, 4. mendearen azkenaldera «oraindik Novempopulaniaren hegoaldean arauzko hierarkiarik» ikusten ez badu ere, apezpiku hierarkiaz hitz egiten ari dela baitirudi, bere baieztapenaren esangura, bestalde, zehazten duelarik, probintziaren hegoaldera geografikoki mugatzen duenean. Izan ere, ez litzateke batere harritzekoa izango, civitas Tarba, Beneharnum, Iluro eta Atura, adib., presbitero-elizak suertatu izana –É.

Griffe-k zioenaren arabera–, 5. mendean zehar apezpiku-elizak bihurtu aurretik.. ) Pirineo inguruko Eliza erromatar-kristaua, bestalde, garaiko eztabaidetan nolabait parte hartuz ageri da, eta baita mundu zabaleko Eliza konstantiniarra sasoi hartan kezkatzen duten krisi eta urduritasun sintomaberetsuek astindurik ere. Sintoma hauek eliz-erakundearen zorabiozko hazkundeak berarekin dakartzan zailtasunei erantzuten bide diete, 312/313 urteetako neurri liberatzaileek eta hurrengo hamarkadetako paganoen aurkako edo erlijio berriaren aldeko ediktuek aro berri bati bide ematen dioteneko gurutzebide hartan. Zernahi delarik ere azken puntu honetaz, priszilianismoak (joera errigoristako mugimendu heretikoa berau, zeinaren bidez bizi izan baitzukeen akitaniar Eliza gazteak, L.

Duchesne-k dioenez, bere krisi gnostikoa) jarraitzaileak lortzen ditu Novempopulanian eta bereziki Elusa-n, pirinear inguruneko eliz-hierarkiaren asaldura sortuz (380. urteko Zaragozako sinodoa eta 384/385. urte bitarteko Bordelekoa). Bestalde, Vigilantiusen heresiak (zenbait sektore fededunen erreakzio izpiritualista, erizten denez, Inperio Beranteko kristau Elizak –bere martirieta erliki-kultuarekin, erromeriekiko bere zaletasun apartarekin, limosna eta aszesiaren bere praktikekin– sakratua hutsal bihurtzeko ageri duen joeraren aurrean) harrera ona aurkitzen du Novempopulaniako ekialdeeneko inguru batzutan, Convenae direlakoen lurraldean batez ere, hainbesteraino non kezkaz beterik agertzen baitiren Tolosako presbitero batzuk eta San Jeronimo bera ere, zeina ez baita konprenitzera iristen nolaz Vigilantius aritzen deneko elizbarrutiko apezpikuak ez duen hura bere eliz-erantzunkizunetatik baztertzen.. ) San Jeronimo, Hilario aita santua eta Sidonio Apolinar-en gutunetan ageri den Pirineo-inguruneko Elizak, edo Zaragozako 380ko sinodoan edo Agde-ko 506koan biltzen denak, badu lur-ondasunik franko, itxura denez, eta antolamendu-egitura sendoko agertzen da dagoeneko, kultu-gune, elizkizun eta katekesia ez hirigune nagusietan bakarrik, baizik eta landan ere emango liratekeelarik. Eliza honek, gainera, badaki dagoeneko aszetismoa eta munduaren ihesa praktikatzen duten gizakume eta emakumeen berri, hala bakardadean –etxean ezkutatuz edo basamortuan biziz–, nola villae batzuetako aszeterioetan gontenplaziorako elkarturik. Guztiarekin ere, gustatuko litzaiguke zehaztu ahal izatea, zenbateraino esan daitekeen Iparraldeko eremu historikotik gertuen dauden civitates-etako eliz-errealitatearen adierazle edo errepresentagarri, hemen, aipatu bezalako testigantzetan oin harturik, pirinear inguruneko kristau elizaren ezarpen- eta antolakuntza-mailaz oro har esaten dena. Eta Iparraldeko eremu historikotik gertuen dauden civitates-etaz hitz egiterakoan, Benarnenses, Iluronenses eta Aquenses direlakoenak ditugu bereziki gogoan.. ) Oraindik argitzeko dago zenbaterainoko eragina duen erlijio-forma berriak dokumentaturik agertzen deneko komunitate politikoetako –civitates-etako– bizi-alor desberdinetan.

