Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Azken eguneratzea: 2012/07/16

Zabaleta sailburuak Immigrazioaren aldeko Itun Soziala aurkeztu dio Eudelen presidenteari

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma ZabaletaEudelen presidente Ibone Bengoetxearekin bildu da Bilbon eta Immigrazioaren aldeko Itun Sozialaren dokumentua aurkeztu dio; dokumentu hori ekainaren erdialdean Gasteizko Legebiltzarretik igaro zen. Testu horrek etorkinak integratzeko ereduaren oinarri izan nahi du, herritarren eskubideak, kultura arteko bizikidetza eta Euskadiren gizarte-kohesioa bermatuta betiere

Gaur goizeko bilera egin da bi erakundeek aurrera egiten jarraitu nahi dutelako etorkinen integrazioari eta bizikidetzari dagokionez. Zabaleta sailburuaren iritziz, aniztasuna gure gizarteetan behin betiko txertatu den balioa da, eta balio hori kudeatzen jakin behar da nahitaez. “Euskal gua gu konplexua da, askotarikoa, gu inklusiboa izan behar duena, bereizketarik gabekoa”, azpimarratu du.

Gaur egun, 144.500 atzerritar daude erroldatuta Euskadin, hau da, EAEko biztanle guztien % 6,6 osatzen dute, eta Estatuan, aldiz, % 12,2 dira. EAEn bizi diren atzerriko etorkinei buruzko inkestaren arabera, beste 35.000 atzerritarrek lortu dute nazionalitate espainiarra azken urteotan. Horren ondorioz, EAEko biztanleriaren % 8,2k etorkin-jatorria du (atzerritarra), eta gehientsuenak Latinoamerikatik (% 42,4) eta EBtik (% 24,9) datoz.

Jatorrizko herrialde nagusia Errumania da (% 11,2), eta, haren atzetik, Maroko (% 10,08) eta Kolonbia (% 8,4). Atzetik hasita, Moldavia, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Ginea ditugu (hiru herrialde horietako etorkinak Euskadiko etorkinen % 0,3 dira). Sexua kontuan hartuta, % 51,4 gizonak dira, eta % 48,6 emakumeak.

Azken urteotan, gure gizartea osatzen duten nazionalitateen mosaikoa hazi egin da eta horrekin batera kultura, hizkuntza, ohitura eta erlijio berriak agertu dira. Gaur egun, 165 nazionalitatek osatzen dute biztanleria atzerritarra autonomia-erkidegoan. Zifra horren arabera, Nazio Batuen Erakundea (NBE) osatzen duten 193 herrialdeen % 85 dago ordezkatuta Euskadin.

Immigrazioaren aldeko Itun hori Eusko Jaurlaritzaren 2011-2013 aldiko immigrazio, herritartasun eta kulturarteko bizikidetzarako Planaren zutabe nagusietako bat da, Eusko Jaurlaritzak datozen urteetan garatu beharreko immigrazio-politiketarako ildo estrategikoak ezartzen dituen dokumentua. Euskal erakunde eta gizarte-agenteen arteko eztabaida, elkarrizketa eta eraikuntza kolektiboko parte-hartze prozesu bat bezala proposatzen da, honako helburu hauekin:

    1. Immigrazioaren fenomenoak Euskadin planteatzen dituen erronka eta aukerei buruzko diagnostiko bateratu bat ezartzea. (Nola gaude, zer gertatu da, zer ari da gertatzen eta zer gertatuko da?)
    2. Gizarteak eta erakundeek etorkinen gizarteratze-eredu bati buruz erabat onartutako ikuspegi bat sortzea, eredu horrek herritarren eskubideak, kulturen arteko elkarbizitza eta gizarte-kohesioa bermatuz. Gizarteratze-politikaren printzipioak eta haren tresna nagusiak biltzen ditu eredu horrek. (Zer egin nahi dugu? nola kudeatuko dugu hori? Zer saihestu nahi dugu?
    3. Gizarteratzeko politika publikoen gobernantzako eredu partizipatibo baten ildo nagusiak adostea. (Nola inplikatuko gara? Nola ebaluatuko dugu?