Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Wangari Maathai bakearen nobel saridunak emandako ingurumenari buruzko hitzaldia, ingurumena giza eskubidetzat eta bakea eraikitzeko funtsezko oinarritzat hartuta


2006ko irailaren 5ean Bilboko Guggenheim Museoko Auditorioan emandako hitzaldiaren transkripzioa

Eskerrik asko, Kontseilari andrea, bai nire bi kideei, Wanjirari eta Francescari, bai niri egin diguzuen harrera zoragarriagatik. Lehenik eta behin, mila esker Eusko Jaurlaritzari Euskal Herrira gonbidatu gaituzuelako, zuekin batera gure kezkak eta ikuspuntuak partekatzeko asmoz, baita ere zuen lorpenak ospatu eta ikusmoldea partekatzeko ere, ez bakarrik Euskal Herri hobea lortze aldera, baizik eta mundu hobea ere.

Atzo iritsi ginenetik, Kontseilari andrea, gure egonaldia gozamen hutsa izan da. Alkateak, hainbat kontseilarik eta gizarte honetako beste hainbeste pertsonak egin ziguten harrera zoragarriaren berri eman nahi nuke. Atsegin handia izan da gaur arratsaldean alkateari eta udaletxe bikainari egin diegun bisita. Alkate jauna, edo Jaun Gorena, guk ingelesez gure alkateei hitz egiteko erabiltzen dugun deituraren arabera, sekula ikusi dudan udaletxerik ederrena da. Eraikin zoragarria da eta eskerrak eman nahi dizkizut gurekin horren ingurune ederrean elkarrizketatu zarelako. Erantsi beharra daukat, herri honek ondare bikaina duela.

Atzo Gernika egiazko inspirazio iturri izan zen niretzat eta, in situ esan nuen bezala, zoragarria izan zen egiaztatzea, nola zuen artean oraindik ere bizirik dirauen gobernatze onaren ikurra izan zen zuhaitz batekiko duzuen errespetua eta estimua, zuen arbasoak babesten zituena inguruan elkartzen zirenean hitz egitera. Eta milaka urte geroago, oraindik ere, zuen kulturarekin, nortasunarekin eta ondarearekin harreman esanguratsua mantentzen duzue. Aparta iruditu zitzaidan, eta zorionak eman nahi dizkizuet zuen zati den zerbait gordetzen duzuelako, eta zoragarria izateaz gainera, inspirazio iturri ere badelako.

Segurtatzen dizuet, mundu honetan, noan lekura noala, Gernikan ikusi nuen zuhaitzaz hitz egingo dudala.

Bakearen Nobel Sariari oso lotuta dagoen ohitura bati jarraiki, 2004. urtean otu egin zitzaien ideia berri bat: mundu osoan barrena barreiatu nahi zuten bakeak eta segurtasunak benetan esan nahi duten ikuspegi berri bat, hartara, sariarekin, arlo berriak betetzeko. Artean erabaki zuten mundu guztiak ulertu behar zuela ezin dela bakeaz modu isolatuan pentsatu, kutxa baten barruan sartuta balego bezala. Eta ezin dela bakea modu isolatuan lortu, baizik eta ikuspegi holistiko bat erabili behar dela horretarako. Horixe zen erabili zuten hitza: holistikoa. Kontseilari andreak adierazi duen bezala, hiru zutabe nahasi behar dira: baliabideen kudeaketa iraunkorrari dagokion zutabea, gobernatze onaren zutabea eta bakearen zutabea. Kontseilarik ere esan duen bezala, horrek zer esan nahi duen azaltzeko, adibidetzat hartu dut hiru hanka dituen afrikar ohiko aulkia eta esan dut herrialde osoak, kontuan hartu gabe zein handi edo boteretsua den, hiru zutabe horietan oinarritu behar duela bere ikuspegia, itxaropenak eta garapen programa. Modu arduratsuan eta gardenean kudeatu behar ditu bere baliabideak. Gogoratu behar du etorkizunean beste belaunaldi batzuk etorriko direla. Baliabide horiek modu berdinagoan partekatua behar direla eta, hori lortzeko, giza eskubideak errespetatuko dituen gobernu sistema bat ezarri behar dela eta gune bat sortu behar dela, gainera, indartsuentzat nahiz ahulentzat, aberatsentzat nahiz behartsuentzat, baztertuentzat nahiz errazen erasotzen direnentzat; zuzenbide estatua argi gidaria izan dadila eta gutxiengoen ahotsa entzuten lagundu dezala, gehiengoak berea egiten badu ere.

Eta horixe esan nahi dugu gutako askok "gobernantza demokratikoa" terminoa erabiltzen dugunean. Batzuetan "gune demokratikoa" kontzeptua erabiltzen dut gure pentsamoldea aldatzen ahalegintzeko, gure iritzia adierazteko askatasuna egongo den toki bat aurkitzen lagunduko digun gune bat pentsatzeko, beste pertsona batzuekin harremanak izateko, oztoporik gabeko informazioa lortzeko eta inolako murriztapenik gabe zirkulatu ahal izateko. Gure herriak, gobernuak, nazioak eta eskualdeak gai izango balira gure baliabideak modu iraunkorragoan kudeatu eta gainera, hobeto banatzen diren gizarte bat sortzeko, gobernatze onaren sistema horren bidez, gatazka eragozteko aukera gehiago izango genituzke. Hori zen, hain zuzen ere, Nobel Sariko Norvegiar Batzordeak helarazi nahi zuen mezua, eta horixe da ere Kenyan nahiz Afrikako gure eskualdean horrenbeste defendatu dugun mezua, non, dakizuenez, oso egoera zaila izan dugun, ezin izan baititugu gure baliabideak kudeatu esaten dizuedan bezala; baliabideen zati handi bat erauzi da, herriaren zatirik handiena behartsua eta zaurgarria da, eta eskualde bakar batzuek uko egin diote gure demokratiko bat sortzeari eta diktadura gogorrak sortu dituzte, eta ondorioz, giza eskubideak urratu. Horren guztiaren ondorioz, etengabe gatazkan murgilduta gaude eta herriari hezkuntza eskaintzeko eskolak eraiki ordez, eskualdean dauden baliabide itzelak ustiatzeko gaitasunak eta jakinduria emate aldera, gerra amaigabeetan sartu ditugu herritarrak eta hala, munduko haur-soldadu kopuru handiena gurea da.

