Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Azken eguneratzea: 2012/10/31

Familia politiketan inbertitzeak prebentzio efektua dauka bazterketaren aurrean eta gizarte kohesioan laguntzen du

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak familiei laguntzeko politiken gaineko kongresua egingo du datorren azaroaren seian, asteartea. Familia-politikak: gizarte-kohesioa lortzeko inbertsioa izenburupean, prebentzio, gizarte-kohesio eta etorkizunerako inbertsiorako elementu gisa familia-politikek duten ahalmenari buruz hausnartu nahi da kongresuan.

Kongresuaren hartzaileak izango dira familia-politikan konpetentziak dituzten administrazio publikoko arduradunak, erantzukidetasunean, bateragarritasunean eta gurasotasunean adituak diren pertsonak, eta esparru honetan lan egiten duten profesionalak.

Loli García Familia eta Komunitate Politikako zuzendariak EAEko familiei laguntzeko erakundeen arteko III. plana aurkeztuko du. Plan horretan erantzukidetasuneko bateragarritasuna eta gurasotasun positiboa garatzeko neurriak biltzen dira.

Beste hainbaten artean, kongresuan honako aditu hauek hartuko dute parte: Gøsta Esping-Andersenek, Pompeu Fabra unibertsitateko irakasle eta gizarte-politiken esparruan izen handiko adituak; Jorge L Tizónek, familia- eta lan-bizitzaren kontziliazioaren gaiari buruz hitz egingo du; Vicente Borrásek, gizarte bidezkoagoa eta justuagoa lortzeko aldez aurreko baldintza gisa kontziliazio erantzunkidearen gaia landuko du; edo Juan Carlos Martínek, gurasotasun positiboari buruzko txostena aurkeztuko du.

Kongresuari buruzko xehetasun gehiago ezagutu nahi dutenek www.congresopoliticasfamiliares.com orrian kontsulta dezakete.

Gurasotasun positiboa eta gizarte-egoera inbertitzailea

Familia-politikei buruzko kongresuko hitzaldi gehienetan bi kontzeptu jorratuko dituzte. Alde batetik, gurasotasun positiboaren kontzeptua. Haurra zaintzen duten, honen gaitasunak garatzen dituzten, haurrarekin bortitzak ez diren, eta haurrak behar bezalako garapena izan dezan haur horri mugak jarriz esker ona eta orientabidea erakusten dioten gurasoen jokabidearekin loturik dago gurasotasun positiboaren kontzeptu hau.

Bestetik, gizarte-egoera inbertitzailearen ikuspegi berria honako ideia honetan oinarritua dago: gizarte-politikak produkzio-elementu gisa hartu behar dira. Elementu hori funtsezkoa da garapen ekonomikorako eta enplegua hazteko. Horrenbestez, zama ekonomiko eta hazkuntzarako oztopo gisa ikusi diren gizarte-politikekin alderatuz erabateko aldaketa suposatzen du.

Gizarte-politiken esparruen artean gizarte-egoera inbertitzailearen ikuspegi-aldaketak familientzako laguntza-politiken esparruan eragiten du batez ere. Estrategia horren oinarrian dago berdintasun-ezan eta bazterketan eragiten duten mekanismoek nagusiki lehen haurtzaroan dihardutela eta, batez ere, familiaren barruan biltzen direla.  Beraz, birbanatzeko, aukera-berdintasuna sustatzeko eta bazterketaren aurka borrokatzeko edozein politika eraginkor, batez ere, garai horretan eta esparru horretan landu behar da.

Kongresuaren programa  (pdf, 507 kb)