Departamento de Cultura y Política Lingüística

Euskara eta Euskal Literatura»Euskara eta Euskal Literatura

Saiakera eta kazetaritza (hasieratik garapenera)

Jean Etxepare.<br><br>

 

Eskualduna, idazleen mintegi

Euskal kazetaritza eta saiakera modernoak XIX. mendeko hondar urteetan du iturburua, Iparraldeko egoera politiko beroaren erdian. Horrela, urte horietan sortuko diren euskal astekari eta kazetak izango dira mende zaharrari adioa eta berriari agurra emango dioten kazetari, idazle eta saiakeragile onenen mintegi.

1886ko abuztuaren lehenean, euskaraz eta frantsesez idatzita agertuko den aldizkaria emango du Berdoly diputatu errepublikarrak, Le Réveil Basque. Errepublikarrek estatuaz eta elizaz zituzten asmoen beste muturrean zeuden xurien arrapostua berehala helduko da. 1887ko martxoa da Donazaharreko diputatu xuri den Louis Etcheberry buru dela Eskualduna astekaria plazaratzen denean.

Eskualduna astekariak –eta honen ondorengo izango den Eskualdun Ona-k– Iparraldeko hiru lurraldeetan lortuko duen sustraitzea ikaragarria gertatuko da, eta Etcheberryk euskal prentsari emango dion bultzada, harritzekoa, gaur egunetik begiratuta ere. Hona hemen Eskualdunak lortu zuen errotzea zenbaterainokoa izan zen erakusten digun datu bat. 1904an 1700 baziren harpidedunak (eliza katolikoaren bitartez nekazari giroan lortuak batik bat), 7000 ziren lau urte beranduago, lapurtarrak eta behenafarrak batez ere. Ikusten denez, Hegoaldeko prentsak bizi zuen egoerarekin zerikusirik ez zuen mundua Etcheberryk sortu zuena.

Bestalde, eta kopuruak alde batera utzirik, Le Reveil Basque-ren aldean, garrantzitsuagoa zen Eskualdunak bertako orrialdeetan biltzea lortu zuen euskal idazle multzoa: Daranatz, Curuchet, Ithurry, Duvoisin, Etcheberry… eta batez ere bi mendeen arteko zubian Eskualdunak-en gorputz eta ahots izango den Jean Hiriart-Urruty eta Jean Etxepare medikua, kazetal artikulugintzatik harantzago euskal saiakera modernoaren lehen urratsak emango dituena.Gerratik gerrara dabilen Frantziaren ispilu, III. Errepublika ezartzen ahalegintzen den lege ororen etsai agertuko da euskara hutsez agertuko den Eskualduna. 1880tik aurrera errepublikarrek, hargin-beltzen laguntzaz erlijio ordenen esku zeuden eskolei eta hauetan ematen zen ereduari erasotzeari ekin ziotelarik, integrismorik itsuenaren alde lerratuko dira astekariko sinadura nagusiak. Katoliko, antimasoi, baina batez ere Errepublikaren etsai amorratu, ildo horretan sendotuko du Eskualduna-ko erredakzioak bere jardun editoriala 1905ean gobernura iritsiko den ezker koalizioak bultzatuta, Estatua eta Elizaren arteko etena gertzatzen denean. Eta honelaxe jarraituko du ondorengo urteetan, harik eta Bigarren Mundu Gerraren karian, Indar Aliatuak Parisen sartu eta betirako hersten den arte.

 

Jean Hiriart-Urruty (1859-1915)

1859ko urtarrilaren 30an sortua Hazparnen, gazterik sartu zen Iparraldeko elizan horrenbesteko pisua izan duen Larresoroko Seminarioan. Bertan irakasle zela bildu zuen Eskualduna-rako Kanboko bikario zen Jean Etcheberryk. Eta kanpotik zetozen artikuluak-eta itzultzen hasi bazen ere, laster bihurtuko zen astekariko ideologo eta lerroerakusle nagusi. 1907tik, Etcheberry zendu zenetik hartuko zuen hil arte (1916) utziko ez zuen zuzendari lana.

