Departamento de Cultura y Política Lingüística

Geografia»Nafarroa

Nafarroako eskualdeak


Nafarroako Autonomia Erkidegoak 10.421 km2 ditu eta Pirinio mendien, Euskal Herriko eta Kantauriko mendien eta Ebro ibaiaren arroaren artean dago. Elkarren oso bestelakoak diren mendi horiez gainera, Nafarroan elkartzen dira Kantauri aldeko eta Mediterraneo aldeko isuriak eta klima ozeanikoa, subalpeetakoa eta Mediterraneokoa, bakoitzak bere landaredi berezia duela. Horren guztiaren ondorioz, kontrasteak dira Nafarroaren ezaugarri nabarmenenetako bat, eta arrazoi beragatik, heterogeneitatea dute eskualdeek ezaugarri, nahiz batetik besterako trantsizioa oso mailakatua den.
Geografia ezaugarri horien trantsizio mailakatu horrek ez ditu zehatz bereizten uzten Nafarroako eskualdeen arteko mugak. Eskualde banaketa, beraz, era askotara egin daiteke, nahiz banaketa horiek batzuetan bat etorri ez. Nolanahi ere, kontuan izan behar da banaketa hori aztertu beharreko gaiaren araberakoa izaten dela, eta hartara denak izan litezkeela baliagarri.
Hau geografia lan bat denez, eskualde banaketa alderdi fisiko-geografikoetan oinarritua dago. Alderdi horien arabera, Nafarroa hiru eremu geografikotan banatua dago oro har: Mendialdea, Erdialdea eta Erribera. Hiru eskualde horien tamaina eta eskualde bakoitzaren berezitasunak ikusita, azpibanaketa bat egitea komeni da. Hala, Mendialdean Ipar-mendebaleko Nafarroa Hezea, Pirinioetako haranak eta Pirinio aurreko haranak edo arroak bereizten dira. Nafarroako Erdialdea Ekialdeko Erdialdean eta Mendebaleko Erdialdean edo Lizarraldean banatua dago, eta Erribera bi zatitan dago banatua: Ekialdeko Erribera edo Tuterakoa eta Mendebaleko Erribera edo Lizarrakoa.

 

Ipar-mendebaleko Nafarroa Hezea

Geologiari eta morfologiari dagokionez oso eskualde heterogeneoa da, baina eskualde euritsua izateak ematen dio batasuna. Hegoaldean Urbasako eta Andiako mendilerroak eta Iruñeko arroak ditu, iparraldean Frantziako muga, mendebalean Gipuzkoa eta ekialdean Pirinioetako Haranak. Kantauriko eta Mediterraneoko isurialdeak eskualde honetan elkartzen dira. Kantaurikoari dagozkio Urumea, Alaitz, Leizaran, Bortziri, Basaburua, Bertizarana eta Baztango haranak. Mediterraneokoari, berriz, Imoz, Burunda, Aranatz, Arakil, Larrau, Basaburua, Atetz, Odieta, Ultzama eta Anueko haranak.
Haran horiek guztiek azpieskualdetan banatzen dute Ipar-mendebaleko Nafarroa Hezea; 50 udalerri biltzen dira eskualde horretan.
Eskualde horretako iparraldeko mendiak Paleozoikokoak dira, harbelaz, granitoz eta eskistoz eratuak gehienbat; Baztango haranean hareharria eta konglomeratuak ere badirela. Hegoaldean kretazikoko kareharriak dira nagusi. Erliebea litologia mota horri dagokio, nahiz itxuraz oso nahasia den. Iparraldea oso menditsua da; mendi horiek antzina antzinakoak direnez gailurrak ez dira oso garaiak. Haranen noranzkoa ez da oso zehatza eta garaierari dagokionez horiek dira Nafarroako lur behereenak (Bidasoako arroaren zatirik handiena, beheko ibilguan, ez da 200 metro baino garaiagoa). Uren banalerrotik hegoaldera erliebea ordenatuagoa da. Mendebaleko muturra mendiz (Aralar, Andia eta Urbasa dira eskualde horretako garaienak) eta haranez (Sakana-Burunda) eratua dago eta sortaldesartalde aldera dute mendi-haran horiek noranzkoa. Erdialdea Iruñeko arroaren ataria da; haranak zabalak ditu eta mendiak 800 eta 1000 metro bitarte dira garai. Ekialdeko paisajea ere malkortsua da.
Itsasoaren eraginez ozeanikoa du eskualde horrek klima, alegia, euri asko egiten du eta tenperaturak epelak izaten dira. Urte osoan egiten duen euriaren ugariaren eta erregulartasunaren ondorioz eskualde horretako isoietak 1.000 eta 2.000 mm bitartekoak dira; eurien banaketa haranen eta mendien garaieraren eta noranzkoaren araberakoa da. Atlantiko aldeko isurialdean, Kantaurikoko haranetan egiten du euri gehien, ipar-ekialdean 2.200 mm-tik gora ere egiten duela urtean. Mediterraneoko isurialdean euri gutxiago egiten du.
Tenperaturak epelak dira eta ez dute gorabehera handirik izaten urtean zehar; tenperaturen batez bestekoa 12°koa da. Nolanahi ere, Mediterraneoko isurialdeak kontinentalizaziorako joera du: euri gutxixeago egiten du, tenperaturak gorabehera handiagoak izaten ditu, urteko batez bestekoa handixeagoa da eta izozte arrisku handiagoa egoten da. Eskualde horretako leku garaienetan atlantiko aldeko mendikoa izaten da klima: urtaro hotzetan elurra egiten du, baina elurteek ez dute askorik irauten.
