Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Argitalpen-data: 2013/10/09

Berdinduk bi trebakuntza ikastaro antolatu ditu aniztasun afektibo-sexualari buruz

Lesbiana, gay, bisexual eta transexualen arretarako BERDINDU zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren mendekoak, aniztasun afektibo-sexualaren alorreko trebakuntza-ekintzak ipini ditu martxan, bai egungo irakasleentzat, bai etorkizuneko irakaskuntzako profesionalentzat

Haietako lehendabizikoa, DBHko, Batxilergoko, LHko eta hizkuntzen irakaskuntzako irakaslean trebatzeko unibertsitate-masterra, gaur hasi da, 30 ikasleren partaidetzarekin. Irakasgai honen helburua biharko irakasleak aniztasun sexualaren eta genero-identitatearen alorrean trebatzea da, baita haiei behar beste gaitasun eta konpetentzia ematea ere, ikasgeletan aukera-berdintasuna jorra dezaten bizitza pertsonalarekin zein profesionalarekin loturik.

Ikastaroan, parte-hartzaileek hainbat gauza ikasiko dituzte: nortasun pertsonala eta soziala eraikitzeko zer elementuk parte hartzen duten, bitarteko sozioedukatiboak topatzen eta proposamen eta praktika sozioedukatiboak aztertzen, eta nork bere proiektu pertsonal eta profesionala eraikitzen.

Bestalde, Hezkuntza, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta berritzeguneen (prestakuntzan eta hezkuntzaren berrikuntzan laguntzeko zentroak) eskutik, BERDINDUk hainbat mintegi egingo ditu aniztasun afektibo-sexualaren inguruan, lanean diharduten irakasleei zuzendurik.

Hilaren hasieratik dira martxan mintegiok, eta maiatzean amaituko dira. Helburua hauxe da: irakasleak aniztasun sexualaren eta genero-nortasunaren aurrean duen ikuspegia zabaltzea, ikasgelan eta ikastetxean aniztasun sexuala eta genero-nortasuna identifikatzeko eta lantzeko behar beste estrategia eta erreminta eduki ditzan.