Segurtasun Saila

Konpartitu

Eusko Legebiltzarra 2016. Irisgarritasuna

Irisgarritasuna

Ikusmen-desgaitasuna dutenei zuzendutako Braille sistemako botoa

1.- Nork erabili ahal duen eta nola erabili behar den

Honako pertsona hauek erabili ahal dute: % 33 edo maila handiagoko ikusmen-desgaitasuna aitortuta dutenek eta Espainiako Itsuen Erakundeko (ONCE) bazkideek, baldin eta Braille sistema ezagutzen badute.

Prozedura hori erabiltzea borondatezkoa da. Hortaz, nahi izanez gero, konfiantzazko pertsona baten laguntza eskatu ahal izango dute, botoa emateko; edo botoa posta bidez eman ahal izango dute.

Boto irisgarri hori eskatzeko, interesdunak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarekin jarri behar du harremanetan. Telefono-linea erabilgarri dauka: 012 (Zuzenean).

Horretarako, 28 eguneko epea izango du, hauteskunde-deialdia argitaratzen den egunetik zenbatuta (abuztuaren 2tik 30era).

Komunikazio horretan hautesleak honako datu hauek eman beharko ditu:

  • Izena.
  • Abizenak.
  • Helbidea.
  • NANa, pasaportea edo gidabaimena.
  • Harremanetarako telefono-zenbakia.
  • Braille irakurtzeko eta idazteko sistema ezagutzen duen zehaztea.
  • Aitortuta duen ikusmen-desgaitasuna maila, edo Espainiako Itsuen Erakundeko (ONCE) kide izatea.
  • Segurtasun Sailak edonoiz eskatu ahal izango du datu horien egiaztapena.

2.- Honetan datza:

Prozedura horretan, paper eta gutun-azal ofizial batzuk (Braille erreferentziarik gabeak) eta agiri osagarri batzuk (Braille sistemaz idatzita) erabiltzen dira. Haien bitartez, hautesleak hautagai-zerrenda aukeratu ahal izango du, irisgarritasuna eta sufragio sekretua bermatuta.

Hautesleek bozketako mahaian jasotzen dituzte honako agiri hauek:

  • Agiriak nola erabili azaltzeko jarraibideak, Braille sistemaz idatzita eta inprimatuta.
  • Bozketako gutun-azal bat (Braille laguntzarik gabea).
  • Hautagai-zerrenda bakoitzeko gutun-azal bat, tintaz eta Braille sistemaz idatzita. Gutun-azal bakoitzaren barruan boto-paper bat (Braille laguntzarik gabea) dago, eta gutun-azalaren kanpoaldean adierazita dagoen hautagai-zerrendari dagokio.

Era berean, Braille botoa eskatu dutenek webgune honetan kontsultatu ahal izango dituzte hautagai-zerrenda aldarrikatuak eta hautagaiak; zehazki, formatu erabilgarrian egin den hautagai-zerrendei buruzko atalean. Informazio hori bozketa-eguna arte izango da eskuragarria. Horrez gain, informazioa doako telefono-linearen bidez eska dezakete: 012 (Zuzenean)..

3.- Bozketa

Prozedura hori erabiltzeko asmoa dutela jakinarazi dutenek honako urrats hauek egin behar dituzte:

  • Botoa zer mahaitan aurkeztu behar duten, mahai horretara joatea.
  • Mahaian bere burua identifikatu behar du, eta mahaian ziurtatuko diote boto irisgarria eskatu duen. Segidan, mahaiburuak emango dizkio lehen azaldu diren agiriak, boto-papera aukera dezan.
  • Ondoren, agiri horiek pribatutasunean erabiltzeko prestatu den lekura joango da. Beharrezkoa izanez gero, mahaiko kide batek leku hori non dagoen adieraziko dio.
    Berak erabili nahi duen boto-papera aukeratu eta hartutakoan, bozketako gutun-azalean sartuko du.
  • Berriro joango da hauteskunde-mahaira. Mahaiari dagokion erroldan inskribatuta dagoen ziurtatuko dute, eta, hala badagokio, hautesleak bozketako gutun-azala sartuko du hautestontzian.
  • Azkenik, botoa sekretua izango bada, hautesleak bildu beharko ditu erabili ez dituen gainerako boto-paperak.