Arazoa ez da batere argitu erraza suertatzen; izan ere, apezpiku- edo presbiteromailako kristau komunitate bat ciuitas bateko hiriburuan edo beste hiri-gune gutxiasko garrantzitsuan dokumentatu izanak ez baitu printzipioz askorik esaten komunitate horrek hiri osoaren baitan duen pisu espezifikoaz eta are gutxiago erlijio-molde berriak landa gutxi-gora-behera hurbilekoan, hots, hiriaren territorium delakoan, duen eraginaz. Lehenenari dagokionez, bidezkoa da pentsatzea kristau-komunitatearen hiri-baitako presentzia eta esanahia finkatua eta sendotua suertatuko dela 4. eta 5. mendeetan zehar, lehenik, administrazio erromatarrak Konstantinoz geroztik eskainiko dion babesari esker eta, gero, batez ere, 380ko dekretuaren indarrez, Estatuaren erlijio ofizialtzat ezagutua izango delako.

Neurri horiez gainera, erlijio-forma berriranzko konbertsio-mugimendua indartua suertatuko da oraindik ere Teodosioren administrazioak 391. eta 392. urteetan argitara emango dituen neurri hertsatzaile berriei esker, izan ere, debekatuak suertatuko baitira tenplu zaharretako bisitak eta sakrifizio-errituak, eta gaitzetsia betirako jainkoen kultua. Azkenik, legezko neurriei toki batzuetan gaineratuko zaizkie apezpiku eta apaizek, 408ko Azaroaren 15eko lege batez tenpluen txikizioari buruzko lege-araudia betearazteko baimendurik, beren kontura erabakiko dituztenak, hiri eta pagi direlakoen kristautze-prozesua bizkortzeko.

Arrazoi hauek direla medio (eta oraingoan alde batera utzirik zenbateraino den sakon eta zintzoa hiritarren masa handiak bere egiten duen kristau-sentimendu hori), baliteke masa hori gehienbatean kristautu izatea 4. mendea amaitu aurretik. Landari dagokionez, bada arrazoirik, kuadroa zehaztera behartzen gaituenik. Ez dago dudarik, hemen ere aplikagarriak direla, printzipioz, erlijio berriak hiri-alorrean egindako aurrerakada soziologikoaren eragiletzat gorago seinalatu diren arrazoiak. Baina pentsatu behar da, baita ere, administrazioaren neurriek hirian baino eragin beterazle ahulagoa izan behar dutela konparatiboki landan, eta batik bat 4. eta 5. mendeetan, izan ere, Behe Inperioko krisi estrukturalak eraginik eta inbasioen eta Bagaudematxinaden garaiak sortutako nahasmen administratiboaren ondorioz, baitirudi administrazio inperialak bere hartan abandonatzen duela orduan hiria neurri handiagoz edo apalagoz, eta honek gero eta zailago aurkitzen duela, behinola bezala, boteregune eta erakunde bateratzaile izateari eustea.

Eta bada beste datu bat, kontutan hartzekoa: akulturatze- edo erromatartze-maila desberdinarena, alegia. Badu honek adierazpen konkreturik hizkuntz-erernuan, eta,komunzki baieztatu ohi denez, garrantzi handiko faktore baldintzatzailea suertatuko da lehen denbora horietako kristau barneratze-prozesuan.

Hor ba, badirudi 4. mendearen erdialdez gero, administrazioari eta miliziari lotutako jendeak, eta jada erromatarturiko hiritar elementuak, eta landako aisia hiriburuko egonaldiekin txandakatzen duen lurjabe-aristokraziak bideraturik, latinak halako aurreramendua egin duela bigarren mailako hiriburuetan eta uici eta fora direlakoetan ere (azoka-egunetan, baserrikomunitatearen ohiko bilguneak, azken hauek), non posible suertatzen baitzaion edozeini alde guztietan latinez soilik moldatzea.

