Hezkuntza Saila

 

 

 

 

 

 

 

HAUTAKETA-PROZESUAN ONARTUA IZATEA

 

Onartua izateko betebeharrekoak

Onartua izateko eskabideak

INFORMAZIO OROKORRA

 

 

 

 

HAUTAKETA-PROZESUAN ONARTUA IZATEA

Atal honetan azaltzen da zer baldintza bete behar den deitutako prozeduretako baten bidez irakaskuntzako funtzio publikora sartzeko. Eskabideak aurkezteko unean kontuan hartzeko informazio erabilgarria ere aurkituko duzu.

Prozesuan sartu ahal izateko bete behar direnak

Izangaiek ondokoak bete behar dituzte, hautaketa-prozesuan onartuko badituzte:

1) Betebehar orokorrak

Baldintza orokor hauek bete beharko dituzte hautaketa-prozesurako onartu ditzaten nahi dutenek:

            a) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko gainerako estatuetako bateko nazionala izatea, edo langileen zirkulazio libreari buruzko Europako Parlamentuko 2004/38/EE Zuzentaraua eta zuzentarau hori Espainiako lege-ordenamendura sartzeko ematen den araua aplika dakiokeen estaturen bateko nazionala izatea.

       Horrez gain, parte hartu ahal izango dute espainiar herritarren ezkontideek, ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek, bai eta Europar Batasuneko gainerako estatuetako bateko nazionalen eta Europar Batasunak sinatutako nazioarteko itunen arabera langileen zirkulazio librea aplika dakiekeen estatuetako nazionalen ezkontideek, ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek, baldin eta dagokion itunean hala ezarrita badago eta espainiar Estatuak berretsita badu, edozein nazionalitatetakoak izan arren, baldin eta ezkontideak legez bananduta ez badaude eta ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo adin horretatik gorakoak izan arren, gurasoen ardurapean bizi badira.

       b) Hamasei urte izatea eta erretiroa hartzeko oro har zehaztutako adinera oraindik ez iristea.

       c) Aukeratzen diren kidego eta espezialitatearen funtzioetan aritzearekin bateraezina den gaixotasunik edo muga fisiko edo psikikorik ez izatea.

       d) Zigor-espedientearen bidez edozein administrazio publikoren zerbitzutik kendu ez izana, ezta funtzio publikoetan aritzeko ezgaituta egotea ere.

       Halaber, nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek haien estatuan funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina-zehapen edo zigor penalik ez dutela egiaztatu beharko dute.

       e) Zer kidegotara sartu nahi den, kidego horretako karrerako funtzionarioa edo praktiketakoa ez izatea, edo izendapenaren zain ez egotea.

      f)  Hizkuntza-gaitasuna:
- Lortu nahi den lanpostuari ezarri zaion 1. edo 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea.
- Hizkuntza-eskakizunekin homologaturiko hizkuntza-egiaztagiriren bat edukitzea
 

2) Berariazko betebeharrak

2.1.- Baldintza orokor horiez gain, berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte izangaiek:

       2.1.1.- Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoak

       a) Doktore, lizentziadun, ingeniari edo arkitekto titulua izatea edo titulua emateko eskubideak ordainduak izatea edo irakaskuntzarako dagokion mailako titulua edo beste titulu baliokideren bat izatea edo titulua emateko eskubideak ordainduak izatea (deialdiaren III. eranskinean jasota daude titulu horiek), otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuko xedapen gehigarri bakarrean ezarritakoaren arabera.

       b) Maiatzaren 3ko 2/2006 Hezkuntzari buruzko Lege Organikoko 100.2 artikuluan aipatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa edukitzea.

Azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzetako irakasle gisa jarduteko gai egiten duen Masterraren titulu ofiziala dutenek egiaztatzen dute prestakuntza hori. 

Halaber, Espezializazio Didaktikoaren eta Trebakuntza Pedagogiko ziurtagiriaren titulu profesionalak, urriaren 3ko 1/1990 lege organikoak, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrarenak, xedatutakoaren babesean unibertsitateek antolatuak, eta Irakasteko Gaitasunaren Ziurtagiria, titulu horiek 2009ko urriaren 1a baino lehenago lortu badituzte, egiaztatzen dute prestakuntza hori.

2008/2009 ikasturteak bukatu aurretik bi ikasturte osotan, edo 12 hilabete jarraian edo etenekin, ikastetxe publikoetan edo behar den baimena duten irakaskuntza arautuko ikastetxe pribatuetan, irakaskuntza-espezialitateak azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuan erregulatzen diren maila eta irakaskuntzetan, irakatsi izana egiaztatzen dutenei aipatutako lege organikoak 100. artikuluan ezarritako prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren baliokide gisa ezagutuko zaie emandako irakaskuntza hori.