Beraz, hauxe esan nahi dut, pentsamoldea aldatu egin behar dugula. Eta erraza da horrelako azterketa bat egitea Afrikarekin, baina, gainerako munduari begiratu bat emanez gero eta egun dauden gatazka guztiak aztertuz gero, ia ez dago baliabideak eskuratzeko eta haiek kontrolatzeko nahiarekin harremanik ez duen gatazkarik. Gatazkak sortzen dira herri batek uko egiten dionean herrialde boteretsu batek bere baliabideak kontrolatzeari, giza nahiz natur baliabideak izan. Beraz, iruditzen zait Nobel Sariaren Norvegiar Batzordeak pentsamoldea alda dezagun nahi duela, bide berrietatik abiatu gaitezela eta badaki, horretarako gai baldin bagara, aukera gehiago izango ditugula mundu baketsuago bat sortzeko, egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat.

Horregatik, izugarri miresten dut Eusko Jaurlaritzaren ekimena, hau da, planeta garbiago bat bermatuko duen "partenariatu" baten esparruan elkarrekin lan egiteko aukerak aztertzeko gu gonbidatu izana. Denok ezagutzen ditugu aldaketa klimatikoa, berotze globala eta Kiotoko protokoloa hitzak, eta jakin badakigu, zientzialariek behin eta berriz esaten digutelako zerbait oso larria gertatzen ari zaiola gure klimari aspaldidanik.

Hala ere, herrialde eta pertsona batzuk, oraindik ere, ez daude erabat sinetsita eta besterik gabe esaten dute: "gehiago ikertu eta ikusiko dugu". Baina oso auzi larria da eta izugarri eskertzen diogu Estatu Batuetako lehendakariorde izan zenari, Al Goreri, zazpi ahalak egiten ari delako bere aurreko karguak eskaintzen dion plataformatik jendea sentiberatzeko, hau da, izotza urtzen ari dela, ibaiak lehortzen ari direla, gero eta uzta gutxiago daudela… eta gehiago itxaronez gero, beharbada beranduegi izango dela aldaketa klimatikoaren auzia konpontzeko.

Nire herrian bertan, Afrikako ekialdeko nire eskualdean, Kenya mendiko eta Kilimanjaroko izotzaren desagertzearen lekuko zuzenak izan gara. Sarritan mendien gainetik hegan egiten duen jendeak esaten digu gaur egun askoz ere izotz gutxiago dagoela. Izan ere, nik Kenya mendia ikusten dut nire etxetik eta duela urte batzuk, izotza ikusten nuen gailurrean, glaziarrak ikusten genituen urrunean. Gaur egun, zenbait egunetan, harantz begiratzen duzu eta ez da ezer zuririk ikusten mendi gainean. Izotza urtzen ari da eta askoz beherago, berriz, ibaiak lehortzen ari dira. Hain zuzen, mintegi bat zuzentzen dudanean eta lehortu den errekaren bat edo garai batean emaritsua zen ibairik erreka bihurtuta ikusi dutenek eskua altxatzeko eskatzen dudanean, aretoan dauden pertsonen %60ek eskua altxatzen dute. Nik ezagutzen dut duela urte batzuk oso emaritsua zen ibai bat eta gaur egun, erreka txiki bat besterik ez dena. Nire bizitzan zehar bertatik bertara ezagutu ditut egoera horiek.

Ederki bada, ez dakit hori aldaketa klimatikoari zor zaion; beharbada basogabetzearen bidez guk geuk egiten dugun suntsipenaren ondorioa izan liteke. Egia da. Baina jakin nahi dugu guk aipatzen dugun aldaketa klimatikoak inpakturik ote duen edo ibaien desagertzea eta mendietako izotzaren urtzea bizkortzen ari ote den. Hala ere, zientzialari edo politikari guztiak konbentzituta egon arte itxarongo bagenu, beharbada beranduegi izango litzateke eta izotz guztia desagertuko litzateke. Horregatik, pozik gaude Eusko Jaurlaritzak eskaini digun aukera dela eta, hau da, elkarrekin lan egiteko aukera, gehiago itxaron gabe eta zuzenean ekintzara pasatzea. Horixe baita benetan garrantzizkoa: ekintzara pasatzea. Finantza baliabide batzuk jasoko ditugu emakumeekin modu tradizionalean lan egiteko eta zuhaitzak landatzen ahalegintzeko, ez bakarrik haiek bizi diren tokian, baizik eta eskolak, elizak eta baita erreserbak ere dauden herri lurretan ere. Gainera, degradazioa nozitu duten mendiak berreskuratuko ditugu, han jaiotzen baitira ibai asko eta asko.

