Azken eguneratzea: 2012/11/26
Iritzi artikulua
Indarkeria, feminismoa eta berdintasun-politikak. María Silvestre Cabrera.
Oraintsu American Political Science Review aldizkarian (106 zenbakian) argitaratutako ikerketa batek baieztatzen du, lau hamarkadetan 70 herrialde aztertu ondoren, mugimendu feministen existentzia dela emakumeen aurkako indarkeriari ...aurre egiteko aldaketa sozial eta politikoetan gehien eragiten duen faktorea. Faktore horrek ezkerreko alderdien lehentasunak edo Gobernuetan emakumeen presentzia handia egoteak baino eragin handiagoa du. Artikuluak, gainera, erakusten du mugimendu hauen existentziak eragin iraunkor bat sortzen duela genero-indarkeriaren aurkako politiketan, nazioarteko arauetan ideia feministen instituzionalizazioaren bidez.
Aitortzen dut aurkikuntzak poztu egin banau ere, ez nauela harritu. Mugimendu feminista eta asoziatiboekin harremanetan egon den pertsona orok badaki modu aktibo, borondatezko eta bokaziozkoan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiten dutela eta emakumeak artatzeko, aholkatzeko eta horien bizitza hobetzeko ahalegin pertsonalak egiten dituztela.
Hala ere, ni harritzen nauena zera da, geure gizartean feminismo hitzaren aipamen hutsak maiz ondoeza eta erresistentzia sortzen dituela eta emakume askok “beraiek ez direla feministak” azaltzeko beharra ikusten dutela, testuinguru batzuetan feminista zarela aitortzea erradikaltasun-, erotasun- edo intrantsigentzia-zeinu bat bezala interpretatzen baita.
Feministak izan ziren emakumeen hezkuntzarako eskubidea eskatu zutenak, feministak izan ziren botorako eskubidea lortu zutenak eta legeen aurreko pertsonen berdintasunagatik borrokatu zutenak, feministak izan ziren emakumeen presentzia lan-merkatuan errebindikatu zutenak, feministak izan dira legebiltzarretan eta gobernuetan ordezkatze-neurriak sartu dituztenak eta feministak dira enpresen Administrazio Kontseiluetan emakumeen presentzia handiagoa eskatzen ari direnak.
Feminismoak berdintasunaren aldeko legediak eta indarkeriarik gabe bizitzeko legeak sustatu ditu eta agenda politikoetan berdintasun politiken eta genero-indarkeriaren aurkako neurrien sarrera erraztu du, bortizkeria mota hori saihesteko eta pairatzen duten emakumeetaz arduratzeko baliabide publikoen erabilera legitimatuz, emakumeen kontra eragiten den bortxakeria (fisikoa, psikologikoa, sexuala, ekonomikoa eta soziala) gizon eta emakumeen arteko desberdintasunaren adierazpen bat delako. Definizio hau - ez bakarrik bere adierazpena- feminismoaren lorpen bat da, emakumeen aurkako indarkeria legitimoki desberdintasun soziala eta politikoa delako, eta garrantzi handiko arazo publikoa delako, gizartearena alegia, baliabideak dedikatu behar zaizkio.
Emakumeengan eragiten den bortizkeriari aurre egiteko neurrien instituzionalizazioan, mugimendu feminista autonomoak funtsezkoak izateak ez nau batere harritzen. Duela gutxi Kordoban ospatutako Feminarioan, Ana María Pérez del Campok “emakume izatea eta feminista ez izatea, printzipioz, kontraesan bat da” azaldu zuen. Eta nik gehiago esango nuke, edozein gizakik, emakume edo gizon, askatasun, berdintasun eta justizia sozialaren oinarri etikoetan sinesten duenak, feministatzat azaldu beharko luke bere burua, ze ezinezkoa da askatasuna gauzatzea aurretik berdintasun eta justizia soziala bermatu gabe.
Ez nuke sineskorra edo errealitatetik kanpo geratu nahi adierazpen horiekin, berdintasunezko gizarte zuzen baten alde borrokatu duen mugimendu bakezalea bada ere, feminismoak hain fama txarra zergatik duen badakidala uste dut; indarreko errealitatea zalantzan jartzen duen ideologia emantzipatzailea delako eta aldaketa soziala onartu nahi ez dutenen artean, erresistentzia sendoak sortzen dituelako.
Eta beste aldean, beharrezkoa den aldaketa soziala bilatzen dutenenen artean, besteak beste, erakunde guztiak, elkarteak eta emakumeen aurkako indarkeria errefusatzeko puntu lila ikur gisa erabili eta azaldu dutenak aurkitzen dira. Eskerrik asko guztioi.