Maisu edo maistraren, Oinarrizko Hezkuntzako irakaslearen, Lehen Hezkuntzako maisu edo maistraren, Pedagogian eta Psikopedagogian lizentziaturaren, eta lizentziatura edo prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa sartzen dituen tilulazio baliokidea, tituluak dituztenak baldintza hori betetzetik salbuetsita daude, tituluak 2009ko urriaren 1a baino lehenago lortu badituzte. 

       2.1.2.- Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoak

       Unibertsitateko diplomadunaren, arkitekto teknikoaren edo ingeniari teknikoaren titulua izatea edo titulua emateko eskubideak ordainduak izatea edo irakaskuntzarako dagokion mailako titulua edo beste titulu baliokideren bat izatea edo titulua emateko eskubideak ordainduak izatea (deialdiaren IV. eranskinean jasota daude titulu horiek).

       Oro har eskatutako titulurik eduki ez arren, deialdia egiten duen hezkuntza-administrazioaren mendeko ikastetxe publikoetan gutxienez bi urteko irakaskuntza-esperientzia egiaztatzen dutenak ere onartu ahal izango dira, dagokion lanbide-familiako lanbide-heziketaren espezialitate bateko teknikari espezialistaren edo goi-mailako teknikariaren titulua badute.

       Halaber, Goi Teknikariaren edo Teknikari Espezialistaren titulazioak Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegora sartzeko exijitutakoen baliokidetzat jotzen dira, titulatuak bitarteko irakasle gisa jardun baldin badu deialdia egiten duen hezkuntza-administrazioaren mendeko ikastetxe publikoetan eta sartu nahi duen irakaskuntza-espezialitatean, bi urteko gutxienezko aldian, 2007ko abuztuaren 31 baino lehenago.

Titulazio horiek atzerrian lortu izanez gero, homologatuta egon beharko dute, urtarrilaren 16ko 86/1987 eta otsailaren 20ko 285/2004 Errege Dekretuen eta azaroaren 3ko ECI 3686/2004 Aginduaren arabera, edo, bestela, dagokion kidegoko irakasle-lanbidean jarduteko aitortuta egon beharko dute, 89/48/EEE Zuzentarauak eta urriaren 25eko 1665/1991 Errege Dekretuak zehaztutakoaren babesean, aplikatu ahal diren heinean.

2.2.- Urritasuna dutenentzat erreserbatutako txandan parte hartzeko berariazko baldintzak

       Prozedura horretan parte hartu ahal izango dute lortu nahi duten kidegoan sartzeko baldintza orokorrak eta berariazko baldintzak bete eta, horrez gain, Foru Aldundietako Gizarte Ongizate Saileko, Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioko edo, hala egokituz gero, gai horretan eskuduntzak dituzten gainerako autonomia-erkidegokoetako organo eskudunek gutxienez % 33ko urritasun fisikoa aitortu diotenek, urritasuna irakaskuntzan aritzearekin bateraezina ez bada.

       Erreserba horretarako aukera parte hartzeko eskaeran egin beharko da, eta berariaz adieraziko da horretarako eskatutako baldintza betetzen dela. Lanpostua lortutakoan, eskumena duten organoen ziurtagirien bidez egiaztatu beharko da adierazitako baldintza hori betetzen dela.

            Ezinduei erreserbaturikoen txandan lehiatzen diren izangaiek ezin izango dute espezialitate bererako lehiatu beste prozesuren baten bitartez, eta ezin izango dute prozeduraz aldatu gerora.

2.3.- Goragoko talde bateko kidegoetara sartzeko prozesuan parte hartzeko berariazko baldintzak

       Prozesu honetan parte hartu ahal izango dute B taldean sailkatuta dauden Euskal Autonomia Erkidegoko irakasle funtzionarioek, deialdian ezarritako baldintza orokorrak betetzeaz gain, baldintza hauek egiaztatzen badituzte:

       a) Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko deialdi honetako oinarrietan agertzen diren tituluetako bat duela.

       b) Jatorrizko kidegoan gutxienez sei urte izan dela karrerako funtzionario.

       c) Lortu nahi duen lanpostuari dagokion 1. edo 2. hizkuntza-eskakizuna duela.