Izan ere, Abadeya basoa dagoen inguruko mendi batean hasiko gara lanean, handik baitator Nairobi hornitzen duen ura, herrialdeko hiriburua. Nairobiko biztanle asko ez dira landa guneaz gogoratu ere egiten, oso urrun gelditzen baitzaie. Hiritarrek konturatu behar lukete, ordea, goiz edo berandu, ez daudela toki horretatik beraiek uste bezain hain urrun, edaten duten ura mendietatik baitator eta jaten dituzten elikagaiak soroetan lantzen baitira. Arnasten dugun airea zuhaitzek iragazten dute eta hirietan bizi arren eta landa gunetik oso urrun gaudela pentsatu arren, landa gunean dauden baliabide naturalak funtsezkoak dira gure bizitzei mantenua emateko, gauden tokian gaudela.

Beraz, ingurumenaren babesa ez da landa gunean bizi direnei bakarrik dagokien auzia, baizik eta gu guztion erantzukizuna da, bereziki unibertsitatean ikerketa egiten dutenena eta gertatzen dena ederki dakitenena. Bestalde, gobernuko kideak daude, ingurumena babestu edo haren suntsipena bultzatzen dutenak.

Eusko Jaurlaritzarekin egin beharreko gure lankidetzari buruz, jakinarazi nahi dizuet zuhaitzak landatzen hasiko garela nire herrira iritsi bezain pronto. Horrela esan ahal izango dugu ekintzara pasatu garela eta ez dugula gehiago itxarongo. Urte askoan eztabaidatu den kontzeptu hau besteengana nola helarazi bilatu behar dugu, negutegi efektua duten gasak indargabetzeko helburuarekin. Zorionak eman nahi dizkiot Eusko Jaurlaritzari horren ekimen ausarta eta erabakia hartu duelako. Hitz egiteari utzi diote eta abian jarri dira. Zorionak!

Esan nahi nizueke, gainera, mailak nola finkatzen diren ez duela jende askok jakiten. Kontzeptua oraindik ere garapen bidean dago. Horrela bada, asko ikasiko dugula uste dut, biok ezarriko baitugu eta Eusko Jaurlaritzak, Ekopass antolakuntzaren bidez, monitorizatze lanetan lagunduko digu eta azalduko digu nola egin kalkuluak Eusko Jaurlaritzaren jarduerek emititutako karbono mailak jakiteko, guk geuk indargabetuko dugu karbonoa landatzen ari garen zuhaitzen bidez. Ez da, noski, jarduera batere erraza izango. Guztiz kontrakoa da, baina erronka gurea egin dugu eta gainditu egin nahi dugu gobernuak egindako konpromiso sendotik eratorri den konfiantza dela medio, bereziki, Ingurumen Kontseilari andrearen bidez.

Gainera, zorionak eman nahi dizkiogu Eusko Jaurlaritzari, nire herrialdearentzat eskatu dudana sortu duelako (sarritan ez didate entzun ere egiten): ministerio bat sortzea, non ministro edo kontseilari batek ingurumenarekin zerikusia duten arlo horiek guztiak gainbegiratuko dituen, hau da, urarekin, lurralde antolakuntzarekin eta energiarekin zerikusia duten auziak. Garrantzi handikoa da ingurumen auziez ikuspegi osoa duen Kontseilari edo Ministro baten babesa izatea, alegia, ez dadila izan besterik gabe baliabide naturalez arduratzen den ministro bat.

Nik lan egiten dudan ministerioak "Ingurumenaren eta Baliabide Naturalen Ministerioa" du izena. Nik neure buruari hauxe galdetzen diot, ordea: Zein dira baliabide naturalak? Lurra? Ura? Basoak? Airea ote da? Denak dira baliabide naturalak, beraz, ministerio horiek banantzen badira eta ministroen artean harreman esturik ez badago, hemengo esku honek ez daki zer egiten duen besteak. Horregatik, harritu ninduen ikusteak, hemen, hemengo Gobernuak, kontseilaritzak, baliabide naturalekin lotutako atal guztiak kontseilariaren lema trebearen mende daudela.

Green Belt Movement (Gerriko Berdearen Mugimendua) izenekoan, erronka ugariei egin behar diegu aurre. Bai gure web orria ikusi duzuen guztiok (greenbeltmovement.org), oraindik ikusi ez duzuenon antzera, beharbada jakin nahiko duzue 1987an hasi genuela gure bidea, Mexikora bidaia egiteko zorian geundela. Jakin nahi genuen zer programa eztabaidatuko genuen Mexikon eta garai hartan lanean ari zinetenak beharbada gogoratuko duzue 1975ean egin zela emakumeei buruzko lehen NBEren biltzarra eta munduko herrialde guztietako emakumeak joan zirela eztabaida hartan parte hartzera. Guk gauza bera egiten genuen orduan Kenyan eta eztabaidatu beharreko gaiak ezagutu nahi genituen.

Ni han nengoen emakume unibertsitarioekin, baina landa guneko emakumeek esaten zutena entzutean, jabetu nintzen haien kezka elikagaiak, edateko ura, energia iturriak (egurra batez ere) eta dirua zirela, behartsuak zirela eta dirua behar zutela irizten baitzioten. Eta haiei entzutean, honela esaten nion nire buruari: gai horiek ingurumenarekin dute zerikusia. Horregatik galdetu nien emakumeei: zergatik ez ditugu zuhaitzak landatzen? Ez dugu zertan Mexikoraino joan galdetzeko zer egin behar dugun, uste dut jadanik badakigula, eta zuhaitzak landa genitzake. Honako hau esan zidaten orduan: "ez dakigu-eta nola landatzen den zuhaitz bat. Zuhaitzak basoginek landatzen dituzte eta basoginek prestakuntza izan duten pertsonak dira eta diplomak dituzte. Guk ez dugu diplomarik".