Eskualde horrek har lezakeen landaredia ere atlantikoa da, klima bezala. Pagoak eta haritz hosto-erorkor hezeak dira zuhaitz nagusiak; silizezko lurretan, berriz, gaztainondoak. Bestalde, haranen barrenaldeko eremu lauak lur landuz beteak daude, eta horien gainetik, 500-600 metro arteko maldetan, belardiak daude. 700 metrotik 800 metro bitarteko tartean haritzak daude, batzuetan gaztainondoekin batera, eta hortik gora pagoa da nagusi. Eskualde horrek har lezakeen landaredia nabarmena da, nahiz landare asko moztu izan diren eta beraz eremu zabal bat belardiek hartua dagoen. Bortzirietan eta Urumeako eta Doneztebeko haranetan baso berritze handiak egin dira, esperimentu gisa eta eremu txikietan zuhaitz mota berriak landaturik.
Hidrografiari dagokionez, Ipar-mendebaleko Nafarroa Hezea Kantauriko eta Mediterraneoko isurialdeetan banatua dago. Uren banalerroaren iparraldean, batez ere Bidasoa ibaiak eta, bigarren mailan, Urumea, Araxes eta Leizaran ibaiek, besteak beste, ureztatzen dute Kantauriko harana. Oro har, ibai horiek ibilbide laburra izaten dute, luzetara malda handia eta higadura ahalmen handia orobat, landarediak higadura moteltzen badu ere. Klimaren baldintzen arabera, emari handiko ibaiak dira, gorabehera handirik eta lehorte eta uholde handirik gabeak. Banalerroaren hegoaldean, Mediterraneoko isurialdean hain zuzen, Arakil ibaiak ureztatzen du eskualde horretako mendebaldea eta Ultzama ibaiak ekialdea. Bi ibai horiek Arga ibaiaren adarrak dira. Arakil ibaiak 1.800 mm euri ur jasotzen du hasieran, emari handia du eta ozeanikoa du euri uren errejimena, neguan ur asko eta udan ia lehorterik ez, alegia. Ultzama ibaiak trantsiziozkoa du errejimena, euri urezkoaren-ozeanikoaren eta euri urezkoaren-elurrezkoaren artekoa, elur askorik egiten ez badu ere. Arakil, Mediano, eta Beroa ibaien urak jasotzen ditu.
Ipar-mendebaleko Nafarroa Hezeak 51.788 biztanle ditu, Nafarroako %9,89a hain zuzen. Eskualde horretako biztanleriak behera egin du, %7,8a galdu baitu mende hasieratik hona, Sakana-Burunda ardatzean izan ezik, ardatz horretako Irurtzun eta Etxarri-Aranatz biztanle guneetan gora egin baitu biztanle kopuruak. Kantauri aldeko haranetan alde handia dago biztanleriari dagokionez, banalerroaren iparraldean (Lesaka, Leitza, Bera eta Doneztebe) biztanleria maila handiagoa da industriaren eraginez, nahiz azken hamarraldi honetan biztanle kopurua jaitsi egin den; banalerroaren hegoaldean, berriz, askoz biztanle gutxiago dago. Biztanleak sakabanatuta daude, eta udalerri gehienak ez dira 1.000 biztanlera iristen. Altsasu eta Baztan dira soil-soilik 5.000 biztanletik gora dituztenak, baina Baztanek 40 herrigune inguru biltzen ditu,oso biztanle dentsitate apala du beraz (21,02 bizt./km J ).
Ekonomia sektoreei dagokienez, lehen sektoreak eskualde horretan lanean ari diren biztanle guztien %16,66a hartzen du. Nekazaritzak segarako belardi naturalak eta artoaren eta artoari lotutako mota askoren laborantza intentsibo atlantikoak ditu oinarri. Zuhaitz egurtsuak Bortzirietan eta Urumea Garaian dira ugariak, sagarrondoa batik bat. Belardien ugariak behi eta ardi aziendara bideratu du eskualde horretako abeltzaintzaren zati handi bat. Bigarren sektorearen egiturak industria txikia du oinarri. Horretan dihardu eskualde horretan lanean ari diren biztanle guztien %48,91a (%37,90a industrian eta %11,0 la eraikuntzan). Askotariko industria da, baina nekazaritzako elikagaien sektoreak ez du indar handirik, Ultzaman izan ezik, esnekien sektoreak garrantzi handia baitu han. Sakana-Burunda ardatzak Nafarroan bigarren sektorean diharduten langile guztien %6,12a hartzen du. Hauek dira jarduera nagusiak: zementuaren eta eraikuntzako materialen industria (Olazagutiako Cementos Portland SA), burdingintza, papergintza eta larrugintza. Kantauriko haranetan, Lesakan, Leitzan eta Beran batez ere, hauek dira jarduera nagusiak: larrugintza, papergintza, arte grafikoak, burdingintza eta egur eta altzari lantegiak. Hirugarren sektoreak eskualde horretan lanean ari diren biztanleen %34,45a hartzen du; Altsasu du eskualde horrek zerbitzugune nagusia. Hala ere, beste udalerri batzuk ere (Baztan, Ultzama, etab.) maila apalagoan zerbitzugune dira, dela turismoagatik, dela garai batean mugan egon zirelako (Bera). Ipar-mendebaleko Nafarroa Hezean lanean ari diren biztanleak 21.403 dira, eta horietatik %12,36a langabezian dago.