Hiriart-Urrutyk euskal kazetaritzara dakarren ekarpena nabaria bezain indartsua da.

Alde batetik, garbi du zein behar duen izan Eskualduna-ren irakurle nagusi: euskal nekazari kristaua. Honen eguneroko gaiak izango dira astekariak jorratuko dituenak, hots, bizipidea, laborantza, hazkuntza, merkatua, haurren irakaskuntza… Bestalde, lehen egunetik daki zer euskaratan eman behar diren berriok. Eskuara garbiz izkiria dezagun gaztigatuko du. Baina Hiriart-Urrutyrentzat honek ez du esan nahi euskarak frantsesetik hartutako hitzak baztertu behar dituenik.

Hauek ere sartzen ditu, gatz berezirik badute.

Dena den, aipagarria da lexikoari ezezik joskerari ere eskainiko dion arreta. Hitz bitan: euskal kazetaritzaren oinarriak ezartzen ari ziren haien baitan oso garbia da lehenak izateraren kontzientzia. Euskal irakurleari mundua asaldatzen duten gaien berri emateak handia du ardura, eta Hiriart-Urrutyk badaki hizkuntzarekin duela arazorik handiena euskal kazetari trebatugabeak.

Egiteko dagoen mundua da orrialdeetara ekarri nahi duena.

Alde honetatik, ezin aipatu gabe utzi Hiriart-Urrutyk egin zuen ahalegina kronika euskal prentsara ekartzeko. Lehen Mundu Gerran zirelarik Jean Saint Pierrek, Jean Elissaldek eta Jean Etxepare medikuak Ardenetako frontean idatzi eta Eskualduna-ko harpidedunek irakurri ahal izan zituzten lerroak arras gogoangarriak dira.

Estilo aldetik, euskara landua baina xehea, argia zerabilen Hiriart-Urrutyk, doi-doi irakurtzen zekiten laborariek soberako nekerik har ez zezaten. Idazkera bizi eta indartsukoa, lapurtera zerabilen batez ere.

 

Jean Etxepare (1877-1935)

Jean Etxepare Argentinan jaio zen, Buenos Aires probintziako Marchiquita herrian.Hara lanera joandako euskaldunen seme, gazterik itzuli zen gurasoen sorlekura. Larresoroko seminarioan egingo du euskara gaietan eredu izango dituen Adema, Abbadie, Larralde eta Hiriart-Urruty. Bordelen medikuntza ikasi, eta lau urtez Lekornen egon ondoren, Alduden emango du hil arterainokoa.

Artikulugile izan zen batez ere Etxepare.

1902an ekin zion Euskalduna-n kolaboratzeari, eta hala jarraituko zuen, honezaz gain urtero bere anaiarekin batera Eskualdun laborarien almanaka argitaratzen, Lehen Mundu Gerra pizten den arte. Mobilizatua, Belgikako frontetik idatzitako kronikak ezagun egingo zaizkio euskal irakurleari.

1921tik aurrera, izen bereko kultur elkarteak Baionan sortuko den Gure Herria aldizkarian ere kolaboratu izan zuen.

Bai Eskualduna eta bai Gure Herrian eman zituen zenbait lan liburu gisa aterako ditu. 1910ean Buruxkak eman zuen argitara, Eskualduna-n ateratako hogeita sei artikuluz osaturiko liburua. Liburua Etxepareren ametsa betetzera zetorren: euskara jakintza gai legez bizitzaren arlo guztietara helaraztea. Eta hala da. Oroimenetik eskuratutako estanpa zoragarriekin batera, euskal tradizioan inoiz gutxitan erabilitako gaiak ukitzen zituen Buruxkak-ek, hala nola Frantzia-barneko politika, osasun arazoak… Euskal saiakera modernoaren lehen urratsak ematera datorren liburuak izango du bestelako arazorik ordea. Bertan agertutako bi artikulu –«Nor eskola-emaile. Zer irakats» eta «Amodioa»– ez ziren ongi hartuak izan etadesagertu egingo dira Lafittek urte batzuk geroxeago prestaturiko edizioan. Arrazoia bi artikuluen edukian aurkitu behar da, eskola laikoa eta erlijiosoaren arteko auzian lehena, maitasunari buruzko zenbait iritzitan bigarrena.