5. mendean, eta euskera edo keltar hizkuntzak bakarrik mintzatzen direneko bazter gutxi-asko zabalak gorabehera, badirudi uici edo landa-auzoetako biztanle gehienek eta jaur-domeinuetako ez gutxik ulertu egiten dutela latina eta pasa-moduan murruzkatzen dutela, halatan non kristaupredikuak ez bide duen oztopo handiegirik aurkitzen alde horretatik. Usteak uste, bada leienda-tradiziorik, akitaniar-novempopulaniar eremuko elizgizon eta apezpiku batzuk, Tours-eko San Martin imitatuz, paganoen aurka bultzatzen dituzten kanpainen oihartzuna jasotzen duenik. Adibidez, 6. mendearen lehen zatian ustez datatu beharreko testu batek,Vita Orientii delakoak, hain zuzen, Ausci direlakoen apezpikuak, 5. mendearen lehen erdian, Narveja deitu mendiaren gailurrean –civitas-eko hiriburutik gertu– aurkitzen zen fanum baten kontra zuzendu txikizio-ekintzaz hitz egiten digu. Halaber, poetak berak bizi izandako gertakarien adierazpen-gisa interpreta daitekeen pasarte batean –eta, beraz, Calahorra inguruko Pirineoez honanzko eremuari lotu behar lekiokeenean–, Prudentziok baserritar-paganismoaren agerpideak bere meneko barrutietatik aienatu nahiean dabilen lurjabe kristauaz hitz egiten du, zutikako harriak apurtzen dituenaz –hala, mugarrietako jainkoei sakrifizioak egiteko aukera galeraziaz–, edo erroreak kandelak pizturik beneratzen duen arbola aizkora mendekatzaileaz lurrera botatzen duenaz.

Mentura gabe pentsa bide daiteke, bestalde, txikizio-ekintza horien jarraian elizak edo otoiztegiak eraikitzen direla –batzutan, kristautu aurretiko esanahi hierofanikoa duten toki berberetan–, bertan ohoraturiko santuen famaz eta berauei leporatzen zaizkien mirakuluen distiraz antzinako santutegi paganoen erakarpen indarra neutralizatua suerta dadin eta hurbileko pagi edo auzoetako biztanleria apezpikuaren hirira erakarria.

Eritziak eritzi, seinale bateragarri mordo bat dago, kultu pagano zaharrak gero eta gehiago baztertzen ari direlakoaren inpresioa bermatzen duenik. Honela, Kode Teodosiarraren 16. liburuan sakrifizioen etaoraindik zabalik jarraitzen zuten tenpluen kontra jasotako gaitzespenak ez dira ezertarako ageri –azpimarkatzen du M. Rouche-k– 506ko Breviarium Alarici delakoan (honek berak, haren ustez, nahikoa frogatuko lukeelarik, ez dela jadanik haiek aplikatzeko beharrik ikusten) eta 5. mendeko Kontzilio galiarrak ere ez dira beharturik sentituko ofizialki jada esistitzen ez den paganismoaren kontra deiadarra jotzeko, nahiz eta behin baino gehiagotan salatzen dituzten haren ondoriozko sineskeriapraktikak.

Ikerlan arkeologikoek, bestalde, bete-betean berresten bide dituzte kultu paganoek jasaniko bazterreratze gero eta handiago horren lorratzak. Emaitzen arabera, bazterreratze hori akitaniar lautadan –erromatartuagoa izaki– gertatu zatekeen lehendabizi, eta mendialdeetan eta bazterreko ibarretan geroxeago, hauek jatorrizko keltar edo iheriar ondarean errotuagoak zeudelako. Azken batez, elkarrekin bat datorren hainbat lorratz kontutan hartuz –hala nota, ehorzketa praktikaren garaipena, data jakinez geroztik santutegietako iturri termaletan botatako txanponen arrastorik ez agertzea, landako tenpluen gainean otoiztegiak eraiki izana–, M. Rouche-k bi alditan gauzaturiko praktika paganoen desagerpen prozesuaz hitz egiten du: lautadetan, 4. mendearen erdialdean; mendietan, 4. mendearen amaiera aldera. Halaz guztiz ere, kultu pagano ofizial baten eza ez da nahitaez interpretatu behar, paganismoak –bere adierazpen gordinenetan ere– jadanik esistitzeari uko egin izan balio bezala, nahiz eta, 5-7.. endeetako sinodoetako erabaki batzuen letran oin harturik, batek erlijiotasun herritarraren zenbait adierazpen susperstizioaren izen guztiz barkaberaz eufemistikoki estal dezakeen. Izan ere, superstizio-praktikak, sinodo horietako kanonetan edo Dumio-koSan Martinen edo Zesareo Arles-ekoaren izkribuetako pasarte seinalatu batzuetan –6.. endean halaber– salatzen direnen tankerakoak direnean (kontu egin, testu horietan fano zaharretara joan ohi direnetaz, edota baso- eta uretako jainkoei dei egiten dietenetaz hitz egiten dela, aditzera ematen delarik, bestalde, santutegi eta aldare zaharrek hor dirautela oraindik, eta arbola eta haitz sakratuek beneragai izaten jarraitzen dutela), batek badu eskubiderik, eztabaida terminologikoak alde batera utzirik, gutxienez ere bere buruari zera galdetzeko, ea noraino iristen den kristau-fedearen aitormena antzeko praktikekin elkartzen dutenen ustezko metanoia.