 

Pirinioetako haranak

Eskualde hori Nafarroako Autonomia Erkidegoko ipar-ekialdean dago. Pirinio mendietan eta Frantziako mugan du iparraldeko muga eta Irunberri-Aoitz arroan hegoaldekoa. Ansoko haranean (Huesca) du ekialdeko muga eta Anue eta Baztan haranetan mendebalekoa. Aezkoa, Esteribar, Erro eta Artze dira mendebaleko haranak, eta Salazar, Erronkari eta Nabaskozeko almirante herria, ekialdekoak.
Haran horiek guztiek azpieskualdeetan banatzen dute eskualde hori, 34 udalerri biltzen dituela.
Eskualde horretako egiturek mendebal-iparmendebal eta ekialde-hegoekialde noranzkoa dute, eta Pirinioetako tektonikari dagozkio. Egitura failadunak eta tolestuak dira eta hegoaldera egiten dute. Ipar-mendebaleko muturrean, Kintoko mendietan, arroka metamorfikoak daude: eskistoak, kuartzitak eta dolomiak. Nolanahi ere, jalkinak dira material nagusiak, jatorriz itsasokoak: kararriak, merlak eta merla-kararriak, eta horien artean Flysch faziesa da ugariena (buztin edo merla eta hareharri edo kararri geruza mehe tarteka jarriak). Horregatik guztiagatik, gorabehera handiko erliebea da. Garaierari dagokionez, maila beherena Salazar ibaiaren haranaren barrenaldean dago (450 m), eta garaiena ipar-eldaldean, 2.000 m baino gehiago —Hiru Errege Mahaian (2.438 m) eta Ezkaurre mendian (2.047 m)-. Sortalde aldera lurrak beherago daude eta mendiarteetan badira sakonuneak.
Sare hidrografikoak mendiak gurutzatzen ditu eta Pirinioen ardatzari buruz elkarzut egituratzen ditu haranak. Euri eta elur urezko errejimeneko ibaiak dira, baina Eska eta Irati ibaiek euri ur baino elur ur gehiago jasotzen dute, 2.000 metrotik gora jaiotzen baitira. Euri eta elur ekarri handia dute ibai guztiek eta udaberrian izaten dute ur gehien eta udan, berriz, gutxien. Luzaide ibaia da isuria Kantauri aldera duen bakarra; besteek Mediterraneo aldera dute isuria. Mendebaletik ekialdera hauek dira eskualde horretako ibaiak: Arga, Erro, Urrobi, Irati, Salazar eta Eska.
Eskualde horrek oso aldakorra du klima leku batetik bestera, erliebe malkortsuaren eraginez eta haranen garaieraren, zabaleraren eta morfologiaren arabera. Oro har, klima mendikoa duela esan liteke, baina bi klima bota bereiz daitezke tenperaturaren eta eurien gorabeheren arabera: submediterraneoko klima ekialdeko haranetan eta subozeanikoa mendebalekoetan. Ekialdean mendebalean baino euri gutxiago egiten du eta tenperaturak gora egiten du. Euri gehiago eta maiztasun gehiagoz egiteak eta tenperaturak epelagoak izateak egiten ditu subozeaniko mendebaleko haran horiek. Ipar-ekialdeko muturrean subalpeetakoa da klima, hango mendi batzuk 2000 metrotik gora dira garai, eta elurte handiak izaten dira. Hala, Burgin urteko elur kopuruaren batez bestekoa eguneko 4,8koa den bitartean, Erronkariko haranean, Belaguan, 41,6koa da egunean.
Eskualde horretako era askotako landare elkarteak arestian aipatu diren klima baldintzen arabera daude kokatuta. Garaieraren arabera daude mailakatuta landare elkarte horiek, hegoaldeko baso submediterraneotik iparraldeko baso hezeetaraino. Garaiera horretatik gora hotzak, elurrak eta orografiak ez diote basoari hazten uzten eta belardi garaietako landaredi Alpeetakoa edo subalpeetakoa nagusitzen da. Oro har, eskualdearen hegoaldea arte eta erkametz baso submediterraneokoari dagokio, eta horrelako baso gehiago dago kontinentalizazioaren ezaugarri nabarmenagoak dituzten Erronkari eta Salazarko haranetan. Horren gainetik, haritza da zuhaitz nagusia, Albar eta Pubescente motak batez ere. Pagoa, hezetasun gehiago behar baitu, eskualde horretako iparraldean hazten da batez ere, eta goi mailan izeiari lotuta egoten da; eskualde horretako iparekialdean, berriz, Pirinioetako sail subalpeetakoari dagokion izei beltza hazten da.
1991n eskualde horrek 8.180 biztanle zituen guztira, Nafarroako biztanle guztien %l,56a, alegia. Pirinioetako Haranetan demografiaren bilakaerak etengabe egin du atzera, Artzeko haranean batez ere, haran hori baita gaur egun herri hustu gehien dituena. Biztanleak herrigune txiki askotan bilduak daude, zaharrak dira gehienak, biztanle kopurua gero eta gehiago txikitzen ari delako, arestian aipatu dugunez. Eskualde horretako biztanle kopurua ia %60 txikitu da 1900-1991 aldian. Eskualde horretako zahartze indizea %18,43koa da, eta horrek esan nahi du 105 zahar daudela 15 urtetik beherako 100 biztanleko. Eskualde horretan dauden 34 udaletxeen artean bat bera ere ez dago 1000 biztanletik gora duenik, Esteribar izan ezik, 1387 biztanle baititu, baina 18 kontzeju eta 10 herrigune biltzen ditu.
Lehen sektoreak eskualde horretako langileen %32,10 hartzen du. Laborantzako lur gutxi dagoenez nekazaritzak ez du indar handirik eta askoz ere garrantzitsuagoak dira abeltzaintza eta basogintza. Ardi azienda garrantzitsua da oraindik ere, nahiz azken urteotan atzera egin duen, eta Nafarroako ardi azienda osoaren %16a hartzen du gutxi gorabehera; ardiak latxa motakoak dira mendebalean eta txurrak ekialdean. Behi aziendan Pirinioetakoa da arraza nagusia era ekialdeko haranetan du batez ere garrantzia, hango klima eta orografia baldintzak askoz hobeak baitira. Baso asko dagoenez garrantzi handia du basogintzak Pirinioetako Haranetan; jabetzari dagokionez auzo basoak dira gehienak. Ez dago industriarik eskualde osoan. Nekazaritzako elikagaien industria Erronkariko haranean dago (gaztagintza). Egurgintza haran guztietan dago sakabanatua, eta lehen eraldaketaren (zerrategiak) eta bigarren eraldaketaren alorrak lantzen ditu. Meagintzak Zubirin du batez ere garrantzia, magnesitak erauzteko lantegi bat baitago han. Eskualde horretako langileen %29,43ak bigarren sektorean dihardu (%20,75a industrian, eta %8,68a eraikuntzan). Azkenik, lanean ari den biztanleriaren %38,45ak zerbitzuen sektorean dihardu, eta sektore horretan indar handia ari dira hartzen turismoari lotuta dauden jarduerek. Udako zein neguko turismo eskaria gehitzen ari da, eskualde horretako paisajeen balioen eta ahalmen naturalen erakarmenez.