Araudian informazio gehiago jasota dago. Deskargatu: 1612/2007 Dekretua, abenduaren 7koa, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonei sufragio-eskubidea bermatzeko boto irisgarria erabiltzeko prozedura arautzekoa (abenduaren 8ko BOE, 294. zenbakikoa); eta Barne Ministerioko 3817/2007 Agindua, abenduaren 21ekoa, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonei sufragio-eskubidea bermatzeko boto irisgarria erabiltzeko prozedura garatzekoa (abenduaren 27ko BOE, 310. zk.).

Hauteskunde-mahaietako kide izendatutako pertsona gorrak:

    • Hauteskunde-mahaietako kide (titular zein ordezko) izendatutako pertsona gorrentzat edo entzuteko desgaitasunen bat dutenentzat, zeinu-hizkuntza interpretatzeko doako zerbitzua (zeinu-hizkuntza erabiltzen badute).
      • a) Pertsona gorrek edo entzuteko desgaitasunen bat dutenek, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legearen 44.1 artikuluan ezarritako baldintzen arabera eta behar den garaian eta moduan eskatzen badute, hauteskunde-mahaietako kide-kargua ez onartzeko eskubidea daukate. Dena den, eskubide horri kalterik eragin gabe, Eusko Jaurlaritzak  hauteskunde-mahaiko kide izendatutako pertsona gorrei edo desgaitasunen bat dutenei (zeinu-hizkuntza erabiltzen dutenak) hauxe emango die:  Zeinu-hizkuntza interpretatzeko doako zerbitzua, baldin eta pertsona gor edo desgaitasunen bat daukaten horiek gaztelaniazko zeinu-hizkuntza erabiltzen badute edo, bestela, euskarazko zeinu-hizkuntza eta hauteskunde-mahaiko kide izendatuak izan badira.
      • b) Prozedura:
        • Pertsona horiek eskualdeko hauteskunde-batzordeari (ikusi helbideak eta telefonoak ‘Helbide baliagarriak’ atalean) zeinu-hizkuntza interpretatzeko doako zerbitzua eskatu ahal diote, idatziz eta Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legearen 44.1 artikuluak ezartzen duen zazpi eguneko epean.
        • Eskualdeko hauteskunde-batzordeak zeinu-hizkuntza interpretatzeko doako zerbitzua eman behar den ala ez erabakiko du eta, baiezko erabakia den kasuetan,  Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailari kasu horien berri emango dio.

Segurtasun Sailak (berari baitagokio Eusko Jaurlaritzako hauteskunde-prozesuaren kudeaketa eta garapena koordinatzea) Euskal Gorrak elkartearekin harremanetan jarriko da, elkarte horrek Osasun Sailarekin batera, bozketa-egunean zeinu-hizkuntza interpretatzeko zerbitzua emango duten interprete ofizialak hauta ditzan.

    • Hauteskunde-mahaian indukzio magnetikoko begizten doako zerbitzua, hauteskunde-mahaietako kide titular izendatutako pertsona gorrentzat edo entzuteko desgaitasunen bat daukatenentzat (entzumen-protesiak erabiltzen badituzte).
      • Prozedura:
        • Pertsona horiek indukzio magnetikoko begizten doako zerbitzua eskualdeko hauteskunde-batzordeari eskatu ahal diote, idatziz eta zazpi eguneko epean.
        • Eskualdeko hauteskunde-batzordeak doako zerbitzu hori eman behar den ala ez erabakiko du eta, baiezko erabakia den kasuetan,  Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailari kasu horien berri emango dio.

Segurtasun sailak Euskal Gorrak elkartearekin egin beharreko kudeaketak egingo ditu, zerbitzu hori eskuratu ahal izateko.

Desgaitasunen bat duten pertsonen inguruko gomendio orokorrak hauteskunde-mahaietako kideentzat, bozketa-egunerako

1. Naturaltasunez eta errespetuz jardun.

Desgaitasunen bat daukaten pertsonak autonomoak eta independenteak dira eta horrela tratatu behar zaie.