Nik esan nien orduan: "Seguru nago zuhaitzak landa ditzakezuela. Ni ez naiz basogina, bai, ordea, biologoa. Badakit haziak zuhaitzetatik datozela eta gorantz begiratzen baduzu, ikusiko duzu, gainera, loreak daudela eta loreek haziak egiten dituzte eta haziak bildu egiten dira helduak daudenean bakarrik. Gustatzen zaizkizuen zuhaitzetako haziak hartu besterik ez duzue egin behar eta onak badira, ernamuinduko dira; eta ez dira ernamuinduko txarrak izanez gero. Ez dirudi gauza txarra denik. Aurrera bada, lanera!"  Eta emakumeek horixe egin zuten. Aurrerago ikasi genuen haizeak hazi batzuk barreiatzen dituela, beraz, hazi mota horiek identifikatzen ikasi genuen ernamuintzen direnean. Jakin genuen, gainera, beste hazi batzuk hegaztiek barreiatzen dituztela, eta lehendabizi hegazti haien digestio hoditik pasa behar dutela. Beraz, hegaztiak behatzen ere ikasi genuen gero handik iraitziz zihoazen haziak biltzen joateko.

Baina, baziren etxe abereek sortzen zituzten beste batzuk, "badakizuena" egin ondoren, hau da, gorotz oso ona, eta hartan, batzuetan, haziak ernamuintzen ziren. Horrela, emakumeek teknika bikaina garatu zuten zuhaitzak zabaltzeko eta nik esan nien harritu egingo zirela zulo bat egin, hazi bat landatu eta gero ureztatzen bazuten, hazi egingo baitzen! Basoginak aho zabalik gelditu ziren, esana baitzidaten "denbora alferrik galtzen ari nintzela, erdi-analfabetoak ziren emakumeekin ari nintzelako". Batzuek hala pentsatu arren, emakumeek nigan sinesten zuten eta primeran zaindu zituzten haziak landatzera iritsi ziren eta haziak ernamuindu ziren. Zuhaitz handi bihurtu zirenean, basoginek landatutakoen berdin-berdinak ziren.

Ondorioa izan zen "ez dela beharrezkoa diplomarik izatea zuhaitzak landatzeko", eta horregatik, "diplomarik gabeko basoginak" deitura erabiltzen hasi ginen gure emakumeentzat. Izugarrizko pizgarria izan zen beraientzat, ederki baikenekien ez dagoela arrakasta izatea bezalakorik. Eta horrela gertatzen denean, arrakasta horrek animuak ematen dizkizu, boterea, esperantza eta zerbait egiteko gai zarela sentitzen hasten zara. Horrela jakin nuen zuhaitzak direla gure aurkezpen txartelik onena, behin hazten hasten direnean, zurekin hitz egiten dutela ematen duelako, zugan eragiten dutela gehiago landatu nahi izateko gogoa. Horrela, emakume bakar batzuekin hasi ginen, eta gainerakoak haiek zertan ari ziren konturatu zirenean, taldearekin bat egin zuten eta handik denbora gutxira, milaka emakume izan genituen lehenengoek egin zutena imitatzen.

Nola lortu genuen, ordea, haien interesa mantentzea? Lehenik eta behin, emakumeek beraiek identifikatu zituzten beharrei erantzun genielako. Beraz, beharrezkoa da "behar sentituenak" defini genitzakeenei erantzutea, benetan komunitate bat kezkatzen duten behar horiek. Horrela, benetan kezkatzen dituena hartu genuen kontuan. Bigarrenez, gurekin batera jarraitu zuten, guk mintegiak antolatzen baikenituen; haietan, identifikatu zituzten arazoen eta ingurumenaren degradazioaren artean zegoen lotura frogatzen ahalegindu ginen. Hauxe esan genien: "ez badago zuhaitzik, euriak geruza ereingarria herrestan eramango du eta geldituko dena lur antzua izango da, ezingo duzue ezer landatu bertan. Beraz, garrantzi handikoa da lurra babestea eta hori lortzen da zuhaitzak landatuz edo lubakiak zulatuz. Elikatu nahi baduzu, lurra kontserbatu behar duzu".

Pasa gaitezen orain diruaren auzira. Funtsezkoa zen proiektua ez uztea, beraz, emakumeek landatzen zuten eta bizirik irauten zuen zuhaitz bakoitzarengatik (oso alderdi garrantzitsua, landatze programa asko baitaude munduko bazter askotan, bereziki erakunde oso ezagunek parte hartzen dutenean. Oso erraza da zuhaitz bat landatzea, edozeinek zulatu dezake zulo bat eta zuhaitz bat landatu, baina garrantzi handikoa da zuhaitz horiek bizirik irautea) emakumeei dirua ematea erabaki genuen. Beraz, emakumeekin lan egiten genuen eta, interesa galdu ez zezaten, pizgarri bat eman genien hiltzen ez zen zuhaitz bakoitzarengatik, konpentsazio ekonomiko gisa. Esan genien: "bizirik irauten zuen zuhaitz bakoitzarengatik ipar amerikar dolar baten 0,05 zentimo emango geniela", hau da, gure txanpon nazionalaren hogeita hamar bat txelinen pareko kopurua. Oso diru gutxi da. Bost zentabo besterik ez. Baina prozesuan sartuta zebiltzan emakumeek boteretze sentipena dute, ikasi egiten dute eta zuhaitzak landatzen laguntzen dien gaitasunak garatu dituzte. Batez ere beren etxaldeetan landatzen dituzte, horrela, egurra lortzen dute, bazka animalientzat eta fruta, mota horretako zuhaitzak landatuz gero. Horrek denak esan nahi du emakumearentzat etekinak egongo direla epe luzera.