 

Pirinio aurreko haranak

Eskualde horrek Iruñeko arroa eta Irunberri-Aoizko arroa biltzen ditu, bi horien artean Gongolaz eta Tabarko mendiak daudela. Iparraldean Pirinioetako haranak eta Nafarroa Hezearen ipar-mendebala ditu; hegoaldean Erreniega edo El Perdón, Alaitz eta Izkoko mendiek banatzen dute Ekialdeko Nafarroa Erdialdetik; mendebaleko muga Andiako mendilerroan du, eta ekialdekoa Leire eta Illiongo mendilerroetan.
Administrazioari dagokionez, hauek dira eskualde horretako udalerriak: Iruñeko arroan Antsoain, Ollaran, Aranguren, Burlata, Zizur Txikia, Belaskoain, Ziritza, Etxarri, Etxauri, Bidaurreta, Zabaltza, Egues, Elortzibar, Ezkabarte, Galar, Iruñea, Xulapain, Goñi, Uharte, Itza, Olaibar, Atarrabia, Beriain, Barañain, Tiebas-Muruartederreta, Oltza, Berriozar, Berriobeiti, Orkoien eta Zizur Nagusia; Irunberri-Aoizko arroan Ibargoiti, Agoitz, Itzagaondoa, Lizoain, Longida, Irunberri, Elo, Untziti, Romanzado, Urraul Goiti, Urraul Beiti eta Urrotz.
Geologiaren aldetik, eskualde hori Pirinioetako itsas materialei eta mundu naturalari dagokio. Litologiari dagokionez, haranen edo arroen barrenaldeak merlaz daude eratuta, eta, tarteka, hareharriekin eta konglomeratuekin nahasiak. Ipar-ekialdean Flyscha dago eta bazterretan kararria. Iruñeko arroaren mendebalean fenomeno diapirikoak gertatzen dira. Pirinioetako haran malkortsuen eta Nafarroaren Erdialdearen arteko trantsiziozko eskualdea da hori. Mergaz eratutako arroen erliebea leuna da, hareharrizko tarteetan dauden mendi ez oso garai baina malda handikoek hautsia (Galar, 560 m. San Kristobal, 895 m). Arro horretatik kanpo dauden mendialdeak (Alaitz, 1.132 m; Erreniega, 1.937 m; Izko, 1.033 m; eta Leire, 1.355 m), hareharrizko geruza lodiez osatuta daude.
Tenperatura eta euri ezaugarrien arabera, eskualde horrek klima Mediterraneo epela du. Tenperaturak ez dira ez oso beroak ez oso hotzak izaten: Iruñean 13°koa da tenperaturaren urteko batez bestekoa eta Goñiko haranean 10°raino jaisten da tenperatura. Tenperaturak gora egiten du Irunberri-Aoitz arroan, klima kontinentalaren eragin handiagoa baitu. Alde bera dago euri kopuruari dagokionez: Iruñeko arroan 1.000 mm baino gehiago egiten du urtean, eta Goñiko Haranean, klimak gehiago baitu mendikotik, 1.400 mm-raino heltzen da. Ekialdean euri gutxiago egiten du, 800 mm inguru urtean.
Nekazaritzako lurrek eremu handia hartzen dutenez, landaredi naturala bigarren mailan dago eta egon ere hondatuta dago, sasiz eta belardiz betea. Jatorrizko landarediaren ordez gero eta landare konifero gehiago landatu izan dira, Irunberri-Aoizko arroan batez ere, eta Arga eta Arakil ibai bazterrak makal birlandatuz bete dira. Mediterraneo tankerako baso sarrian haritzak eta arteak dira nagusi. Haritz asko dago Olaibar, Xulapain eta Ezkabarten eta eskualde horretako hegoaldean, Arangurengo mendietaraino. Arteak hegoaldeko mendikateetan daude, Alaitz, Sarvil, Izko eta Leiren, bai eta ekialdean ere. Atlantiko aldeko zuhaitzak, pagoak batez ere, 800 metro gainetik, eta iparraldeko noranzkoetan eta leku laiotzetan daude: Iruñeko arroako ipar-ekialdean eta Izko eta Leireko mendikateetan.
Hidrografiari dagokionez, Iruñeko arroa Arga ibaiaren inguruan dago egituratua. Argaren errejimena euri-elurrekoa da ibaiburuan eta euri-ozeanikoa eskualdean bertan sartzen denean, ibaiburuaren eta bokalearen artean euri ekarriak trantsiziozkoak ditu, klima submediterraneokoaren eraginez. Eskuinetik Arakil eta Ultzama ibaiak biltzen zaizkio; Ultzama ibaia da hain zuzen ere Nafarroako ibai erregularrenetako bat, haren ur emariak ez baitu ia aldaketarik izaten urtean zehar. Egues eta Xulapain dira eskualde horretan bertan jaiotzen diren ibaiak. Egues ibaiak Kantauri eta Mediterraneo arteko banalerrotik abiatu eta 12 km egiten ditu eskualde horretan barrena, 37 km 2 ko arroa ureztatzen du eta terraza sistema bat eratzen. Xulapain ibaiak eurizkoa-ozeanikoa du errejimena eta udan zertxobait txikitzen zaio ur kopurua. Irati i baiak ureztatzen du Irunberri- Aoitz arroa. Ur emari handia du eta urak Aragoi ibaian isurtzen ditu, Ledeatik gertu. Han euri-elurrezkoa du errejimena, eta elur-eurizkoa, berriz, ibaiburuan. Erro ibaia eta Salazar ibaia ditu adar nagusiak, eskuinean bata eta ezkerrean bestea.
Demografiaren hazkundea etengabea izan da eskualde horretan hiriburuak, Iruñeak, duen biztanle kopuru handiaren eraginez eta azken bi hamarraldietan Iruñea inguruko udalerriek izan duten hazkundearen eraginez orobat. Irunberri-Aoizko arroako udalerrietan, berriz, handia da biztanleen galera, eta Itzagaondoa, Ibargoiti eta Urraul udalerrietan herrigune batzuk zeharo hustu dira. Arroa horretako 12 udalerrien artean, soilik Aoitzek eta Irunberrik dituzte 1.000 biztanle baino gehiago. Iruñeko arroan, berriz, nekazari giroko udalerrietan, hiriburutik gertuen daudenetan batez ere, demografia zertxobait igo da azken hamarraldian, Iruñeak Nafarroa osoan duen erakarmenez. Iruñeko biztanleria asko eta etengabe hazi da. Azken hamarraldian hazkunde hori are handiagoa izan da Iruñea inguruko herri batzuetan: Barañain, Antsoain, Burlata, Berriozar eta Zizur Nagusian. Biztanleriaren hazkunde horrexek eragin du hain zuzen ere ia herri horiek denak udalerri independente bihurtzea azken urteotan. Barañaingo udalerriak izan du Nafarroa osoko hazkunde bizkorrena, 1991n 17.001 biztanle zituen, eta %28.335ko hazkundea izan du 1960ko biztanle kopuruarekiko. Urte horretan bertan, Iruñeak 191.197 biztanle zituen, hau da, Nafarroa osoko biztanleen %36,52a, eta eskualde horretako %62,92a. 1991n Pirinioaurreko haranetako eskualdeko biztanleak 273.453 ziren, hau da, Nafarroako biztanleen %52,23a.
Lugorririk gabeko laboreen nekazaritza du eskualde horrek oinarri, Iruñean eta bere inguruan izan ezik. Eskualde horretan bizi eta bertan lanean diharduten biztanle guztien %3,18a besterik ez da ari lehen sektorean. Iruñeko arroan Irunberri-Aoizkoan baino gari gehiago ereiten da; azken urteotan garia baino garagar gehixeago erein izan da. Olibondoak Irunberri-Aoitz aldean bakarrik daude eta oso mahasti gutxi dago. Aziendari dagokionez, ardi aziendak behera egin du leku orotan, Iruñeko arroan batez ere; behi aziendak ere behera egin du, ez ardi aziendak bezainbat ordea. Langileen %40,85ak bigarren sektorean dihardu, baina alde handiak daude arro batetik bestera. Ekialdeko arroan oso industria gutxi dago, eta Aoitzekoak eta Irunberrikoak dira lantegi bakarrak. Iruñean eta Irufieko arroan,aitzitik, Nafarroa osoko industria lanpostuen %50a biltzen da, era askotako industrietan. Lanpostuen bolumenari dagokionez, meagintza izan da luzaroan nagusi (Potasas); hauek dira beste industriak: industria kimikoa, metalurgikoa (SEAT Landaben), zurgintza eta altzarigintza, ehungintza eta zapatagintza, papera eta arte grafikoak, larrua, eraikuntza, zeramika eta elikagaiak. Demografiaren hazkundeak indar handia eman dio hirugarren sektoreari eta zerbitzugune handi bihurtu du Iruñea, eragina Nafarroa osoan duena. Zerbitzuen sektorean dihardu Iruñeko udalerrian lanean ari diren biztanle guztien %59,6ak, eskualdeko hirugarren sektoreko %73ak eta Nafarroa osoko %47ak.