Ezin da besterik gabe pentsatu pertsona batek desgaitasun bat baldin badauka, ezinbestean laguntza behar duela. Ingurua irisgarria bada, desgaitasunen bat  daukaten pertsonak zailtasunik gabe konpondu ohi dira.

Sen onari kasu egin eta berdintasunaren eta diskriminazio ezaren printzipioen arabera jokatu.

2. Laguntza eman aurretik galdetu

Desgaitasunen bat daukan hautesleak laguntza behar duela irudituz gero, galde iezaiozu laguntza behar duen, bestela ez. Eta pertsonak horrek baietz erantzuten badu, ezer egin aurretik, galde iezaiozu zehatz-mehatz zer egin behar duzun berari laguntzeko.

Galde iezaiozu zuzenean desgaitasuna daukan pertsonari eta ez horren laguntzaileari (adib: konfiantzazko pertsona, zeinu-hizkuntzen interpretea, etab).  

3. Sen ona erabili

Adibidez, pentsa ezazu aulki gurpildun batean dagoen pertsona eserita dagoen pertsona bat dela eta horrela dagoen pertsona baten aurrean ohikoa izaten dela makurtzea altuera berean egoteko edo horren pareko aulki batean esertzea.

Desgaitasunen bat daukan pertsona batek planteatzen duen kasuren baten aurrean nola jokatu ez badakizu, jar zaitez harremanetan hauteslekuan dagoen Euskal Administrazioaren ordezkariarekin edo eskualdeko hauteskunde-batzordearekin.

Bozkatzeko ilara sortzen bada, desgaitasunen bat daukaten hautesleei bozkatzeko lehentasuna ematea gomendatzen da.

Desgaitasunen bat daukaten pertsonen gida-txakurrak eta laguntza-txakurrak onartu behar dira beti, ezin izango dira behar dituen pertsonarengandik aparte jarri eta ez zaie molestatuko, ezta distraituko ere.

4. Kontaktu fisikoarekin kontuz ibili

Desgaitasunen bat daukaten pertsona batzuek oreka mantendu ahal izateko besoak behar dituzte. Pertsona horiei besotik helduz gero, laguntza emateko asmoz izan arren, gerta daiteke oreka galaraztea edo beldurtzea, kontaktu hori espero ez zutelako.

Ez ukitu gurpildun aulkiak edo makila: desgaitasunen bat daukaten pertsonek elementu horiek beren espazio pertsonalekotzat jotzen dituzte.

5. Hauteslekura sartzea eta hauteskunde-mahaira arteko ibilbidea: laguntza eta informazioa.

Desgaitasunen bat daukaten hautesleek eskatuta, eta eskatzen dutenean bakarrik, hauteslekurako sarreran, Euskal Administrazioaren ordezkariak edo Ertzaintzako kideek dagokien hauteskunde-mahaira arteko ibilbidean zehar lagundu ahal diete baina, desgaitasunen bat daukan pertsonak eskatzen ez badu, ez bultzatu aulki gurpilduna eta ukitu ere ez.

Pertsonak ikusteko desgaitasunen bat badauka, gure besoari heltzea eskaini ahal zaio. Horrelakoetan, gure pausua ikusteko desgaitasuna daukan pertsonaren pausura egokitu behar dugu, betiere ibiltzen ari garen inguruneko ezaugarriak kontuan hartuta, pertsona hori eroso ibil dadin.

Desgaitasunen bat daukaten pertsonek hauteslekura sartzeari zein horren barruan mugitzeari buruz egin ditzaketen informazio- eta orientazio-eskaerei erantzuteko, kontuan hartu behar dira hurrengo atalean zehazten diren jarraibideak.

