Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Informazio orokorra-oinordetzak



Gipuzkoako foru-zuzenbide zibila

3/1999 LEGEAk, azaroaren 16koa, Euskal Herriko Zuzenbide Zibilari buruzko legea aldatu zuen, Gipuzkoako foru zibilari dagokionez. Hain zuzen ere, baserriaren eta familia-ondarearen antolamenduari buruzko ohitura zibilak Gipuzkoan indarrean daudela onartzen du.

Aplikazio-eremua

Forua indarrean dago Gipuzkoako lurralde historiko guztian bertako legeria zibil gisa, eta lurralde historiko honetan auzotasun zibila duten pertsona guztiei aplikatzekoa da.

Era berean, Legearen 150. artikuluak ezartzen du "Gipuzkoako lurralde historikoan dagoen baserri baten titularrak diren gipuzkoarrek foru honek ezartzen dituen tresnak erabili ahal izango dituztela baserria eskualdatzeko".

Beraz:

  1. araudi hau auzotasun zibila Gipuzkoako lurralde historikoan duten pertsona guztiei aplikatzekoa da.
  2. Baserria eskualdatzeari dagokionez, araudi hau aplikatuko da, betiere baserria Gipuzkoako lurralde historikoan badago.
    Baserria etxebizitzak berak eta hari lotutako gainerako eraikin, areto, lursail eta ondazilegiek osatzen dute, bai eta, baserriaren ustiaketari, atxikitako ondasun higigarriek, aziendek eta makinek ere. (Legearen 130. artikulua)

Komisario bidez ordenatzea

"Kausatzaileak bere ezkontidearen esku utzi ahal izango du baserriaren eta hari lotutako ondasunen oinordekoa izendatzea. Gainerako ondarearen oinorde izango dena ere izendatzeko ardura eman ahal izango dio"

Beraz, esan daiteke honi dagokionez, komisario bidezko testamentuari buruz gorago ezarritako guztia aplikatzekoa dela. Hots, bikoteko bi kideek komisario elkar izendatzeko aukera ezarri da, euren bikotekideak testamentuan barne hartuta duen ondarea baliatu ahal izatearren, euren ondarea izango balitz bezala, betiere legeak ezarritako mugak errespetatuz (hau da, euren bikotekidearen ondasunak baliatu ahal izango dituzte nahi dutenari eskuordetzeko, betiere nahitaezko jaraunsleen eskubideak errespetatzen badituzte).

Era berean, kausatzailearen ondasun guztien biziarteko usufruktua ezarri ahal izango da ezkontide (izatezko bikotekidea) komisarioaren alde.

Hau da, komisario izendaturiko pertsonak kausatzailearen ondare guztiaren erabilera eta gozamena izango du bizi den artean (hala ezarriz gero).

Komisarioa notario aurrean edo eskritura publikoan egindako testamentu irekiaren bidez izendatu beharko da.

Komisarioak, berriz, bere oinordekoa edo oinordekoak izendatu ahal izango ditu eskritura publikoaren bidez. Bere testamentuan bertan ere izendatu ahal izango du, biziarteko usufruktuduna bada.

Testamentu mankomunatua

Eremu honetan ere, testamentu mankomunatuari buruz lehenago ezarritako guztia aplikatzekoa da, hala ezarrita baitago: "testamentu mankomunatuaren bidez, ezkontideek (izatezko bikotea) baserriaren oinordetza tresna bakarraren bitartez antolatu ahal izango dute (baliatze bakarrean); horrez gain, euren gainerako ondasunak baliatu ahal izango dituzte tresna horretan"

Hortaz, ezkontideek (izatezko bikotea) testamentua egin ahal izango dute euren ondasunak elkarrekiko baliatzeko eta euren baliatzeak lotzeko moduan. Euren baliatzeak lotzeko aukera ematen duen bien arteko testamentua da (Bizkaiaren kasuan aipatu dugun bezala).

Laburbilduz, esan daiteke auzotasun zibila Gipuzkoako lurralde historikoan duten pertsonek bi testamentu-mota hauek egin ahal izango dituztela euren ondare guztiari dagokionez, eta muga bakarra izango dutela horretarako: euren etxebizitza testamentu mankomunatuan edo komisario bidezko testamentuan baliatu ahal izateko, beharrezkoa izango dela etxebizitza hori lurralde horretan egotea.

Azken eguneratzea: 2010/06/15