       Sarbide-prozedura hau aukeratzen dutenek ezingo dute beste prozedura batetik parte hartu espezialitate bererako, eta ezingo dute prozedura aldatu gerora.

Oinarri honetan aipatutako baldintza guztiak bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea amaitzean, eta karrerako funtzionarioaren kargua hartzeko egunera arte bete beharko dira, gainera, hizkuntza-eskakizuna baldintza izan ezik, eduki eta egiaztatu beharko dena deialdi honen 6.1.2. oinarrian xedatutako hizkuntza-eskakizuna probaren emaitzak argitara eman aurretik.


Onartua izateko eskabideak

Hautaketa-prozesuan onartua izateko eskabidea egin aurretik, deialdia bera arretaz irakurtzea komeni da, batez ere eskabideak aurkezteko epeei buruzko atalak, eskabideak betetzeko jarraibideei buruzko atalak, etab.

Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek dagokion eskabide-eredua bete beharko dute Interneteko helbide honetan: http://www.irakasle.net edo http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net.

Elbarritasuna edo ezintasuna duten hautagaiek laukitxo egokian adieraziko dute hori, bai eta eskatzen duten egokitzapena azalduko ere.

Nazionalitate espainiarrik ez duten izangaiek gaztelaniaren ezagutza-proba egin behar duten ala ez adierazi beharko dute.

 

Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko proba egin behar duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskabidean.

 

Deialdiaren 6.2.1.4.2. oinarrian deskribatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek nahiago badute B.2) zatiaren ordez hezkuntza-administrazioaren txostena aukeratzea, hala adierazi beharko dute eskabidean. Era beran, eskabidean zehaztu egin beharko dute zein hezkuntza-administraziotan ari diren zerbitzuak ematen 2009-2010 ikasturtean.

Tasak ordaintzea

Deialdi honetan parte hartu ahal izateko, izena emateko tasa gisa, izangaiek ordaindu beharko dituzte, indarrean dagoen legerian izan daitezkeen aldaketak izan ezik, zenbateko hauek:

       .16,96 € Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoak.

       .20,34 € Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoak.

       Tasak eskaerak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko dira, eta bi bideotako bat aukeratu ahal izango da horretarako:

       a) Jarraian aipatzen diren bankuetako edozein sukurtsaletan zuzenean ordaintzea, erakunde laguntzailearentzako frogagiria aurkeztuz:

1. Euskadiko Kutxa

2. BBK (Bilbao Bizkaia Kutxa)

3. Vital Kutxa

4. Gipuzkoa Donostia Kutxa

5. BBVA

6. Santander Central Hispano

7. Banco Guipuzcoano

8. La Caixa

9. Bankoa.

Inprimakiek barren kodea dutenez, kutxazain automatikoaren bidez egin daiteke ordainketa, irakurketa optikoarekin edo datuak eskuz antzemanez.

       b) ON-LINE ordaintzea: banku elektronikoaren sistemaren bitartez, sistemak berak erakusten dituen jarraibideen arabera, betiere interesduna modalitate horretako bezero baldin bada adierazitako banku-erakundeetatik edozeinetan. Ordainketa-mota horren bitartez, ez da alferreko joan-etorririk egin behar eta ez da ilaran itxaron behar. Gainera, eguneko 24 orduetan erabil daiteke.

       Azterketa egiteko eskubideak ordaindu ezean edo epez kanpo ordainduz gero, izangaia prozesutik kanpo geldituko da

Agiriak aurkezteko tokia

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Langileriaren Kudeaketa zuzendariari bidaliko zaio deialdiaren 3.3.1. oinarrian adierazitako dokumentazioa, eta toki hauetako batean aurkez daiteke:

       a) Lurralde historiko bakoitzeko leku hauetan:

       - Araba: Lurralde Ordezkaritza, San Prudentzio hiribidea, 18 - Vitoria–Gasteiz

       - Bizkaia: Zuzenean, Gran Vía, 85 – Bilbo

       - Gipuzkoa: Zuzenean, Andia, 13 – Donostia-San Sebastian

       b) Azaroaren 26ko 30/1992 Legeko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko, 38.4 artikuluan aurrez ikusitako edozein eratan, xedapen horretan ezarritako baldintzen arabera. Dokumentazioa posta-bulegoren batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekia erabiliko da, posta-langileak eskabidea datatu eta zigilatu dezan, ziurtatu baino lehen. Hala egin ezean, dagokion bulego publikoan sartu den datan aurkeztu dela joko da.

