Hezkuntza Saila

 

 

 

SARRERA

Atal honetan oinarrizko zenbait kontzeptu aipatzen da, deialdian ageriko diren kontzeptuak, alegia. Ondoko kontzeptuak argitu nahi dira, bereziki: hizkuntza-eskakizunak (definizioak, eginkizunak, baliokidetasunak), Irakasleen Kidegoa, eta abar.

Enplegu Publikoa

6/1989 Legeak, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoak, 23.1 artikuluan ezarri duenez, Administrazio Publiko bakoitzeko langileekin bete ezin diren giza baliabideen premiak, aurrekontu-izendapena dutenak, enplegu publikorako eskaintzaz beteko dira.

Horrenbestez, enplegu publikorako eskaintza izango da Administrazio Publikoek euren baitan hutsik dauden lanpostuak betetzeko erabiltzen duten prozedura.

Herri Administrazioa gizartearen interes orokorren kudeatzaile izaki, Administraziora sartzeko prozedurek honako printzipioak bete beharko dituzte: publizitatea, berdintasuna, merezimendua eta gaitasuna; horregatik, hautaketa-prozesua legez ezarritako bidetik eraman behar da aurrera, oinarrizko urrats hauek emanez:

- Enplegu Publikorako Eskaintza onestea: hortxe zehazten dira bete beharreko plazen kopurua eta ezaugarriak. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen da.

- Irakasleen Kidegoetan sartzeko hautaketa-proben deialdia egiteko Agindua: hautaketa-prozesuaren definizio orokorra da, eta plaza guztietan du eragina. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen da.

- Eskabideak aurkeztea.

- Onartuen eta baztertuen zerrendak

- Oposizio-aldia

- Lehiaketa-aldia

- Euskararen balorazioa

- Amaierako kalifikazioak

- Praktiketako funtzionarioak izendatzea

Irakaskuntzako Kidegoak

Irakaskuntzako funtzionarioak kidegoetan antolaturik daude, irakasten dituzten ikasgaien arabera eta kidegoetara iristeko eskatzen den titulazio mailaren arabera. Deialdi honetan hurrengo kidegoetako plazak eskaintzen dura:

Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegokoa

Irakaskuntzako euskal funtzio publikoaren antolamenduaren arabera, “A” sailkapen-multzoaren barruan daude.

Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegokoa

Irakaskuntzako euskal funtzio publikoaren antolamenduaren arabera, “B” sailkapen-multzoaren barruan daude.

Hizkuntza-eskakizunak

Hizkuntza-eskakizuna da lanpostu jakin baten zeregin guztiak euskaraz egin ahal izateko behar den hizkuntza-ezagutzaren maila. Lanpostua lortzeko eta bertako lana betetzeko beharrezko diren euskararen ezagutza mailek zehazten dituzte irakaskuntzako lanpostuetako hizkuntza-eskakizunak.

Irakaskuntzako lanpostuei bi hizkuntza-eskakizun ezartzen zaizkie:

· 1. hizkuntza-Eskakizuna (HE1): euskaraz edo euskara irakasten ez duten irakasleek betetzeko irakaskuntzako lanpostuei ezarriko zaie, baina euskara harreman-hizkuntza legez erabiltzeko behar den hizkuntza gaitasuna bermatuko da.

· 2. hizkuntza-Eskakizuna (HE2): euskaraz edo euskara irakasten duten irakasleek betetzeko irakaskuntzako lanpostuei ezarriko zaie, eta euskara harreman-hizkuntza eta irakaskuntza-hizkuntza legez erabiltzeko behar den hizkuntza gaitasuna bermatuko da.

Lortu nahi den lanpostuari ezarri zaion 1. edo 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea beharrezkoa izango da, martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuaren 7. artikuluan otsailaren 19ko 2/1993 Legearen hamabosgarren xedapen gehigarrian xedatu duenarekin lotuta aurreikusitakoaren arabera.

Dena den, aipatutako 47/1993 Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako/OHOko eta Irakaskuntza Ertainetako ikastetxe publikoetako bitarteko irakasleek eta aldi baterako irakasle kontratatuek Dekretu hori indarrean sartzen denean (1993ko apirilaren 3a) funtzionarioaren izaera lortzen badute, epe hauek izango dituzte egiaztatzeko:

       .hiru urteko epea jabetza hartzen dutenetik, euskaraz irakasten badute edo euskarazko izendapenarekin irakasten ari badira eta berehalako derrigortasuneko 2. hizkuntza-eskakizuneko lanpostuetan hasten badira.

      .3 urteko epea jabetza hartzen dutenetik, berehalako derrigortasuneko 1. hizkuntza-eskakizuneko lanpostuetan hasten badira.

      .5 urteko epea berehalako derrigortasunik ez duten lanpostuetan hasten badira.

Hautaketa-prozesu honetan hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko honako bideei jarraituko zaie:

a) Hautaketa-prozesuan HE1 eta HE2 egiaztatzeko berariaz egingo diren probak gainditzea, aukeratzen den espezialitatearen arabera.

b) Zein egokitzen den, HE1 eta HE2 egiaztatzeko agiria aurkeztea.

c) Aurkezten den espezialitatearen Hizkuntza-eskakizunarekin homologaturik dagoen hizkuntza-egiaztagiriren bat dutela adierazteko dokumentazioa aurkeztea.