Oso bestelakoa da Berebilez (1931).

Lehenagotik Gure Herrian atalka emana, Azpeitiko Loiolaraino egindako bidaia baten berri ematen digu Etxeparek bertan.

Hizkuntza literarioari dagokionez berriz, Lafittek «navarro-laburdin littérarire» izendatu eta Iparraldeko prentsan usu erabili izan zen euskara eredua zen Etxepare medikuarenean aurki dezakeguna. Estilo aldetik zorrotza, hiztegi aberatsez eta sintaxi ausartez idatzi izanak kazetaritza literaturaren esparrura hurbildu zuela esan dezakegu.

 

Bigarren Gerra ostekoak: Lafitte eta Salaberry

Esan bezala, Indar Bateratuak 1944an Parisen sartzearekin batera itxiko da Eskualduna.

Arrazoia euskal astekariak alemaniarren eta hauen mendeko Vichy-ko Gobernuaren alde agertutako jarreran zegoen.

Bat itxi eta bestea zabaldu. Urte hartan bertan Eskualduna-ren hutsunea betetzera zetorren informazio astekaria sortu zen Baionan, Herria. Oxobi idazlea, Leon Leon Ustaritzeko erretorea, Louis Dassance Ustaritzeko alkatea, Bernard Etcheberry Milafrangako erretorea eta Piarres Lafitte izan zituen sortzaile. Azken hau izango zuen astekari baionesak lehen zuzendari.Piarres Lafitte (1901-1985) ez zen berria ordea euskal kazetaritzan. Lafitteren izena ezaguna zen Bigarren Gerra aurrean euskal irakurlearentzat. Beloke, Larresoro eta Baionan egin zituen apaiz ikasketak Ustaritzenkokatu aurretik. Prentsan emandako lanez gain bazuen zenbait lan argitaraturik euskaraz zein frantsesez: Egiazko argia (1927), Julien Heguy Apheza (1930), Ithurralden kantuak (1932) eta Les études basques à travers les siècles (1932), besteak beste. Ez da aipatu gabe uztekoa euskal literaturaz burutu zuen antologia, Eskualdunen Lorategia (1545-1800). Prentsa munduan aspaldidanik, ordura arte Iparraldeko elizak mesfidati begiratzen zuen Hegoaldearekiko jarrera aldatuko zuen Aintzina hilabetekaria sortu zuen 1934an.Bigarren Mundu Gerran erresistentzian ibilia, Eskualduna-k ez zuen berme politikoa erantsi zion Herria-ren proiektuari.

Hura bezala, batez ere laborariei eskainia, politikan kontserbadore eta sinesmenean eliza katolikoari lotua agertuko da, askoz ere ikuspegi zabalagoaz ordea Eskualduna-k erakutsi zuen jarreraren aldean. Lafitteren gerra ondorengo lanen artean, aipatu batez ere Murthuts eta bertze ipuina (1945), Orratza komedia (1955) eta Mende huntako Euskaldun idazleen pentsabideak saioa (1974), urte batzuk lehenago (1969) frantsesez emandako lan baten euskarazko aldakia. Bere lanik garrantzitsuena Grammaire basque da, artean gerra amaitzeke zelarik argitaratu zen (1944).

Herria-n Lafitte ez zegoen bakarrik.

Kazetari hutsetik haratago joan nahi horretan erredakzioan bertan zuen lagunik egokiena, Etiènne Salaberry. Salaberry (1903- 1981) heletarra zen sortzez, eta Beloken ikasi ondoren Uztaritzeko apaizgaitegiko irakasle izan zen. Gerran alemanen kontra borrokan aritua, Herria-ko erredakzio buru izango da hasierako urte haietan. Bistan denez, Lafitterekin agertzen dituen parekotasunak ukaezinak dira. Idazlanetan ere, hark bezala, frantsesa eta euskara, biak erabili zituen bere obrak idazteko unean: L’homme basque (1950), ausaz bere lanikezagunena; Du regionalisme a l’internationalisme (1951); La fête dans l’âme basque (1956), San Prantses Xavierekoa (1959); Ene sinestea (1979) eta Beñat Adixkidea, Agur! (1981).

