Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

logo
45 Zbk..
servicios

Ikastetxeko berriak

'Si te cala...mójate', haurren aldeko ekimena Barakaldoko El Regato ikastetxean

el regato

Barakaldoko El Regato ikastetxean haur eta nerabeen aldeko ekimena burutu dugu. UNICEFek berak aintzat hartu du ekimena eta "Jardunbide egokien" saria eman digu horrengatik.

'Si te cala...mójate' izeneko lanaren inguruan ikasleek -Batxilergoko 60 bat ikaslek-, irakasleek eta hezkuntza-erkidegoak hartu dute parte, eta horren bidez herriko adin txikikoen egoeraren diagnostikoa egin dugu hainbat ikuspegitatik. Hala, demografia, osasuna, elikadura, eskola-garraioa, kultura-bizitza, ingurunea eta kutsadura akustikoa, immigrazioa eta beste gai batzuk hartu ditugu kontuan.

Lanari eta Barakaldoko Udaleko teknikari batzuen laguntzari esker, Udalak egiaztatu ahal izan du UNICEFek hiri bat "Haurren lagun" izendatzeko ezarritako eskakizunetatik gehien-gehienak betetzen dituela.

Egindako programa eta jasotako saria pizgarri handiak izan dira ikastetxearentzat. Horregatik jarraipena emango diogu ekimenari. Hala, haurren eskubideei loturako gai batzuk aztertzen ari gara, ikasleekin batera lantzeko.

Barakaldoko El Regato ikastetxean

Eskolako Bidea

eskolabidea

2010-2011. ikasturtean Intxaurrondo Ikastolak Eskolako Bidea proiektua martxan jarri zuen. Honen helburua honako hau da; hots, haurrak eskolara oinez eta modu autonomoan joateko aukera bultzatzea eta erraztea, hau da, helduen laguntzarik gabe joatea baina ibilbide seguru batetik.

Proiektu horrek bilatzen duena da, hiria, bai ume bai helduentzat, harremanetarako, elkar bizitzeko, jolaserako, gune bezala berreskuratzea. Aldi berean, gainontzeko herritarrekiko eta ingurumenarekiko errespetu eta elkartasunezko baloreetan hezteko aukera ematen du, eta gure kaleetako bizi-kalitatea hobetzeko modua da.

Proiektua martxan jartzeko eskolako gurasoen laguntza ezinbestekoa eta guztiz eskertzekoa izan da. Izan ere, hasierako auzo behaketa egin ondoren, eta arrisku guneak identifikatuta, kanpainak iraun duen bitartean bideko hainbat puntutan gurasoak egon dira ikasleei laguntzeko.

Eskola inguruko hainbat dendarik bat egin du proiektuarekin eta Eskolako Bidearen lagun izendatu ditugu. Honela, bide seguru eta atsegin hori eraikitzen lagundu digute, hala behar izan ez gero, gure ikasleei babesa eta laguntza eskaintzeko prest agertu baitira.

Aurten ere bide beretik jarraitzea da gure asmoa. Eskola Agenda 21eko mugikortasun jasangarriaren lanketaren barruan kokatzen dugu eta horretarako lehengoaz gain berrikuntza batzuk sartuko ditugu, besteak beste, oinbusa, Txirrin maskota, auzoko ezagutza eta azterketa...

Intxaurrondo Ikastolako zuzendaritza

Urkide ikastetxean gogoz ekiten diogu ingurumen aldeko sentsibilizazioari

urkide-estelar

Urkide ikastetxean EA21 programan daramatzagun urteetan ingurumenaren alde egokitu ditugu gure programazioak eta zentroaren kudeaketan jasangarrirako irizpideak gehitu ditugu.

Prozesu honetan pixkanaka, gainera, ekintza orokor batzuk urteko planean finkaturik gelditu zaizkigu. Adibidez, ikasturte hasieran bizikletaren erabilera bultzatzeko bizikleta martxa antolatzen dugu beti eta ikasturte bukaeran aste berdea.

Aste berdean maila guztientzako jarduerak antolatzen dira: haur hezkuntzako txotxongiloak, Lehenengo Hezkuntzako 2. eta 3. zikloentzat Heziketa fisikoko moduluko ikasleek Armentiako zelaietan dinamizatzen dituzten pista jokoak EA21en urteko gaia lantzeko, GKE batzuk emandako hitzaldiak, 'book crossing'... Azken egunean mailaren arabera sailkaturiko 'liburuen truke azoka' ospatzen da patioan, bertan astean zehar liburu bat ekartzeagatik banatzen den ticket bakoitzeko liburu bana jaso daiteke. Aurten patioan bizikleta zirkuitua ere antolatu nahi genuke. Bukaerako jaian kontsumo jasangarria sustatzeko garaiko fruta banatzen da. Halaber, aste berdean ikastetxeko jantokian menua elikagai ekologikoekin egiten da; CO2 igorpen baxuko menua deitzen diogu.

Bestelako ekintza puntualak ere egiten ditugu. Adibidez, aurten konstelazioak, orientazioa eta argi kutsadura lantzeko 'Urkide estelar' ospatu dugu Luminica Ambiental enpresaren eskutik. Egunez mailaren arabera hitzaldiak eta tailerrak antolatu genituen, paperez egin zen planetario bat, ikastetxera ere ekarri zen bat, eta gauez Sociedad Astronomica de Alava-k ekarritako teleskopioen laguntzaz teilatuko zabaltzan zeru behaketa egin genuen familiek eta irakasle batzuek.

Aurtengo erronka: Teilatuko zabaltzan, lehen hezkuntzako ikasle guztien parte hartzearekin, lorategi-ortua egitea. Aspaldi hasi ginen ondoko Santa Brigida komentuko baratzea ikasleekin bisitatzen baina ikastetxean bertan eduki nahi dugu baratzea orain. Hasteko, Lehengo Hezkuntzako ikasle bakoitzak hutsik ekarri duen 5 litroko plastikozko ur botila lurrez bete eta barazkiak eta loreak landatu ditugu. Hau abentura!

Eskolako Agenda 21 koordinazio taldea: Idoia Anzizar, Ania Elosegui, Ander Imaz, Amaya Hernandez, Ainhoa Rmz de la Piscina, Gustavo Rivera, Aintzane Zubillaga,

Gasteizko Urkide Ikastetxea