 

Ekialdeko Nafarroa erdialdea

1.400 km 2 inguru hartzen ditu. Iparraldean Leire, Izko eta Aoitzen du muga; mendebalean Arga ibaian; ekialdean Aragoiko mugan eta hegoaldean muga ez da oso zehatza, eskualde horretako hegoaldea Ebroko jalkin arroan barneratzen baita.
Administrazioari dagokionez, udalerri hauek osatzen dute: Gares, Legarda, Uterga, Muruzabal, Obanos, Eneritz, Adiotz, Biurrun-Olkotz, Añorbe, Artaxona, Barasoian, Garinoain, Orisoain, Leotz, Ukar, Tirapu, Untzue, Oloritz, Tafalla, Erriberri, Beire, Pitillas, San Martin Unx, Uxue, Puiu, Ezporogi, Lerga, Eslaba, Leatxe, Zare, Galipentzu, Caseda, Xabier, Oibar, Ledea, Zangoza, Esa eta Petilla de Aragón.
Udalerri horiek guztiak azpieskualde hauetan daude bilduak: Izarbeibar, Orba, Oibarko harana, Zangoza aldea eta Tafalla aldea.
Geologiari dagokionez, Ebroko sakonuneko hirugarren aroko material kontinentalez osatua dago, eta material horiek hor elkartzen dira Pirinioetako geosinklinaleko itsas jalkinekin. Litologiaren aldetik, ibai buztinak, limoak eta hareharriak dira nagusi, eta iparraldean badira konglomeratuak. Orografia kanpoko mendikateen eta Ebroko sakonunearen artekoa du. Erliebea: iparraldean mendilerro sail bat —Erreniega, Alaitz, Izko eta Leire—, hegoaldean zabaldiak eta mendixkak. Erosio bereizlea oso handia da eskualde honetan eta material bigunenak zulatu ditu eta gogorrenak agerian utzi ditu. Material gogor horiek eratu dituzte 1.000 m inguru garai diren Peña eta Uxueko mendilerroak.
Aragoi eta Cidacos ibaiek osatzen dute eskualde horretako sare hidrografikoa. Aragoi ibaiak ipar-ekialdetik hego-ekialdera egiten du eskualde osoan zehar; Cidacos ibaiak, berriz, iparretik hegoaldera. Errejimenari dagokionez, Aragoi ibaiak ez du eskualde horretako klimaren eraginik. Cidacos ibaiak Mediterraneoko errejimena du eta haren emariak ez du etenik. Eskualde horretako bertako faktoreek bakarrik erregulatzen dute ibai horren ibilbidea, eta ohikoa du uholde errejimena, erregulartasunik gabea, lehorte handiak eta indar handiko uholdeak dituena. Pitillasko aintzira endorreismoaren adibide garbia da, itsasora irteera zuzenik gabeko sare hidrografikoarena, alegia. Amildegi txiki laburretan barrena datorkio ura aintzira horri eta eskualdeko plubiometriaren araberako errejimena du. Endorreismo hori estrukturala da, laugarren aroko jaikinetan erliebea irauli izanak sortua; jalkin horien hondoa merla irazkaitzezkoa da eta terraza koskadunetan mailakatutako legarrek banatzen dute ibaitik.
Ekialdeko Nafarroaren Erdialdeak trantsiziozkoa du klima, eskualde horretan hasten dira agertzen Mediterraneoko klimak berezko dituen ezaugarriak. Neguak hotzak izaten jarraitzen dute eta udak oso beroak dira. Urteko tenperaturak gorabehera handiak izaten ditu urte osoan —Erriberrin, 17°tik gorakoa da—, eta Kantauriko eraginetik zenbat eta gehiago urrundu, areagotu egiten dira klima kontinentalaren ezaugarriak. Urte osoan batez beste egiten duen euri kopuruaren arabera, 500 eta 800 mm bitarteko isoietan dago Ekialdeko Nafarroaren Erdialdea. Euri errejimenak ekinozioetan ditu bi baliorik handienak eta solstizioetan bi txikienak. Nolanahi ere, alde handia dago iparraldearen eta hegoaldearen artean. Iparraldeko erliebe malkortsuak mendiko klimaren aldaera bat eragiten du eta euri asko egiten du beraz; hegoaldean, berriz, ilabete batzuk oso lehorrak izaten dira, lurrintze eta transpirazio indize handikoak. Klima, beraz, Mediterraneoko-kontinentalada.
Klimaren trantsizioarekin batera. bada trantsizio biogeografiko bat ere. iparraldean landaredia ugaria da, eta badira oraindik klima atlantikoari dagozkion landareak, pagoa bereziki (Fagus silvatica). Hegoaldean, xerofilia handia duten espezieak dira nagusi. Klima Mediterraneoko-kontinentalari dagozkion landare elkarteak ere badira, alepo pinua (Pinus haliepensis-Mill), edo erromeroa (Rosmarinus officinalis L) adibidez, pinu eta arte basoen zuhaixka geruza hondatu gisa merlazko lurretan, eta landare geruza pobreago eta lehoirago gisa igeltsuzko lurretan. Mediterraneoko baso mistoazabalduago dago eskualde horretan, bertako klimaren eraginez; Quercus jeneroko espezieak izaten dira (arteak eta haritzak), bata izango dela bestea baino ugariago, sustraituta dauden lurren garaiera, esposizioa eta litologiaren arabera; beheragoko zuhaitz mailan zuhaitz horiei ezpela elkartzen zaie, bai eta Mediterraneoko klimari gehiago dagozkion beste espezie batzuk ere, abaritza adibidez (Quercus coccifera).
Biztanle kopuruaren eta jendeztatzearen aldetik ere trantsiziozkoa da eskualde hori. Hegoaldeko herrigune jendetsuak iparraldekoa herrigune txikiei kontrajartzen zaie, batez ere Izarbeibar, Orba eta Oibar aldekoei. Biztanle kopuruak behera egin du ia eskualde osoan, mende hasieran zituen biztanleen %18,99a galdu baitu. Galera hori herri guztietan gertatu da, eskualde horretako hiri nagusietan izan ezik, hau da, Tafalla, Zangoza, Erriberri —industria berriei lotutako hazkunde txiki baina etengabea du—, eta Garesen. Biztanle galera hori gehiago dagokio nekazari guneetatik hirietara joan den jende multzoari biztanleriaren mugimendu naturalari baino. Galera hori handiagoa da iparraldeko herri txikietan, leku batzuetan hazkundea zeharo eten baita eta biztanleak oso zaharrak baitira. Garai batean industrializazio prozesuaren bultzada izan zuten hirietan, Tafalla, Zangoza edo Erriberri, daude gaur egun bilduta eskualde horretako biztanle gehienak; hiru udalerri horietan eta Garesen biltzen da, alegia, eskualdeko biztanleriaren %65a baino gehiago.
Ekonomia sektoreei dagokionez, lehen sektoreak eskualdeko langile guztien %13,58a hartzen du. Demografiak behera egin izanak landu gabe utzi ditu azken urteotan laborantza lur asko. Mahastiak eta olibondoak dira labore nagusiak. Ardongintza garrantzitsua da Tafalla-Erriberri eta Zangoza aldeko mendi oinetan eta orobat Oibar aldean. Mahastia lotuagoa dago olibondoarekin almendrondoarekin baino. Olibondoa lehorrekoa da eta arestian aipatutako mahasti eskualde horiek dira orobat olibondo gehien dutenak. Ureztatze sarea txiki samarra da; etengabea da Zangoza inguruan, baina gazitasun arazoak ditu eskualde horretako hego-ekialdean. Aragoi ibaiaren eta Bardeetako Ubidearen bazterretan daude batez ere ureztatze sareak. Bigarren sektoreak eskualde osoko langileen %47,56a hartzen du. Industriak Tafalla aldean daude batez ere (eskualdeko industriako lanpostuen %32a), eta hiri txikiagoetan: Zangozan (%17a), Erriberrin eta Garesen. Jarduera motari dagokionez, Tafallan industria kimikoan dihardute sektore horretako langile gehienek; ehungintza eta zapatagintza, metalurgia, egurgintza eta altzarigintza dira gero alor garrantzitsuenak eta, maila apalagoan, elikagaien industria, papergintza eta arte grafikoak. Zangozan paperarena da industria nagusia eta horretan espezializatua daude hango lantegiak. Bi udalerri horietan, eskualdeko hiriburu direnez, zerbitzuen alorrak garrantzi handia du. Eskualde osoko zerbitzuetako langileen %40,5a Tafallan dago, eta %34,07a, Zangozan. Nolanahi ere, komunikazio sistemak etengabe hobetzeak Iruñearen eraginpean jarri du ia eskualde osoa, eta gero eta handiagoa da beraz hiriburuaren erakarmen indarra, Tafallaren kaltetan batez ere. 1991n, lanean ari diren biztanleriaren %38,86a hirugarren sektorean ziharduen; 10.281 ziren guztira eskualde horretako langileak.

 