6. Komunikazioa errazteko jarraibideak: Argi hitz egin.

Entzuteko desgaitasunen bat daukaten edo gorrak diren pertsonekin komunikatzeko aholkuak: aurrez aurre hitz egin, ez mugitu burua; bizkarra ematen, makurtuta edo idazten zaudela saiatu ez hitz egiten; ez egin oihu; normal ahoskatu, hau da, edozein elkarrizketatan erabiltzen duzun ohiko erritmoarekin hitz egin iezaiezu, ahoan ezer eduki gabe, zure aurpegia ondo ikus dezaten oztopatu gabe eta, beharrezkoa izanez gero, lagungarri gisa zerbait idatz dezakezu edo keinu naturalak erabili ditzakezu edo pertsona horren arreta erakartzeko besoan ukitu arin bat egin diezaiokezu; lekuak ondo argiztatuta egon behar du eta entzuteko desgaitasunen bat daukan edo gorra den pertsonak ez du eguzkiaren aurrean egon behar, argi kontra egoteak ez baitu aurpegia ondo ikusten laguntzen.

Komunikatzeko ez erabili hitz solteak, gaizkiulertuak sorraraz ditzakete eta. Gorrek esaldi baten edukia bere osotasunean behar dute testuingurua ulertu ahal izateko.

Ikusteko desgaitasunen bat duten pertsonekiko hartu-emanetan, adierazpen generikoak ekidin, esaterako “hemen”, “hor”, “hau” … Horrelakoetan hobe da orientazioarekin erlazionatutako adierazpenak erabiltzea, esaterako: “zure ezkerretara”, “zure atzean”. Gauza bati buruzko informazioa emateko, ikusteko desgaitasunen bat daukan pertsonaren eskua informazioa ematen gabiltzan gauzara eraman dezakegu eta zer den esan, betiere, aldez aurretik hori egingo dugula abisatuta.

Ikusteko desgaitasunen bat daukan pertsona batekin hitz egiten bagabiltza, eta handik mugitu behar bagara, pertsonari abisatu behar diogu, bestela, bere ondoan gaudela pentsatuta, gurekin hitz egiten jarrai baitezake. Era berean, itzultzen garenean ere komeni da pertsona horri jakinaraztea.

Desgaitasunen bat daukan pertsonak komunikatu nahi diozuna ulertu duela egiaztatu ezazu.