Baina gogoratuko zarete behartsuak direla eta, hasieran esan dudan bezala, Mexikoz hitz egin dudanean, dirua nahi zuten eta horiek izan ziren beren diru sarrerak. Izan ere, oso pizgarri garrantzitsua izan zen. Programak egiteko orduan, oso garrantzitsua da denboran gehiegi irauten duen pizgarri bat ez izatea, bestela, hala bada, nekatu egiten dira. Horregatik, hau oso pizgarri garrantzitsua zen eta ez dut uste hura gabe arrakasta izango genuenik, eta gaur egun, oraindik ere erabiltzen dugu. Biltzen den diruaren zati handi bat emakume horien eskuetara iristen da emakumeak prestatzeko antolatzen ditugun mintegien bidez edo bizirik irauten duten zuhaitzengatik jasotzen duten konpentsazio bidez.

Diru horren zati handi bat, emakumeen esku uzten denean, beren familien beharrak asetzeko erabiltzen da. Beraz, zuhaitzak landatzeak emakumeei laguntzeaz eta boteretze maila handiagoa emateaz gainera, gainerako senideei ere laguntzen die, dirua, besteak beste, elikagaiak, arropa eta eskolako ordainagiriak ordaintzeko erabiltzen baita. Azken batean, etxeko beharrei erantzuteko. Hala, programa hau oso baliagarria izan da.

Baina, zergatik esan zuten antolakuntza politiko bat ginela? Lehen adierazi dudan bezala, guk, hasieran, zuhaitzak landatzen genituen, besterik gabe, eta mundu guztiak esaten zuen: "kia, zuhaitzak landatzen dituzten emakume talde bat besterik ez da, nori axola zaio hori?" Baina mintegietan, oso garrantzitsua zen jendeak jakin zezan nola hondatzen den ingurumena: basogabetze bidez, legez kanpoko zurgintza bidez eta abusu handiak eragiten dituzten postuetan dauden pertsonek baimendutako pribatizazioaren bidez.

Beraz, politika aldaketa bat sustatzen hasi ginen. Basoak babestuko zituzten politikak izango genituela segurtatu nahi genuen, basorik ez baduzu, ez baituzu urik izango eta gogoratu emakumeek edateko ura nahi zutela. Gure herria batez ere nekazaritza herria denez gero, euria behar dugu eta basoak dira euri moldeak kontrolatzen dituztenak. Gobernua ez da haien jabea, baizik eta kudeatzailea, herritarren izenean jarduten duen zaindaria, egungoen nahiz etorkizunen ordezkaria.

Garai hartan, gure sistema politikoan alderdi bakarra zegoen, beraz, oso diktatoriala zen eta ez zuen gaiaz ezertxo ere jakin nahi. Eta, sarritan, boterean zegoen jendeak bidea ematen zien zurarekin egiten ziren legez kanpoko eragiketei edo, bestela, erabilera desegokiagatik edo besteen bizkar egindako kudeaketa txarragatik baliabide naturalekin abusuak egitea baimentzen zuten. Dakizuen bezala, oso txiroak garela etengabe esaten diguten kontinente batean bizi gara. Afrikako irudietan pertsona txiroak, gaixoak eta argalak besterik ez dira ikusten, beren herrialdetatik ihes egin nahian. Azpimarratu nahi nuke Afrika ez dela txiroa. Afrika, kontinente gisa, oso aberatsa dela. Baina ez dute ondo kudeatu, ez delako gobernatze onarik egon.

Hasieran esan ditudan esaldiak errepikatzen ari naiz orain. Frogatu nahi dut lotura bat dagoela baliabideen kudeaketa iraunkorraren, gobernatze onaren, bakearen eta garapenaren artean. Prozesu autodidakta batzuen bidez, lotura hori ulertzen hasi ginen eta zergatik ginen horren txiroak baliabideak izan arren. Gobernu hobe baten alde eta baliabideen kudeaketa hobe baten alde lanean hasi ginen, banaketa berdinago batekin batera. Esaten hasi ginen afrikarrak ez garela txiroak, baizik eta beren buruzagiek txirotu dituztela gobernatze kaskarraren ondorioz eta beharrezkoa zela, beraz, gobernatzea hobetzea. Adibidez, alderdi askoren sistema politikoa sartu behar zela, tarte demokratikoa zabaltzeko horrela. Prentsa askatasuna eta botere judizialaren independentzia lortu behar ziren, gobernuaren mende egon ez zitezen. Epaileak ez ziren presidente baten mende egon behar. Horrela, epaimahaiak egiazko justizia egingo luke. Aitzitik, eta gobernuarekin kritiko agertuz gero, bazenekien zer motatako justizia erabiliko zuten zurekin…

Gobernu onaren kontzeptua, giza eskubideekiko eta ingurumenarekiko errespetua sustatzen hasi ginenean, agintariak gogaitu egin ziren Green Belt Movement-en jarduerekin. Orduan hasi ziren kideak atxilotzen eta espetxeratzen, ustez, gobernuaren aurka zuten jarreragatik. Baina gu ez geunden gobernuaren aurka, guk gobernatze ona besterik ez genuen lortu nahi eta denbora igaro hala, demokraziaren aldeko mugimenduarekin bat egin genuen, eta hark lortu zuen alderdi askoren sistema politikoa berriro ezartzea.

