Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Azpiegitura berdea

Europako Batzordearen arabera, azpiegitura berdea zera da, «gune naturalen, erdinaturalen eta beste ingurune-elementu batzuen sarea, estrategikoki planifikatua, zerbitzu ekosistemikoen sorta zabal bat emateko diseinatua eta kudeatua. Espazio berdeak (edo urdinak urekosistemen kasuan) eta lehorreko espazioetako beste elementu fisiko batzuk (kostaldeko eremuak barne direla) nahiz itsasoko elementu batzuk biltzen ditu. Lehorreko espazioetan, landa- eta hiri-inguruneetan ageri da azpiegitura berdea.»

Azpiegitura berdeak lurzoru-erabileraren ikuspuntu integratua hartzea ahalbidetzen du, konektibitate globala hobetuz eta azpiegitura "grisek" sortutako zatikatzearen ondorioak arinduz, lurraldearen iragazkortasuna areagotuz, eta espazio multifuntzionalak identifikatuz, zeinetan lurzoruaren erabilera bateragarriak bultzatuko diren, ekosistema osasuntsu eta askotariko batzuk lortzeko lagungarriak. Lurzoruaren erabileraren ikuspegi integratu horrek ekintza isolatu independenteek eskaini ahalko lituzketen onurak areagotzen ditu, ekintza horiek helburu berak izanda ere, eta lurralde erresilienteago baterantz aurrera egitea ahalbidetzen du, espero ez diren gertaera naturalei aurre egiteko gai izango dena.

 

EAErako azpiegitura berdea honako elementu hauek osatzen dute:

  • Beren ingurune-balioengatik babestutako espazioek, eta beren babes-figura propioak dituztenek.
  • Espazio horiek eta lurralde mugakideetako espazioak ere lotzen dituzten korridore ekologikoek, betiere korridore horiek EAEren barruan badaude.
  • Interes naturala duten beste espazio multifuntzional batzuek, EAErako ingurune-balio aipagarriak izanik, onartutako babes-figurarik ez daukatenek.
  • Ibilguak eta gainazaleko uren babeseko zona gisa kategorizatutako haien zonek, RAMSAR hezeguneek eta Hezeguneen LPSak inbentariatutako ur-masa guztiek.

 

  • Naturaguneen arteko konektibitate ekologikoa kontserbatzea, indartzea eta lehengoratzea, lurralde mugakideetarantz ere bai. Jarraitutasuna tokian tokikora ere zabaltzea. 
  • Giza asentamenduek eta haiek dakartzaten azpiegitura “grisek” sortutako lurraldezatiketaren ondorioak saihestea eta, kasuan kasu, mugatzea.
  • Lurraldearen erresilientzia areagotzea, arriskuak edo kalteak gutxituz hondamendi naturalen edo jatorri antropikoa dutenen aurrean, klima-aldaketa barne.
  • Nekazaritza-praktika jasangarriak eta hurbileko ekoizpen-bitartekoak sustatzea, eta landa-biztanleriaren lana balioztatzea ekosistemen kontserbazioan eta kudeaketan, eta bizi-kalitatea hobetzea. 
  • Elikadura-aztura osasuntsuak bultzatzea, elikagaien nahikotasuna eta segurtasuna eta hurbileko horniketa sustatzea. 
  • Biztanleriaren osasuna eta ongizatea hobetzea airearen eta zarataren kutsadura murriztuta, beroarekin lotutako gaixotasunak murriztuta, jarduera fisikoaren praktika eta egoera emozionalaren hobekuntza ahalbidetuta. 
  • Errepideko ibilgailuen ibilbideekiko ibilbide "bigun" alternatiboak sustatzea, bizikleta eta modu funtzionalean oinez ibiltzea bultzatuz eguneroko ibilbideetan eta landabideen sarea eta udalaren egungo bide txikiak aprobetxatuta.
  • Paisaia zaintzen laguntzea eta inguru bereziki sentsibleen tratamendu paisajistikoa bultzatzea, hala nola periferiak edo inguru degradatuak. 
  • Naturan oinarritutako soluzioen potentzial ekonomikoa eta enplegu-sortzailea balioan jartzea, bere errentagarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumen-arloko handiarengatik, eta ikerketa-, merkatu- eta enplegu-nitxo bat delako, ahaztu gabe azpiegitura berdeak eskaintzen duen turismo-erakarpena eta interes kulturaleko inguruen zaintza ere.

Azken aldaketako data: