Ekonomia eta Ogasun Saila

Azken eguneratzea: 2014/01/16

EROSKIren mendeko ekarpen finantzarioak

EROSKIren mendeko ekarpen finantzarioak trukatzeko itun batekin amaitu da Kontsumobidek bideratu duen artekaritza-prozesua

Kontsumobidek egin duen artekaritza-lanari esker, ados jarri dira Eroski eta finantza-erakundeak, eta Eroskiren MEFen titularrek tituluak trukatzeko aukera izango dute.

Kontsumitzaileekin hartutako konpromisoari eta Eusko Legebiltzarrak 2013ko otsailaren 28an egindako aginduari zintzo jarraikiz, artekaritza-lanak egin ditu Kontsumobidek aldeak elkarri hurbiltzearren, eta, lan horien fruitu, Eroskiren MEFen gatazka konpontze bidean da. Hala, harreman jarraituak izan dira Eroskirekin, finantza-erakundeekin eta kontsumitzaile-elkarteekin, azken horiek tituluak erosi zituztenen izenean.

Artekaritza-prozesuan zehar, bilera ugari egin dira eta konponbiderako aukera ugari proposatu dira; horiek eta horien bideragarritasun ekonomikoa sakon aztertu ondoren, adostasuna lortu da azkenean. Horri esker:

  1. Eroskiren MEFen titular guztientzako irtenbide bat izango da, zer finantza-erakunderen bitartez erosi zituzten, zenbat titulu erosi zituzten eta bizilekua gorabehera.
  2. Ez da exijituko ordaindutako interesak itzultzeko, ez eta Eroskik 2014ko urtarrilaren 31n ordainduko dituenak ere.
  3. Tituluak borondatez trukatzeko aukera izango da, baldintza hauetan:
  • Erositako zenbatekoaren % 15 esku-dirutan konpentsatuko da trukea egin ahala.
  • Gaur egungo mendeko bono betierekoak Eroskik jaulkitako beste mendeko bono batzuez trukatuko dira. Bono berriek 12 urteko epemuga izango dute trukatzen direnetik hasita, eta haien balioa eroste-balioaren % 55 izango da. Bono horren tipoa urteko Euriborra + % 3 izango da, 12 urtez.

Trukea Eroskik bere birfinantzaketa-prozesua amaitu ondoren egingo du, eta aldez aurretik Balioen Merkatuaren Batzorde Nazionalak onartu beharko du.

Kontsumobidek bihartik aurrera jakinaraziko dizkie akordioaren xehetasunak azken hilabeteetan Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren mendekoa den erakunde honi gatazka hau konpontzea eskatu diotenei. Horrez gain, Kontsumobide kontsumitzaileak informatzeko udal-bulegoekin eta kontsumitzaileen elkarteekin batera arituko da lanean, herritarrak artatzeko zerbitzuek aipatu informazioa izan dezaten.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu kaltetutakoei halako egoera konplexuaren artekaritza egiteko Kontsumobiden konfiantza izateagatik, bai eta kontsumitzaileen elkarteei ere, gatazka hau konpontzeko egindako ekarpenengatik.