Nabarmenduak

Twitter

  • Eusko Legebiltzarrerako lehen hauteskundeetan, 1980an, hautesbarruti bakoitzean 20 legebiltzarkide aukeratu behar ziren, hau da, Euskadin guztira 60. Hurrengo hauteskunde guztietan, aldiz, kopurua 25ekoa izan zen, aldatu gabe, hau da, Euskadin guztira 75.
  • Euskadiko Autonomia Estatutua 1979an onartu zenetik, Eusko Legebiltzarrerako 11 hauteskunde egin dira guztira, urte hauetan: 1980, 1983, 1986, 1990, 1994, 1998, 2001, 2005, 2009, 2012 eta 2016an.
  • Bozketa-egunean hauteskunde-mahaietako titular edota ordezko izendatutako kideak ez badaude, dagokion agintaritzak aginduko du mahaia dagoen lokalean dauden hautesleak hauteskunde-mahaietako kide izan daitezela.
  • Legediaren arabera, 2016ko hauteskunde autonomikoetarako indarrean egongo den hautesle-errolda 2016-ekainaren-01eko datan dagoena izango da, hau da, hauteskunde-deialdia egin baino bi hilabete lehenagokoa.
  • 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako indarrean dagoen hautesle-erroldaren arabera,  hautesle gutxien dituzten udalerriak hauek dira: Araban Añana, 138 erroldatu dituena; Bizkaian: Arakaldo, 114 erroldatu dituena eta Gipuzkoan: Orexa, 88 errodatu dituena.
  • Estatuko Gobernuak deitutako hauteskundeetan hautesbarruti probintzialetan probintziako hauteskunde-batzordeak aritzen dira eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan horien izena lurralde historikoko hauteskunde-batzordea da.
  • Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hiru lurralde historikoko hauteskunde-batzordeek probintziako hauteskunde-batzordeen eskumen berberak izaten dituzte eta osatzeko modua ere bera da, salbuespen batekin: lurralde historikoko hauteskunde-batzorde bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak kide bat izendatzen du  hitz egiteko eskubidearekin, baina boto emateko eskubiderik gabe.
  • Hauteskunde autonomikoetan artekari izan ahal izateko, hauteslea ere izan beharra ez da legezko baldintza izan Eusko Legebiltzarrerako lau hauteskundetan (2005, 2009, 2012 eta 2016 urteetakoetan). Horien aurreko hauteskunde autonomikoetan legez ezartzen zen artekari izan ahal izateko Euskadin hauteslea ere izan behar zela.
  • Krisi ekonomikoa dela eta, 2016ko hauteskunde autonomikoetan gutxienez eserleku bat lortzen duten hautagai-zerrendei ematen zaizkien  hauteskundeetarako diru-laguntzen zenbatekoa izoztuta geratuko da, hala ezartzen duelako 2015eko abenduaren 23an onartu zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko legearen azken aldaketak.
  • 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako kanpainan berrikuntza esanguratsu bat dago; izan ere, legeak agintzen duenaren arabera, EITBn gutxienez eztabaida bat eta elkarrizketa bat egin behar dira, hizkuntza ofizialetako bakoitzean (euskaraz eta gaztelaniaz) aurreko Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza lortu zuten antolakunde politiko guztietako hautagaiekin.
  • 2016ko hauteskunde autonomikoetara aurkezten diren alderdi politikoek hauteskunde-gastua gutxitu beharko dute. Zehazki, hauteskunde-gastuaren muga %15 murriztu behar da, 2015eko abenduaren 23an onartu zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko legearen azken aldaketak ezartzen duenaren arabera.
  • Estatuko hauteskundeetan eta beste Autonomia Erkidegoetako hauteskundeetan, hautagai-zerrenda bateko kide guztiak emakumeak badira, hautagai-zerrenda hori ez da onartzen. Hauteskundeei buruzko euskal Legeak, ordea, 2005eko hauteskunde autonomikoez geroztik, hautagai-zerrenda horiek onartzen ditu.
  • 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hauteskunde-mahaietako titular eta ordezko izateko izendatutako kideak, 2006 eta 2016 urteen artean, mahaiko kideak gutxienez 3 aldiz izan badira, hori alega dezakete hauteskunde-mahaian ez egoteko arrazoi gisa.
  • 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeez geroztik, Euskadiko egoiliarren hautesle-erroldan dauden pertsonek, bozketa-egunean aldi baterako atzerrian bizitzen badaude, posta bidez bozka dezakete. Horren aurretik, pertsona horiek bozkatu nahi bazuten, Euskadira etorri behar zuten beren hauteskunde-mahaian bozkatzera; bestela, atzerrian zeudela, ezin baitzuten bozkatu.
  • Hauteskunde-mahai batean gutxienez 500 hauteslek bozka dezakete eta gehienez 2000.