Mendebaleko Nafarroa erdialdea edo Lizarraldea

Gutxi gorabehera 1.450 km 2 ko eremua hartzen du, Urbasa eta Andiako lur komunak sartu gabe. Nafarroa Erdialdearen parte denez gero, Mendiaren eta Erriberaren arteko trantsizioko ezaugarriak ditu. Hauek ditu mugak: iparraldean, Urbasa eta Andiako mendilerroak, eta Pirinioaurreko haranen hego-mendebaleko muturra; mendebalean Araba eta Errioxa; ekialdean, Arga ibaiak banatzen du Ekialdeko Nafarroa Erdialdetik, eta hegoaldean Lizarrako Erribera.
Administrazioari dagokionez, udalerri hauek osatzen dute: Larraona, Eulate, Aranaratxe, Ameskoabarren, Abartzuza, Lezaun, Deierri, Gesalatz, Jaitz, Girgillano, Artazu, Zirauki, Mañeru, Allo, Vilatuerta, Oteitza, Lizarra, Aiegi, Aberin, Morentin, Allin, Deikaztelu, Arellano, Arronitz, Metauten, Lanaibar, Zuñiga, Mendaza, Nazar, Torralba del Rio, Uxanabilla, Cabredo, Marañon, Azuelo, Lapoblacion, Aguilar de Kodes, Viana, Bargota, EI Busto, Desoio, Elizagorria, Armañanzas, Torres del Rio, Espronceda, Mirafuentes, Sansol, Piedramillera, Mues, Sorlada, Urantzia, Antzin, Lukin, Abaigar, Murieta, Legaria, Oko, Iguzkitza, Etaiu, Olexoa, Aras, Doneztebe-Deio eta Barbarin.
Horiek guztiak azpieskualde hauetan bilduta daude: Aguilar, Gesalatz, Ameskoagoien, Ameskoabarren, Deierri, Iguzkitza, Mañeruibar, Jurramendiko mendioinaren hegoaldea, Viana-Urantziko mendi oina, Ega Garaia, Lanaibar, Berrueza, Ega ibarra eta Allin.
Eskualde horretako erliebeak gorabehera asko ditu iparraldean eta ipar-ekialdean, ez ordea hegoaldean. Azken hori kontinenteko jalkin eremua da, merlaz eta hareharriz eratua. Ekialde-mendebal noranzkoa zuten tolesduren eragina izan zuten hasieran merla eta hareharri horiek, baina geroago higadurak erliebe estruktural bat eratu zuen. Alderdi menditsuenean Urbasa, Andia, Lokiz eta Kodesko mendilerroak daude, 1.500 m inguru dira garai, eta Euskal Herriko Mendiei dagokie, hau da, Kantauri aldearen eta Pirinioen arteko loturari. Batez ere kararriz osatutako Eozenoko eta Kretazikoko materialez eratuta daude, eta, orogenesiaren eraginez,ekialde-mendebaleko noranzkoan tolestuak. Lokiz eta Kodesko Santiagoko mendikateak Pirinioaurreko antiklinorioekin bat datoz. Urbasa eta Andiakoak sinklinal eskegiak dira, aurrenekoa erliebe iraulkatuaren eredu bikaina da, eta bigarrena faila askoduna da. Fenomeno diapirikoek ekialdetik inguratzen dute alderdi menditsuena. Oin zirkularreko tolestura antiklinalak dira, Triasikoko gatz eta igeltsuak azaleratzen dituztenak. Azaleratze horrek ekarri du goiko geruzak oso bertikalak izatea, eta kanpoaldean geruza horiek higatu egiten dira beren oinari egokitutako sakonune bat eratzeraino. Jaitz, Allotz eta Lizarran badira fenomeno horren adibideak. Litologiaren aldetik, mendi horietako konglomeratuak nagusitzen zaizkio haranetako eta mendi oinetako merla eta hareei.
Ega ibaia da, erdiko ibilguan, eskualde honetako ibai nagusia. Eskualde horrek eurizkoa-ozeanikoa du errejimena, eta bat dator burualdean duen klima atlantikoarekin. Hasieran erliebearen araberakoa du ibilgua eta ekialde-mendebalekoa noranzkoa, gero ipar-ekialderantz egiten du, Lizarrako diapiroaren eraginez. Urederra ibaia du adar nagusia; horixe da Urbasa mendikateko geruza akuiferoaren drenajerik garrantzitsuena. Mendikate horren hegoaldeko maldan sortzen da, eta karst fenomenoek baldintzatzen dute haren errejimena. Urederra ibaia Ega ibaiarekin elkartzen denean, Urederra ibaiaren euri eta elur uren ekarriak eta bere karst erregulazioak Ega ibaiaren errejimena aldarazten dute. Lizarra igaro ondoren, Ega ibaiak ez du adar garrantzizkorik, ez bada Irantzu ibaia, Urederra ibaiaren errejimen berbera duena, burualdean biak berdinak baitira klimaren eta geologiaren aldetik. Salado ibaiak eskualde horretako ekialdea ureztatzen du. Arga ibaiaren adarra da eta Allozko urtegia du haren ibilguan. Linares ibaia Kodesko mendietan jaiotzen da, eskualde horretako hego-mendebala ureztatzen du eta zuzenean Ebro ibaian isurtzen du ura.
Bioklimari dagokionez, klima atlantikoaren eragina nagusitzen da ipar-mendebalean. Kantauri itsasoaren hurbiltasunak epeldu egiten du eskualde horretako klima: neguak ez dira oso hotzak, ezta udak oso beroak ere. Urteko tenperaturen batez bestekoa 15° C-koa da. Udan ez da lehorterik izaten. Euri asko egiten du; Urbasako eta Andiako mendilerroetan 1.400 mm-tik gorakoa izaten da urteko euri kopurua, izan ere, bi mendilerro horiek muga bioklimatiko baten gisakoak dira, klima atlantikoaren eta Mediterraneokoaren arteko trantsizioa, alegia. 900 metrotik gora, malda hotz eta hezeetan, pagoa dago. Malda horien azpitik,eta hegoaldeko noranzkoa duten malden gainetik, erkameztia dago, hau da, haritzen eta arteen baso mistoa, klima submediterraneoko zoruan ohikoa izaten dena eta eskualdeko horretako trantsizioaren erakusgarri dena. Eskualdeko gainerako lurretan gero eta handiagoa da Mediterraneoko klimaren eragina. Urte osoko tenperaturek alde handiagoak izaten dituzte eta euri gutxiago egiten du, 500 mm inguru urtean. Klima horren eraginez landaredia Mediterraneoko klima kontinentalari dagokio eta karraska edo artea du zuhaitz nagusia, ugaria baita Mendebaleko Nafarroako Erdialdearen hegoaldean eta Ebroko haranean.
Biztanleriari dagokionez, 1991n Mendebaleko Nafarroaren Erdialdeak Nafarroa osoko biztanleen %6,84a zuen, 35.815 biztanle. Lizarra da eskualde horretako hiriburua, eskualde osoko biztanle guztien %40a du, 13.569 biztanle 1991n. Biztanleriaren banaketak alde handiak ditu: hegoaldean, herriguneak tarteko tamainakoak dira; aipagarrienak, besteak beste, Viana—3.273 biztanle, eskualdeko biztanleen %9,15a—, eta Urantzia, Arronitz eta Allo, 1.000 biztanletik gora dutenak. Iparraldean, berriz, herriak txikiak dira eta oso sakabanatuta daude. Eskualde osoan biztanle kopuruak nabarmen egin du behera, 1900eko biztanleen %25a galdu baitu. Soil-soilik Lizarran eta Lizarra inguruko herrietan, Abartzuza, Aiegi, Iguzkitza eta Villatuerta, egin du biztanle kopuruak gora azken hamar urteotan.
Eskualdeko langile guztien %15,40ak lehen sektorean dihardu. Nekazaritza eta abeltzaintza dira jarduera nagusiak, baina etengabe ari dira atzera egiten. Iparraldeko eta ipar-mendebaleko haranetan nekazaritza abeltzaintzaren mende dago. Basogintzak garrantzi handia du, iparraldeko haranetan batez ere. Eskualde horretako hegoaldean eta erdialdean, orografiak eta klimak erabateko nagusitasuna ematen diote nekazaritzari. Ega ibaiaren bazterretan badira ureztatze sail txikiak, baina zelai handietan lehorreko laboreak dira nagusi. Labore horiek Mediterraneo aldekoak dira, eta eskualdeko hegoekialdean mahastia, olibondoa eta garia lantzen dira. Hego-mendebalean, berriz, laboreak, barazkiak eta fruituak lantzen dira. Bigarren sektorean 5.297 langilek dihardu guztira, eskualdeko langile guztien %45,6ak, alegia. Industria jarduerak Nafarroako lanpostu industrialen %6,15a hartzen du Lizarran eta bere inguruan; hona, besteak beste, industria nagusiak: larrungintza, papergintza eta arte grafikoak, metalurgia, industria kimikoak eta elikagaiak. Eskualdeko langileen %38,99ak zerbitzuetan lan egiten du; Lizarra da lehen zerbitzu gunea, eta han dihardu eskualdeko zerbitzuen sektoreko %48,87ak.

 

