Azken eguneratzea: 2011/06/17
Kaleratzeak ez diren aukera guztiak saiatzeko eskatu dio Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak ABB enpresari
Lan Ministerioari bidalitako gutun batean hari baitagokio enplegu-erregulazioko espedientea ebaztea ahalik eta lanpostu gehienei eusteko eskatzen du Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak
Suitzako ABB multinazionalak Estatuko lantegietan aurreikusten dituen enplegu erregulazioko espedienteari dagokionez (horien artean dago Trapagarangoa, non 160 langile sartu litezkeen espedientean), Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak ondokoa adierazten du:
1- Estatu mailako enplegu erregulazioko espedientea denez, horren gaineko ebazpena Lan eta Immigrazio Ministerioko Lan Zuzendaritza Nagusiak eman behar du.
2- Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak egoerari buruzko txosten bat baino ezin du egin, Lan Zuzendaritza Nagusiak aztertu dezan.
3- Lan Zuzendaritza Nagusiari helarazitako lehenengo komunikazioan Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak adierazi du EEE hori ez dela arrazoi ekonomikoengatik egiten, eta antolakuntza eta ekoizpenaren berregituratzea egiteko plan batean oinarritzen dela.
4- Trapagarango lantegiari dagokionez, planaren xedea egungo jarduera —transformadore elektrikoen fabrikazioa— aldatzea da, transformadore elektriko horien konponketan espezializatze aldera.
5- Berregituratze-plan horren arabera, gaurko egunean Bizkaiko lantegi horretako 160 langileetatik 61ek baino ez dituzte beren lanpostuak ziurtatuta.
6- Horregatik, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak jakinarazi dio Lan Zuzendaritza Nagusiari enpresa horrek balio teknologiko handia duela, plantilla prestatu eta gaztea izateaz gainera. Hain zuen ere, langileen % 70 berrogeita bost urtetik beherakoak dira.
7- Beraz, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren iritziz, berregituratze-planak ahalik eta lanpostu gehienei eustea izan behar du helburu. Gomendio horri jarraitzeko, kaleratzeak ez diren alternatiba guztiak bilatu eta aztertu behar dira. Puntu horretan sartuko lirateke malgutasun neurri guztiak: beste lanpostu bat ematea, mugikortasuna eta mugikortasun funtzionala; baita mugikortasun geografikoa ere.
8- Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak negoziazio bide guztiak agortzeko eskatzen die bi alderdiei —enpresa batzordeari eta enpresako zuzendaritzari—, ahalik eta langile gehienei beste lanpostu batzuk eman ahal izateko. Aldi berean ahalik eta gardentasun handiena eskatzen du prozesu horretan, eta alderdi guztiek aztertu beharreko dokumentazio guztia eskuratu ahal izan dezatela.