Lehen ere seinalatu bezala, erlijio-molde berria landan barneratzeko ahalegina ez da kultu paganu zaharren aztarrenak desegitearekin amaitzen; hirian gertatu antzera, pagi deitu landa-barrutietako buru diren vici edo auzunetatik hasiz, segur aski, eta estrategia ebanjelizatzailearen ikuspuntutik garrantzizko diren heste puntu batzuetara poliki-poliki zabalduaz, santutegi eta kultu-toki berrien eraikitzeakin osatzen da eta civitas-eko Eliza amarekiko komunio-lotura hierarkikoak ziurta ditzakeen antolamendu-egitura minimo baten eratzearekin. Landako parrokien eratze-prozesua, dudarik gabe 4. mendearen erdialdeaz gero abian jarria dena, gehienbatez 5. mendearen obra izango da, mende hau bide delarik, berarekin eremura dakartzan ezbehar-mordoa gorabehera (Barbaroen inbasioak, Bisigotuen finkamendua, Bagaude-krisia, etab.), «landaren ebanjelizazioaren mende handia».

Parroki-fundazio horiek –iturrietan dioceses edo parochiae rusticanae deritzanak– hinterland baserritarreko uici edo auzunetan sakabanaturik bizi den nekazari-jendearen ardura izpirituala izango dute xede, eta ardura izpiritual hori, santutegi berrietako kultuaren erantzunkizunarekin batera, maila ezberdineko klerigoei (diocesani presbyteri , diakono, etabarrei) egotziko zaie, hauek tokian-tokiko elizara atxikiak suertatzen direlarik, eta hierarkikoki ciuitas-eko apezpikuaren meneko.

Parroki-fundazio horietaz gain, erlijio berria landan txertatu orduan eragile izango dira, halaber, otoiztegiak, jada kristau diren tokian-tokiko aziendadun aberatsek 5. mendeaz gero beren villae edo jauretxeetan eraikitzen hasiak direnak. Hasieran agian norberaren edo familiaren erabilerarako bakarrik izanik ere, uste izatekoa da berehala bihurtzen direla kultu-bileretarako gune eta, behar izanez gero, tokian-tokiko kanpusantu, fundus-ean enplegaturiko kristau langileentzat. Bertako kultuaren ardura duen presbiter edo elizgizon baten zaindurik maiz, oratoria villaria horiek Eliza kristauaren presentzia landa munduko puntubazterrenetan emendatzeko bide suertatzen dira berez, baina arriskurik ere ba omen beraiengan, vici edo auzuneen inguruan eratu parroki-komunitateen sendotasunerako; horri dagokio, hasiera-hasieratik arautegi xehe baten azpian ezarriak suertatu izana, urrutieneko nekazari-komunitateei eskaini nahi zaien laguntza espiritual eraginkorrago hori bateragarri gerta dadin komunitateon eta parrokiako edo vicus-barrutiko eliza nagusiaren arteko loturak mantentzearekin.

Problema horietako askok ez du zertan hala izanik izango, apezpikuek, 5. mendez geroz ziur aski, oratoria villaria delakoak parroki-eliza bihurtzeko baimena ematen hasiko direnean.

Erakutsi-berri dugunaren ondotik, badirudi ezinbestekoa dela baieztatzea, erromatar aldi koloniala itxi baino lehenago, erlijio-molde berriaren garaipena ez dela mugatzen hiri-alorrera (beronek ia oso-osoan biltzen eta monopolizatzen badu ere gaiari dagokion aldi honetako dokumentazio urria), baizik eta egitate gutxi-asko finkatua dela garaipen hori landa-eremu zabaletan ere, are beste inguru soziologiko honen ikerketak esijitzen dituen ńabardura zuzentzaileez eta landak hiriarekiko bere harreman-bizitzan igarotzen dituen gorabehera bereziez kontu eginik ere. Halere, batek zehaztasun handiagoak nahiko lituzke, oho har dudaezineko dirudien fenomeno baten arrakasta soziologikoa azkeneraino neurtu ahal izateko. Batik bat, eskertzekoa litzateke, E. Grife-k Narbonenserako edo Burdigala inguruko Akitaniarako eskaini muestreoaren antzeko zerbait Novempopulaniarako eta, ahal izaki, honen hegomendebalderako eskaintzerik balego, jakin ahal izateko zenbateraino den erreala kristautasunaren landaratze-prozesua Euskal Herri historikoaren hurbil-hurbileko periferian.