Hauteskundeak egin ziren eta alderdi politikoek parte hartu zuten lehen aldiz 1992an eta ondoren 1995ean. Orduan, oposizioa zatituta zegoen beti, mundu guztiak bakarrik irabazi nahi zuelako, baina jabetu ginen hori ez zela posible. 2002an, fronte bateratu bat osatu genuen eta alderdi politiko askoren sistema ezartzeaz gainera, azken berrogei urtean boterean egon zen gobernuaren tokia hartu genuen. Garai hartan, parlamentari izendatu  ninduten. Hala, gobernuz kanpoko ekintzailea izateari utzi nion eta legeak onartzen zituen Parlamentuko diputatu izatera pasatu nintzen. Bizipen zoragarria izan zen niretzat, jakin bainekien ez nengoela han kritikatzeko bakarrik, baizik eta giza, ingurumen eta emakumeen eskubideak eta prentsa askatasuna babestuko zituzten lege bidezkoagoak garatzeko prozesuan parte hartzeko.


Goi Ganbarara joatea pribilejio handia da edozein politikarirentzat, ez bakarrik zure herriaren ordezkaria zarelako, baizik eta gainera, legeak egiteko prozesuan parte hartzen duzulako, eta espero duzu lege horiek etorkizunean denon bizi baldintzak hobetzeko balioko dutela.

Gure kanpainan ere zorra barkatzeko borroka egin genuen. Seguru nago zuetako askok ere parte hartu zenutela 2000n bukatu zen kanpaina hartan, guk zorra barkatzeko 2000ko Kanpaina Handia deitzen dugun horretan. Kanpaina hartan esan genuen, Afrikak eta garapen bidean dauden beste herri askok zituzten zorrak agintari txarrek sortutako zorrak zirela, zenbaitetan atzerriko gobernuekin lankidetza estuan lan egiten zuten diktadoreek sortuak; atzerriko gobernu horiek laguntza eskaintzen zuten ustelak zirela zekiten pertsonekin negozioak egin zitzaten, diruarekin gelditzen zirenak, hain zuzen, eta beren herrialdetik kanpo inbertitzen zutenak. Pertsona horiek jabetzen ziren dirua herritarren izenean ematen zitzaiela, baina ez zela haien alde erabiltzen, baizik eta toki urrunen batean uzten zutela ondo gordeta, agintari bakar batzuk aberasteko asmoz.

Zoritxarrez, txiroenek ordaintzen zuten zorra. Pentsatzen dut zuetako askok badakizuela nola gertatu zen guztia eta nola kexatu ginen G8ko herrialdeen aurrean. Izan ere, 17 milioi sinadura jaso genituen mundu osoan herrialde boteretsu horiek konbentzitzeko jadanik iritsia zela zorrak ezeztatzeko unea, batez ere 2000n. Esaten zen, izan ere, aitzindarietako asko ustelak zirela, dirua lapurtu zutela, gaizki erabili zutela, modu interesatuan eta nahiz eta zorra ezeztatu (gogoratzen naiz sarritan esan zutela) ez genituela txiroenak defendatuko (horiek aterako zuten etekina) baizik eta elite politiko dirudun baten interesen alde ere egingo genuela. Azken batean, esan zuten ez zutela zorra ezeztatuko gobernu on bat egon arte eta ustelkeria ezabatu arte. Horregatik lehenesten dugu guk ustelkeriaren aurkako borroka.

Badakigu herrialde batzuek beren zorra berregituratu dutela; ezagutzen dugu gainera Hipic ekimena eta badakigu herrialde askotan oraindik ere aztertzen ari direla garapen bidean dauden herrialdeei laguntzeko aukera haien zor arazoa konpontzeko.

Baina orain Kongoko basoez hitz egin nahi nuke, batez ere Eusko Jaurlaritzarekin aurreikusi dugun lanak basoen babesarekin eta karbono mailak finkatzearekin zerikusia duelako. Klima babesten duten munduko bi baso garrantzitsuenak Amazonasen eta Kongon daude. Nahiz eta Asian beste baso batzuk egon, horiek dira ekuatorean zehar dauden garrantzitsuenak. Biak mehatxu handien pean egon arren, sarriago hitz egiten dugun Amazonasi buruz. Hala ere, oso gutxi egin da Kongori eta bertako basoei dagokienez.

2005ean, gune hartako gobernuko ordezkariak bildu ziren hitzarmen bat sinatzeko. Hitzarmenaren xedea basoa babestea zen, baina zorrarekin lotu eta honako hau adierazi zuten: "Kongoko ekosistemako herrialdeak beren zorra funts bihurtzen badute, funts independente bat, gizarte zibileko eta gobernuko ordezkariek, beste solaskide batzuek eta beraiek kudeatuko lukete, eta horrela bermatuko litzateke dirua behar bezala erabiltzen dela Kongoko basoetako ekosistema babesteko. Beraz, nik "borondate oneko enbaxadore" gisa lan egiten dut Kongoko basoen alde eta badakit hori dela zorraren ezeztapena eraginkorren izango litzatekeen tokia, babestuko bailirateke basoak.