Eskaera internet bidez betetzean, hartuaren adierazpena eskuratuko da (erakunde laguntzailearentzako alea). Esleitutako erreferentzia-zenbakia izango du, eta deialdiaren 3.2. oinarrian aurreikusitako moduetan tasa ordaintzeko datu zehatzak edukiko ditu. Bide batez eskuratuko da eskabidearen ordezkagiria (administrazioarentzako alea), eta eskabideak aurkezteko epean deialdiaren 3.4.1. oinarriko a) eta b) puntuetan aipatutako edozein tokitan aurkez daitezkeen dokumentazioari erantsiko zaie. Azkenik, hirugarren ordezkagiri bat eskuratuko da (interesdunarentzako alea).

Atzerrian egindako eskabideak tokian tokiko Espainiako ordezkaritza diplomatikoetan edo kontsulatuetan aurkeztu ahal izango dira, deialdiaren 3.5. oinarrian adierazitako epean, eta erakunde horiek eskumena duen administraziora igorriko dituzte. Azterketa-eskubideen tasa ordaintzeko, deialdi honetako 3.2. puntuan xedatutakoari jarraituko zaio.

Agiriak

Agiri hauek aurkeztu beharko dira eskabideak aurkezteko epean:

       a) Kidegoan sartzeko eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua emateko eskubideak ordaindu direla adierazten duen ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua.

       Atzerrian lortutako tituluen kasuan, dagokion homologazioa edo irakasle-kidegoan jarduteko behar den onespenaren kredentziala erantsi beharko da, 89/48/EEE Zuzentaraua eta urriaren 25eko 1665/1991 Errege Dekretua aplikatuz.

       Dokumentu hori aurkezten ez badu, izangaia hautaketa-prozesutik kanpo geldituko da.

       b) Urritasuna duten izangaiek urritasun-maila zehazteko organo tekniko eskumendunak emandako medikuaren irizpen teknikoa aurkeztu beharko dute, fede emanez egiaztatzen dituena aitortutako urritasun-maila eragin duten urritasun iraunkorrak, hautaketa-organoak balioetsi ahal izan dezan eskatutako egokitzapenak bidezkoak diren ala ez.

       c) Espainiar nazionalitaterik ez duten izangaiek deialdiaren 6.1.1.1. oinarrian adierazitakoaren arabera gaztelaniaren ezagutza-proba egitetik salbuetsita geratu nahi badute oinarri horretan aipatutako tituluren bat dutelako, tituluen fotokopia konpultsatua edo tituluak emateko eskubideak ordaindu direla egiaztatzen duen agiriaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.

       Halaber, aurreko deialdietan proba gainditu dutela-eta salbuetsita geratu nahi duten izangaiek proba gainditua dutela egiaztatuko duen agiria aurkeztu beharko dute.

Bi kasuetan, dokumentu horiek aurkeztu ezean, interesdunak ezingo dira salbuetsi, eta, hortaz, proba egin beharko dute, deialdiaren 6.1.1. oinarrian ezarritakoaren arabera.

d) Zerbitzuak beste autonomia-erkidego batzuetako hezkuntza-administrazioetan ematen dituztenek administrazio horiek emandako zerbitzu-orriak aurkeztu beharko dituzte, B.2) ariketa ordeztea nahi badute. Zerbitzu-orri horretan adierazi egin beharko da zein kidego eta espezialitatetan izendatu ziren izangaiok eta, halaber, adierazi egin beharko da zein egun zehatzetan eman diren zerbitzuok.

Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako bateko itzulpen ofizial eta guzti aurkeztu beharko dira gaztelania ez den atzerriko hizkuntzaren batean emandako dokumentazio guztiak. Titulazio akademikoei eta emandako zerbitzuen orriei dagokienez, zinpeko interprete batek egin beharko du itzulpena; gainerako dokumentazioaren itzulpenak, berriz, zinpeko interpreteak egina beharko du, edo bestela, dagokion kontsulatu edo bulego diplomatikoak baliozkotua.

Autonomia-erkidegoetako beste hizkuntzetan idatzitako dokumentuak ere (euskaraz idatzitako dokumentuak izan ezik) Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batera zinpeko interpreteak itzulita aurkeztu beharko dira.

Aurkezteko epea

       Eskabideak eta deialdiaren 3.3.1. oinarrian aipatutako gainerako dokumentazioa aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

       Eskabideak aurkezteko epean dagokion kidegoan sartzeko eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua emateko eskubideak ordainduta daudela egiaztatzen duen dokumentuaren fotokopia konpultsatua aurkezten ez duten izangaiak hautaketa-prozesutik kanpo geldituko dira.