  • Hauteskunde-mahaietako lehendakariak, bokalak eta beren ordezkoak, bozketa-egunean, hauteskunde-mahaiko kide gisa dituzten eginkizunak betetzera ez joatea  hauteskunde-delitua da eta  3 hilabetetik urtebetera arteko espetxealdi-zigorra edo 6 eta 24 hilabete bitarteko isuna jaso dezakete
  • 2012ko hauteskunde autonomikoez geroztik, bozketako gutun-azala hautestontzian ez du hauteskunde-mahaiko lehendakariak sartzen, hautesleak berak baizik.
  • Hauteskunde-mahaietako lehendakariek, bokalek eta artekariek bozkatu nahi badute, azkenak izango dira bozkatzen.
  • Estatuko hauteskundeetan hauteskunde-prozesuaren barruko epe guztiak luzaezinak dira eta egun naturaletan neurtzen dira, hau da, jaieguna izan zein ez izan, egun guztiak zenbatzen dira. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, ordea, aurreko aipamenaren gaineko salbuespen bat dago, hauteskundeetako emaitzen boto-kontaketa orokorra bozketa-egunaren ondorengo bosgarren egun baliodunean egiten baita.
  • Hauteskunde-mahai bakoitzeko emaitzen aktak biltzen dituzten gutun-azalak hauteskunde-batzordeei emateko sistema Estatuko hauteskundeetan eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan desberdina da. Euskadiko hauteskunde autonomikoetan gutun-azal horiek hauteskunde-batzordeek izendatutako funtzionarioek jaso behar dituzte bozketa-egunaren ondorengo egunean eta horretarako, Ertzaintzaren laguntzarekin, Lehen Auzialdiko Epaitegira edo Bake Epaitegira joan behar dute, gutun-azalak hor daude eta. Estatuko hauteskundeetan, ordea, gutun-azal horiek hauteskunde-batzordeetara Lehen Auzialdiko epaileek edo Bake Epaitegiko epaileek eramaten dituzte bozketa-egunean bertan eta Correos-eko langileek hurrengo egunean.
  • Hauteskundeen legeari buruzko 2011. urteko aldaketaren ostean, atzerrian bizi diren hautesleen posta bidezko botoen kopurua murriztu da, bozkatu ahal izateko aldez aurretik eskatu behar baita. Izan ere, 2012ko azken hauteskunde autonomikoetan, atzerrian bizi diren egoiliarren hautesle-erroldan (AEHE) 56.640 hautesle zeuden eta  posta bidez 4.043k (%7,14) baino ez zuten bozkatu; 2009ko hauteskunde autonomikoetan, aldiz, AEHEn 43.660 hautesle zeuden eta horietatik 7.377k (%16,9) bozkatu zuten. Gehiago izan ziren, 2012ko hauteskundeen aurretik posta bidez bozkatu ahal izateko ez baitzen aldez aurretik eskatu behar.
  • Euskadin bizi diren egoiliarren hautesle-erroldan 1980ko hauteskunde autonomikoetan 1.554.527 pertsona zeuden eta 2012ko Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan 1.718.696, hau da, %9,55 hautesle gehiago.
  • 2011 urtearen ondoren, hauteskunde-mahaietako kide izateko izendatutako hautesleek entzuteko desgaitasunen bat badaukate, nahi izanez gero, beren eginkizunak betetzeko  Eusko Jaurlaritzak zeinu-mintzaira euskaraz zein gaztelaniaz interpretatzeko jarriko duen doako zerbitzua erabil dezakete.
  • 2009ko eta 2012ko hauteskunde autonomikoetan, Eusko Jaurlaritzak ikusteko desgaitasuna zeukaten hautesleek hauteskunde-mahaietan bertan bozkatu ahal izateko sistema martxan jarri zuen, braille botoaren bidez. 2009an eta 2012an sistema hori 60 hauteslek erabili zuten.
  • 2012ko Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan parte hartzerik handiena udalerri hauek izan zuten: Araban Zalduondok (%84,11),  Bizkaian Arantzazuk (%86,41) eta Gipuzkoan Orexak (%89,89). Eta parte hartzerik txikiena udalerri hauek: Araban Bernedok (%53,85), Bizkaian Sestaok (%60,64) eta Gipuzkoan Belauntzak (%55,14).
  • Zinegotziek alkatea hautatzeko orduan, boto-berdinketa badago, hori, legez, zozketaren bidez konpontzen da.
  • Azken hiru urteetan (2015, 2014 eta 2013) Euskadiko udalerrietan guztira 18 herri-galdeketa egin dira.
  • 2012, 2009 eta 2005 urteetako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Espainian bizi diren egoiliarrek posta bidez bozkatu ahal izateko egindako eskaera onartu gehien 2005 urtean izan ziren, guztira 49.864 eta gutxien 2009an, guztira 43.168 izan baitziren.
  • Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hautagai-zerrenda gehien 1990eko hauteskundeetan Bizkaian aldarrikatu ziren (19 hautagai-zerrenda); eta hautagai-zerrenda gutxien 2001eko hauteskundeetan Araban (7 baino ez).
  • Eusko Legebiltzarrean izan diren hamar legegintzaldietatik lehenengoan (1980tik 1984ra) onartu ziren lege-proiektu gehien, 57 guztira eta legebiltzarreko taldeek proposatutako lege-proposamen gehien ere bai, guztira 53 onartu ziren eta.

Azken aldaketako data: