Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Informazio orokorra-oinordetzak



Foru-zuzenbidea Araban

Araban hiru legeria aplikatzen dira:

  1. Bizkaiko Forua: Laudion eta Bizkaiko udalerrietan. Auzotasun zibil administratiboa bizkaitarra da; beraz, testamentu mankomunatua edo komisarioaren bidezko testamentua egiteko aukera dago.
  2. Aiarako Forua: forupeko lurraldea:
    • Amurrio
    • Aiara
    • Okondo
    • Mendieta
    • Retes Tudela
    • Santa Koloma
    • Soxoguti
  3. Kode Zibili: lurraldearen gainerako lekuetan.

Beraz, oinordetza-zuzenbidea ondoko araudiaren pean dago:

  1. Laudion eta Aramaion Bizkaiko foru-zuzenbidea aplikatzen da; hortaz, auzotasun administratiboa udalerri hauetan duten eskatzaileek testamentua egiterakoan lehen aipatu ditugun aukera berberak dituzte, hau da, komisario bidezko testamentua zein testamentu mankomunatua egiteko aukera dute.
  2. Forupeko lurraldean, ondoko berezitasunak daude. Honi dagokionez, foru-zuzenbideari buruzko 1992ko Legearen 134.1 artikuluak ezartzen du "aiaratarrek euren ondasun guztiak baliatzeko eskubidea dutela, euren nahitaezko jaraunsleak alboratuta".

    Honek zera esan nahi du:
    1. Arabako forupekoek euren ondasunak testamentuan nahi dutenaren alde baliatzeko aukera dute (inolako mugarik gabe, hau da, nahitaezko jaraunsleak kontuan izan gabe)
    2. forupekoek euren ondasunak testamentuan nahi dutenaren alde baliatzeko aukera dute, nahiz eta ondasunak forupeko lurraldetik kanpo egon; izan ere, oinordetza-zuzenbidea testamentugilearen Lege pertsonalak arautzen du. TESTAMENTUAN ZEIN TESTAMENTUTIK KANPO, ONDASUN GUZTIAK TESTAMENTUAN EMATEKO ETA BALIATZEKO ASKATASUN OSOA.
    3. Nahi denaren aldeko testamentua egiteko askatasuna baliatzeko nahitaezko jaraunsleak alboratu behar dira (ondorengoak, arbasoak eta ezkontidea). Hau da Legeak askatasun honi ezarritako muga bakarra. Hots, testamentugileak kontuan hartu behar ditu nahitaezko jaraunsleak, aipatu egin behar ditu alboratzeko baino ez bada ere, baina ez die zertan zerbait utzi.

Sarritan forua erabiltzen da ondare guztia ezkontide alargunduari eskualdatzeko; honek, hildakoan, bere seme-alaben artean hainbanatzen du.

Testamentuan emateko askatasun honen adierazgarri USUFRUKTU AHALMENDUNAren figura dugu. Usufruktu honek, usufruktu-eskubidearen beraren edukiaz gain (hau da, xede den ondasuna edukitzeko eskubidea, ez horren jabetzarako eskubidea; hots, hori erabili eta gozatzeko eskubidea), ondasun guztiak edo horien zati bat doan baliatu ahal izateko ahalmena ematen dio usufruktudunari, usufruktua sortu duenaren seme-alaba edo ondorengo batzuen edo guztien aldeko testamentua egiteko. Normalean usufruktu hau ezkontideek elkarri egiletsi ohi diote. Beraz, usufruktudunak (usufruktuaz probetxua ateratzen duen pertsona) usufruktua osatzen duten ondasunak erabili eta gozatzeko eskubidea izan ez ezik, horiek baliatu ere egin ditzake, hau da, horien hartzaileak izenda ditzake.

Dena den, testamentugileak, bere askatasuna baliatuz, hainbat pertsona izendatzeko aukera du, horien artean oinordekoa hautatzekoa, alegia.

Bizkaiarekiko desberdintasunak

Usufruktudun ahalmendunaren egoera ez da Bizkaiko komisarioarena bezalakoa:

  • Araban funtsezkoa da usufruktua egotea; Bizkaian, aldiz, ez.
  • Edonoren alde ezar daiteke; Bizkaian, aldiz, ezkontidearen alde baino ezin da ezarri
Azken eguneratzea: 2010/06/15