Hizkuntza-eskakizunekin homologaturik dauden egiaztagiri eta tituluak

Irakaskuntzako Euskal Administrazioan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ondorioetarako, honako titulu eta egiaztagiriak irakaskuntzako hizkuntza-eskakizunen baliokidetzat hartuko dira:

· HE2:

a) Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Gaitasun Agiria, EGA
b) Euskaltzaindiaren "D" titulua
c) Nafarroako Gobernuaren EGA egiaztagiria (eta Gobernu horrek bere eremuan ezarri dituen EGAren baliokideak).
d) Labayru Ikastegiaren egiaztagiria (3. maila), 82/9/9 baino lehenago aterata.
e) EAEko Hizkuntza Eskola Ofizialetako euskal ikasketen 5. maila edo EAEko Hizkuntza Eskola Ofizialetako Euskararen Gaitasuneko Egiaztagiria (C1).
f) Madrilgo Hizkuntza Eskola Ofizial Zentraleko Euskararen Gaitasuneko Egiaztagiria.
g) Euskal Filologia Lizentziatura.
h) Euskal Filologia espezialitateko Irakasle Diplomatura.
i) Bizkaiko Irakasleen Unibertsitate Eskola Publikoan 1985az geroztik euskal adarrean lortutako Irakasle Diplomatura.
j) Gipuzkoako Irakasleen Unibertsitate Eskola Publikoan 1985az geroztik euskal adarrean lortutako Irakasle Diplomatura.
k) Donostiako Elizbarrutiko Irakasleen Eskolan 1984az geroztik euskal adarrean lortutako Irakasle Diplomatura.
l) Eskoriatzako Irakasleen Eskolan 1984az geroztik euskal adarrean lortutako Irakasle-Diplomatura.
m) EIT
n) EAEko Administrazio Orokorreko 3. hizkuntza-eskakizuna
o) Kultura Sailak emandako 3. mailako ziurtagiria
p) Osakidetzako 3. hizkuntza-eskakizuna
q) Ertzaintzako 2. hizkuntza-eskakizuna

· HE1:

a) EAEko Hizkuntza Eskola Ofizialetako euskal ikasketen 4. maila edo EAEko Hizkuntza Eskola Ofizialetako Euskararen Maila Aurreratua (B2).
b) GUMA.
c) IGA
d) EAEko Administrazio Orokorreko 2. hizkuntza-eskakizuna
e) Kultura Sailak emandako 2. mailako ziurtagiria
f) Osakidetzako 2. hizkuntza-eskakizuna
g) Ertzaintzako 1. hizkuntza-eskakizuna

1. hizkuntza-eskakizuna

Hura daukaten irakasleak, besteak beste, honetarako gauza izango dira:
· Ikasleekin bakarka edo taldean irakaskuntza jarduerarekin zerikusia duten gaiez euskaraz hitz egiteko: besteak beste, jokabideaz, motibazioaz, ikasketetan lortutako emaitzez, beste ikasle batzuekin eta irakasleekin izandako arazoez eta ikasketak egiteko familiako giroaz.

· Ikasleekin bakarka edo taldean beren adineko arazoekin eta interes bereziekin zerikusia duten gaiez euskaraz hitz egiteko: familiako arazoez, adiskidetasunaz, nortasunaz, zein bere heldutasunerako bidean izan dezaketen beste edozein arazoz.

· Gurasoekin, irakasleekin eta hezkuntza administrazioko langileekin, hizkuntza maila egokian, nahiz eta teknikoa ez izan, honako gaiez euskaraz hitz egiteko gaitasuna: eskolaren funtzionamenduaz, helburuez, jokabide pedagogikoaz, ikasturteko programaz, kurtsoari eta zehazki ikasleari buruzko iritziaz, eskolako orduko eta orduz kanpoko jarduerez, ebaluaketarako irizpideez, lortutako emaitzez eta, oro har, pedagogia lanari eta ikastetxearen funtzionamenduari buruzko gaiez.

2. hizkuntza-eskakizuna

Hura daukaten irakasleak, besteak beste, honetarako gauza izango dira:
· HE1erako zehaztutakoa euskaraz egiteko.
· Haren ikasgaiko edo alorreko irakaskuntzak euskaraz emateko ikasleei, bakarka, zein taldeka, dela azalpena magistrala eginez, dela gelan eztabaida sortuaz eta jasotako galderei erantzunez.

· Eskolak prestatzeko edo ikasleek irakurtzeko probetxugarriak izan daitezkeen euskarazko argitalpenak, programa ofizialak, testu liburuak, kontsulta liburuak, artikuluak eta abar ulertzeko.
· Irakasgaiarekin zerikusia izanik eskolak prestatzeko probetxugarria izan daitekeen ahozko materiala euskaraz ulertzeko (besteak beste, pelikulak, bideoak, zintak, irratsaioak).
· Programa orokorrak eta bakoitzaren alorreko programazioa euskaraz idazteko.
· Eskolak emateko behar diren fitxak, apunteak, materialak, ariketak, ebaluazioko ariketak eta abar euskaraz idazteko.
· Ariketen zuzenketa, txostenen idazketa eta ikasleen lana balioztatzeko beste edozein jarduera euskaraz egiteko.