Ekialdeko edo Tuterako Erribera

Nafarroako hegoaldeneko eskualdea da. 1.343 km 2 ko eremua du eta Ebro ibarraren erdialdea hartzen du. Hauek dira mugak iparraldean, Nafarroaren Erdialdea; ekialdean, Aragoiko Autonomia Erkidegoa; mendebalean, Errioxako Autonomia Erkidegoa, eta hegoaldean, bi Erkidego horiek berak.
Udalerri hauek osatzen dute: Cortes, Buñuel, Ablitas, Ribaforada, Fontellas, Fustiñana, Cabanillas, Zarrakaztelu, Fitero, Murillo del Fruto, Santacara, Melida, Tutera, Corella, Murillo el Cuende, Caparroso, Marcilla, Alesbes, Milagro, Cadreita, Valtierra, Castejon, Arguedas, Cintruenigo, Cascante, Monteagudo, Tulebras, Barillas eta Murchante. Ipar-ekialdeko muturrean, udalerrietatik aparte, Errege Bardeak daude, 42.500 ha-ko eremua hartzen dutenak, hau da, Nafarroa osoko %4a.
Udalerri horiek lau azpieskualdetan daude bilduak: Aragoi Beherea, Alhama Beherea, Queiles Beherea eta Ebroko Erribera, Errege Bardeez gainera.
Geologiari dagokionez, Ebroko Sakonuneko hirugarren Aroko material kontinentalak dira nagusi. Merlak, kararriak eta hareharriak dira gehienak, eta, mendiko orogeniaren eraginetik urrun —Bardea Zurian izan ezik, Peraltan eta Caparroson, egiturak antiklinalak baitira—, antolamendu horizontala dute oro har. Litologia horren gainean, eragile higatzaileek desberdin jardun dute eta zabaldiak eta plataforma estrukturalak sortu dituzte, horien artean adierazgarrienak alubioizko zabaldi mailakatuak eta muino txikiago, muino nagusietatik bereiziak dira. Aipagarriak dira, alde batetik, taula itxurako mendi irtenak, Bardea Beltzean 600 metroko garaiera iristen dutenak, eta, bestetik, haran barrenaldeko alubiozko zabaldiak, ibai terrazek mugatuak.
Idortasuna da eskualde horren beste ezaugarri bat. Klima Mediterraneoko kontinentala da, eta 18° C inguruko gorabeherak izaten ditu urtean. Udak beroak izaten dira, Errege Bardeetan tenperatura 40° C tik gorakoa izaten da, eta neguak, hotzak. Euri gutxi egiten du eta modu irregularrean, 500 mm baino gutxiago urtean; ekinokzioetan egiten du euri gehien eta udak oso lehorrak izaten dira. Haize nagusia iparraldekoa da, lehorra, idortasuna areagotzen duena.
Litologiak eta euri errejimenak balditzatzen dute eskualde horretako sare hidrografikoa. Ura aldian behin isurtzen duten trokak dira sare hidrografiko horren elementu nagusiak. Tuterako troka da Bardea Beltzeko ur biltzaile nagusia, eta Troka Handia edo Barranco Grande, berriz, Bardea Zurikoa. Gezalako edo Agua Saladoko trokak etengabe isurtzen du ura, Nafarroako Ubideko soberakinak jasotzen dituenez. Kanpotik datozen ibaien artean Ebro da ibai nagusia eta iparrekialde-hegoekialde noranzkoan gurutzatzen du eskualdea. Ezkerraldetik, ipar-mendebaleko muturrean, Aragoi ibaiko urak hartzen ditu, Arga ibaiarekin bat egin ondoren; eskuinetik, eskualde horretako hego-ekialdea ureztatu ondoren, eta euri errejimena Mediterraneokoa duela, Queiles eta Alhama ibaien ura hartzen du. Ebro ibaiak euri-elurrezko errejimena du Castejon aldean, 237,08 m3 segundoko emaria hain zuzen, ezkerraldeko nafar adarraren eta, batez ere, Aragoi-Irati ibaiaren ekarriari esker. Sare hidrografiko horretatik ubide sail bat ateratzen da eta horri esker ureztatzen dira eskualde horretako lur landuak.
Eskualde horrek har dezakeen landaredia Mediterraneoko klimari dagokio eta euri urritasunak, idortasunerako joera nabarmenak eta lur motek baldintzatua dago. Mendi irtenen eta alubioizko zabaldien kontraste orografikoa islatzen du orobat. Zabaldiak har dezakeen landaredia lur beheretakoari dagokio bete-betean eta ibai eta ubide bazterretara mugatua dago. Lur gezetan, makala (Populus alba eta nigra), zumarra (Ulmus campestris)eta lizarra (Fraxinus Angustifolia) dira zuhaitz mota nagusiak, eta getuza meheagoetan, sasiak. ibar gazietan milazkak daude (Tamarix gallica), espezie hori izaten da nagusia lur heze eta gesaletan, beiraki-belarrarekin batera. Lur lehorrek berezko duten landaredia Bardeetako maldetan eta troketan eta terraza garaiak eratzen dituzten ezpondetan egoten da. Pinu bihurria (Pinus halepensis) da leku horietako zuhaitz nagusia, abaritza, sabina eta legeltxorrarekin batera. Pinudien lekuan garriga motako Mediterraneoko zuhaixkak, espezie egurtsuen eta xerofiloen elkarteak sortzen dira. Kararri gehiago duten lurretan erromeroa, ezkia, otabera eta espartzua daude. Lur gesaletan eta igeltsuz aberatsetan beiraki-belarra, itxiokorria eta lur horiek berezkoa duten espartzua hazten dira.
Tuterako Erribera oso eskualde bizia da demografiaren aldetik. Biztanleria ia etengabe hazi da mende honetan. Hazkunde hori handia izan da 70eko hamarraldia arte; harrezkeroztik gutxi gorabehera bere horretan iraun du biztanle kopuruak. Hiriburuan ordea, Tutetan, Nafarroako bigarren hiri jendetsuenean, biztanleriaren bilakaera bestelakoa izan da: 1940 inguru arte, hazkundea eskualdearena baino zertxobait apalagoa izan zuen, baina 1960tik aurrera biztanle kopurua asko eta etengabe hazi da 1991 arte (26.163 biztanle). Urte hartan ia bikoiztua zuen mende erdialdeko biztanle kopurua. Gainerako udalerrien artean bereizkuntza bat egin daiteke; alde batetik ekonomia batez ere laboreetan oinarritua dutenak; herri horietan biztanle kopuruak nabarmen egin du behera —Queilesko ibarreko udalerri txikiak, Carcastillo, Fitero, Fustiñana, Marcilla, Milagro, Santacara, Murillo el Fruto—, eta bestetik, ureztatze sailak dituzten udalerriak, biztanle kopuru berari eutsi diotenak edo industrializazioaren eraginez hazkundea izan dutenak -Ablitas, Buñuel, Cintruenigo-. Tuterak bereganatu ditu, eskualdeko hiriburua baita, landa aldetik hirira joaten diren biztanle gehienak. Eskualde osoak biztanle kontzentrazio maila handia du. Udalerri gehienak handi-txikian erdi mailakoak dira, 2.000 biztanle baino gehiago ditu udalerrien %70ak. Babes beharrak baldintzatu du batez ere herrien kokagunea; gehienak alubioiek eratutako terrazen gainean daude, uholdeen irispidetik urrun eta ureztatze sailak eta lehortekoak elkartzen diren gunean.
Ekonomia sektoreka, lehen sektoreak eskualdeko langile guztien %l6,71a hartzen du. Mediterraneoko nekazaritza da, labore, mahasti eta olibondo sailak, alegia. Laboreak Bardeen ingurura mugatuak daude; mahastiak Alhama eta Queiles ibaien inguruan lantzen dira, eta olibondoak, ureztatze sailen errentagarritasunak oso bakandu baititu, soil-soilik Alhama eta Queiles ibaien ibarretara daude mugatuak, noiz behinka ureztatzen diren sailetara, alegia. Ureztatze sailak ditu eskualde horretako ekonomiak oinarri; nekazaritza intensiboa da hori, oso mekanizatua. Lur sail horietan diharduen nekazari kopurua handia da, baina langileak zaharrak dira. Produkzioaren %70a nekazaritzako elikagaien industrietara dago bideratua. Nekazaritzako elikagaien industria da, nekazaritzarekin batera, eskualdeko jarduera garrantzitsuena, lehengaien ugariari esker, eta horretan dihardu eskualdeko langileen %30ak baino gehiagok. Ekialdeko Erribera oso eskualde espezializatua da industriaren aldetik. Nekazaritzako elikagaien industriaren ondoren, eraikuntza materialena, alabastroarena, eta ehungintza eta jantzigintza dira garrantzitsuenak. Tutera da sektoreka banaketa handiena duen hirigunea, industria egitura era askotakoa baitu. Orobat da eskualdeko zerbitzu gune garranrzitsuena, han biltzen baita zerbitzuetako langileen %28a. Udalerri horrek antolatzen du eskualdeko espazioa eta han biltzen dira hirugarren sektoreko jarduera espezializatuenak.

