Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

logo
45 Zbk..
servicios

Begiratokia

Haurren sentsibilitatea arteetan oinarrituriko hezkuntza-ingurune baten bitartez garatzea
Last Child in the Woods liburuan Richard Louv egileak haurrek naturarekin harremanik ez dutela salatzen du. Bere ustez haurrek "natura-faltaren sindromea" pairatzen dute: beren zentzumenen erabilera minimoetara murriztu dute, arreta-falta dute eta hutsune fisiko eta emozional handiak dituzte.

bird

Gaur egun gazteek esna dauden beren bizitzako minutu guztiak, eskolari eskaintzen diotenak izan ezik, smartphoneak, ordenagailuak, telebista edo beste gailu elektroniko batzuk erabiltzen pasatzen dituzte. Last Child in the Woods liburuan Richard Louv egileak haurrek naturarekin harremanik ez dutela salatzen du. Bere ustez haurrek "natura-faltaren sindromea" pairatzen dute: beren zentzumenen erabilera minimoetara murriztu dute, arreta-falta dute eta hutsune fisiko eta emozional handiak dituzte. Hemendik belaunaldi batera, mendebaldeko herrialdeetako biztanleen gehiengoak naturan baino denbora gehiago emango du mundu birtual batean. Gaur egungo haur eta gazteek natura bertatik bertara, beren ekintzen bitartez, berenganatzeko eta ezagutzeko aukera eta gaitasun txikiagoak dituzte. Hori dela eta, hezitzaileek azkar-azkar tresna berriak aurkitu behar dituzte naturaren munduarekiko sentsibilitatea haurrengan esnatzeko eta elikatzeko.

1990eko hamarkadan, Finlandiako arte-irakasleen talde bat, ekologiaren krisiaren jakitun, bai haurren bai helduen artean ingurumen-hezkuntza hedatzeko estrategia berrietan arteak izan dezakeen egitekoa ikertzen hasi zen. 1992an "Arteetan oinarrituriko ingurumen-hezkuntza" kontzeptuaren aitzindaria izan zen Meri-Helga Mantereren arabera, ikuspegi horrek "pertzepzio berri bat sustatzen du, mundua bihotzarekin ezagutzearen poz eta gozamen (eta kasu batzuetan agonia) hurbila eta pertsonala". Esaten duenez, "horren helburua sentsibilitateari, bakoitzaren ingurumen-esperientziak egituratzeko eta partekatzeko era berri eta pertsonalei, ateak irekitzea da. Esperientzia horiek ederrak izan daitezke, baina baita higuingarriak, bareak edo beldurgarriak ere".

Naturaren munduarekin artearen bitartez harremanetan jartzen saiatzen garenean, aurretik finkaturiko zientzia-ezagutzarekin beharrean, zer gertatzen da? Arteak gure pertzepzioa eraikitzen eta sakontzen lagun dezake eta inguratzen gaituen munduko misterioen aurrean irekiagoak izaten. Prozesu artistikoak inguratzen gaituen munduari zeharka aurre egiten laguntzen digu. Aurretik sumatu ezin dena gonbidatzen dugu, gure konfort-eremua uzten dugu eta itsuka ezezagunetik egiten dugu aurrera. Horrela, giza kontzientziaren dimentsio sentsorial, perspektibo, emozional, sinboliko eta sormenezkoetan bete-betean sartzeko aukera eskaintzen digute arte-jarduerek. Hortaz, naturari buruzko hezkuntzaren testuinguruan, arteak ohiko ikuspegitik lor ezin daitezkeen aukerak eskain ditzake.

XIX. mende erdialdera Henry David Thoreau naturalista estatubatuarrak honako hau idatzi zuen: benetan zerbait ulertu nahi badugu, erabat ezezaguna den zerbaitetara hurbiltzerakoan bezala jardun behar dugu. "Dakigun oro alde batera uzten dugunean hasten gara ikasten... Iratzeei buruz ikasi nahi baduzu, ahaztu botanikari buruzko zure ezagutza guztiak. Ezagutzak esaten diegunak alde batera utzi behar dituzu. Jakin behar duzu ezer ez dela zuk uste duzuna". Horregatik, hain zuzen, arteetan oinarrituriko ingurumen-hezkuntzak ekarpen handia egin dezake: haurren edo helduen beraien partaidetza-esperientziatik sortzen diren metodo berri eta zirraragarriekin "ikasten hasteko" aukera ematen du.

Jan van Boeckel

Jan van Boeckel

Aalto University, Arte, Diseinu eta Arkitektura Fakultatea
Arte Departamentua (Arte Hezkuntzaren Atala)
Helsinki

Informazio gehiago: www.naturearteducation.org

* Irudia: Erica Fielderren Bird Feeder Hat. Argazkia: G. Morris
Bird Feeder Hat [txoriak elikatzeko kapela] hegal zabaleko kapela da, arramak dituena eta haziz estalita dagoena. Kapela eramaten duena ezarrita, geldirik eta isilean egon behar da, txoriak kapela gainean nola mugitzen diren sentitzeko. Esperientzia zirraragarria eta sentsoriala da eta izaki basati batekin hurbiltasun sakonagoa esperimentatzeko aukera eskaintzen du.