Hala ere, eta lehen adierazi dudan bezala, G8ko herriek esaten zutena kontuan hartuko bagenu… arrazoi asko argudiatzen baitituzte halakorik ez egiteko, eta haien artean, ustelkeria eta gobernatze onaren falta daude. Hala, gure esku dagoen guztia egin behar genuke gobernatze on bat lortzeko eta ustelkeria behingoz amaitzeko; ez bakarrik txirotasuna murrizteko, baizik eta baso horiek ere babestu ahal izateko.

Izan ere, milurteko honetarako garapen helburuak berrikusten ditudanean (eta badakit zuetako asko ere lanean ari zaretela helburu horiek lortzeko), nire ondorioa da hemen jokoan jarri litekeela ingurumen programa bat. Ingurumen programa bere osotasunean aplikatuko bagenu, zalantzarik gabe, milurterako finkatutako zortzi garapen helburuak beteko genituzke.

Begi bistan denez, gure arreta ingurumenaren kudeaketa iraunkor baterantz bideratzen da batik bat, beraz, denak bat egiten du zazpigarren helburuarekin; gainerakoan, hau da, txirotasunaren murrizketa, haur guztien eskolatzea, emakumeentzako eta beren seme-alabentzako osasun arreta, malaria, HIESa eta antzeko gaixotasunen erradikazioa, horiek denak lantzeko moduko gaiak izango lirateke, betiere ikuspegi holistikoa erabilita eta oinarri gisa ingurumen programa erabiliko bagenu. Badakit ez dela lan batere samurra. Urteak daramagu horretan lanean, duela hogeita hamar urte hasi ginen eta jabetzen naiz kontzeptu guztiz garrantzitsuak direla, bereziki herri honetan bakearekin lotutako gaiei dagokienez.

Ikasi dugu pazientzia izaten, lana ez baita batere erraza. Iraunkorrak izaten ikasi dugu, eta sekula amore ez ematen, dena gaizki zihoala ematen zuenean. Ikasi dugu gainera, gure konpromisoa  mantentzen, erraza baita amore ematea. Izan ere, batzuetan, amore emateko tentaldian eror gaitezke, zenbaitetan, zama astunegia baita, baina hogeita hamar urte hauetan dena posible dela esaten ikasi dut. Beharbada ez dut dena egingo, baina zerbait egin dezaket, ordea, nahiz eta gauza txiki bat izan. Baina gustatuko litzaidake pasadizo txiki batekin bukatzea. Ondo zegokeen zuen galderentzat minutu batzuk utzi izan banitu, baina gehiegi hitz egin dudan beldur naiz.

Duela gutxi Japonian izan nintzen eta ez nekien nola hitz egin jendeari, ez bainengoen seguru nola komunikatu behar nuen japoniar herritarrekin, besteak beste, hizkuntzaren oztopoa zegoen eta, zuek bezalaxe, japoniarrak ere herri aurreratua eta oso aberatsa baitira. Korapilatsu samarra da beti niretzat ezaugarri horiek dituzten herritarren aurrean hitz egitea, ez baitut jakiten zer esan zehatz-mehatz. Ez dutela gehiegi kontsumitu behar esaten badiezu, ematen du beren bizi kalitatea murriztu behar duzula esaten diezula eta hori beti izaten da zaila, horregatik ez nuen hala egin.

Baina estuasunetik atera ninduen egunkari bateko zuzendari batek elkarrizketa batean galdetu zidan zer egiten ari ginen ingurumena ez kaltetzeko kontsumo mailak murrizteari zegokionez. Honako hau esan nion: "hara, guk ez dugu kontsumoa arazorik, arazoa baita ez dugula ezertxo ere kontsumitzeko. Baina bada arazo bat gure herrian eta konpontzeko ahaleginetan gabiltza. Plastikoarekin du zerikusia. Kenyan hainbat enpresak plastiko oso fin bat egiten dute eta paketatzeko erabiltzen da. Merkatura joaten bazara eta patatak, fruta edo dena delakoa erosten baduzu, dena plastiko horretan biltzen dizute, baina oso plastiko fina da, eta behin bakarrik erabil daiteke, eta gero zakarrontzira botatzen da".

Ondoren, zabor-biltzaileek biltzen dute eta komunitate txiroenetan dauden zabortegietan botatzen dute, non eragozpen handiak sortzen ditu, zuhaitzen adarretara ere iristen baita. Jendeak txantxetan esaten du Kenyako lore nazionala dela hori. Batzuetan, lurrean egoten da; bestetan, berriz, etxebizitza multzoen inguruan eta baita etxe abereen urdailetan ere. Hala, enpresak konbentzitu nahi izan ditugu, ez ditzaten etekinak bakarrik kontuan hartu, baizik eta ingurumenean ere pentsa dezatela. Honako hau proposatu genien: "zergatik ez duzue plastiko lodiagoa fabrikatzen? Hartara, ingurumenera doan plastiko bolumena gutxituko genuke." Eta erantzun ziguten: "guk etekinak sortu behar ditugu eta lanpostuak. Zenbat eta plastiko gehiago fabrikatu, orduan eta enplegu gehiago sortuko ditugu." "Bai, baina ingurumenaren kaltetan" -bota nion nik-. Eta berak esan zidan: "bai, baina horretaz geroago kezkatzeko aukera izango duzu".

Beraz, japoniar zuzendari hark esan zidan "hori ere arazoa zela herrialde aberatsetan, mundu guztiak kontsumitu nahi duelako eta gutxi kontsumitzen baduzu jendeak pentsatzen duela txiroa zarela eta inork ez duela txiro fama izan nahi". Erantzun nion honela: "beno, hori gauza tristea da, gu gehiago kontsumitzeko ahaleginetan baikabiltza, baina ez dugu ezer eskura".