 

Mendebaleko Erribera edo Lizarrakoa

895 km 2 hartzen ditu eta Ebro ibarreko goi ibilguaren Nafarroako partean dago. Ebro ibaiak mugatzen du hegoaldetik; ekialdean, Arga ibaiak bereizten du Ekialdeko Nafarroa Erdialdetik eta Tuterako Erriberatik; eta iparraldean eta mendebalean, Ekialdeko Nafarroa Erdialdea du muga.
Udalerri hauek osatzen dute: Mendigorria, Larraga, Berbintzana, Faltzes, Miranda de Arga, Azkoien, Funes, Azagra, San Adrian, Andosilla, Carcar, Lerin, Sesma, Mendavia, Lodosa eta Sartaguda.
Horiek denak Ega Beherea, Arga Beherea eta Ebroko Erribera azpieskualdeetan banatuak daude.
Geologiari dagokionez, Ebroko jalkin arroaren barruan dago eta hirugarren aroko material jatorriz kontinentalak dira nagusi. Litologiari dagokionez, Tuterako Erriberan ez bezala, hemen igeltsu asko dago, eta, merlekin batera, eskualdeko hegoaldearen eta erdialdearen parte handi bat hartzen dute. Iparraldean, merlak kararri, lohi eta ibai hareharriekin batera daude. Ibai terrazak eratzen dituzten Laugarren aroko pilaketak Nafarroako Erribera osoaren ezaugarri dira. Material horiek horizontala izaten dute egitura,Ebroren ibarrean baitaude, mendi orogeniatik urrun beraz. Nolanahi ere, tektonika halozinetikoaren ondorioz badira egitura tolestuak, Andosillako edo Faltzesko antiklinalaren gisakoak. Tolestura horietako igeltsuek eta gatzek oineko hirugarren aroko geruza askatzea ekarri zuten.
Erliebearen aldetik ez da, topikoak dioen bezala, zabaldirik gabeko eskualdea, malkortsua ez den arren. Igeltsuen egitura tolestua du erliebeak. Mendiek iparmendebal-hegoekialde noranzkoa dute eta Peraltako mendilerroan 500 metro garai dira. Garaiera gutxiagoko zabaldiak ere badira —300 metro Miranda de Argako sinklinalean—. Sare hidrografikoa etengabe ari da erliebea tankeratzen, material hauskorrak higatzen eta alubioiak jalkitzen; alubioi horiek terrazak eratzen dituzte, laugarren aroko klima aldaketen arabera mailakatuak.
Klima bete-betean da Mediterraneokoa eta tenperatura errejimenak klima kontinentalaren ezaugarriak ditu. Urte osoko tenperaturaren batez bestekoa 13°C-koa da (13,3 °C Sartagudan), eta tenperatura apalenak urtarrilean izaten dira. Udako eta neguko tenperaturaren arteko aldea 17 °C ingurukoa da. Plubiometriari dagokionez, urteko batez besteko euri kopurua 400 eta 500 mm-ko isoieten artekoa du, balio horiek handiagoak dira iparraldeko eta ipar-mendebaleko gune batzuetan. Udazkenean eta udaberrian egiten du euri gehien. Tuterako Erriberan baino euri gehixeago egiten du, klima kontinentalaren ezaugarriak nabarmenagoak baitira Tutera aldean.
Landaredia, klima bezala, Mediterraneokoa da. Eskualde horrek har dezakeen landaredian arte lehorra eta abaritza dira nagusi. Haltzek, makalek eta ibai ertzeek berez izaten dituzten landareek osatzen dute ibarretako landaredi edafikoa. Lur gesaletan milazkak dira nagusi, gehienetan soda eta beiraki-belarrarekin batera. Nolanahi ere, gizonaren jardunak asko aidatu du paisajea. Laboreek hartzen dute lehorreko lurren parte handiena; eremu ureztatuak ugariak dira eta iraunkorrak izaten dira.
Sare hidrografikoa Ebro ibaiaren inguruan dago egituratua. Ibai horrek hegoaldeko mugatik gurutzatzen du eskualde hori, mendebalean Ega ibaia biltzen zaio eta ekialdean Arga ibaia. Nolanahi ere, Ebro ibaiak ez du ur askorik jasotzen, eskualde horretako ibai sarea emari gutxi eta irregularreko trokek osatzen baitute, lurrintze eta transpirazio handia dutenak. Lizarrako Erriberan Ebro, Ega eta Arga ibaiek klima ozeanikoaren tankerako euri aldaketak izaten dituzte.
Biztanle gehienak nekazari giroko herrietan bizi dira. Udalerrien ia erdiek 2.000 biztanletik gora dituzte eta lau besterik ez dira 1.000 biztanle baino gutxiago dituztenak -Berbinzana, Funes, Mendigorria eta Miranda de Arga-. San Adrian da udalerri jendeztatuena, 4.998 biztanle zituen 1991n; Peraltak eta Lodosak 4.500 inguru biztanle dituzte. Etxeak multzokatuta daude eta babesteko premiak erabaki izan du askotan herrien kokagunea —Lerinen adibidez—. Biztanle kopuruak behera egin du mende erdialdetik hona, baina 1986az geroztik zertxobait gora egin du. Nekazari herrietatik industria guneetara, Tutera aldera batez ere, joan izan den jendea izan da galera demografiko horren arrazoi nagusia. Nekazari herriak hustutzeaz gainera, zahartu egin da herri horietako biztanleria. Nolanahi ere, laboreak lantzen dituzten udalerrietan eta ureztatze sailak dituztenetan oso bestelakoa izan da demografiaren bilakaera. Aurrenekoetan, biztanle kopurua behera doa, Sesman adibidez; bigarrenetan, berriz, biztanle kopurua zertxobait handitu da eta emigrazioa gelditu egin da, lur sailen ureztatzeari eta horri lotuta dagoen nekazaritzako elikagaien industriari esker.
Lanean ari den biztanleria sektoreka nola banatua dagoen aztertuz gero, aise ikusten da nekazaritzak zer garrantzia duen, eta are garrantzitsuagoa da kontuan hartzen bada nekazaritzako elikagaien industriak bigarren sektorean duen eragina. Lehen sektorean dihardu eskualde horretako langile guztien %23ak. Lur lehorretako nekazaritzak Mediterraneoari dagozkion hiru gai ditu oinarri: laboreak, mahastiak eta olibondoak; horiez gainera, belardiak ere ugariak dira, eta batez ere artzaintzarako dira erabiliak. Ureztatze sailak alubioizko zabaldietan daude. Ureztatze hori iraunkorra izaten da oro har eta ubide eta erreten sare batez eratua dago. Ureztatze sail horietako produktuak era askotakoak dira, baina fruituak eta barazkiak dira garrantzitsuenak. Bigarren sektorean (eskualdeko langileen %47,37a) nekazaritzako elikagaien industria da garrantzitsuena, Nafarroa osoan jarduera mota horretan ari direnen ia %30a biltzen baitu, gainera, urte osoan era finkoan lanean ari den langile multzoari soilik uzta garaian lan egiten duen langile mordoa erantsi behar zaio. Barazkien kontserba industrian espezializatua dago sektore hori. San Adrian (industriako langileen %47,48a), Lodosa eta Andosilla (industriako langileen %38,67a) dira Nafarroako kontserba gune nagusiak. Industria jardueraren beste adar batzuk ere badira Lodosa, Faltzes, Azagra, Andosilla eta beste herri batzuetan. Industria metalurgikoa, kimikoa, teileriak eta edari industria dira garrantzizkoenak. Hirugarren sektoreak eskualdeko langileen %29,42a hartzen ditu. Sektore horretako jardueren artean merkataritza eta garraioak dira garrantzitsuenak, nekazaritzaren eta nekazaritzako elikagaien industria joriari lotuta daudenez gero. Handia da orobat administrazio publikoaren eragina (osasuna, hezkuntza...). Nolanahi ere, eskualde horretan hiri nagusirik ez egoteak zeharo baldintzatzen du sektore hori, bai eta Logroño, Tutera edo Lizarraratik gertu egoteak ere, hiri horietan espezializatuagoa baita hirugarren sektoreko eskaintza. Hala, daukan kokalekuak eta eskualdean hiri nagusirik ez izateak betekizunen eta espazioaren aldetik tentsio handiak sortzen dizkion azpisektore urbanoa da Mendebaleko Erribera.