Idazkera aberats, antolatu eta gozokoa, Europako herri txikien artean osatutako konfederazioa izango du bere artikulugintzan agertuko duen ametsik handiena. Hizlari trebea, neurriaren dohaina zuen idazlea, maixu izan da Etiènne Salaberry Herria aldizkariko eta Iparraldeko belaunaldi gazteagoentzat.

 

Herri prentsa Nafarroan: Larreko eta Manezaundi

Biak Iruñean bizi izan ziren eta biak izan ziren Eskualduna-ko kolaboratzaile. Esan daiteke funtsean, bai Larrekoren kasuan bai Manezaundirenean, gertuago zeudela Hiriart-Urrutyk Iparraldeko laborarientzat zekarren eskaintzatik Hegoaldeko bestelako prentsatik baino.

Arrazoi bat baino gehiago dago hau pentsatzeko. Alde batetik, gaia bera.Larrekok begi onez ikusten zuen egun orotako gaiak ukitzen zituen prentsa estiloa: bizipidea, laborantza, diruaren gorabeherak… zituena gai. Bestalde, hizkuntzari buruzko ustea. Beharrezkoa zen euskara garbiz idaztea, jende xeheak erraz ulertzeko moduan moldatzea argitara emango ziren berriak. Alde honetatik, gertuagoko zituzten Eskualduna inguruko erredaktoreak aranismoaren arauetara makurtuta herritik oso aparteko kazetal hizkuntza sortzen ari zirenak baino.

Pablo Fermin Irigarai «Larreko», Auritzen sortu zen, 1869an. Mediku aritu zen bere bizitza guztian, Baztanen hasieran eta Iruñean ondoren. 1911an Nafarroako EAJ- PNVk Napartarra astekarian argitaratzen hasten delarik, Eskualduna-k irakurleen artean arrakastatsu gertatu diren atalak eransten dizkio Larrekok. Oso dira inportanteak herrietako berriak, Nafarroako Pirinioetako ibarretik, bakoitzak bere etxeko moldean, euskara erraz eta egunerokoan igorritako kronikak. Bere gain egongo da euskara atala eta hala idazteko gaztigatuko ditu herrietako berri-emaileak. Napartarra-n egindako lanaz gainera, Gure Herria, Euskal-Esnaleaeta La Voz de Navarra-n ere kolaboratu izan zuen. 1936ko gerrak eten zuen nolabait haren prentsa jarduna. Idazten jarraituko zuen, baina ezkutuka. Urte hauetako lana da Gerla urte, gezur urte (1993).

Larrekoren estiloa herrikoia eta jasoa da aldi berean, ugaria eta argia, bizia, literarioa baino gehiago.

Enrike Zubiri «Manezaundi» 1867an jaio zen Luzaiden. Madrilen eta Parisen arte ikasketak egin eta Iruñeko «Artes y Oficios»-en izan zen irakasle urte luzez. Margolari eta idazle, Iruñeko La Voz de Navarra-n, Donostiako El Día-n eta Baionako Eskualduna-n eman zituen batez ere bere artikulurik gehienak, lehenengoan batez ere.

Larrekoren aldean, gai aldetik abstrakziorako eta analisirako joera handiagoa erakusten du Manezaundik, dibulgazioaren mesedetan beti ere. Gatzez beteriko herri hizkeraren zordun, luma arin eta zehatzez aurkeztuko dizkio irakurleari gizon ospetsuen biografiak, politika edo euskarari buruzko gogoetak, gogoa hartzen dioten paisajeak eta burutapenak. Gai aldetik aberats, kronika ere maiz erabiliko duen generoa da.