Esan zidan "Japonian bazela ohitura bat norbaiti opari bat eman nahi zenionean. Oparia oihal batean biltzen zen, baina Japonian landutako teknika guztiz eder batekin. Norbaitek mota horretako opari bat egiten dizunean, oparia gorde egiten duzu zuretzat baina bueltatu egiten duzu oihala, berriro erabil dezaten. Oihal horrek "froshiki" du izena eta kontzeptu hori "Mutainai" izeneko beste baten barruan dago.

Azaldu zidan kontzeptu hori oso garrantzitsua izan zela Japonian, herrialdea oso txiroa zen garai batean, non baliabideak errespetatu behar baitzituzten; eskerronekoak izan behar zuten baliabideak eskura zituztelako eta ez zituzten sekula xahutu behar. Beraz, Mutainai kontzeptua erabiltzen zuten eta ni ere erabiltzen hasi nintzen haiei hitz egiteko orduan. Harrigarria izan zen, zeren Mutainairen espiritua sustatzeko ahaleginetan genbiltzala esan nienean, besoak zabalik hartu baitzuten berria, beren kulturaren zati zelako. Gaur egun, herrialde hartan kanpaina guztiz handi bat dute martxan. Jendea konbentzitu nahi dute baliabideak berrerabili behar direla, baina baita ere berritzaileak izan behar dutela produktu berriak sortzeko.

Gaur ez dut nirekin eraman ohi dudan oihal zatia, baina plastiko birziklatuarekin egindako zapi eder hau daramat. Beraz, herrialde aberats, garatu eta teknologikoki aurreratuetan, zuenean bezala, oso positiboa da horrek ematen dituen aukerez jabetzea. Sortzaileak izan gaitezke, berritzaileak eta errespetuzkoak baliabideekin, baina gure eskura dugunaz jabetzeak, baliabidea birziklatzeak ez du esan nahi inork bere bizi kalitatea murriztu behar duenik. Besterik gabe esan nahi du jadanik duzuen teknologia eta jakinduria erabil ditzakezuela baliabideei etekinik handiena ateratzeko, munduko biztanle guztientzat nahikoak egon daitezen.

Badakigu herrialde askotan ezin dutela Europako ekialde eta mendebaldeko herrialdeen garapen maila berberak iritsi, ez baitaude baliabide nahikoak horretarako. Beraz, errespetuzkoak izan behar dugu, eskerronekoak izan eta baliabideak sekula ez xahutu. Lehen adierazi dudan bezala, batzuetan oso zapuztuta eta lur jota sentitzen zara.

Japonian izan nintzenean, bazen irakasle bat, Suji irakaslea, eta txoritxo bati buruzko ipuin bat kontatu zidan. Zuei ere kontatu nahi nizueke. Nire parte-hartzea bukatuko dut kolibri bati buruzko ipuinarekin.

Gustuko dut kontatzea adierazi nahi baitu inoiz ez dela amore eman behar. Gauza txikiak egin arren, ez dugu sekula amore eman behar. Beno, harira joango naiz. Baso batean sute ikaragarri bat pizten da eta zuek asko dakizue horretaz hemen halako zoritxarrak izan baitituzue duela gutxi. Izan ere, gobernuko lehendakariordeari gutun bat bidali nion esateko otoitz egiten genuela suhiltzaileek arrakasta izan zezaten suteak itzaltzeko orduan.

Ederki bada. Antzeko sute bat zen hura. Pentsatu sute bat pizten dela basoan eta animalia guztiek beldurrak airean ihes egiten dutela. Denek kolibri txiki bat izan ezik, eta honela dio: "zerbait egin nahi dut sutea itzaltzeko. Ni ez noa hemendik. Itzali egingo dut". Beraz, kolibri txikia hegan doa hurbilen dagoen errekara, mokoa uretan sartu eta tanta bat erortzen uzten du sutean eta horrela, behin eta berriz, sutea itzaltzeko ahaleginetan.

Bitartean, beste animaliak, asko handi-handiak, adibidez, elefanteak, edo ura garraiatzeko askoz moko handiagoak zituzten beste hegazti batzuk, kolibria adoregabetzen hasi ziren, hari trufa egiten, esanez ez zezala denborarik galdu, ez zuela ezertxo ere lortuko. Izugarrizko sutea da, eta txoria txiki-txikia da eta oso moko txikia du. Eta zer egin dezake? Ez al da egia batzuetan denok kolibri horren antzekoak sentitzen garela? Bakarrik sentitzen gara eta indargabetuak inguruan dugun guztia ikusita. Baina kolibria ez zen batere gogogabetu. Han jarraitu zuen ur tanta txikiak ekartzen. Une jakin batean, nazka-nazka eginda horrenbeste trufekin, honela esan zien animaliei: "hauxe da nik egin dezakedan onena". Eta hori, niretzat, inspirazio iturria da.

Hemen bukatu nahi nuke. Oso ondo ari zarete lanean. Segi ezazue mundu osoarentzat eredu izaten. Ondarea eta kultura izugarria duzue. Bakearen aldeko prozesu zoragarri bati ekin diozue. Onena opa dizuet, baita itxaropena galtzen den une horietan ere. Ez amore eman. Segi saiatzen, nire ipuineko kolibriaren antzera, eta azkenean, arrakasta lortuko duzue, haren antzera.

Eskerrik asko.

Ez dakit ulertuko didazuen, baina eskerrik asko esan nahi  nizuen.

 

Azken eguneratzea: 2006/09/26