Azken eguneratzea: 2011/06/17
Ezinbestekoa da tratu berdintasuneko eta diskriminaziorik ezeko politikak pentsatu eta lantzea
Berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren aldeko erkidegoko foro baten inaugurazioan, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietako sailburuorde Fernando Fantova jaunak honako hau baieztatu du Bilbon: “talde jakin batzuen inguruan ezarritako estereotipoak haztegi bat dira gizartean jarrera eta jokabide diskriminatzaileak sortzeko”.
Horrelako adierazpenen aurka borrokatzeko, Europar Batasunak Progress 2010-2011 erkidegoko programa hedatu du berdintasunaren esparruan lan egiten duten administrazio publiko eta gizarte-erakunde guztien artean. Europako proiektu horrek pertsonak ezintasun, adin, sexu-orientazio edo sexu-nortasun, jatorri etniko, erlijio edo sinismenen arabera ez diskriminatzearen inguruko eztabaida sustatzen du, baita diskriminazioaren aurka jarduten duten eta tratu-berdintasunaren printzipioa bultzatzen duten zeharkako politika publikoak hartzea ere.
Fernando Fantovaren ustez, “gizarte-bazterkeriaren aurka edo gizarteratzearen alde borrokatzeko politikekin batera, ezinbestekoa da tratu-berdintasuneko eta diskriminaziorik ezeko politikak pentsatu eta lantzea”. Horren ildotik, zehaztu duenez, “biak dira gizarte bidezkoago eta kohesionatuago bat lortzeko bidean aurrera egiteko txanponaren bi aldeak”.
Gizarte Gaietako sailburuordeak azpimarratu duenez, “zeharkakotasuna asko ikusten da gizarte-bazterkeriaren aurka edo gizarteratzearen alde borrokatzeko Eusko Jaurlaritzaren politiketan”.
Bere aldetik, Immigrazioko eta Aniztasuna Kudeatzeko zuzendari Miguel González jaunak bere hitzaldian adierazi duenez, “jatorri, sexu-orientazio, genero edo gizarte-baldintzen araberako diskriminazioa sekulako torpedoa da bizikidetasunaren eta gizarte-kohesioaren flotazio-marran”.
Eusko Jaurlaritzaren arduradunak beharrezkotzat jo du “jokabide diskriminatzaileen biktima potentzialak informatzea eta kontzientziatzea kasu horietan existitzen diren mekanismo administratibo eta juridikoen inguruan”, baita “diskriminazio-biktimei laguntzeko erakundeen sare bat sortzea” ere.