Uste dugu, sinpleki, horrela argituko liratekeela eremuaren ondore-ondoreneko historiako alde ilun ez gutxi.. ) Zernahi delarik ere azken honetaz, Pirineo-inguruan emandako kristau-barneraldiaren lekukotasunak mapatan bildurik ikustean, zenbait galdera sortzen da. Eta horietako bat, eta ez interes gutxienekoa, planteiatzen da, ikusirik aipatu lekukotasunen gabezia erabatekoa dela Euskal Herri historikoa bere baitan hartzen duen eremu nahiko zabalean, eremu honek, ordea, askogatik gainditzen duelarik hura zenbait norabidetan. Eremu hori da, hain zuzen ere, kultur-morfologiaren ikuspuntutik saltus izendatu izan duguna: beste eremuen aldean, erromatartze-presio ahulekotzat estimatzen dena, eta 4. mendearen azkenaldera (kristau-erlijioaren hedapenak Mendebaldeko parte hauetan bere unerik goxoenak ezagutzen ditueneko egunetan, hain zuzen) Ausonio eta Paulinoren arteko posta-trukepoetikoan ciuilitas-humanitas klasikoaren bestaldeko muturrean kokatuko liratekeen kultur-moldeak garatuz azaltzen dena eta, handik urte batzuetara –Bagaudeen auzia deitzen denarekin loturik–, erromatar botere-aparatuari aurre eginez ageri dena; eremu hau delarik, bestalde, Mendebaldeko Inperioaren parte hauetan, latinaren aurretiko bere mintzaira, kostata izanik ere, salbatzea lortzen duen bazter bakarra (eta azpimarratu egiten dut ‘Mendebaldeko Inperioaren’ hori, zeren eta bertan, uste denez, kristautasunak latinizazio gutxi-gorabehera berehalakoa esan nahi baitu, baldin aurretik ematen ez bada). Honek guztiak oin ematen bide du susmatzeko, Eliza kristaua ez dela saltus-ean menturatzen erromatar kolonialdian zehar: ez, behintzat, lehen aldi batean, Eliza erromatarra, agian erromatarregia delako, presentzi-molde hiritarren alde definitzen eta pagani direlakoetaz ia-ia axolagabeturik ageri den hartan, alegia; baina ezta gero ere, zibilizazio hiritarraren krisiarekin bat, landaren pisu ekonomiko eta politikoa areagotu eta lurrera itzuli beharra nagusitzen denean, zeren eta ordurako abian izango baitira bertan erromatar botere-aparatuaren egoera funtsean ahul bihurtzen duten mekanismoak (indijenismoaren berpiztea, barbaroen inbasioak, Bagaudeen matxinada). Izan ere, pentsatu behar da, Mendebaldeko lnperioaren desegituratze-prozesuaren kinka honetan, Ausonio, Paulino eta Prudentzioren Eliza kristau-erromatarrak –bide-lagun duen erakunde politikoaren interesekin, neurri batez, bat eginik agertzen denak– gainerako zailtasunekin egin beharko duela topo, Baskoien edo hauen parekoen munduan barneratzeko protagonizatzen dituen ahaleginetan, hauek ez bide baitute harengan ikusten Estatu erromatarraren menderapenaparatuaren pieza bat baino. Dena den, datuak hor daude: kristau-presentziaren agerpiderik, batere ez; kultur-atabismoaren adierazpen deigarriak; erromatarren kontrako matxinada; euskararen iraupena, kristautzeak edo ebanjelizazioak epe gutxigora-behera laburrera latinizazioa esanahi duen ingurune batean. Azkenik, eta anekdota-gisa, bederen, gogora daiteke kronikek Bagaudeen matxinada-mugimenduari buruz jasotzen dituzten gertakari guztiz bakanetariko bat: Basilioren jarraitzaileek, ezarri ordenaren aurkako euren ekinaldi batean, Turiassone-ko elizan bilduriko federatuei eraso egin eta hil egiten dituzte, biktimen artean Leon, hiriko apezpikua, aurkitzen delarik (449. u.). Esanahi berezirik gabeko koinzidentzia hutsa ote? Ala pentsatu beharko da erromatar Estatuarenganako Bagaudeen etsaigoak ez duela Eliza kristauaren eta Estatu erromatarraren artean bereizten, eta bereizi-ezin horren sintoma baino ez dela Turiassone-ko ekintza hori?