Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Geologia, geodibertsitatea eta geologia ondarea

Gure lurraldearen geologia ikertzea ezinbestekoa da geologia ondarea eta geodibertsitatea ezagutzeko. EAEn dauden harrietan inguru honetako geologia eboluzioaren erregistroa gorde da duela 360 milioi urtetik, hau da, Paleozoikoaren amaieratik gaur arte. Denbora tarte honetan orogenia-, bulkanismo-, erosio- eta sedimentazio-prozesuak gertatu dira, Euskal Herriko geologia dibertsitatea sortaraziz eta Erkidegoak hain berea duen paisaia sortuz: mendiek eta haranek, itsaslabarrek eta hondartzek lur azpian dauden arroken ezaugarriak islatzen dituzte. Halaber, arroka horiek ikertuta jakin ahal dugu nolakoak izan ziren antzina klima, biologia dibertsitatea edo natura-hondamendiak.

Geodibertsitateak, biodibertsitateaz batera, lurralde bateko natura ondarea osatzen du.

42/2007 Legeak, Natura Ondarea eta Biodibertsitatearena, honela definitzen du lehen aldiz:

Geodibertsitatea edo geologia dibertsitatea: Lurraren eboluzioaren ondorio eta erregistro diren geologia elementuen barietatea –arrokak, mineralak, fosilak, erliebe formak, geologia-formazioak eta -unitateak eta paisaiak barne hartuta–.

Definizio horretatik ondoriozta daiteke:

  1. geodibertsitatearen ikerketak lurralde batean dauden geologia elementuen barietatea aztertzen du–erliebe formak (geomorfologia) eta paisaia, eta euren arteko erlazioak barne hartuta– ; eta
  2. eskualde baten geologia eboluzioak eta ondoriozko geologia elementuek geodibertsitatea zehazten dute.

Natura ondarea kultura ondareaz batera, Gizadiaren Ondarea osatzen du UNESCOk, 1972ko Pariseko Itunaren bidez, babesten duena.

Aipaturiko itun horretan ezarritakoari jarraituta honako hauek osatzen dute natura ondarea: natura monumentuek –estetikaren edo zientziaren ikuspuntutik balio unibertsal bikaina duten formazio fisikoek–; formazio geologikoek eta fisiografikoek eta mehatxupean dauden animalia zein landare espezieen habitatak diren ingurune mugatu zehatzek, estetikaren edo zientziaren ikuspuntutik balio unibertsal bikaina dutenak; eta natura-ingurune edo -leku mugatu zehatzek zientziaren, kontserbazioaren edo edertasunaren ikuspuntutik balio unibertsal bikaina dutenak.

Horretatik deduzitzen da geologia ondarea natura ondarearen partea dela. Hona hemen 42/2007 Legeak emandako definizioa:

Geologia ondarea: zientzia-, kultura-, edota hezkuntza-balioa duten natura-baliabide geologikoen multzoa –geologia-formazioak eta -egiturak, lurraren formak, mineralak, arrokak, meteoritoak, fosilak, zoruak eta bestelako agerpen geologikoak– zeinaren bidez honakoak ezagutu, ikertu eta interpretatu ahal izango ditugun: a) Lurraren jatorria eta eboluzioa, b) Lurra modelatu duten prozesuak, c) iraganeko eta gaurko klimak eta paisaiak eta d) bizitzaren jatorria eta eboluzioa.

Definizio horretan, beraz, honakoak aipatzen dira: ondare hori osatzen duten elementu batzuk, elementu horien balio jakin batzuk eta dakartzan geroagoko ezagutza batzuk.

Geologia ondarea ikertzearen helburua balio handien duten elementuak identifikatzea da, hartara kontserbazioa sustatzeko eta modu jasangarrian erabiltzea eta gozatzea errazteko. Geologia balio handia duten lekuak –geologia interesdun lekuak (GIL)– identifikatu, balioetsi, kontserbatu eta dibulgatu behar dira.

Geokontserbazioaren asmoa geodibertsitatea eta geologia ondarea babestea da, horretarako geologia baliabideak kudeatzeko eta balioesteko estrategiak baliatuz. Estrategia horiek geologia interesdun guneak identifikatzeko; euren ezaugarriak, jatorria, hauskortasuna eta mehatxuak ezagutzeko; eta balioesteko eta kudeatzeko prozedurak, irizpenak eta tresnak behar dituzte.

Biodibertsitateari eta Natura Ondareari buruzko 42/2007 Legeak honela definitzen du kontserbazioa: natura ondarea egoera onean mantentzea edo lehengoratzea […]. Geokontserbazioa, beraz, geologia elementuak neurri eta ekintza multzo batez kontserbatzea litzateke. Hona hemen geokontserbazioaren definizio bat: geologia ondarearen eta geodibertsitatearen kontserbazioa (baita birgaitzea ere) mantentzea helburua duen teknika eta neurri multzoa, horretarako berezko balioaren, kalteberatasunaren eta degradatzeko arriskuaren analisian oinarritzen delarik. (Patrimonio geológico y geodiversidad: investigación, conservación, gestión y relación con los espacios naturales protegidos. Carcavilla, L., López-Martínez, J. y Durán, J.J. (2007)).

Interpretazioaren asmoa hizkuntza teknikoa publiko orokorrak ulertuko duen hizkuntza batera itzultzea da. Zenbait jardueraren bidez informatzea, entretenitzea eta ezagutzeko gogoa piztea lortzen da. EAEn hainbat zentro saiatzen dira natura ondarearen eta, zehatzago, geologia ondarearen esanahia ulertarazten populazioari.

 

Azken aldaketako data: