Osasun Saila

Odol-ematea

Nola ematen da odola

ODOLA EMATEA oso ekintza ERRAZA da, minutu batzuk irauten ditu, ez du osasunerako INOLAKO ARRISKURIK eta guztiz ASEBETEGARRIA gertatzen da.

Odola emateko BARAURIK EZ EGOTEA gomendatzen da eta, otordu garrantzitsu bat (bazkaria) egin ondoren bada, bi ordu igaro arte itxarotea.

Odola ematera zatozenean AUTOESKLUSIOARI BURUZKO INFORMAZIOA EMANGO DIZUGU (oso garrantzitsua da arretaz irakurtzea eta ez odolik ematea bertan deskribatzen diren kasuetakoren batean aurkitzen bazara), eta EMAILEAREN FITXA, kolore desberdinekoa, zaren odol emaile motaren arabera: emaile berria, emaile pasiboa (azken dohaintza duela hiru urte edo gehiago egin duena) edo ohiko emailea. Fitxa lau bloketan dago banatua:

  • Aurrealdean:
    • Datu pertsonalak. Inpresio mekanikoa ezinezkoa bada, zeuk bete beharko dituzu datuak. Edonola ere, jakinaraz iezaguzu okerren bat sumatzen baduzu edo aldaketaren bat izan bada. Kasuren batean garrantzitsua gerta liteke zurekin kontaktatu ahal izatea.
    • Azterketa fisikoaren datuak. Odol emateaz arduratzen den medikuak sartzen ditu datu hauek.
    • Jakinaren gaineko onarpena. Irakur ezazu eta ez ahaztu izenpetzea. Zure sinadura gabe ezingo genuke erabili zure odola.
  • Atzealdean:
    • Galdeketa medikoa. Zure osasunari eta bizi ohiturei buruzko galdera batzuk dira, bai edo ez erantzun beharrekoak, Galderaren batean zalantzak badituzu, utz dezakezu erantzun gabe, gero medikuarekin berrikusiko baitituzu. Guretzat oso garrantzitsua da arreta handiaz irakurri eta beti egia erantzun dezazun.
    • Ohiko emaileentzako orrietan, itaun sorta honen ordez puntu garrantzitsuenen oroigarri labur bat ageri da. Zeure eta odola hartuko duenaren segurtasunerako, irakur ezazu beti, odola askotan eman baduzu ere.
    • Ondoren, medikuak edo erizainak segurtatuko du dohaintza ez dela kaltegarria izango ez zeure eta ez zure odola hartuko duenaren osasunerako. Horretarako, bete duzun itaun sorta aztertu eta garrantzitsuak direla deritzon galdera batzuk egin ondoren, tentsio arteriala eta pultsua neurtuko dizkizu eta, proba erraz baten bidez anemiarik globulu gorrien falta) ez daukazula egiaztatuko du.
    • Odola emateko baldintza guztiak betetzen badituzu, besaulki eroso batean eseraraziko zaitugu eta "ziztadatxo" arin bat bestetik ez duzu igarriko besoaren tolesturan. EZ DU MINIK EMATEN! Saia zaitez lasai egoten, eta konturatzen zarenerako (7-10 minutu) zure zainetan zirkulatzen duen odoletik 450 ml-ak atereak izango dira.
    • Ez dago inolako arrazoirik ahultasuna edo beste ezein sentsazio ezohiko senti dezazun, baina baldin horrelakorik gertatuko balitz, esaiguzu albait azkarren eta arreta berezia eskainiko dizugu.
    • Erauzitako odola egun gutxi batzuetan berreskuratzen da, eta betiko bizimoduarekin normal jarrai daiteke. Gomendagarria da alkoholik gabeko likido ugari hartzea eta ariketa fisiko bortitzik ez egitea odola eman ondorengo orduetan. Bete itzazu emango dizkizugun ODOLA EMAN OSTERAKO AHOLKUAK eta ez duzu inolako arazorik izango.
    • Ongien sentitzen zarela ere, beste 10 bat minutuz "ahamen gunean" geratu behar duzu, zerbait likidoa hartuz eta zeure esperientzia beste emaile batzuekin partekatuz.
    • Joan aurretik ESKERRIK ASKO esan nahi dizugu sekula ezagutuko ez zaituen eta burutu berri duzun ekintza eskuzabal hori hain mesedegarri gertatu zaion PERTSONA horren izenean.
  • Baina oraindik egin dezakezu askoz gehiago:
    • EZ GERATU GUK NOIZ DEITUKO ZAIN! Zoaz erregulartasunez odola ematera, horretarako ezarriak dauden epeak betez.
      Bi emateren arteko gutxieneko tartea: bi hilabete.
      Odola emateko gehieneko maiztasuna:
      • Gizonezkoak: 4 emate urtean
      • Emakumeak: 3 emate urtean
    • ZABALDU BERRIA! Anima itzazu odola ematera zeure ingurukoak. Denon artean lor dezakegu.
Azken eguneratzea: 2017/09/28